Eraldaketa digitala Nazioartekotzea
Albisteak 28 Marzo, 2019

Euskadik eta Mexikoko Nuevo León Estatuak indartu egin dute 4.0 Industriaren arloko beren lankidetza

170 euskal enpresak 211 ezarpen dauzkate Mexikon
-

 

Arantxa Tapiak eta Estatu horretako Ekonomi eta Lan Arloko idazkari Roberto Russildi-k bilera bat egin dute, elkarrekin trukatzeko teknologiari, ekintzailetzari, zibersegurtasunari eta enpresa arloko balizko inbertsioei buruzko ezagutza

Nuevo León lehentasunezko Estatuetako bat da Euskadi Mexikon nazioartekotzeko estrategiaren barruan, bai bere potentzial ekonomikoagatik eta ordezkatzen duen industria motagatik eta bai euskal enpresen interesagatik

Nuevo León Estatuak lankidetza-akordio bat du SPRI Taldearekin 2018ko azarotik

 

Ekonomiaren Garapeneko  eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak bilera bat egin du gaur Arabako Teknologi Parkean Roberto Russildi-rekin, Mexikoko Nuevo León Estatuko Ekonomi eta Lan Arloko idazkariarekin. Euskadik harreman ekonomiko estua du Nuevo Leónekin, zeina batez ere 4.0 Industriaren garapenean eta ekintzailetza teknologikoko programetan zentratua baitago, eta SPRI Taldeak hainbat lankidetza-akordio dauzka Estatu horrekin. Azken hilabeteetan Euskadi eta Nuevo Leóneko ordezkari instituzionalek hainbat bisita profesional egin dizkiote elkarri.

Nuevo León lehentasunezko Estatuetako bat da Euskadi Mexikon nazioartekotzeko estrategiaren barruan, bai bere potentzial ekonomiko eta teknologikoagatik eta ordezkatzen duen industria motagatik, eta bai euskal enpresen interesagatik. Nuevo León Estatuak Nuevo León 4.0 estrategia diseinatu du Basque Industry 4.0 euskal estrategia oinarri hartuta, eta 4.0 industria sustatzeko ahalegin hori egin duen Mexikoko aurreneko Estatua da. Une honetan, 170 euskal enpresak 211 ezarpen dauzkate Mexikon, euskal inbertsio gehien hartzen dituen herrialdea delarik Txinarekin batera.

 

Tokian bertan ezagutzea garapen ekonomikoko euskal estrategia

Nuevo Leóneko Estatu idazkariak Europara, zehazki Parisera eta Euskadira, egin duen bidaiaren barruan antolatu da gaurko topaketa. Arantxa Tapiarekin egin duen bileraren kasuan, Mexikoko ordezkaritzaren helburua izan da lehen eskutik ezagutzea Eusko Jaurlaritzak bertako industriaren eta enpresaren garapen ekonomikorako diseinatu duen estrategia.

Roberto Russildi-k estrategiari eta garapen ekonomikorako eta berrikuntzarako planei buruzko azalpen xehatua jaso du aldez aurretik Estíbaliz Hérnaez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordearen eta Alex Arriola SPRI Taldeko zuzendari nagusiaren eskutik, zeintzuek harrera egin baitiote gaur goizean Estatu Idazkariarekin batera etorri den ordezkaritza zabalari (Américo Gracia Ekonomi eta Lan Arloko idazkariordea eta Leopoldo Cedillo NL4.0, ko presidentea, Metalsako CEO).

Gero, Tapiak eta Russildi-k informazio gehiago trukatu dute Euskadik 4.0 Industriaren inguruan aplikatu dituen estrategiei buruz (Digital Innovation Hub eta industrialdeetan Banda Zabala ezartzeko plana), eta baita ere nazioartekotzeari, atzerriko inbertsioak atzemateari, ekintzailetzari, finantzaketari eta industriaren sustapenari buruz.

Mexikoko ordezkaritzak Arabako Teknologi Parkera eginiko bisita aprobetxatu du, bertatik bertara ezagutzeko Euskadiko berrikuntza eta ekintzailetza teknologikoko metodologia -Arabako BIC (Business Innovation Centre) bisitatu du, zeinaren jabe gehiengoduna baita SPRI Taldea- eta euskal industriaren zibersegurtasun estrategia –Basque Cybersecurity Centre, Zibersegurtasunerako Euskal Zentroan izan da, hau ere Miñaon kokatua.

