Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 11 maiatza, 2022 Ekintzailetza Up Euskadi Start up UP Euskadi

Gazteen talentuari eta Gipuzkoako familia enpresei laguntzeko programa

“Ekintzailetza eta barne ekintzailetza sustatuz eta giza kapitalari gure lurraldean bertan eutsiz"
Deusto Business School, Fundación Antonio Aranzabal y Rural Kutxa

2022ko hasieran, Gazteen Euskal Behatokiak jakinarazi zuen “30 urtetik beherako gazteen langabezia tasa eta Euskadiko biztanleriaren langabezia tasa orokorra alderatuta, gazteen langabezia tasa babestekoa baino zazpi puntu handiagoa dela (% 17,1 16 eta 29 urte arteko pertsonen artean eta % 9,9, biztanleria osoa hartuta)”.

Datu hori kezkagarria da, are gehiago unibertsitateko ikasketak dituzten pertsonek gradua eskuratu eta bost urtera oraindik ere aldi baterako enplegua edukitzeko probabilitatea % 40aren ingurukoa dela ikusirik. Testuinguru horretan, gazte askok aztertzen dute beren etxea utzi eta beste lurralde batzuetara joateko aukera, lanbideko igurikimen interesgarriagoak ikusten baitituzte kanpoan. Baina, zentzurik ba al du gure gazteen prestakuntzan inbertitzeak ikasketak amaituta kapital hori lurraldean geratzea lortzen ez badugu?

Are gehiago, gure enpresek gogor egiten dute lan beren erakundeetan talentua integratzeko. Teknologia askoren eskura dagoen aktiboa da gaur eta, horren ondorioz, giza faktorean oinarritzen da gure enpresen lehiakortasuna. Sormenik, malgutasunik, inplikaziorik eta lidergorik gabe erakundeak ahuldu egiten dira eta lurraldeari ekarpen txikiagoa egiten diote. Eta hori kaltegarria da guztiontzat. Horregatik, aztertu behar dugu zer egin dezakeen lurraldeak bertako enpresei laguntzeko.

Familia Enpresako Katedrak –Antonio Aranzábal Fundazioak eta Deusto Business Schoolek osatuak- egindako azterketek erakusten digute lurraldeak zerbait egin dezakeela familia enpresak bertan errotuta jarraitzeko. Besteak beste, enpresa horiei talentua aurkitzen eta talentu horri eusten lagundu diezaieke (Martínez-Sanchís, Aragón, Iturrioz, 2021). “Familia enpresak zaintzen ez baditugu eta familia enpresaburuen konpromisoa aintzat hartzen ez badugu, gure enpresa ehunaren funtsezko zati bat galtzeko arriskuan egongo gara”, adierazi du Anton Aranzabalek (Antonio Aranzabal Fundazioko Patronatuko kideak).

Jakinik enpleguaren arazoak denoi eragiten digula, lurraldeko familia enpresei laguntzeko estrategiaren barruan, Rural Kutxak, Antonio Aranzabal Fundazioak eta Deusto Business Schoolek hitzarmen bat sinatu dute gaur, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, Familia Enpresa eta Talentua Praktika Programa proiektu pilotua garatzeko. Programaren helburua da gazteen talentua lurraldeko familia enpresekin lotzea.

Programaren bidez, erakunde sinatzaileek gazteen talentuari lurraldean eusten lagundu nahi dute, lurraldeko familia enpresetako proiektu estrategikoetan txertatzeko. Horrela saihestuko litzateke prestakuntza handiko gazteek gure inguruko lan aukera erakargarriak aztertu ere ez egitea, aukera horiek ezagutzen ez dituztelako. “Ekintzailetza eta barne ekintzailetza sustatuz eta giza kapitalari gure lurraldean bertan eutsiz, gure inguruko ongizateari eta aurrerapenari ekarpena egiten diogu”, adierazi du Javier Martínezek (Rural Kutxako Gizarte Ekintzako zuzendariak).

Programan parte hartzeko hautatzen diren pertsonek proiektu estrategiko bat garatu beharko dute nazioarteko proiekzioa duen Gipuzkoako familia enpresa batean. Lan aukera izateaz gainera, hazteko igurikimenak dituen lurraldeko enpresa batean lan egiteko aukera eskaintzen da, anbizio handiko ibilbide profesionaleko plan baten bermearekin. “Lan merkatua aldatzen ari da eta gehiago aldatuko da etorkizunean, gazteak gure proiektuetan hartu eta inplikatu behar ditugu”, azpimarratu du Álvaro de la Ricak (Deusto Business Schooleko dekanoak).

Programari esker, hiru kolektibok izango dituzte onurak: ongi prestatutako gazteek, proiektu interesgarrietan parte hartuko baitute eta lurraldean errotutako enpresak ezagutu eta haietan ezagutzera emateko aukera izango baitute; lurraldean errotutako enpresa lehiakor eta dinamikoak, egiten dutena ezagutzera emateaz gainera, lurraldeko unibertsitateko gazteen artean ikusgai egin baitaitezke; eta, oro har, Gipuzkoa, bertan geldituko baitira bai enpresa proiektu errotuak eta bai talentua, ongi prestatutako gazteen ihesa saihestuz eta enpresa proiektuak indartuz.

Ez dezagun ahantzi gizartearen ongizatea eta aurrerapena, neurri handi batean, enpresen lehiakortasunarekin lotuta dagoela.

Lotutako albisteak

Premios ON Bizkaia 24 apirila, 2024 Ekintzailetza
“Bizkaia enpresekin eta pertsona ekintzaileekin lankidetzan ari da jasangarritasuna eta berrikuntza sustatzeko”
Irakurri gehiago
23 apirila, 2024 Ekintzailetza
Emen4sport, kirol-arrakazta edonoren eskura I+G+b baten bidez
Irakurri gehiago
Brandfy startup 23 apirila, 2024 Ekintzailetza
Brandfy, markak diseinatzeko prozesua birdefinitzen duen Adimen Artifizial Sortzaile tresna
Irakurri gehiago
Absentix 22 apirila, 2024 Ekintzailetza
Absentixek lan-absentismoaren kostuak murrizten ditu, enpresen lehiakortasuna eta produktibitatea handitzeko
Irakurri gehiago
WAKE UP EUSKADI 19 apirila, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak