Datozen hilabeteetan mantendu edo hobetu egingo direla aurreikusten dute euskal industriako sektoreek

Euskadiko16 kluster-erakundeek aurreikuspen positiboak agertu dituzte Industria Abagunearen Behatokiaren bileran. Joera mesedegarria dute, batez ere, enpleguak eta I+G+b arloko inbertsioak; eskarien zorroak, fakturazioak eta esportazioak baino hobea. Talentuaren gaiak kezka orokorra sortzen du
-

Industria Abagunearen Behatokian bildu dira gaur euskal klusterrak, eta aurreikuspen positiboak agertu dituzte 2024 lehen zatirako. Haien jarduera mantendu edo apur bat hobetuko dela aurreikusten dute. Sei hilean behin biltzen dira Euskadiko industriako 16 sektoreak, eta eskariekin, fakturazioarekin, esportazioarekin, enpleguarekin eta I+G+b arloko inbertsioarekin lotutako adierazle nagusiak aztertzen dituzte.

Gaurko bileran, Eusko Jaurlaritzako arduradunez gain, Euskadiko 16 klusterren erakunde dinamizatzaileetako arduradunak izan dira: garraioa, mugikortasuna eta logistika; aeronautika; galdaketa eta forjaketa; automobilgintza; energia; bio-osasuna; eraikuntza; EIKTak eta ezagutza; trenbide-ekipoak; habitata, egurra, bulegoa eta contract; elikadura; itsas industriak; fabrikazioko teknologia aurreratuak; ingurumena; papera; eta produktu eta instalazio siderurgikoak.

Orokorrean, Euskadiko industriaren eskarien zorroa mantendu edo apur bat hobetu da. Hala, 9 klusterrek eskarien zorroa handituko zaiela aurreikusten dute, eta bakar batek aurreikusten du behera egingo duela (gainerakoek mantentzea espero dute). Inbertsioak berraktibatu egin dira eta eskaria suspertu egin dela ikus daiteke.

Fakturazioarekin lotutako aurreikuspenak ere positiboak dira. 8 klusterrek haztea aurreikusten dute, 7k mantentzea eta bakar batek espero du behera egitea. 2023an salmentak leheneratu egin ziren, aurreko urtearekin alderatuta. Etorkizun hurbilean, berriz, egoera geopolitikoak eta kostuen inpaktuak sortzen du kezka.

Esportazioek ibilbide positiboa izaten jarraitzen dute. Izan ere, datorren seihilekoan kanpo-merkataritza mantentzea (8) edo hobetzea (7) aurreikusten dute klusterrek; bakar batek espero du behera egitea. 2023a, oro har, positiboa izan zen. Hala, egoerak hobera egitea edo egonkor mantentzea espero da, aurrean erronka geopolitikoak edo ekonomikoak izan arren (Ukrainako, Palestinako eta Persiar golkoko gatazkak). Une honetan, euroa-dolarra kanbio-tasa onuragarria da.

Enpleguaren gaineko aurreikuspenek baikorrak izaten jarraitzen dute. Azken seihilekoan, 7 klusterretan apur bat hobetu da, eta 9tan mantendu egin da; 2024a zifra berdinekin hasi da. Inork ez du espero arlo honetan okerrera egiterik, baina ‘talentuaren harrobiak’ kezka sortzen du. Izan ere, zailtasunak dituzte langile kualifikatuak eta profil teknologikoak topatzeko eta mantentzeko.

Azkenik, I+G+b arloak gora egiten jarraituko du. Izan ere, 8 klusterrek arlo horretan haztea espero dute, eta beste 8ek mantentzea. Inork ez du aurreikusten ikerketa, garapen eta berrikuntza arloko inbertsioa murrizterik. Deskarbonizazioa, digitalizazioa eta aurreratuago dauden nitxo berrietara egokitzea dira proiektu berritzaileetako asko ardazten dituzten lerroak. Laguntzek eta pizgarriek ere bultzatzen dute kapitulu hau.

Bestetik, industria —ez energia-sektorea bakarrik— kezkatuta dago sare elektrikoek aurrean duten erronka zaila dela eta: hidrogenoak, datuek, berriztagarriek edo deskarbonizazioak behar dituzten kontsumoei erantzuna emateko behar den potentzia-igoera asumitzea.

