Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa
Albisteak 22 iraila, 2020 Digitalizazioa I+G Basque Industry 4.0 Industria adimenduna

DeustoTech-ek Europako “Senator” proiektuan parte hartuko du, “zero isuri” logistika izango duten hiriak lortzeko

Ekimen honekin sortuko den plataformak kontrolerako eta operazio logistikoei buruzko erabakiak hartzen laguntzeko sistema bat izango du

Deustuko Unibertsitateko DeustoTech ikerketa-taldeak Europako “Senator” proiektuan parte hartuko du, zeinaren helburua baita estrategia eta tresna teknologikoak eskaintzea salgaien banaketak hiriguneetan sortzen dituen pilaketak eta ingurumenean dituen ondorioak arintzeko, eta hartara, “zero isuriko” logistika duten hiriak lortzeko. Hainbat enpresa, unibertsitate, aholkularitza espezializatu eta administraziok hartuko dute parte Smart Network Operator Platform enabling Shared, Integrated and more Sustainable Urban Freight Logistics (Senator) proiektuan. Parte-hartze hori lorpen berri bat izango da Deustuk IKTei buruzko ikerketa pertsonen eta salgaien mugikortasunari aplikatzeko egin duen lana nazioartekotzeko bidean.

 

Hala, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak eta DeustoTech-ek parte hartuko dute aste honetan logistikaren arloko proiektu europar berri horretako lehen batzarrean. Proiektu hori, garraio arloko programaren barruan (LC-MG-1-10-2019: Logistics solutions that deal with requirements of the ‘on demand economy’ and for shared-connected and low-emission logistics operations) finantzatuko diren hiru proposamenetako bat izango da, Horizontea 2020 programak ezarri dituen erronka sozialen markoan. Lau urtez, erronka zaila eta ikerketa-lan gogorra izango dituzte aurretik, helburutzat harturik lankidetza hobetzea salgaien hiri barruko eta hiri arteko banaketan inplikatutako agenteen artean, eskaerapeko ekonomiaren eta mugikortasun konektatu, adimendun eta partekatuaren paradigmei jarraiki.

 

Senator programaren erronkak

 

Hirigune, metropoli eta hirien inguruko eremuetako logistikak baditu gainditu gabeko hainbat erronka, Senator programak konpondu nahi lituzkeenak, horien artean hauek direlarik garrantzitsuenak: erabiltzaile/hiritarren produktu-eskaera hazkorra, kostu asoziatuen gorakada eta sektorearen atomizazioa, salgaien banaketak hiriguneetan sortzen dituen pilaketak eta ingurumenean dituen ondorioak.

 

Zentzu horretan, eta sektoreko premiei erantzun integral bat eskaintzeko, proiektuak tresna bat garatuko du erabakiak hartzen laguntzeko, operazio logistiko guztiak integratu eta planifikatzeko eta, horrela, banaketa-lanek hirietan duten inpaktua minimizatzeko. Tresna hori bitarteko eraginkorra izango da eragile guztien arteko (operatzaileak, garraiolariak eta administrazioak, hiriko planifikazioaren arduradun diren aldetik) lankidetza ahalbidetzeko. Horretarako, kontuan hartuko dira informazioaren digitalizazioak eta Gauzen Interneta garraioan integratzeak eskain ditzakeen abantaila guztiak, bai eta ibilgailu konektatuek eta autonomoek dakartzaten joera berriak.

 

Ekimen honekin sortuko den plataformak kontrolerako eta operazio logistikoei buruzko erabakiak hartzen laguntzeko sistema bat izango du, 4 planotan funtzionatuko duena modu integratuan eta kontuan harturik eskaera, flota eta multimodalitaterako eskaintzen dituen aukerak, ibilbideen planifikazio adimenduna eta hiriko azpiegituren analisia, dena ere modu dinamikoan kudeatuta. Jakiteko tresna eraginkorra den ala ez, Senator ingurune erreal batean baliozkotuko da bi Living Lab-etan, alegia, Zaragozan (Espainia) eta Dublinen (Irlanda), proiektuen koordinatzaileak izango direlarik Espainiako Correos (Sociedad Estatal Correos y Telégrafos) eta AnPost, Irlandako haren homologoa.

 

Partzuergoa, aurrekontua eta Deusturen papera.

 

4 milioi euroko aurrekontu batekin, bost herrialdetako (Espainia, Alemania, Ingalaterra, Irlanda eta Italia) hamaika bazkidek hartuko dute parte Senator proiektuan.  Deusturen parte-hartze zientifiko-teknologikoak 638.875 euro jasoko ditu, eta bereziki bideratuko da plataforma teknologikoan txertatuko den sistema bat garatzera, zeinak eskainiko dituen 360 graduko konponbide integral bat eta sare adimendun multi-kolaboratibo bat. Horrez gain, helburu anitzeko optimizazio dinamikorako teknikak ikertuko ditu bidalketen planifikazio dinamikorako.

 

Lantalde horretan lanean ariko dira Ingeniaritza Fakultateko eta DeustoTech-eko ikerlariak eta A motako unibertsitate sistemako Deusto Smart Mobility ikerketa taldekoak (Eusko Jaurlaritzak errekonozitua, IT1024-16). Deustun bertan, Pilar Elejoste izango da proiektuko arduraduna (DeustoTech-eko zuzendari teknikoa); Antonio Masegosa ikerlariak zuzenduko du arlo zientifikoa (Ikerbasque Research Associate), eta arlo teknikoan, berriz, Pablo Fernández ikerlaria izango da buru.

 

Noticias relacionadas

Albisteak 27 iraila, 2022 Digitalizazioa
Librecon Bilbon ospatuko da X. edizioan eta teknologia irekien hiriburu bihurtuko da
Irakurri gehiago
Albisteak 23 iraila, 2022 Digitalizazioa
BAICek eta INNOLAB Bilbaok LEADERS IN TECH THINK TANKS ekitaldiaren edizio berri bat antolatu dute
Irakurri gehiago
Albisteak 20 iraila, 2022 Digitalizazioa
SPRI Taldeak eta osasun digitaleko industria biosanitarioak Osasun Digitalari buruzko IX. Kongresuan parte hartu dute
Irakurri gehiago
Albisteak 20 iraila, 2022 Digitalizazioa
SPRIk jardunaldi batean parte hartuko du non aztergai izango diren salmenta-kanal digitalak identifikatzeko giltzarriak
Irakurri gehiago
Albisteak 20 iraila, 2022 Digitalizazioa
Vixion enpresa gipuzkoarra, Ford-en ‘vendor list’-ean sartu da
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak