Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa
Albisteak 11 Azaroa, 2021

2021eko Korta Sariak Victoria Cañasek, Gurutz Linazasorok, Fernando Salamerok eta Ignacio Uriak jasoko dituzte

  • Epaimahaiak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua buru izan dela, sarituek haien lanbide-jardueran eta enpresa-balioen garapenean duten inplikazioa nabarmendu du

  • Sariak azaroaren 23an banatuko dira, Vitoria-Gasteizen, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izango duen ekitaldi batean

  • Joxe Mari Korta sariak 2000. urtean sortu ziren, enpresaburu gipuzkoarraren eta Adegiko presidentearen erailketaren ondoren

 

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez, urtero, Joxe Mari Korta saria banatzen die beren bizitza- eta enpresa-ibilbideagatik nabarmentzen diren EAEko enpresaburuei. Edizio honetan, sariak honako hauei banatuko zaizkie: Fernando Salamero, SEA-Arabako Enpresaburuek proposatuta; Victoria Cañas, CEBEKek aurkeztutako hautagaia; Ignacio Uria (hil osteko omenaldi modura), ADEGIk aurkeztuta, eta Gurutz Linazasoro, Korta Bidetik fundazioak proposatuta. Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 23an izango da, Vitoria-Gasteizen, eta Iñigo Urkullu Lehendakaria izango da buru.

 

Epaimahaiak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua buru izan dela, sarituek “haien lanbide-jarduera garatzeko enpresa-sektoreetan” duten inplikazioa nabarmendu du, “bai eta enpresa-balioen garapenean, enpresen sorreran, jarduera berrien eta lanpostuen sorreran duten garrantzia ere”.

 

Sariak 2000ko abuztuan erail zuten Adegiko presidentearen izena du, eta EAEko ekosistema ekonomikoaren buru diren eta beren inbertsio eta lanarekin enplegua eta aberastasuna sortzen duten pertsonen ezaugarriak eta ahalegina jendaurrean aintzatesteko sortu zen; izan ere, enplegua eta aberastasuna gizartearen onurarako elementuak dira.

 

Hautagaiak hiru lurralde historikoetako enpresa-elkarteek, merkataritza-erakundeek edo profesionalen elkargoek proposa ditzakete, bai eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak eta Euskadin egoitza duten enpresek ere.

 

 

Victoria Cañas: enpresaburu ardandegiduna eta BIAAFen (Bilbao International Art & Fashion) sustatzailea

 

Victoria Cañas, mahastien eta upeltegien jaraunslea, 2006. urtetik Díez-Caballero upeltegiko jabe bakarra da.

 

Díez Caballerok 14 herrialdetan merkaturatzen du ardoa. Bere ekoizpenaren % 74 esportatzen du, eta salmenta-puntu ugari ditu; onlineko salmenta % 34koa da.

 

Victoria Cañasen enpresa-ibilbideak ekintzailetza du bereizgarri, bai ardandegidun aldetik, bai prestigio handieneko nazioarteko lehiaketa bateko presidentea den aldetik, BIAAFekoa.

 

Emakume ekintzaileen talde batekin batera, Bilbao International Art&Fashion sortzen lagundu zuen, gazte eta sortzaileei laguntzeko.  BIAAFek lortu du nazioarteko sareak ehuntzea, Bilbo gorantz doan diseinuko erreferente gisa kokatzea, diseinatzaile gazteen harrobia sortzea eta abangoardiako zirkuitu globaletan sartu eta aukerak sortzea.

 

Gaur egun BIAAFeko buru da, eta lehiaketak 700 nazioarteko eskola baino gehiago ditu lotuta eta 6.000 gazte sortzaile baino gehiago jardueretan parte hartzen.

 

Cañas harro dago lankidetza publiko-pribatu baten bidez (aldundia eta udala) lagundu ahal izan duelako BIAAFen bitartez abangoardiako nazioarteko zirkuituetan prestakuntza jasotzeko aukera izan duten sortzaileen harrobia sortzen, diseinuaren munduan lan egiteko izan dituzten ametsak betetzeko eta beren lanbide-proiektuak Bilbotik munduarekin konektatuta egonik egin ahal izateko.

