Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 9 Marzo, 2023 Digitalizazioa Industria digitala programa

Euskal industriaren eraldaketa digitala bultzatzen dugu, ezagutu itzazu Industria Digitala laguntzak

Industria Digitala 2023 laguntza-programaren aurtengo edizioa martxoaren 14an (datorren asteartean) irekiko da 6.1 milioi €-ko aurrekontuarekin. Euren negozioa digitalki eraldatu nahi duten industri arloko enpresek azaroaren 6ra arte aurkez ditzakete euren eskaerak.

Ongi jakinik nolako garrantzia duen digitalizazioak merkatu global gero eta lehiakorrago honetan, Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak ekimen hau diseinatu dute gure industria-sarearen eraldaketa digitala eta automatizazioa bultzatzeko.

INDUSTRIA DIGITALA laguntzei esker aukera izango duzu teknologia aurreratuenak eskuratzeko (sentsorika, ikusmen artifiziala, fabrikazio gehigarria…), zure produktuen lehiakortasuna hobetzeko eta produktu horien fabrikazioan berrikuntzak egiteko. Bestalde, posible izango duzu zerbitzu gehigarriak eskaintzea, langileak gaitzea, berehala eskuratzea kostuen kontrolerako edo analisi estrategikoetarako baliagarria den informazio eguneratua eta telelana ahalbidetzea zure enpresan.

Gainera, digitalizazioa lagungarri izango da zure enpresaren lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko eta, bide horretatik, Euskadiko industria-sarea zabaltzeko. Eraldaketa digitala premia estrategiko bat da industriarentzat, bideratzaile-lana egingo du aro industrial berri honetan (Industria 4.0) eta aukera emango du Euskadiko industria-sarearen hazkunde eta eboluzio digital jasangarriaren oinarriak ezartzeko.

 

Aukera bat Industria Adimendunerantz aurrera egiteko

Kontratatu EIKT arloko aditu bat Digitalizazio Industrialeko prozesuan laguntzeko

Industria Digitalak 18.000€-rainoko laguntzak eskaintzen ditu enpresako eta urteko diagnostikoen arloko proiektuetarako edo/eta EIKTak txertatzeko enpresen produktu, prozesu eta zerbitzuetan, hau da, euren balio-katean.

Proiektu horiek hainbat arlotakoak izan daitezke: lainoko zerbitzuak, Cloud zerbitzuetarako migrazioak, Big Data, errealitate birtuala, smart factory, fabrikazio gehigarria, gamifikazioa, merkataritza elektronikoa, enpresen kudeaketako sistemak, produktuaren bizi-zikloaren kudeaketa eta telelana.

  • Lainoko zerbitzuak: lainoko zerbitzuen bidez enpresek edozein tokitatik erabil ditzakete aplikazioak eta datuak. Horrek aukera ematen die malgutasun handiagoz eta azkarrago lan egiteko. Gainera, nola ez duten behar azpiegitura propiorik, kostuak murrizten dituzte eta baliabide gehiago bidera ditzakete euren jarduera nagusira.
  • Big data: datu-bolumen handiak aztertuz, enpresek informazio baliotsua eskuratzen dute erabakiak hartzeko. Adibidez, hobeto ezagutu ditzakete euren bezeroak, eta horrela aukera dute produktuak eta zerbitzuak egokitzeko bezeroen premietara, edo prozesuen eraginkortasuna hobetzeko eta kostuak murrizteko.
  • Errealitate birtuala: errealitate birtuala erabil daiteke langileen prestakuntza hobetzeko, aukera ematen baitie egoerak esperimentatzeko modu seguru eta kontrolatuan. Baita ere erabil daiteke produktuak diseinatu eta simulatzeko, eta horrela, denbora eta kostuak aurrezteko prototipatze fasean.
  • Smart factory: gaitasun fisiko eta birtualen konbinazioak aukera ematen du produkzio-prozesuen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko. Adibidez, sentsorika eta prozesuen automatizazioa erabili daitezke itxaron beharreko denborak murriztu eta emaitzen zehaztasuna hobetzeko.
  • Fabrikazio gehigarria: fabrikazio gehigarriaren bidez posible da pieza eta osagaiak ekoiztea metodo tradizionalekin baino azkarrago eta merkeago. Gainera, posible da pieza konplexu eta pertsonalizatuagoak diseinatzea, eta horrek negozio-aukera berriak ireki ditzake.
  • Gamifikazioa: teknika hau erabilgarri da bezeroak leialtzeko nahiz langileak motibatzeko. Esaterako, sari eta puntu programak sor daitezke erosketa edo taldeko lana sustatzeko.
  • Merkataritza elektronikoa: merkataritza elektronikoak aukera ematen du publiko zabalagora iristeko eta azpiegitura kostuak murrizteko. Gainera, baliagarri da bezeroari erosketa-esperientzia pertsonalizatuagoak eta aproposagoak eskaintzeko.
  • Enpresen kudeaketako sistemak: kudeaketa aurreratuko sistemekin eraginkortasuna eta koordinazioa hobetzen dira enpresa baten sail desberdinetan. Adibidez, Business Intelligence erabil daiteke datuak aztertu eta erabaki informatuagoak hartzeko.
  • Produktuaren bizi-zikloaren kudeaketa: produktuaren bizi-zikloa kudeatuz posible da produktu horien diseinu, produkzio eta mantenimendu prozesuak optimizatzea. Eta orobat lortzen da kostuak murriztea, kalitatea hobetzea eta bezeroaren asebetetzea handitzea.
  • Telelana: telelanaren bidez, langileek edozein toki eta gailutatik lan egiten dute, eta horri esker malgutasun handiagoz lan egin dezakete eta produktiboagoak izan daitezke. Gainera, azpiegitura kostuak murrizten dira eta laneko bizitzaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioa hobetzen da.

