NX Technologies, ibilgailu elektrikoetarako produktu berritzailea duen Donostiako startupa
NX Tecnologies Donostiako startup bat da eta ibilgailu elektrikoentzako produktu berritzailea eskaintzen du: inbertsore bat (trakzio-sistemaren “garun” lana egiten duen eta motorren eta baterien arteko komunikaziorako ezinbestekoa den gailu elektronikoa). Bere prestazioak direla eta, ez dago merkatuan halakorik. Aurten, enpresak fakturazioa bikoiztuko du eta, hurrengo urtera begira, berriro ere bikoitza haztea aurrez ikusi du. Iazko azaroan banatutako TOP101 sarietako bat eskuratu zuten bost euskal enpresetako bat da (sariek Estatu mailako ekintzailetza aitortzen dute).
Enpresa 2020ko uztailean sortu zen lau gazte ekintzaileren ekimenari esker: Jon Duroudier arduradun teknikoa), Mikel Peral (CEOa), Xavier Descarrega (produktuaren garapeneko arduraduna) eta Mikel Martínez (testingaren arduraduna). Ingeniaritza ikasketak egiten ari zirela ezagutu zuten elkar eta, beren ibilbidea automobilgintzako enpresa liderretan (AVL, Ferrari eta Punch Powertrain, besteak beste) garatu ostean, enpresa hau eratzeko elkartzea erabaki zuten.
Hala, goraka zihoan ibilgailu elektrikoetarako potentzia-elektronikako merkatuan aukera detektatu ostean, aukera hori aprobetxatzen asmatu zuten. Sektorearen hazkunde bizkorrari eta gero eta handiagoa zen merkatuaren eskaerari erantzuna emanez, enpresak jarduera nagusiak bi marka independentetan dibertsifikatu zituen: NX Technologies, powertraineko produktuen garapenaz arduratzen dena, eta EPowerlabs, mugikortasun elektrikoko industriarako testingeko zerbitzuetara bideratzen dena, azaldu digu Jon Duroudeirrek, finantza arloko zuzendariarekin, Nahia Blancorekin, batera.
Enpresaren bezero nagusiak mugikortasunaren sektorekoak dira, baina serie handiak (turismo-ibilgailuak) osatzen ez dituzten horietan oinarrituta; hau da, autobusak, itsasontzi elektrikoak, hondeamakinak, traktoreak edo motozikletak, besteak beste. “Turismoen merkatuarentzat zerbitzatuz gero, bolumen handia, aparteko produkzio-instalazioak eta finantza arloko gaitasun handia izan behar dituzu. Gainerako ibilgailuek potentzial handiko merkatuak sortuko dituzte, guztia elektrifikatuko baita”, adierazi dute bi arduradunek.
Hala, NX Tecnhologies bi produktu-lerrotan oinarritzen da. Lehenengoa inbertsorea izenekoa da. Horren funtzioa ibilgailuaren eraginkortasun energetikoa maximizatzea da. Horren kontrol adimendunak azelerazioa eta abiadura doitzen ditu, energia-kontsumoa optimizatuz, bateriaren autonomia handituz eta gidatzeko garaian esperientzia eta segurtasuna hobetuz.
“Merkatuan zegoenarekiko ezberdina den inbertsorea eskaintzen dugu. Gurea txikiagoa, trinkoagoa eta kostuari dagokionez lehiakorragoa da. Gure lehiakideek baino prestazio handiagoak dituen sistema da, pisu erdia du eta hiru aldiz leku gutxiago, eta hori abantaila handia da. Gainera, giltza eskura eskaintzen dugu. Merkatuko punta-puntako teknologia da”.
Eskaintzen duten bigarren produktua baterien kudeaketa-sistemarena da. “Produktua lehendik merkatuan bazegoen arren, segurtasuna hobetzea ahalbidetzen duten funtzionalitate berriak gehitzea lortu dugu. Oso malgua den eta bateria-arkitektura mota askotan integragarria den produktua dugu.
Diseinua bertan eginda
NX Tecnologiesek osagaien fabrikazioa azpikontratatu egiten du, baina diseinua bertan egina da eta muntaketa-lana beraiek egiten dute. “Gure helburua hemen, gure DNArekin, egitea da, Euskadi industrializatzen laguntzeko. Txinara jo beharrik izan gabe, teknologia etxetik egin daitekeela uste dugu.
Enpresa urtean 200 inbertsore inguru fabrikatzen ari da dagoeneko, eta “datorren urtean, kopurua hirukoiztea espero dugu”. Bere bezero nagusiak izen handiko motozikleten, itsasontzien eta ekortzeko makina elektrikoen Europako fabrikatzaileak dira, besteak beste. Salmenten gune nagusia atzerrian dago, esportazioen tasa % 98 ingurukoa baita.
26 langile ditu enpresak eta fakturazioa, aurten, 1,2 milioi eurokoa izango da (2023koa ia bi halako). “Hurrengo urtera begira, aurreikuspena fakturazioa berriro bikoiztea da. EBko Next Generation funtsetako PERTE VECeko hiru proiektutan ari gara lanean. Haietako bat da autobus elektrikoentzako Irizarren proiektu bat, potentzia-inbertsore batean oinarrituta dagoena”. Enpresa teknologiko gisa, I+G arloa funtsezkoa da eta ia talde osoak egiten du bertan lan.
Erronka nagusiak “bezero garrantzitsuekin proiektuak ixtea litzateke. Izan ere, hori lortuz gero, enpresa gisa handitu eta produkzioari zein pertsonei dagokienez hazi beharko genuke”. Helburua urtean milaka unitatea saltzea da. Beste helburuetako bat da merkatuak ugaritzea.
“Interes handia sortzen ari gara eta, eskari horri aurre egin ahal izateko, egitura izan beharra dugu. Baina baita mantentze-lanetarako taldea ere”.
SPRI Taldeak bere kanaletan euskal enpresei beren jardueraren berri emateko aukera eskaintzen die. Zure proiektua gure gaiekin (I+G+b arloa, digitalizazioa, nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza…) lotuta badago, Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.
Lotutako albisteak

Fecin, industriako eskuilagintzan espezializatuta 60 urte daramatzan Gipuzkoako ETEa
Deban kokatuta dagoen enpresa da Europa mailan sektore honetako bost fabrikatzaileetako bat eta SPRI Taldearen zibersegurtasun-programaren laguntza jaso du

Teknikerrek errepideen mantentze adimenduna bultzatzen du teknologia robotiko aurreratuaren bidez
Zentro teknologikoak errepideak diseinatzeko, eraikitzeko eta mantentzeko teknologia robotikoak eta automatizazio adimendunak hornitzeko lanak gidatu ditu Europako Omicron proiektuan.

Basque Luxury Concierge: Bisitak jasotzen dituzten euskal enpresentzako zerbitzu berri bat: Basque Luxury Concierge
.

Flexix, 75 urteko historia berrikuntza aldarrikatzen
Enpresa bizkaitarrak ez ditu alde batera uzten joera eta teknologia berriak, balioa handitzeko, egokitzeko, prozesuak hobetzeko eta energia berdea bezalako sektoreetara dibertsifikatzeko.

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.