 

Victoria Cañasek badaki ikuspegi berritzailea, sormena eta talentua konbinatzen, proiektuak errealitate bilakatzeko, lurralde berriak arakatzeko ausardiaz, non familiaren mahastietako sorkuntzek, Eltziegokoek, lekua baitute; halaber, badaki bere ardo handien ekoizpena eta zenbait eremutan eta egoera oso zabaletan negozio-aukerak sortzen dituen espiritu findua konbinatzen.

 

Nabarmentzekoa da lidergorako eta eredu izateko duen gaitasuna. Ardoaren eta modaren munduan duen enpresa-ibilbidea eredugarria da egungo gizartearentzat eta etorkizuneko belaunaldientzat.

 

Victoria Cañasek zenbait sari jaso ditu bere ibilbidean. Besteak beste, honako sari hauek: Getxoko emakume enpresaburua, Arabako Errioxako eta AEDko emakume enpresaburua. Gainera, Alde Zaharreko elkartearen txikitero nagusi eta 2018an Bilboko Ospetsu izendatu zuten.

 

Gurutz Linazasoro: Parkinson-en gaixotasunean espezializatutako neurologoa eta Vivebiotech-eko bazkide sortzailea eta presidentea

 

Gurutz Linazasoro Vivebiotech-eko bazkide sortzailea eta presidente exekutiboa da; enpresa Gipuzkoakoa da, % 100ean, 2015etik. Lurralde historiko horretan, medikuntza pertsonalizatura eta doitasunezkora bideratzen den osasunaren bioteknologian espezializatutako ekosistema baten sorreraren buru da.

 

Vivebiotech Europan birus-bektoreen (lentibiralak) garapenean eta fabrikazioan liderretako bat da, EMA eta FDA araudiarekin bat etorriz lanean diharduena. Vivebiotechek sortutako lentibirusek zenbait gaixotasun tratatzeko balio dute, besteak beste minbizi hematologikoak eta solidoak edo gaixotasun arraroak.

 

Gipuzkoako enpresak nazioarteko bezero eta proiektu egonkorrak ditu, eta haien tamaina dela eta, aukera du bere egitura finkatu eta etengabe hazten jarraitzeko. Nazioarteko 34 proiektutan lan egiten du, Estatu Batuetako, Europako, Asiako eta Ozeaniako 22 bezero, laborategi eta biomedikuntzako enpresarekin.

 

Gaur egun, 64 langile ditu plantillan (% 75 emakumeak dira), eta biomedikuntzari lotutako jardueretan espezializazio oso handia du. Konpainiaren plan estrategikoak aurreikusten du ekitaldia amaitu aurretik plantilla 80 profesional baino gehiagokoa izatea.

 

Linazasoro neurologoa Parkinson-en gaixotasunean eta gaixotasun neurodegeneratiboetan espezializatuta dago. Quirón Salud-Gipuzkoa Poliklinikako taldeko Alzheimer eta Parkinsonerako Terapia Aurreratuen Programako zuzendaria da, eta talde klinikoen ordezkaria Nanoteknologiako Espainiako Plataforman. Halaber, mugimenduaren nahasmenduen inguruko Urteko Ikastaroko buru da.

 

Gurutz Linazasorok 150 artikulu baino gehiago argitaratu ditu nazio- eta nazioarte-mailako zientzia-aldizkarietan, eta 300 hitzaldi baino gehiago eman ditu. Gainera, Parkinson-en gaixotasunaren alderdi medikoei buruzko sei libururen egilea da, bai eta zientzia-zabalkunderako beste 4 libururena ere: “No te comas el coco”, “Ciencia Diaria”, “Cerebro y Fútbol” eta “Salsa para tu coco”. Eta tokiko komunikabideetan argitaratzen du, aldizka (“El árbol de la Ciencia” atala “Diario Vasco” egunkarian).

 

Linazasorok hiru aldiz jaso du ikerketa-proiektu onenarentzako Parkinson saria, bai eta Espainiako Neurologia Sozietatearen hezkuntzako lanik onenaren saria (2008) eta Parkinsonen inguruko zientzia-ikerketaren saria (2009) ere. Espainiako Parkinson Federazioaren zientzia-batzordeko kidea da, bai eta Espainian Distoniaren Aurka Borrokatzeko elkartekoa ere.