Proiektuan zehar EIKT arloko aditu batek lagunduko dizu, eta berak azalduko dizu zer egin behar duzun teknologia digital horiek txertatzeko industria adimenduneranzko eraldaketa digitaleko prozesuan.

 

Digitalizazio industrialeko 3.000tik gora proiektu martxan

Eraldaketa digitala premia estrategiko bat da industriarentzat

Digitalizazioa lehentasun bat bihurtu da eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetu nahi duten industri arloko enpresentzat. Halere, enpresa askok zailtasunak izan ditzakete digitalizazio proiektuak finantzatu eta gauzatzeko, eta horrek mugatu egiten du teknologia eta prozesu berriak txertatzeko gaitasuna.

2015az geroztik, eraldaketa digitaleko 3.000tik gora proiektu jarri dira martxan laguntza honi esker. Aipagarria da jasotako eskaera kopurua hazi egin dela programaren azken deialdietan.

Nahiz eta Industria Digitala programak dagoeneko eginak dituen zortzi deialdi, 2022an mantendu egin zen eskaera, 745 laguntza-eskakizun jaso zirelarik; horietatik 639 proiektu babestu ziren, programak 2022ko ekitaldirako zuen aurrekontua agortu arte.

2023an ez dugu nahi enpresa bat bera ere gera dadin atzean, horregatik mantendu dugu 6,1 milioi €-ko aurrekontua.

Industria Digitala 2023. Aurkeztutako eta onartutako eskaerak

Nola abiarazi zure enpresaren Eraldaketa Digitala

Zure enpresa industri arloko enpresa bat edo produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzu arloko enpresa bat bada eta gutxienez jarduera zentro bat baduzu Euskadin, dagoeneko eska dezakezu laguntza hau. Nahikoa duzu dokumentazio hau aurkeztea:

  • Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionean).
  • Detektatutako arazoa / premia. Proiektuaren helburuak.
  • Egin beharreko ingeniaritza eta aholkularitzako lanen, produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.
  • Diru-laguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.
  • Ezarriko den EIKT konponbidearen azterketa sakona. Proiektuan erabiliko diren teknologiak.
  • Aurrekontu banakatua, bere baitan hartuko dituena aholkularitza edo/eta ingeniaritzako kostuak, sistemaren lizentziak, mantenimendua eta hardwarea (hala badagokio).
  • Egin behar den zeregin bakoitzarentzat balioetsitako ordu kopurua (dedikazioak).
  • Proiektua gauzatzeko egutegia.

Gogoan izan proiektuan beti egon behar dela aholkularitza edo/eta ingeniaritzako lanen bat. Ez dira onartuko Hardwarea eta Software lizentziak erostera mugatzen diren proiektuak.

Ez galdu aukera hau zure enpresa industrialaren heldutasun digitala hobetu eta handitzeko EAEn. Eskatu laguntza martxoaren 14an azaroaren 6ra arte!

Lotutako albisteak

BILBAO-AI OnlyOne Comunicación y. Marketing 29 Azaroa, 2023 Berrikuntza
Komunikazioari eta Marketinari aplikatutako Adimen Artifiziala
Irakurri gehiago
28 Azaroa, 2023 Digitalizazioa
ATE Mobilek mugikortasun-soluzioak eskaintzen dizkie 10.000 erabiltzaileri
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2023 Basque Trade & Investment
Basque Open Industryk 800 bilera eta hitzordu aktibatu ditu enpresen artean ‘Networking Land’ APParen bidez
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2023 Digitalizazioa
Mikroelektronikak Euskadin bultzada lortu nahi du
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2023 Digitalizazioa
Euskadik prestakuntzaren aldeko apustua beharko du AAren erronkei erantzuteko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak