Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 29 ekaina, 2021 Ekintzailetza Start up UP Euskadi

Bilboko Udalak esker ona emateko “Bilbao Mentoring Omenaldia” antolatu du

Bilboko Udalak 31 mentore omendu ditu hiribilduko enpresak eta saltokiak hobetzeko pandemian zehar erakutsi duten konpromiso altruistagatik
Juan Mari Aburto Bilbao Mentoring

Zabalguneko eraikinean antolatu da “Bilbao Mentoring Omenaldia”. Juan Mari Aburto alkateak zuzendu du ekitaldia, eta, horren bitartez, 2019. eta 2020. urteetan hiriko enpresa eta saltokiak hobetzen laguntzeko esperientzia eta ezagutza modu altruistan eskaini dituzten 31 mentore-en konpromisoa aitortu nahi izan du, pandemiak markatutako urte honetan, enpresa-ehunaren kasuan hain zaila izan den honetan, alegia.

“Bilbao Mentoring Omenaldia”, hain zuzen ere, Bilbao Mentoring” programaren azken bi edizioen amaiera-ekitaldia da. Programa Bilboko Udalak bultzatu du, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, eta, horrela, enpresa eta saltokiei laguntza eman nahi zaie gaitasunak, trebetasunak eta ahalmena hobetu dezaten, epe luzeko ikuspegia hobetu dezaten eta erabakiak modu errazagoan hartu ditzaten.

Hori horrela, 2019. eta 2020. urteetan parte hartu duten pertsonak omendu nahi dira, hau da, pandemiagatik sortutako zailtasunekin markatutako bi edizioetako parte-hartzaileak. Izan ere, programa ondo amaitu ahal izateko, ekimenaren azken edizioa gaur egungo testuingurura egokitu behar izan da, online bertsioa gailenduz. Horrela, profesionalek ezagutza eta eskarmentua helarazi ahal izan dizkiete beste enpresa batzuei, estrategia finkatzen laguntzeko.

Mentore-lanengatik eta hiriko enpresa-ehunaren jasangarritasunarekiko zein hobekuntzarekiko konpromisoagatik omendu diren 31 pertsonek irudi bana jaso dute Bilboko alkatearen eskutik, aitorpen gisa.

Paul Caballero artista bilbotarra da irudien egilea, eta, hain zuzen ere, udalaren BIG Bilbao ekintzailetza-zentroaren babesarekin eta aholkularitzarekin ekin zion ibilbide profesionalari. Iñigo Caballero anaiarekin sortu zuen CMYK Bilbao, hiriko ilustrazio digitaleko lehenengo eskola, eta, gainera, “Mentoring Bilbao” ekimenaren IX. edizioan parte hartu zuen, non laguntza eta aholkularitza jaso zituen Aitor Elizegiren mentoree gisa.

 

MENTORINGA, ESPERIENTZIAN OINARRITZEN DEN IKASKETA

Ekimenaren esparruan, hilabete batzuetan, guztira, 31 mentorek eta beste hainbeste hartzailek topaketak eta bilerak (aurrez aurrekoak eta birtualak) egin dituzte esperientziak, aholkuak eta informazioa partekatzeko. Topaketa horien helburua hartzaileen profesionalizazioa hobetzea da. Horretarako, esperientzian oinarrituriko ikasketa baliatu da, ideia berriak txertatu dira pixkanaka eta negozio-planak hedatzen lagundu dezakeen kontaktuen sare bat sortu da.

Parte hartu duten enpresa guztiek urtebete baino gehiago daramate lanean eta askotariko sektoretan garatzen dute beren jarduna, besteak beste, merkataritzan, ostalaritzan, diseinu grafikoan, arkitekturan, barne-diseinuan, osasun sozio-sanitarioan, aholkularitzan eta ingeniaritzan.

Bilboko Udalak 2008an “Bilbao Mentoring” programa martxan jarri zuenetik (tresnak nazioartean lorturiko eraginaren ondorioz), 127 saltokik eta ETEk beren lehiakortasuna hobetu dute, ekimenean parte hartu duten 84 aholkulariren laguntzari esker.

Mentoringa nazioartean hedatu da enpresa-proiektu berriak sustatzeko eta hainbat sektoretako profesionalek beren garapen-gradurik gorenena erdiesteko formula gisa. Funtsean, metodo horrek harremanetan jartzen ditu eskarmentu handiko profesionalak eta lan-gaitasunak hobetu nahi dituzten pertsonak. Mentoreek aholku pertsonalizatuak eskaintzen dizkiete aholkularitzapean dituzten pertsonei eta haien gaitasunak eta trebetasunak hobetzen laguntzen diete enpresa-hazkunderako edo hazkunde profesionalerako erabaki estrategikoak hartzeko orduan.