 

Sektorez sektore

Sektorez sektore aztertuta, berezitasun batzuk ikusten dira:

Aeronautika: Sektorea garai ona bizitzen ari da, bai iaz, bai 2024aren hasieran. 2020ko etenaren ondoren, aireko trafikoa suspertzen joan da eta 2023an pandemiaren aurreko zifrak berreskuratu zituen; aurreikuspenak ere onak dira. Dena den, kezkarik handiena talentuarekin dago lotuta, zailtasunak baitituzte pertsonak erakartzeko, lotzeko eta mantentzeko.

Elikadura: 2023an suspertu egin zen fakturazioa. Aurreikuspenak positiboak dira, baina nolabaiteko ziurgabetasunarekin. Eskaria berraktibatzea espero da; bereziki, esportazioei dagokiena.

Automobilgintza: Aurreikuspenak baikorrak dira, baina neurrian. Ikusi egin behar da nola sendotzen diren ibilgailuen fabrikatzaileen proiektuak eta zer joera duen kontsumoak. I+G+b arloko ahaleginak ibilgailu elektriko eta adimendunera daude bideratuta.

Bio-osasuna: Kluster hau arlo guztietan hazi da; bereziki, langileen kontratazioan eta nazioartekotzean (merkatuaren % 70 inguru ordezkatzen du). Europako funtsak eta beste funts pribatu batzuk are gehiago erakartzea da sektore honen erronka, I+G arloko prozesu konplexuek behar dituzten baliabideak eskuratzeko.

Eraikuntza: Azken seihilekoan apur bat hobetu da sektorearen fakturazioa, eta aurrerantzean egungo ildoan mantentzea espero du, alderdi guztietan.

Energia: Sektorea moteldu egin zen 2023an, eolikan eta sare elektrikoetan. Aldiz, 2024ko bigarren seihilekoan Europako inbertsioak berraktibatzea espero da. Enpresek nazioarteko presentzia handia dute, eta haien merkatuak oso dibertsifikatuta daude. Eguzki-energia fotovoltaikoa eta oil&gas dira emaitza eta aurreikuspen onenak dituzten azpisektoreak. Enplegu mailak ez du okerrera egin eta, eta handitzea aurreikusten da. Era berean, I+G arloko inbertsioak ere gora egitea aurreikusten da; bereziki, offshore eolikaren arloan eta industriaren deskarbonizazioan.

Trengintza: Espainiako trengintza-sektorearen esportazio guztien % 45 Euskadiko trengintza-industriari dagozkio. Orokorrean, Euskadiko enpresek kanpo-merkatura bideratzen dute haien ekoizpenaren % 90, eta joera hori mantentzea espero da. Europako funtsen finantzazioak eta ezegonkortasun geoestrategikoak sortzen dute ziurgabetasuna.

Galdaketa eta forjaketa: Fakturazioa hobetu egin da. Izan ere, lehengaiek prezio altuak izaten jarraitzen dute, baina ez 2022an bezainbeste. Enpleguan ere dinamika bera ikusi da.  Baina kezka eragiten dute Ukrainako gerraren ondorioek (burdinazko totxoen hornidurari eragiten dio) eta Itsaso Gorriko krisiak (lehengaien hornidura dela eta).

Habitata, egurra, bulegoa eta contract: Emaitza positiboak izan zituen iaz, eta 2024aren hasieran ere bai. Tasen jaitsierak proiektuak desblokeatzen lagunduko duela espero du. Nazioarteko merkatuak joera dinamikoa izaten jarraitzen du. Kezka eragiten dute marjina komertzialek. Izan ere kostu operatiboek gora egin dute, eta ezin diote igoera osoa salmentei erantsi.

Itsas industriak: Ontzigintzako PERTEari eta I+G arloko programa berrien (adibidez, Hazitek) irekierari itxaroten ari dira, 2023ko datuak hobetu ahal izateko. Izan ere, 2023an aurreko urteko zifrak mantendu ziren. Inflazioak eta eraikuntza berrien prezioen igoerak zaildu egin dute ontzi berriak kontratatzea.

