I+G+B
Albisteak 9 apirila, 2024

CIC biomaGUNEk patentatutako teknologia batean oinarrituta antigorputzak azkar detektatzeko nanosentsoreak

CIC biomaGUNE enpresa-proiektu bat ontzen ari da arnasketa-gaixotasunak autotest-formatuan detektatzeko gailu berritzaileak merkaturatzeko
-
  • Proiektuak, Basque Tek Ventures-ek babestua, diagnostikoa in vitro egiteko soluzio bat aurkeztu du, kostu txikiagoa duten eta animaliarik erabiltzea behar ez duten erreaktiboak erabiltzen dituena

Azken urteotan, garrantzi berezia hartu dute antigorputzak detektatzeko eta kuantifikatzeko autotest-formatuko gailuek, medikuntza pertsonalizatua ezarri izanaren, immunitatearekin lotutako gaixotasunen eta epidemia- eta pandemia-mehatxuen ondorioz. COVID-19aren pandemian, ondo frogatuta geratu zen tresna mediko horien potentziala.

Hala ere, diagnostikoa in vitro egiteko egungo plataformek zenbait eragozpen dituzte: hala nola kostu handiak dituzte; animaliak behar dituzte erreaktiboak ekoizteko; ez dute emaitza positibo edo negatiboetatik haragoko informaziorik ematen, eta gaixotasun berrietarako moldakortasun eta egokitzeko gaitasun txikia dute, protokolo luze eta garestiak gauzatu behar baitira, aplikazio bakoitzerako erreaktibo espezifikoak garatu behar baitira…

Gaixotasun infekziosoak diagnostikatzeko plataformak lortzeko —erabilerrazak izateaz gain hainbat gaixotasunen probak aldi berean egiteko eta animalien erabilerari buruzko konpromiso etikoa babesteko gaitasuna dutenak—, CIC biomaGUNE enpresa-proiektu bat garatzen ari da, ikerketa zientifikoaren 10 urte baino gehiagoko bermea duena, eta teknologia patentatu bat duena. Aitziber López Cortajarena Ikerbasque irakaslea da (CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa) proiektuaren buru. Berriki, Basque Tek Ventures ekimen berriak bultzatu du proiektua. Oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzeko eta haiei laguntzeko helburua du ekimen horrek: potentzial handieneko aktibo teknologikoak identifikatu eta lehenesten ditu; errendimendu handiko ekipoak sortzen laguntzen du, eta konpainia abiarazten eta merkatuan sartzen laguntzen du.

Nanoteknologia Biomolekularra taldeak Cortajarena irakaslearen zuzendaritzapean garatutako nanosentsore batzuk antigorputzak detektatzeko erabiltzea da CIC biomaGUNEk garatutako eta patentatutako teknologiaren oinarria. Nanosentsore horiek diseinu-proteina batzuk dira, propietate katalitiko edo luminiszenteak dituzten nanomaterialak egonkortzeko gaitasuna dutenak. “Diagnostikoan erabilitako biosentsoreek bi elementu dituzte: biorrekonozimenduko elementu bat eta transduktore bat, seinalea ematen duena detektatu beharreko molekula bertan dagoenean. Bi elementuak molekula bakar batean integratzen dituzten nanosentsoreak garatzea lortu dugu: nanomateriala duen diseinu-proteinari, biorrekonozimendu-gune espezifiko bat gehitu zaio”, azaldu du Cortajarena irakasleak.

Abantaila ugari

Abantaila asko ditu teknologia berri honek. Izan ere, “gaur egun erabiltzen diren teknologien mugetako asko gainditzen ditu, hala nola loteen arteko erreproduzigarritasuna, ekoizpen-kostua, erreaktibo berriak sortzeko denbora eta abar”, esan du Cortajarenak. Nabarmentzen dira, halaber, CIC biomaGUNEk garatutako teknologiaren diseinu-malgutasuna, detekzio-sentsibilitatea eta erreaktiboen egonkortasuna.

“Biorrekonozimenduaren elementua aldatze hutsarekin egokitu daitezke nanosentsoreak edozein antigorputz-mota detektatzeko. Horregatik, oso azkar gara daitezke premia berrietarako nanosentsore berriak”, adierazi du. Gainera, intereseko antigorputz bat baino gehiagorako nanosentsoreak integra daitekeenez gailu berean, “antigorputz baten baino gehiagoren presentzia azter liteke aldi berean, hau da, detekzio anitzeko sistema bat integra liteke gailu berean”, gaineratu du. “Zenbait antigorputz detektatzeko diseinu sendoko eta kostu txikiko sistema moldaerraz honek” badu, halaber, beste abantaila bat: “erreaktiboak ez daude oinarrituta animaliengan sortutako antigorputzetan ez eta sistema garestietan ere. Teknologia etikoagoa eta jasangarriagoa da”.

