Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 6 urria, 2020 Digitalizazioa Ekintzailetza Industria adimenduna Smart Industry Programa Start up UP Euskadi

Adimen artifiziala trenbide-nasetako segurtasuna kontrolatzeko

Bizkaiko T-Safe startup-a bukatzen ari den ikusmen artifizialeko sistema gai da alertak bidaltzeko pertsonaren bat trenbidera erortzen bada
 T-Safe sistemaren pantaila-irudia.

 

 

Ofizialki 2020ko urtarrilean sortua, 2019aren erdialdean Explorer Programaren Arabako lehen saria irabazi zuten hiru gaztek eginiko lanaren emaitza da T-Safe. Adimen artifizialeko tresna berri bat da, gai dena trenbide-nasetan instalatutako kamerekin bildutako irudiak aztertzeko eta alerta bat igortzeko pertsonaren bat trenbidera erortzen bada. Kasu horretan, sistemak kontrol-zentroari abisatuko lioke inguru horretako trenen trafikoa gelditu dezan. Proiektu honen giltzarriez mintzatu zaigu Iker Torrecilla, T-Safe enpresako zuzendari nagusi eta fundatzailea.

 

Zer egiten duzue T-Safe enpresan?

Sistema bat garatu dugu trenbide-geltokien segurtasuna hobetzeko, eta batik bat metro-geltokiena. Horretarako, lau kamera instalatzen ditugu, bi nasa bakoitzean. Kamera horiek nasara begira daude pertsonen fluxua kontrolatzeko, eta ez dute bakarrik zaintzen pertsona kopurua, baita ere detektatzen dute norbaitek nasa gurutzatu duen eta trenbidera erori den. Kamera horiek zerbitzari bati konektatuta daude, eta handik bulegoetara konektatzen dira; bulegoetako ordenagailuetan adimen artifizialeko tresna bat instalatzen dugu identifikatu ahal izateko trenbide-nasan ezohiko zerbait gertatzen ari ote den. Hori guztia segundo hamarren baten buruan gertatzen da, eta aukera ematen zaie kontrol-zentroei larrialdi-geldialdi bat egiteko beharrezkoa izanez gero.

 

Beraz, gakoak dira irudi eta patroi horiek aztertzen dituzten ikusmen artifiziala eta adimen artifiziala, ezta?

T-Safe “deep learning” delakoan oinarrituta dago, eta badu ikaskuntza-faktorea, horixe delarik gure lehiakortasun-abantailetako bat. Behin martxan jarritakoan, adimen artifizialak bere kabuz ikasten jarraitzen du guk programatu dugun ikaskuntza-koefiziente horri esker. Etorkizuneko helburua litzateke trena gelditu ahal izatea kontrol-zentroak ezer egin beharrik gabe, baina oraindik denbora asko falta da hori posible egiteko.

 

Pandemian zehar ikusi dugu ikusmen artifizialeko tresnak erabiltzen direla trenbide-nasetan dauden pertsonak kontatzeko eta euren arteko distantziak neurtzeko. T-Safe erabil daiteke horretarako?

Posible litzateke erabiltzea edukierak kontrolatzeko, pertsonen arteko segurtasun distantziak neurtzeko eta aglomerazioak saihesteko, baina hori ez da gure funtzio nagusia. Halere, posible da gure zerbitzua horrelako premietara egokitzea. Gure jomuga-merkatua istripuak dira, eta produktua konplexuagoa da, ez duelako soilik jende kopurua kuantifikatzen edo pertsonen arteko distantzia neurtzen. Horretarako bakarrik erabiliko bagenu, T-Safe produktu bukatua litzateke. Istripuak saihesteko funtzioak lan gehiago eskatzen du, arkitektura gehiago eta software gehiago.

 

Enpresa honen bultzatzaileak oso gazteak zarete. Noiz eta nola sortu zen T-Safe martxan jartzeko ideia?

Sergio Hospital lankideari esker hasi zen. Gradu amaierako lana egin behar zuen, eta otu zitzaion eskailerak jar zitezkeela tren eta metroko nasetan, inor eroriko balitz ere. Hots egin zidan, ideia landu genuen eta dagoeneko gurekin ez dagoen hirugarren lankide batekin batera (Iván Palomino), Explorer Programan parte hartu genuen. CISEk (Centro Internacional Santander Emprendimiento) koordinatzen duen lehiaketa bat da, Espainia, Argentina eta Portugaleko 55 zentrotan garatzen dena, eta horietako bat da Araba Explorer Space, BIC Arabak eta Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak koordinatua SPRIren laguntzarekin. Arabako eta Euskadiko lehiaketak irabazi genituen, eta horrek aukera eman zigun lau hilabeteko mentoring-a jasotzeko eta Silicon Valley-ra joateko. Bidaiatik itzultzean erabaki genuen enpresa sortzea Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Ekintzaile planaren bidez emandako dirulaguntzarekin. T-Safe 2020ko urtarrilean sortu zen ofizialki, eta Portugaleten dauzkagu bulegoak.

 

Zein fasetan dago orain T-Safe?

Adimen artifiziala bukatuta daukagu, baina atzean dagoena falta zaigu oraindik: kontrol-zentrorako konexioa, kamerak zerbitzariari eta AAri konektatzea, e.a. Izan ere, lanean ari gara Value Coders-ekin, zeina punta-puntako enpresa baita outsourcing teknologikoaren arloan. Ondo bidean, uste dugu prest egongo garela bi hilabete barru.

 

Zeintzuk izango dira zuen balizko bezeroak?

Azpiegituren jabe diren burdinbideetako operatzaileengana zuzentzen gara. Adibidez, RENFE ez legoke balizko bezeroen artean, trenen jabeak direlako, eta gure kamerak ez daude trenetan, baizik eta trenbide-nasetan. Beraz, gure bezeroak azpiegituren jabeak dira; adibidez, Estatuan ADIF izango litzateke, baina ez da gure bezeroa.

 

Nolako inpaktua izan du koronabirusaren pandemiak zuen jardueran?

Alarma-egoera eta itxialdia deklaratu baino astebete lehenago erosi genituen atzerrian lanerako behar ditugun kamerak eta zerbitzariak. Hilabeteak igaro dira material horiek iritsi arte. Bestalde, bilerak hitzartuta geneuzkan hainbat bezerorekin produktua probatzeko, baina ezin izan dugu halakorik egin itxialdiagatik eta ez geneukalako testak egiteko materialik.

 

Gure berehalako helburua da prototipoa geltoki batean probatzea. Bezeroaren onarpena lortzen dugunean hasiko gara saltzen eta merkatua geureganatzen, lehenik maila autonomikoan, eta gero Estatu osoan. Hala, 5 urtean Estatuko merkatu osoa hartu nahi dugu, eta gero nazioartera bideratu.

Lotutako albisteak

Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
5 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Edurobotic: “Ikasleentzako robotikako eta programazioko jarduerek hezkuntza-eremua eta aisialdia lotzen dituzte”
Irakurri gehiago
1 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Campus To Business (C2B): “Sektore teknologikoan talentuaren defizit izugarria dagoen ingurune batean gaude”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak