Albisteak 1 urria, 2024

ON2YOUk kontsumoa eta energia-kostuak murrizteko irtenbide pertsonalizatuak proposatzen ditu

Energia-eraginkortasunean espezializatutako Arabako aholkularitza-enpresak bezeroen prozesuak hobetzeko aukerak identifikatzen ditu, haien kontsumoa optimizatzeko eta ahalik eta gehien murrizteko, datuetan, informazio zehatzean eta bisita teknikoetan oinarritutako ikuspegia erabiliz.

Eraginkortasun energetikoa “lehentasuna” da enpresentzat aspaldidanik. 2012an, sektorean bost urteko esperientzia izan ostean autonomo gisa, Alfredo Cotrinak ON2YOU energia-eraginkortasuneko aholkularitza sortu zuen, enpresei kontsumoa eta energia-kostuak modu eraginkorrean murrizteko aukera emango dieten irtenbide pertsonalizatuak eskaintzeko asmoz. “Kasu bakoitza aztertzen dugu datuetan, informazioan eta bisita teknikoetan oinarrituta, hobekuntza-arloak detektatzeko, eta, horrela, neurrira egindako konponbideak proposatzeko, ez baitago guztientzat funtzionatuko duen ikuspegi bakar bat”, azaldu du CEOak. Aholkularitza-enpresaren zerbitzuek energia-fakturen doikuntza eta optimizaziotik hasi eta kostuak eta kontsumoa gutxitzen dituzten prozesu edo soluzio berriztagarriak inplementatzeraino hartzen dituzte. 

Aholkularitzak tresna aurreratuak erabiltzen ditu bezeroen hornidura elektrikoak monitorizatzeko eta digitalizatzeko. Soluzio horiek modu pertsonalizatuan egokitzen dira enpresa bakoitzera, eta, horri esker, energia-informazioaren kontrol, analisi eta kudeaketa sakona egin daiteke. Teknologia-konbinazioari eta energia-kudeatzaileen esperientziari esker, ON2YOUk kontsumo-patroiak, potentzia-eskariak, karga-kurbak eta balizko gorabeherak ezagutu ditzake. “Etorkizuneko arazoei aurrea har diezaiekegu; izan ere, alertak aktibatzen ditugu, gertatu baino lehen heldu ahal izateko”, esan du Cotrinak. 

Enpresa lau arlo nagusitan antolatuta dago, proiektu sorta zabal bati erantzuteko: energia erosteko mahaiak, ziurtapen energetikoa eta aholkularitza, energia berriztagarriak eta kontsumoak kontrolatzeko edo monitorizatzeko sistemak. 

Bezeroen %95a 150 langileko ETE industrialak dira, hainbat sektoretakoak eta batez ere Euskal Autonomia Erkidegokoak, baina Kantabrian, Errioxan eta Nafarroan ere badu presentzia. “Uste dugu bezero nitxo honek asko duela egiteko bere eraginkortasun energetikoaren hobekuntzari dagokionez”, dio ON2YOUren CEOak. Enpresa horiek “badakite zer behar duten, baina askotan ez dute beharrezko denborarik izaten proposamenak ebaluatzeko edo irtenbideak bilatzeko. Hortxe sartzen gara gu”. 

ON2YOUk bere bezero-zorroa handitu nahi du energia-erosketan, eta bere irismena energia-txostenetan, auditoretzetan edo energia-ziurtagirietan, esaterako. Etorkizunari begira, bere eragin-eremua zabaltzeko asmoa du, eta, datorren urtean, bezeroei karbono-aztarnari buruzko txostenak eskaini nahi die. 

Gaur egungo proiektuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: industria-enpresa batentzat planta fotovoltaiko berri bat instalatzea; Arabako teknologia-parkeko enpresa baten instalazioetan aerotermia ezartzea; eta Arabako kimika-enpresa handi batean energia-auditoria bat egitea, UNE 16247 arauaren metodologiaren arabera. Beti ere bere helburu nagusia argi edukita: “gure bezeroei irtenbide efikazak eta eraginkorrak ematea”, adierazi du Alfredo Cotrinak. 

SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu. 

Lotutako albisteak

Utilmaik  tresna  industrial  aurreratuak  diseinatzen  ditu  ekoizpen  industriala  optimizatzeko
24/03/2025 Berrikuntza

Utilmaik tresna industrial aurreratuak diseinatzen ditu ekoizpen industriala optimizatzeko

Bizkaiko enpresak berrikuntza eta ezagutza teknikoa uztartzen ditu funtsezko sektoreetan mekanizazio-prozesuak hobetzeko, hala nola garraioan, makineria astunean eta aeronautikan.

Wake  Up!  Albiste  ekintzaile  batzuk  sarean
21/03/2025 Ekintzailetza

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean

Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.

Foodtech  Startup  Forum  2025:  elikagaien  industriarako  berrikuntzaren  eta  teknologiaren  arloko  punta-puntako  irtenbideak
20/03/2025 Ekintzailetza

Foodtech Startup Forum 2025: elikagaien industriarako berrikuntzaren eta teknologiaren arloko punta-puntako irtenbideak

Elikagaien eta edarien sektorerako proiektu, irtenbide edo negozio eredu iraultzaileak aurkeztu nahi dituzten startupek apirilaren 1era arte ikustarazi ahal izango dute bere hautagaitza

WonderShop,  WordPress-erako  (“WP”)  diseinatutako  plugina,  online  denden  jabeei  katalogoen  kudeaketa  errazten  die
20/03/2025 Ekintzailetza

WonderShop, WordPress-erako (“WP”) diseinatutako plugina, online denden jabeei katalogoen kudeaketa errazten die

Garatzen eta merkaturatzen duena WoonderSoft da. Enpresa gipuzkoarrak nazioarteko asmoak ditu eta bere produktuak interesa piztu du beste herrialde batzuetan.

Teknikerrek  ‘Quantum  Machine  Learning’  teknologiak  erabiltzen  ditu  AAren  errendimendua  hobetzeko

Teknikerrek ‘Quantum Machine Learning’ teknologiak erabiltzen ditu AAren errendimendua hobetzeko

BRTA Quantum proiektuak eredu kuantiko bat aplikatzea lortu du fabrikazio aditiboko prozesu batean metal baten azken egoera estimatzeko.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.