Lehen urratsean, kontzeptu-probak egin dira arnas gaixotasunekin, “pandemia hasi berritan garatu zen lanarekin hasi zelako proiektua, eta birusek sortuak ala bakterioek sortuak diren ez dakigun infekzioak azkar diagnostikatzeko beharra iritsi zaigulako, nola tratatu behar diren zehazteko”, azaldu du irakasleak. Horrela, bada, merkatuan sartzeko lehen puntu gisa, aurreikusten da gizakien arnas gaixotasun infekziosoak detektatzea inplementatzea (zenbait arnas birusek eragindakoak, gripea, COVIDa eta abar). Baina teknologia honen moldakortasuna harago doa. Izan ere, harekin “edozein gaixotasun infekziosoren antigorputzak detekta daitezke, hala nola sexu-transmisiozko gaixotasunak, gaixotasun autoimmuneak eta alergiak, besteak beste. Askotarikoak izan daitezke erabilpenak”, esan du Cortajarenak.

CIC biomaGUNEn garatutako nanosentsore horietan oinarritutako antigorputzak detektatzeko teknologia “laborategi mailan baliozkotu da. Orain prototipoak egiteko fasean sartu behar dugu. Azterketa pilotu bat egin behar da ingurune kliniko batean baliozkotzeko”. Baina teknologia honek eskaintzen dituen abantailak ikusita, “test azkarreko gailuak ekoizten dituen industria teknologia horrekin interesatuko delakoan gaude”, adierazi du Cortajarenak.

 Aitziber Lopez Cortajarenari buruz

Cortajarena Ikerbasque irakaslea Biokimikan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (2002), eta proteinen diseinuan zientzialari elkartu gisa jardun zuen Yale Unibertsitatean 2009. urtera arte. 2010ean, nanoteknologiako bere ikerketa-lan independenteari ekin zion IMDEA Nanociencia Institutuan, eta hantxe jarraitu zuen 2016. urtera arte; urte hartan hasi zen CIC biomaGUNEn. 100 artikulu zientifiko baino gehiagoren egilea da –2.900 aldiz baino gehiagotan aipatuak–; bi liburu argitaratu ditu, eta bost patente ditu.

Hainbat sari jaso du egindako lanagatik, hala nola Royal Society of Chemistry elkartearen Horizon Saria, Real Sociedad Española de Química elkarteak emandako Ikerketaren arloko Bikaintasun Saria, eta Emakumeek Zientzian egindako Ibilbidearen Saria, Ikerbasquerena. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Emakume Zientzialari eta Berritzaileen Plataformaren aintzatespena jaso du. ACS Applied Biomaterials (ACS Publications) aldizkariko editore elkartua eta Protein Science (Wiley) aldizkariko editore seniorra da. Biofisikako Espainiako Sozietateko lehendakariordea da, Europako Biofisika Elkargoen Elkarteko Kontseiluko kide eta International Protein Society-ko Kontseiluko kide. 2023an, Zientzien Errege Akademiako fisika eta kimika ataleko akademiakide urgazlea izendatu zuten.

Europako proiektu ugari eskuratu ditu Cortajarenak; besteak beste, ERC Consolidator Grant bat (ProNANO), bi ERC-Proof of Concept (NIMM; NanoImaging), ERA-CoBioTech bat, lau FET-Open proiektu (e-Prot, ARTIBLED, FairyLights, DeDNAed) eta EIC Pathfinder proiektu bat (iSenseDNA). Cortajarenak ospe sendoa du proteinen ingeniaritzaren arloan, eta taldea entzute handia lortzen ari da munduan, arkitektura eta funtzionalitate definituko proteinetan oinarritutako hibridoen diseinuari eta garapenari egindako ekarpenei esker.

 

CIC biomaGUNEri buruz

CIC biomaGUNE Biomaterialen Ikerketa Kooperatiboko Zentroak, zeina Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kide baita, punta-puntako ikerkuntza egiten du Kimikaren, Biologiaren eta Fisikaren arteko eremuan, eta arreta berezia jartzen du nanoegitura biologikoen eskala molekularreko propietateetan, bai eta haien aplikazio biomedikoetan ere. 2018an, “María de Maeztu” Bikaintasun Unitate izaera aitortu zioten bikaintasun-baldintzak betetzeagatik, zeintzuen bereizgarri baita dagokion jarduera-esparruan inpaktu handia eragitea eta lehiakortasun-maila handia izatea mundu mailako zientzian.

 

Lotutako albisteak

Kutxa  Fundazioak,  Eusko  Jaurlaritzak  eta  Espainiako  Gobernuak  Oncomatryx  biofarmazeutiko    bihurtzea  bultzatzen  dute

Kutxa Fundazioak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Oncomatryx biofarmazeutiko bihurtzea bultzatzen dute

Espainiako Gobernuak 24,3 milioi euro jarriko ditu Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren bidez, osasunerako berrikuntza teknologikoarekin duen konpromisoa indartukoaz.  Terapia onkologiko berriak garatzea eta potentzia handiko botiketan espezializatutako Fill & Finish fabrikazio-instalazio bat martxan jartzea ahalbidetuko du neurri honek.   ONCOMATRYX BIOPHARMA SA euskal biotech-ak arrakastaz burutu du indarrean zuen...

