Eusko Jaurlaritzak eta KONFEKOOPek euskal industria-kooperatibismoarekin kontrastatu dute Euskadi 2030 Industria Plana
Eusko Jaurlaritzak eta KONFEKOOP – Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak topaketa bat egin dute gaur AS FABRIK Bilbaon (Zorrotzaurre) EAEko industria-kooperatiba nagusiekin, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren eskutik Euskadi 2030 Industria Plana aurkezteko.
Eusko Jaurlaritzak 3.900 milioi euro bideratuko ditu Plan horretara legegintzaldi honetan zehar. Horrek 12.000 milioi euroko inbertsio pribatua trakzionatzeko aukera emango du eta, beraz, inbertsio publiko-pribatuko 15.900 milioi euro mobilizatuko dira orotara.
Ekitaldian, sailburuak Planaren ardatz estrategikoak zehaztu ditu, eta nabarmendu du Euskadiko industriarentzat eta euskal gizarte osoarentzat guztiz garrantzitsua dela atzo Gobernu Kontseiluan onetsitako Plan hau, “zeinaren helburu nagusia den etorkizuneko belaunaldientzat kalitate handiko lanpostuak sortzeko oinarriak ezartzea”. “Enplegu egonkor eta ondo ordaindua dugu hizpide –esan du–, gure seme-alaben nahiei erantzuten diena, beren ahalmena bete-betean garatzeko eta beren proiektu pertsonal nahiz profesionalak Euskadin gauzatzeko aukera ematen diena”.
Sailburuak azpimarratu du munduko merkataritzaren eta geopolitikaren testuinguruan ziurgabetasun handieneko une historiko batean aurkeztu dela plan hau. “Ziurgabetasun horren aurrean, Plan honek gure ziurtasunen aldeko apustua egiten du: industria gehiago eta Europa gehiago. Plan horrek jauzi kualitatibo bat ematen lagunduko dio gure industriari, gure herrialdearen etorkizun ekonomikoa bermatzeko eta hurrengo belaunaldien ongizatea eta aurrerapena ziurtatzeko. Zeren industria gure aurrerapenaren, aberastasunaren, ongizatearen eta kalitatezko enpleguen iturria baita”.
Bestalde, KONFEKOOPek koordinatzen duen Enpresa Kooperatiboen Mahai Industrialaren ordezkariek beren erronka eta lehentasun nagusiak azaldu dituzte:
- Finantzaketa eskuratzea, bereziki funts publikoetatik, kooperatiba-izaerari egokituta.
- Kooperatibak sektore helduetan. Neurriak antolatzea etorkizuna duten sektore eta merkatuetan sartzeko.
- I+Gko eta esportazioko partzuergo kooperatiboak bultzatzea, nazioarteko lehiakortasuna indartzeari begira.
- Arrisku politiko eta komertzialak arintzeko mekanismoak ezartzea EAEko kooperatibek atzerrian egiten dituzten inbertsioetan.
Lehentasun horietatik abiatuta, KONFEKOOPek berretsi du industria-subiranotasun estrategikoa lehentasunezkoa dela enpresa kooperatiboen agendan, eta defendatu du industria-kooperatibak –EAEko BPG industrialaren % 11 direla eta nazioarteko proiekzio argia dutela– herrialdeko industria-politikako eragile nagusitzat aitortzea.
Horrekin bat etorriz, nabarmendu da garrantzitsua dela eredu kooperatiboak erabateko aitortza instituzionala lortzea, hala araudian nola politika publikoetan, industria-politikari, gizarte-kohesioari eta lurralde-garapenari egiten dion ekarpenagatik. Alde horretatik, KONFEKOOPeko lehendakariak, Rosa Lavínek, herrialde-erronkekin duen konpromisoari jarraikiz, azpimarratu du garrantzitsua dela Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa Planean aurreikusitako Industriaren Euskal Kontseiluan presente egotea.
Topaketak balio izan du Eusko Jaurlaritzaren eta industria-kooperatiben artean elkarrizketagune egonkor bat bultzatzeko, Planean jasotako neurriak aukera zehatz bihurtu daitezen Euskadin urtean 8.000 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituen eta 21.000 enplegu baino gehiago sortzen dituen sektore baterako