 

ETE, SALTOKI ETA NEGOZIO BERRIETARAKO LAGUNTZA-ZERBITZUA

“Bilbao Mentoring” programaz gain, hiriko udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, zerbitzu-sorta zabala eskaintzen du, bai Bilbon dauden ETE eta saltokien lehiakortasuna handitzeko, bai start-up eta negozio berriak sortzeko. Gainera, koronabirusaren pandemiak mundu osoan sortutako krisiari arinago aurre egin ahal izateko tresna da.

Doako zerbitzu integral bat da, eta start-up eta negozio berriak martxan jarri nahi dituzten ekintzaileen premiei erantzuteko abiarazi da, bai eta lehiakortasuna merkatuan bultzatu, eguneratu, digitalizatu eta handitu nahi duten saltoki eta hiriko enpresa txiki eta ertainen premiei ere.

Zerbitzuei dagokienez, besteak beste, aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen zaie ETE eta saltokiei, operatiboki hobetzeko, enpresa lehiakortasuna handitzeko eta laguntza estrategikoa zein antolakuntza estrategikoa eskaintzeko, bai eta enpresa-berrikuntzarako, digitalizaziorako edo nazioarteko merkatuetara iristeko ere. Start-up edo enpresa berri bat martxan jarri nahi duten ekintzaileei dagokienez, kudeaketa hobetzeko prestakuntza jasoko dute eta aholkularitza pertsonalizatua izapide burokratikoak egiteko, negozio-plan bat prestatzeko eta enpresa berria kokatzeko leku egokia hautatzeko, bai eta finantzaketa-lerroak eskuratzeko ere, besteak beste.

Aldi berean, COVID-19aren pandemiak eragindako agertoki honetan, jarduketa-lerroa zabaldu da testuinguru honetan sortu diren premiei aurre egin ahal izateko helburua du. Horri dagokionez, zergen, ekonomiaren eta lanaren alorreko kontsulta espezifikoei erantzun zaie formulario honen bitartez, osasun-protokolo berriak betetzeko dirulaguntza zuzenak eman dira eta lokalen errentamenduari lotutako bitartekaritza-zerbitzua abiarazi da.

Bestalde, sendotzeko beste ekintza batzuk aplikatu dira, esaterako, baliabide guztiak eskuragarri dituen webgune berri eta modernoagoa bat martxan jartzea (www.bilbaoekintza.eus), edota, BIG Bilbao Ekintzailetza Zentroa beste toki handiago batera lekualdatzea, Zabalguneko eraikinera, handitu eta zabaltzen jarraitzeko. Gainera, komunikazio-kanpaina bat aktibatu da, zerbitzuen berri emateko.