2026–2027  aldirako  Europako  finantzaketa  AA,  zibersegurtasuna  eta  teknologia  digitalen  arloan:  deialdien  gakoak  eta  euskal  industriarentzako  aukerak
18/03/2026 I+G+B

2026–2027 aldirako Europako finantzaketa AA, zibersegurtasuna eta teknologia digitalen arloan: deialdien gakoak eta euskal industriarentzako aukerak

Europak bere politika teknologikoa berriz definitzen du: subiranotasun digitala eta funtsezko teknologien hedapen industriala. Testuinguru horrek aukerak irekitzen dizkio euskal industriari adimen artifizialean, zibersegurtasunean, mikroelektronikan edo konputazio aurreratuan, eta, aldi berean, Europako deialdietan parte hartzeko eskakizun berriak ere ezartzen ditu.

Eusko  Jaurlaritzak  ezkutu  industriala  aktibatu  du  1.047  milioi  eurorekin,  Ekialde  Ertaineko  gatazkaren  eraginari  aurre  egiteko

Eusko Jaurlaritzak ezkutu industriala aktibatu du 1.047 milioi eurorekin, Ekialde Ertaineko gatazkaren eraginari aurre egiteko

ETEak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzak % 51,4 igoko dira, 277 milioi euroraino

Euskal  osasun-berrikuntzarako  Europako  finantzaketa-aukera  berriak
13/03/2026 I+G+B

Euskal osasun-berrikuntzarako Europako finantzaketa-aukera berriak

Europak azkartu nahi du ikerketa zientifikotik aplikazio klinikoetara eta osasun-sistemetarako irtenbideetara igarotzeko prozesua, eta, horrenbestez, Europako finantzaketa jasotzen duten proiektuen tipologia eta enpresek zein zentro teknologikoek erakutsi behar dituzten gaitasunak birdefinitzen ari da.

Sustatu  berrikuntza-proiektuak  zure  enpresan  Fast  Track  Innobideak  ekimenarekin
03/03/2026 Berrikuntza

Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin

Fast Track Innobideak programak laguntza ematen die ondasun edo zerbitzu berriak merkaturatzera edo enpresan negozio-prozesuak hobetzera bideratutako berrikuntza-jarduerak bultzatu nahi dituzten Euskadiko ETE industrialei, haien lehiakortasuna indartzeko. Programa apirilaren 30era arte egongo da zabalik.

Inoxkautxok  sektorean  duen  posizioa  sendotu  du  Expolivan  egon  ondoren
27/02/2026 I+G+B

Inoxkautxok sektorean duen posizioa sendotu du Expolivan egon ondoren

Konpainia erreferentzia da ponpa helikoidaletarako osagaien fabrikazioan

Made  in  Euskadi  teknologia  iraultzailea  ROBOOST  proiektu  eraldatzailearen  bidez  robot  industrialak  garatzeko
26/02/2026 I+G+B

Made in Euskadi teknologia iraultzailea ROBOOST proiektu eraldatzailearen bidez robot industrialak garatzeko

Bigarren proiektu eraldatzaile honek 50 milioi euro inguruko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta horietatik 35 milioi baino gehiago I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira. Kalitatezko 500 lanpostu sortzea dakar —zuzeneko 200 enplegu eta zeharkako 300—

2026–2027  Europako  finantzaketa  Aeronautikan,  Espazioan  eta  Mugikortasunean,  eta  haren  eragina  euskal  industrian
19/02/2026 I+G+B

2026–2027 Europako finantzaketa Aeronautikan, Espazioan eta Mugikortasunean, eta haren eragina euskal industrian

Europa aurrera doa deskarbonizazioa, elektrifikazioa eta espazioa ardatz dituzten lan-ildoetan, eta horiek ondorio esanguratsuak dituzte euskal industriarentzat.

Euskadi  funtsezkoa  izango  da  etorkizuneko  motor  aeronautikoen  belaunaldi  berriaren  garapenean,  lehen  proiektu  eraldatzaile  industrialari  esker

Euskadi funtsezkoa izango da etorkizuneko motor aeronautikoen belaunaldi berriaren garapenean, lehen proiektu eraldatzaile industrialari esker

Proiektu eraldatzailea beste urrats bat da Euskadiko industria aeronautikoaren garapenean. Abiazio komertzialeko motorren hurrengo belaunaldirako funtsezko teknologien garapena ahalbidetuko du, besteak beste. Proiektuak hurrengo hiru urteetarako 110 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, eta horietatik 60 milioi euro baino gehiago I+Garen eta teknologia-garapenaren arlokoak izango dira

Basque  Tek  Ventures:  deep  tech  teknologia  enpresa  berri  bihurtzeko  esparru  bat
11/02/2026 Ekintzailetza

Basque Tek Ventures: deep tech teknologia enpresa berri bihurtzeko esparru bat

Zientzia-ingurunetik merkatura igarotzeko bidean dauden deep tech teknologiei laguntzera bideratutako ekimena, prozesuari egitura eta jarraitutasuna emanez.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.