Ingurumena: Oro har, sektorearen pertzepzioa positiboa da. Proiektu industrialek eta zerbitzuen kontratazioak gora egin dute. Hala, lantegi berriak jarri dira martxan, eta ekoindustriaren negozioa hazi egin da, araudi-esparru berriak bultzatuta. I+G arloa ere hazi egin da, laguntza-esparruaren ondorioz. Balorizazio-lantegi berrien kokapena baimentzeko adostasun-falta da oztopo handiena.

Papera: 2023a ez zen urte ona izan sektorearentzat. Ekoizpenak eta fakturazioak behera egin zuten, eta esportazioen erritmoa mantsotu egin zen. Dena den, enpleguak eta I+G arloko inbertsioak ez zuten okerrera egin. 2024an alderdi guztietan mantendu edo hobetu egingo diren ziurtasuna du klusterrak.

Siderurgia: Sektore honek hobekuntza txiki bat izan zuen iaz, altzairu-ekoizleen eta transformatzaileen kasuan izan ezik. Esportazioek behera egin zuten; batez ere, 2023ko azken tartean. Alemaniak eta Frantziak jarraitzen dute Euskadiko produktu siderurgikoen helmuga nagusiak izaten. Sektorearen ingurumen-apustuaren emaitza gisa, apur bat igo dira emisioak murriztera eta energia-iturri berriak (hidrogenoa) erabiltzera bideratutako I+G arloko inbertsioak.

Fabrikazio-teknologia aurreratuak: 2023a espero baino hobea izan zen. Eta, eskari kopurua ahultzen hasi den arren, urte honetako azken hiruhilekoan suspertzea aurreikusten da. Kanpoko merkatuan AEB (eskari handiarekin), Mexiko eta Kanada nabarmendu dira.

EIKTak: Sektoreak hazten jarraitzen du, arazo batzuk izan arren, hala nola profil profesional espezializatuen gabezia, erdi-eroaleen gabezia eta lehengaien garestitzea. 2023an sektorea hazi egin zen 2022arekin alderatuta; batez ere, IKTen eta elektronikaren azpisektoreak. Langile kualifikatuen gabezia dagoenez, inbertsio handiagoa egin behar da kontratatutako pertsonak trebatzeko.

Garraioa, mugikortasuna eta logistika: Sektorea hazi egin zen 2023an, eta finkatu egin da joera positiboa. 2024ko lehen seihilekoan mantentzea edo hobetzea espero da. Esportazioa mantendu egingo dela aurreikusten da, baina ikusi egin behar da zer bilakaera duen nazioarteko egoera geopolitikoak, logistikari eragiten baitio horrek.

 

Informazio gehiago Irekian

Lotutako albisteak

DESI  2024  txostenak  baieztatu  du  Euskal  Autonomia  Erkidegoaren  digitalizazioa  erritmo  onean  doala  aurrera

DESI 2024 txostenak baieztatu du Euskal Autonomia Erkidegoaren digitalizazioa erritmo onean doala aurrera

Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia eta Gizarte Digitalari buruzko azterlanak azpiegitura digitaletan lurraldeak Europa mailan duen lidergoa nabarmentzen du

KAUDATU:  Euskal  enpresentzako  digitalizazio  seguru  eta  jasangarria

KAUDATU: Euskal enpresentzako digitalizazio seguru eta jasangarria

KAUDATUren web plataforma errazten du eIDAS 2 araudian oinarritutako digitalizazioa, eta enpresei eskaintzen dizkie lege-betekizunak eta datuen pribatutasuna betetzeko beharrezko tresnak, digitalizazio arduratsu baterantz aurrera egiteko bidean

Lehendakariak  Joxe  Mari  Korta  2025  saria  eman  dio  José  Antonio  Jainagari

Lehendakariak Joxe Mari Korta 2025 saria eman dio José Antonio Jainagari

Epaimahaiak, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua buru delarik, Jainaga saritu nahi izan du, enpresa sustraiekiko konpromisoarengatik, industria bikaintasunarengatik, berrikuntzarekiko apustuarengatik eta kalitatezko enplegua sortzeagatik

1M  €-rainoko  laguntza  ematen  dizugu  zure  enpresa  2025  Nazioarteko  Gauzatu  programarekin  nazioartera  zabaltzeko
11/07/2025 Finantziazioa

1M €-rainoko laguntza ematen dizugu zure enpresa 2025 Nazioarteko Gauzatu programarekin nazioartera zabaltzeko

Nazioarteko Gauzatu programak nazioartekotzeko estrategiak garatzeko aukera ematen die euskal enpresei, eskatutako inbertsioei ekiteko baliabideekin eta finantzaketarekin hornituz. Interesik gabeko kredituak eskaintzen ditu, 1M euro artekoak, atzerrian instalazioak ireki, handitu edo berritzeko. Laguntza hau eskatzeko epea uztailaren 15ean hasteko da eta azaroaren 11an amaituko da.