 

Fernando Salamero: Bodegas de Rioja taldeko elkarteko eta SEA-Bodegas Marquistas de Álava-ko presidentea

 

Eltziegokoa (Araba) da Fernando Salamero. Lanbide-ibilbidea Arabako mahastizaintzako eta ardogintzako sektorean egin du.

 

Gaur egun, Grupo Bodegas de Rioja elkarteko buru da; hark Errioxako jatorri-deituran mahastizaintzako eta ardogintzako jardueraren % 80 baino gehiago ordezkatzen du. Pasa den ekainaren 20ra arte, eta azken lau urteotan zehar, Salamero Errioxako jatorri-deituraren kontseilu arautzailearen presidente izan zen.

 

Fernando Salameroren lanbide-bizitza beti egon da mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari lotua.

 

Vinos de los Herederos del Marqués de Riscal, SA-ko kontseilaria da, bai eta Vitivinícola Franter SA-ko presidentea eta Grupo Marqués de Riscal SA-ko jabekidea ere –horren partaide dira bere neba-arrebak eta ondorengoak–.

 

Administrazioko zuzendari nagusiaren eta ekonomia- eta finantza-zuzendari nagusiaren kargua betetzen du Bodegas de los Herederos del Marqués de Riscal-en; 1974tik dihardu bertan lanean.

 

Laurogeita hamarreko hamarkadan, Redrain SL enpresa eratu zuen, ardo- edo likore-botiletarako sareen zorroak automatikoki fabrikatzeko.

 

2011tik gaur egun arte, SEA-Bodegas Marquistas de Álava-ko presidentea da, baina 1980tik dauka lotura SEArekin, haren zuzendaritza-batzordean parte hartu baitu zenbait agintaldiz.

 

Halaber, Arabako Merkataritza Ganberako Batzorde Betearazleko kide ere bada; hogei urte baino gehiago egon da bertan elkarlanean.

 

Ignacio Uria: bere burua prestatu duen enpresaburua, langile nekaezina eta enplegu-sortzailea Altuna y Uriatik

 

Ignacio Uria Azpeitian jaio zen, 1938an, eta bere herrian erail zuen ETAk, 2008an. 2021eko Korta saria hil osteko omenaldi gisa eman zaio.

 

Langilea 14 urte zituenetik; Imanol eta José Mari anaien laguntzaren bidez, Alejandro Uria aitak sortutako eraikuntza-enpresa txikia EAEko eraikuntza-etxe esanguratsuenetako bilakatu zuen.

 

Urte askoan eginiko lanaren eta ahaleginaren emaitza Altuna y Uria enpresa izan zen; enpresa autosufizientea obrak gauzatzeko, kanpo-mendekotasunik gabea, autonomoa eta oso arina eta malgua. Gipuzkoako eta EAEko eraikuntza-proiektu nagusietan parte hartu du: Kursaal, Balenciaga Museoa, Leitzarango autobidea, AP-1a, Donostiako bigarren gerrikoa, abiadura handiko trenaren trazadura eta Anoetako estadio berria, besteak beste. Bereizgarri du erreferentea dela bere erabakitasunagatik, epeak betetzeagatik eta lana kalitatez betetzeagatik.

 

Ignacio Uria, bere jendearekin konprometituta zegoen enpresaburua eta langile nekaezina izateaz gainera, aita umila zen, apala, fededuna eta ehiza, pilota eta naipeen zalea. Bere enpresako plantillak berezkotzat jotzea lortu zuen. Bere helburu nagusia zen lana sortzen jarraitzea, Altuna y Uriarekin eta oro har EAEko gizartearekin zeukan konpromisoa betetzeko.

 

2007an, Altuna y Uriari abiadura handiko trenaren obren zati bat esleitu zioten, Euskal Y izenez ezagutzen dena; ETAk mehatxupean zuen proiektua. Hurrengo hiletan, konpainiak zenbait eraso jasan zituen, baina, hala ere, Ignaciok ez zuen aparteko segurtasun-neurririk hartu, eta ez zituen eguneroko ohiturak aldatu. Ignacioren bereizgarri zen ausardia, eta oso kritikoa zen koldarkeriarekin eta bekaizkeriarekin.

 

Bere ondareak orduan zuzendu zuen enpresan jarraitzen du, eta hartan geratzen da bere lanaren eta prestutasunaren aztarna. Bizitzak aurrera darrai, Altuna y Uriarentzat, bai eta obrek ere.

 

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?