Euskadira eginiko bidaia bukatzeko, ordezkaritzak Zornotzako Automotive Intelligence Centre (AIC) bisitatuko du, bilera bat izango du bihar, ostiralean, Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartearekin (GAIA klusterra), eta Sisteplant eta Virtualware enpresen instalazioak bisitatuko ditu.

 

Lankidetza-akordioa

SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alex Arriolak eta Nuevo León 4.0 Kontseiluko presidente Leopoldo Cedillok lankidetza-akordio bat sinatu zuten joan den azaroan Mexikoko Estatu horri laguntzeko (zeinetan kokatua dagoen Monterrey, Mexikoko hiri garrantzitsuenetako bat) eraldaketa digitala sustatzen eta Amerikako Ekonomia Adimentsuko erreferente bihurtzen 2025erako.

Akordio horren bertutez elkarrekin partekatuko dituzte 4.0 Industriari buruzko ezagutzak eta jardunbide egokiak, eta baita ere hemengo eta hango profesionalak, eta bi herrialdeek elkarrekin lan egingo dute ekintzailetza arloan, eredutzat hartuz Eusko Jaurlaritzaren Bind 4.0 programa arrakastatsua. Gaurko bisita da konpromiso horren erakusgarrietako bat.

 

Erakunde arteko harreman estua

Nuevo León Estatuak eta Euskadik erakunde arteko harreman estua izan dute azken urtebete honetan. Euskadiko eta Mexikoko 4.0 Industriako estrategiek 2018ko Hannover Messe azokan egin zuten topo lehenengoz eta, harrezkero, hainbat truke eta bilera egin dira eta gorago aipatutako lankidetza-akordioa sinatu da SPRI Taldearekin.

Hannoverreko azokaren ostean, Nuevo León 4.0 Euskadin izan zen joan den azaroan, 4.0 Industriaren arloko erreferentziazko ekitaldian (Basque Industry 4.0), eta hantxe sinatu zen lankidetza-akordioa. Baliteke berriro etortzea azaroaren 20an eta 21ean egingo den aurtengo ediziora.

Aurtengo urtarrilean Nuevo Leóneko ordezkaritza bat Euskadin izan zen BIND 4.0 programa sakonago ezagutzeko, antzeko zerbait abiarazi nahi dutelako han (MIND 4.0).

SPRI Taldea hizlari eta edukien batzordekide gisa gonbidatua izan da Monterreyko Unibertsitate Teknologikoko Berrikuntza eta Ekintzailetza Korporatiboko Zentroak antolatzen duen INC Corporate Innovation and Growth Forum ekitaldira, datorren azaroaren 9an.

Nuevo León Estatuak 5,1 milioi biztanle dauzka. Estatuko biztanleen ia %88 Monterrey inguruko metropolian bizi da. Nuevo León Estatuaren Barne Produktu Gordina (BPG) Mexikokoaren %7,6koa izan zen 2015ean, herrialdeko 3. Estatu garrantzitsuena bihurtu zelarik. Mexikoko BPGa %2 inguru hazi da azken urteotan eta Nuevo León Estatukoak ere erritmo bera darama, agian batez bestekoa baino apur bat gehiago. Industria, energia eta eraikuntza sektoreak BPGaren %38 ordezkatzen du (Euskadin %30). Euskadirekin alderatuta, hango ekonomia %7,7 handiagoa da bakarrik. Euskadiko per capita BPGa hangoaren bikoitza baino handixeagoa da. Nuevo Leónek 213 industria-talde ditu, gehienek Monterrey edo bere inguruko metropolian dutelarik egoitza.

 

Informazio gehiago

Lotutako albisteak

Finantzen  Euskal  Institutuak  eta  Cofides-Ek  NBI  konpainia  Indian  hedatzea  bultzatu  dute
06/05/2026 Finantziazioa

Finantzen Euskal Institutuak eta Cofides-Ek NBI konpainia Indian hedatzea bultzatu dute

Bi milioi eurorekin finantzatuko dute beste planta bat abian jartzea eta gainerako kapitalaren % 35 eskuratzea, NBI konpainiak tokiko filialaren % 100 kontrola dezan.

Brasilgo  automozio  sektorea:  Euskadirentzat  dauden  erronkak  eta  sarbideak  aztertzeko  jardunaldia
05/05/2026 Nazioartekotzea

Brasilgo automozio sektorea: Euskadirentzat dauden erronkak eta sarbideak aztertzeko jardunaldia

Basque Trade & Investmentek antolatutako webinar baten bidez, euskal enpresek Hego Amerikako herrialdearen merkatu-egituran, arau-esparruan eta elektrifikaziorako joeretan sakontzeko aukera izan dute.