Aurrekontuak  berriro  zabalduko  ditugu,  adimen  artifizialeko  teknologiak  barne  hartzen  dituzten  eta  Euskadiko  enpresen  datuen  azpiegitura  optimizatzen  duten  proiektuak  babesteko.

Aurrekontuak berriro zabalduko ditugu, adimen artifizialeko teknologiak barne hartzen dituzten eta Euskadiko enpresen datuen azpiegitura optimizatzen duten proiektuak babesteko.

Laguntza horiek Europar Batasunak finantzatzen ditu NextGenerationEU berreskuratze-planaren bidez, pandemiak eragindako kalteak konpontzeko eta etorkizun jasangarriago, digitalago eta erresilienteago baten oinarriak ezartzeko. Espainian, funts horiek Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez kudeatzen dira.

Indarturen  edizio  berriak  garapena  eta  jarduera  ekonomikoa  bultzatzen  ditu  beharrik  handiena  duten  Euskadiko  eremuetan
09/07/2025 Finantziazioa

Indarturen edizio berriak garapena eta jarduera ekonomikoa bultzatzen ditu beharrik handiena duten Euskadiko eremuetan

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak, Spri Taldearen laguntzarekin, Indartu programaren 2025ko deialdia jarri du martxan. Programa honek 20 milioi euroko aurrekontua du enpresen ekoizpen arloko inbertsioari laguntzeko eta, hala, hazteko, enplegua sortzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

Seinalek  enpresei  beren  informazioa  edozein  mehatxuren  aurrean  babesten  laguntzen  die
08/07/2025 Zibersegurtasuna

Seinalek enpresei beren informazioa edozein mehatxuren aurrean babesten laguntzen die

20 urte baino gehiagoko esperientziarekin, Seinale zibersegurtasunean eta Zuzenbide Digitalean espezializatutako konpainia gisa finkatu da

Industria  Adimendunerako  trantsizioa  egiten  hasteko  inbertsioak  finantzatzen  laguntzen  die  Renove  Smart  Industry  programak  ETE  industrialei
08/07/2025 Finantziazioa

Industria Adimendunerako trantsizioa egiten hasteko inbertsioak finantzatzen laguntzen die Renove Smart Industry programak ETE industrialei

Datorren ostegunean uztailaren 10ean irekiko da epea Renove Smart Industry laguntza-programara eskaerak aurkezteko. Programa honek, lehen, Renove Industria 4.0 izena zuen. Edizio berri honetan, 7 milioi euroko aurrekontua izango du. 4.0 Industriako proiektuei heltzeko haien ekipoak eta makineria modernizatu> nahi dituzten enpresa industrialek edo industriarekin lotutako zerbitzu-enpresek azaroaren 7ra arte...

Imanol  Pradalesek  “Europaren  berrindustrializazioa  eta  autonomia  estrategikoa  gidatzeko”  euskal  industriak  duen  zeresana  aldarrikatu  du

Imanol Pradalesek “Europaren berrindustrializazioa eta autonomia estrategikoa gidatzeko” euskal industriak duen zeresana aldarrikatu du

Eraldaketa ekonomikoa bultzatzeko, industria defendatzeko eta kalitatezko enplegua bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak duen konpromisoa berretsi du Lehendakariak

SPRI  Taldeak  adimen  artifizialari  buruzko  sei  tailer  antolatuko  ditu  Euskal  Encounterren

SPRI Taldeak adimen artifizialari buruzko sei tailer antolatuko ditu Euskal Encounterren

Hilabete honetako 24tik 26ra egingo dira eta izen-emateak (doakoak) irekita daude dagoeneko

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.