Filtra tu búsqueda



Ekintzailetza
Albisteak 28 urria, 2021

BIND 4.0 programak ETE-en digitalizazioa bultzatzen du, haien lankidetzaren bitartez eta startup teknologikoekin kontratuak sinatuta

SME Connection ekimena azaroaren 5ean irekiko da, industriaren erronka berriei erantzuteko gai diren startupak bilatzeko

Euskal ETE-ek, Uptek, Aclima, Energiaren Klusterra eta Acicae klusterrak dinamizatzeko erakundeen (KDE) bitartez, hainbat erronka sektorial proposatuko dituzte, startupek horietan oinarritutako proposamen teknologikoak aurkez ditzaten.

Hautatutako startupek kontratuak sinatu ahal izango dituzte parte hartzen duten ETE-ekin, proiektua elkarrekin garatzeko.

 

BIND 4.0 berrikuntza irekiko plataformak euskal ETE-en digitalizazioa bultzatzeko ekimena jarriko du abian. Horretarako, kontratuak sinatuko ditu azaroaren 5etik abenduaren 22ra arte hautagaitza aurkezten duten startup teknologikoekin. BIND 4.0 SME Connection izeneko ekimenak Euskal Autonomia Erkidegoko ETE industrialen eta startup teknologikoen arteko lankidetza eragin nahi du, proiektu berritzaileak elkarrekin gara ditzaten sustatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendari Leyre Madariagak azaldu duenez, “BIND 4.0 SME Connection ekimena sortu dugu euskal ETEak BIND 4.0 programaren esparruan garatutako esperientziaz balia daitezkeelako startupekiko interakzioa bultzatzeko eta beren lehiakortasuna hobetzeko, teknologia berrien eta digitalizazioaren aplikazioaren bitartez. Euskal Autonomia Erkidegoak ETEak buru dituen industria-ehuna du, goi-mailako teknologia eta negozio-eredu berritzaileak”.

BIND 4.0 SME Connection industriako klusterrak dinamizatzeko erakundeekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko erreferentziako ETE-ekin lankidetzan sortutako ekimen publiko-pribatu berria da. Programa horrek hiru helburu nagusi ditu: euskal ETE industrialen eraldaketa digitala bultzatzea, startupekiko lanaren bitartez (berrikuntza irekia); startupei merkaturako sarbidea erraztea eta industriaren egungo erronkei erantzuteko soluzioa garatzeko aukera ematea, finkatutako ETE-ekiko lankidetzaren bitartez; eta, azkenik, startupak ekintzailetzaren eta berrikuntzaren euskal ekosisteman sartzea.

Industriaren erronka berriei erantzutea

Dagoeneko 20 ETE industrialetik gorak baieztatu dute BIND 4.0 plataformaren programa berri horretan parte hartuko dutela, Euskal Autonomia Erkidegoko kluster sektorialak dinamizatzeko erakundeen bitartez, hala nola Uptek (AFM), makina-erremintaren klusterra, Aclima, ingurumen-sektoreko klusterra, Energiaren Klusterra eta Acicae, automobilgintzako klusterra. Parte-hartzaileak hautatzeko, lehenik, klusterrak dinamizatzeko erakundeek parte hartuko duten ETE-en beharrak identifikatuko dituzte, eta, horretan oinarrituta, hainbat erronka sektorial proposatuko dituzte, hautagaiek soluzio teknologiko disruptiboak aplikatuz irtenbidea eman diezaieten. Erronka horiek hobekien konpontzen dituzten proposamenak beren proiektuak euskal ETE-ekin lankidetzan garatzeko hautatu ahal izango dituzte BIND 4.0 SME Connection ekimenaren lehen edizio honetan.

Programa horrek, BIND 4.0 plataformak bezalaxe, onura ugari ditu startupentzat zein ETE-entzat. Alde batetik, startupek proiektu erreal bat gara dezakete, fakturazio errealarekin, eta aukera dute merkatuan sartzeko, sektorean finkatutako bezeroen esperientzia eta erreferentzia eskueran izateko, proiektuaren garapen arina lortzeko, tamaina txikiagoko enpresekin lan egiteari esker, eta beren startuparen irudiaren eta markaren posizionamendua lortzeko. ETE-ek, bestalde, zuzenean eskura dezakete talentu berritzailea, negozio-aukera berriak sor ditzakete eta beren lehiakortasuna hobetzeko barne-gaitasunak gara ditzakete.

Zeinek parte har dezake?

Parte hartu ahal izateko, startupek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

  • Industria-sektoreari aplikatutako teknologia berrien garatzaile izatea.
  • Ikusi, testatu edo probatu daitekeen edo merkatuan eskuragarri dagoen produktu edo zerbitzu bat edukitzea.
  • 8 urtetik gorako antzinatasuna ez izatea.
  • Industria-prozesuak hobetzeko teknologia berriak erabiltzea.

 

Startupek azaroaren 5etik abenduaren 22ra arte eman ahal izango dute izena programaren webgunearen bitartez: www.bind40.com.

BIND 4.0-ri buruz

BIND 4.0 industria adimenduneko berrikuntza irekiko plataforma publiko-pribatu bat da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak SPRI Taldearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetzaren ekosistemako UpEuskadi plataformaren bitartez sortua. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten erreferentziako 65 enpresa nagusirekin lankidetzan dihardu, eta nazioarteko laguntzaile teknologikoek ere parte hartzen dute, hala nola Siemens, Microsoft eta Amazon Web Services-ek. Ekimena helburu bikoitzarekin sortu zen, hots, industriaren transformazio digitala bultzatzeko, eta, aldi berean, ekimen berritzaileak sendotzeko prozesua enpresa handien eta startupen arteko lankidetza-eredu baten bitartez azeleratzeko. 2016. urteaz geroztik, BIND 4.0 plataformak 130 startupek baino gehiagok garatu dituzten 200 proiektu azeleratu ditu egin dituen bost edizioetan.

Lotutako albisteak

Wake  Up!  Albiste  ekintzaile  batzuk  sarean
13/02/2025 Ekintzailetza

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean

Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.

Segundu  bakoitzak  kontatzen  du.  Ziurtatu  zure  erreskatea  ResQaRrekin
12/02/2025 Berrikuntza

Segundu bakoitzak kontatzen du. Ziurtatu zure erreskatea ResQaRrekin

Erreskate-orria formatu digitalean: larrialdi ekipoak, erreskatea modu seguruan egin ahal izateko, behar diren ibilgailuko elementuei buruzko infomazio zehatza eta azkarra.

Basque  Luxury  Concierge:  Bisitak  jasotzen  dituzten  euskal  enpresentzako  zerbitzu  berri  bat:  Basque  Luxury  Concierge
10/02/2025 Up Euskadi

Basque Luxury Concierge: Bisitak jasotzen dituzten euskal enpresentzako zerbitzu berri bat: Basque Luxury Concierge

Bezero bakoitza berezi da, eta euskal enpresek mundu osoan dituzte bezeroak

Wake  Up!  Albiste  ekintzaile  batzuk  sarean
07/02/2025 Ekintzailetza

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean

Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.

GEM  Global  2025  Biltzarra  Bilbon
06/02/2025 Ekintzailetza

GEM Global 2025 Biltzarra Bilbon

GEM Global 2025 Biltzarrean funtsezko gai hauek jorratuko dira, guztiak munduko ekintzailetza-ekosistemarentzat garrantzi handia duten ikerketa eta datuetan oinarrituta

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.