Bullhost-ek  datuen  subiranotasunaren  aldeko  apustua  gidatzen  du  zibersegurtasunean  bere  BullEye  plataformarekin
04/05/2026 Zibersegurtasuna

Bullhost-ek datuen subiranotasunaren aldeko apustua gidatzen du zibersegurtasunean bere BullEye plataformarekin

Euskal enpresak Madrilen frogatu du Europako SOC subirano oso automatizatu bat errealitatea dela gaur egun enpresen eskura

Euskadik  bere  energia-ekosistema  aurkeztu  die  Japoniako  eta  Kanadako  ordezkaritzei

Euskadik bere energia-ekosistema aurkeztu die Japoniako eta Kanadako ordezkaritzei

Bi herrialdeetako erakunde- eta enpresa- ordezkaritza bat Euskadin izango da aste honetan, itsasoko energia eolikoaren sektorean euskal ekosistemak dituen gaitasunak aztertzeko eta industria-lankidetzarako aukera berriak aztertzeko.

Europako  Batzordeak  ‘Raw  Materials  Mechanism’  aktibatu  du  lehengai  estrategikoak  modu  bateratuan  erosteko
22/04/2026 Nazioartekotzea

Europako Batzordeak ‘Raw Materials Mechanism’ aktibatu du lehengai estrategikoak modu bateratuan erosteko

Plataforma berri honi esker, enpresek beraien eskaria agregatu ahal izango dute nazioarteko hornitzaileekin harremanetan jartzeko eta material kritikoen hornidura bermatzeko, besteak beste lur arraroak edo baterietarako osagaiak.

Euskal  automozio-sektoreak  Txinan  duen  posizionamendua  indartu  du  fabrikatzaile  elektriko  berrien  gorakadaren  aurrean
21/04/2026 Nazioartekotzea

Euskal automozio-sektoreak Txinan duen posizionamendua indartu du fabrikatzaile elektriko berrien gorakadaren aurrean

Basque Trade & Investment-ek, Shanghaiko bere bulegoaren bitartez eta ACICAErekin elkarlanean, 18 euskal enpresaz osatutako misio komertzial bat koordinatu du, BYD, Geely edo NIO bezalako fabrikatzaile liderren proiektuak aztertzeko.

Euskal  enpresak  negozio  eta  hornikuntza-aukera  berriak  identifikatu  ditu  Poloniako  merkatu  aeroespazialean
17/04/2026 Nazioartekotzea

Euskal enpresak negozio eta hornikuntza-aukera berriak identifikatu ditu Poloniako merkatu aeroespazialean

Euskadiko hamahiru enpresa Poloniako Podkarpackie eskualdera joan dira aste honetan, BasqueTradek buru eta HEGAN eta AFM klusterrekin lankidetzan egindako misio baten esparruan; gainera, Aviation Valley-ren eta PAIH inbertsio-agentziaren tokiko laguntza izan dute.

Europar  Batasunak  esparru  berri  bat  proposatu  du  altzairuaren  inportazioetarako

Europar Batasunak esparru berri bat proposatu du altzairuaren inportazioetarako

Europako Batzordeak merkatu siderurgikora sartzeko baldintzak gogortzea proposatu du, gehiegizko ahalmen globalari aurre egiteko

AEBek  epea  ireki  dute  nazioarteko  enpresek  bidegabeko  muga-zergen  itzulera  eskatzeko
16/04/2026 Nazioartekotzea

AEBek epea ireki dute nazioarteko enpresek bidegabeko muga-zergen itzulera eskatzeko

Estatu Batuetako Aduana eta Mugak Babesteko Bulegoak (CBP, ingelesezko sigletan) CAPE tresna jarri du abian, aduana-eskubideen itzulketak modu taldekatuan kudeatzeko aukera ematen duen prozedura zentralizatua.

Třinecké  železárny  talde  siderurgiko  txekiarrak  bertatik  bertara  ezagutu  du  euskal  enpresen  eskaintza  teknologikoa
14/04/2026 Nazioartekotzea

Třinecké železárny talde siderurgiko txekiarrak bertatik bertara ezagutu du euskal enpresen eskaintza teknologikoa

Euskadiko hamaika enpresak euren soluzio teknologikoak korporazioko zuzendaritzari aurkezteko aukera izan dute bakarkako bileren jardunaldi batean.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.