OMENDU DIREN MENTORE-EN ZERRENDA

  • Unai Olabarrieta, DE IUREko bazkide kudeatzailea da 1998. urtetik. Bokazioz enpresaburua; enpresa-errealitateari buruz dakiena helarazten die mikroenpresaburu eta enpresaburu txikiei, enpresak egunero-egunero pixka bat hobeagoak izan daitezen. VAP DECORACIÓN, etxerako artikuluen denda mentorizatu du.
  • Juan Miguel Romeo, Ekonomialaria eta SPRI martxan jartzeko arduraduna eta zuzendari nagusia. Bestalde, ACENOR eta BABCOCK&WILCOX direlakoak berregituratzeko programetako arduraduna eta kontseilari ordezkaria izan da. IMPRINTIA, inprenta digitala, mentorizatzeaz arduratu da.
  • Javier Pet, nazioarteko ostalaritzaren sektorean 25 urte baino gehiagoko eskarmentua duen ekintzailea. 2006. urtetik bere izena duen enpresako bazkide aholkularia da, non ostalaritzako inbertsio-proiektuak eskaintzen dituen. ALBEA, S.L, premiazko erreforma eta konponketen enpresa mentorizatu du.
  • Bernardo García, Nazioarteko senior aholkularia da honako gai hauetako bitartekaritza- eta kudeaketa-lanetan: eragin soziala, garapenerako nazioarteko lankidetza, giza eskubideak, hirugarren sektorea eta enpresa pribatu eta GKEen arteko ituna. Bestalde, Anesvad Fundazioaren zuzendari nagusia izan zen, eta irakaslea izan da Nazio Batuetako Sistemaren Langileen Goi-mailako Eskolaren programan. Komunikazio-, diseinu- eta publizitate-enpresa, Hiru Estudioko mentorea.
  • Lucía Morán Aguirrezabala, 20 urte baino gehiagoko eskarmentua abokatutzan eta bitartekaritza-lanetan, eta gatazkak konpontzeko espezialista. Mentorizatzen aritu zen GOAZ FISIOTERAPIA, lur pelbikoan espezializatutako zentroa.
  • Josu Anasagasti, 28 urte baino gehiagoko ibilbidearekin, bera Zugasteleko zerbitzuburua da 2010. urtetik. Aldez aurretik, senior auditorea izan zen Arthur Andersen & Co delakoan eta LANTIKeko Administrazio eta Giza Baliabideetako zuzendaria. Habitaccion, higiezinak alokatzeko enpresa, enpresako mentorea izan da.
  • Mikel Madariaga, Zuzendaritzaren Aurrerapenerako Elkarteko, APD Norte, zuzendari nagusia da, non enpresa-kudeatzaileen eta zuzendarien komunitatearen etorkizunari aurre egiteko prestakuntza eta eraginkortasuna hobetzeaz arduratzen den. ALOHA BILBAOko mentorea izan da, jabeentzako oporren alokairua apaindu eta kudeatzen duen enpresa aholkularia.
  • Narciso Vaca, 2015. urtean, Larrucea Gestión Empresarial jarri zuen martxan. Merkataritza-ekipoak kudeatzen dira aholkularitza horretan. Bestalde, merkatu zein bezero berriak, finantzaketa-egitura, kredituak eskuratzea eta enpresen bideragarritasun-planak bilatzen dituzte. Aldez aurretik, Banco Santander eta Banco Hispano Americano bankuetan egin zuen lan. Iaz, Graolan, industria irudikapenak, enpresako mentorea izan zan.
  • Javier Llano, ACTIO Procesos y Tecnología eta Zamundi Ingeniería de Sistemasen kudeatzailea da. 25 urte baino gehiago informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) munduan lan egiten, eta enpresa-kudeaketarako irtenbideak eta transformazio digitalerako laguntza ematen du. Meraki ESTUDIOren mentorea izan da, familietan, haurtxoetan eta jaunartzeetan espezializatutako argazki-estudioa.
  • José Antonio Blanco, Ia 30 urteko ibilbide profesional luzea BBVAn, erantzukizuneko zenbait lanpostuetan. Bestalde, Coach exekutiboa eta Team Coach da Benpensante institutuan. IP ARQUITECTURA Y URBANISMO mentorizatu du.
  • Cristina Alonso, askotariko sektoreetan 20 urteko eskarmentua duen aholkulari estrategikoa da. Alonso ANDRELIEReko zuzendaria eta sortzailea da, eta irtenbide pertsonalizatuak eskaintzen ditu mentoringean eta komunikazioan. Bestalde, Aitor Elizegi sukaldariak zuzentzen duen talde gastronomikoaren estrategia eta proiektuen garapenerako arduraduna da. AR Wine Consultant enpresa bultzatu zuen, enpresa eta partikularrentzako sommelier, komunikazio, ekitaldi eta wine shopper zerbitzu enpresa, eta Koalak Estudio, bideoak ekoizteko zerbitzuko enpresa.
  • Gorka Herrera, zuzenbidean lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean, Enpresa eta Zuzenbide Pribatuko espezialitatean. HERCULEX ABOGADOS bulegoa sortu zuen 2008. urtean. ASEM enpresa mentorizatu du, kudeaketa fiskala, laborala, kontabilitatekoa eta administratiboko enpresa eta Isanola inbertsioak egiten dituen enpresa.
  • Aitor Gazteluiturri, 20 urte baino gehiagoko eskarmentua zuzendaritza-lanpostuetan hirugarren sektorearen zein gizarte-ekonomiaren alorreko entitateetan. Bestalde, kudeaketan espezializatuta dauden profesionalen plataformetako kidea da. En Casa de Ana, etxe-agentzia, eta Apitropik, pertsonak, haien portaerak, erabilerak eta beharrak ardatz dituen berrikuntzan espezializatutako agentzia, mentorizatu ditu.
  • Fernando Agos, 18 urte hautaketa-negozioan lan egiten, Headhunting (bilaketa zuzena) metodologia erabiliz. Ezagutzak mentee bakoitzaren banakako premietara egokitzen ditu. Zuzendari-bazkidea da Fidelitas Recruitment-en. Medina & Chico Abogados eta Hand Bilbao, goiko gorputz-adarreko lesioetan espezializatutako fisioterapia-zentroaren mentorea izan da.
  • Gonzalo Mota, eskarmentu handiaren bitartez, ETE eta familia-enpresen negozioa garatzen eta eraldatzen laguntzen du, hausnarketa estrategikorako tresnen aplikazio praktikoaren bidez. Estrategia eta eragiketen Alegi Team aholkularitzako zuzendari bazkidea da. TESTUALIAKO mentorea izan zen, test sorkuntzan aplikatutako adimen artifizialari eskainia, baita ere, Blackkamera, argazki eskolarena.
  • Claudia Ramos, eskarmentu handia enpresa multinazionaletan, zuzendari nagusiaren ondoko gisa Helados Capra delakoan eta finantza-zuzendaria R&G Transporte de Carga delakoan. Liderra izateko, plangintzarako, antolaketarako eta proiektuak egikaritzeko gaitasun handia du. Gainera, ondo ezagutzen ditu finantzaren eta administrazioaren alorrak. Studio Pacas, interiorismo eta Maria Andrea Melo Nutricionista-ren mentorea izan da.
  • Javier Gurrutxaga, Zuzendari bazkidea EGOA | Consultoría Estratégica delakoan. Eskarmentu luze eta positiboa ekintzaile, enpresaburu eta enpresa-zuzendari gisa. Enpresa-, antolaketa- eta eragiketa-estrategian espezializatua, eta talentua babestea eta garatzea ditu helburu. Panarama estudio audiovisual eta Talio Solutions, laguntza eta zerbitzu informatikoak, mentorea izan da.
  • Raúl López, Zuzendaria HSI Bilbaon (HSI Group). Bere eskarmentu profesionalaren bitartez, mentee direlakoei laguntza-zerbitzua eskaintzen die informazioaren teknologien alorrean, betiere, negozio-estrategia premia teknologikoekin lerrokatzea bilatuz. ARTEAN WINE, ardo eskola, eta Akota Interiosimoko mentorea izan da.
  • Pedro Aller, Zuzendari nagusia eta Espainiako eta Portugalgo merkatuen arduraduna Alluplast Ibérica delakoan. Goi-mailako kalitate eta teknologia sofistikatuko PVC leihoen sistemak garatzeaz, ekoizteaz eta saltzeaz arduratzen den enpresa. Sektoreko Europako sailkapenaren arabera, marka onenetako bat dugu. INFOLAGUN, Interneteko komunikazio-zerbitzuak, eta B-Studio Arquitectura mentorizatu ditu.
  • Cristina Oñate, 2020ko urtarriletik BIPEko presidentea da, Bizkaiko Irudi Pertsonaleko Enpresen Elkartea. Ercilla 32 estetika-zentroaren jabea da. Zentroa aitzindaria da Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Merkataritza Ganberak ematen duten PAK (profesionaltasuna, artea eta kalitatea) bereizgarria lortzen. Intermundos, make it global, hizkuntza-zerbitzu espezializatuak eta Ilustraciones MaryF-ren mentorea izan da.
  • Josu Mirena Santacruz, Udalaren eta sozietateen teknologia-zerbitzu guztiak kudeatzen dituen BilbaoTik udal-sozietateko zuzendaria izan zen. In2Destination, turismo-ikerketa eta -konsultoriako enpresa, eta Aerredesign, diseinu grafikoa, mentorizatu ditu.
  • José Ramón Rivero, industria-zuzendaria BTI Biotechnology Institute delakoan. Biomedikuntzan eta bioteknologian espezializatutako multinazionala, eta bi lan-esparrutan egiten du lan: birsortzeko medikuntza eta ahoko inplanteak. EuskaDITREK, senderismo eta Nordic Walking jarduerak, eta Fisio Fitness Markel Simón mentorizatu ditu.
  • Ignacio Romera, Mentoringeko Espainiako Elkarteko (AMCES) presidentea Euskadin eta ENGIEko manager-zuzendaria (energia-irtenbide arduratsuen aholkularitza). Ezagutza handia proiektuen kudeaketan, nazioarteko merkataritzan eta start-upak martxan jartzen eta garatzen. La Txika de la Cerveza, garagardo artisauen enpresa mentorizatu du.
  • Xabier Garatea, We Bring Strategy Consultants aholkularitzako CEO, talentuan eta ekintzailetzan espezializatua. Aldez aurretik, IeTeam delakoaren zuzendari-lanetan ibili zen Bizkaian. Garateak RS Bilbao, kirolaren eta osasunaren arloko diziplina anitzeko zentroa, mentorizatu du.
  • Fernando García, eskarmentu handia enpresa txiki eta ertainetako kudeaketan eta aholkularitzan, besteak beste, IKT, ingeniaritza edo administrazio publikoen sektoreetan. Laguntza eskaintzen du jardunbide egokiak ezartzen kudeaketan eta proiektuen zuzendaritza eta berrikuntza sistematikoetan. Marta Liarte Diseño Web mentorizatu du.
  • Iratxe Marian, arkitekturak zeregin soziala izateko duen grina ezagutzera eman nahi du arkitekto honek, bai egunero-eguneroko gure jardueretarako agertoki gisa, bai menteeentzako proiektuen espazio eta topaleku gisa. Bazkide sortzailea eta arkitektoa da Mapa taller de Diseño y arquitectura delakoan. Mentorizatzen aritu da Lanas Gordobil, artile denda pisura.
  • Unai Extremo, errealitate birtualean eta konputazio grafikoan espezializatua. Duela 16 urte bere proiektu profesionalik handiena jarri zuen martxan: Virtualware Group. Menteeei berrikuntzaren aldeko uste osoa helarazten die, denboran aurrera egiteko antolaketa garatzeko gaitasun garrantzitsuena dena, eta, gainera, balio handia ematen dielako merkatuari eta gizarteari. Mosaikko Estudioko mentorea izan da, sormen-, diseinu- eta komunikazio-estrategian aritzen den enpresa.
  • Julián Hernando Arkarazo, 25 urte baino gehiagoko eskarmentua CEO lanetan, multinazional eta familia-enpresetan. Hamar urte baino gehiagoan izan da Euskadiko Automobilgintza Klusterreko (ACICAE) presidentea. Eskarmentu handia du plan estrategikoetan, eta hausnarketa-prozesuetan parte hartzen du, bai eta operazio-planen bitartez egiten den ondorengo kudeaketa eta ezarpena zuzendu ere. Bestalde, berrindartzeko, birmoldatzeko, kultura-aldaketarako eta negozio-eraldaketarako prozesuak zuzendu ditu. Aurten, Bilbolamp lanpara dendari mentorizatu du.
  • Cernin Martínez, Kemen Acompaña delakoaren bazkide zuzendaria da. Ekintzaile eta gizarte-entitateei aholkularitza-zerbitzua ematen dien 2016. urtetik. MODERNA Fundazioko zuzendari nagusia izan zen 4 urtez, eta Politika eta Sustapen Ekonomikoaren zuzendari nagusia 2007. urtetik 2011. urtera. Bestalde, IDOMeko proiektu-zuzendaria izan da 6 urtez.
  • Alberto Pardo, ekipo eta zerbitzuetako kontu-kudeatzailea General Electric Healthcare enpresan 2014. urtetik. Bestalde, zerbitzuen salmenten arduraduna izan zen Panda Security delakoaren iparraldeko zonan 7 urtez baino gehiago. Gokan Sushi jatetxe japoniarraren mentorea izan da.
  • José Luis Fierro, Carlo Gavazziko zuzendari nagusia eta A3eko iparraldeko ordezkaria, berrikuntzarekiko eta ekintzailetzarekiko kezka handia du. Motibazio horrekin, Big Data, Internet Gauzen, Blockchain, errealitate birtuala eta abarren arloetan garatzen dituzten startup-en aurrerapenak jarraitzen ditu. Zaintzean, laguntza pertsonaleko eta zerbitzuetako enpresako mentorea izan da.

Lotutako albisteak

Brandfy startup 23 apirila, 2024 Ekintzailetza
Brandfy, markak diseinatzeko prozesua birdefinitzen duen Adimen Artifizial Sortzaile tresna
Irakurri gehiago
Absentix 22 apirila, 2024 Ekintzailetza
Absentixek lan-absentismoaren kostuak murrizten ditu, enpresen lehiakortasuna eta produktibitatea handitzeko
Irakurri gehiago
WAKE UP EUSKADI 19 apirila, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Premios Toribio Echevarria 18 apirila, 2024 Ekintzailetza
Abian da ekintzailetza berritzailea sustatzeko Toribio Echevarria sarien 34. edizioa
Irakurri gehiago
Grabit 17 apirila, 2024 Ekintzailetza
Grabitek bat egin du NVIDIA Metropolisekin ikusmen artifizialeko soluzio aurreratuen bidez saltokietako galera ezezaguna murrizteko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak