MITek, Osalanek eta Ulmak etorkizuneko intralogistika gizatiarrago eta eraginkorrago nola bihurtu aztertuko dute Donostian
Datorren ekainaren 19an, Donostiako Miramar Jauregian ‘Human-Centred Intralogistics. Pertsonengan oinarritutako konponbideak’, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak EHUko Udako Ikastaroen esparruan antolatutako jardunaldia. Massachusetts Institute of Technology (MIT), Osalan eta ULMA Handling Systems entitateetako adituak bilduko dira, automatizazioa intralogistika nola eraldatzen ari den aztertzeko. Saioak ‘human-centred’ logistika-eredu berri batean oinarrituko da. Eredu horretan, teknologia aurreratuak txertatuta, eraginkortasun operatiboa eta produktibitatea handitzeaz gain, segurtasuna, lan-osasuna eta enpleguaren kalitatea hobetzea lortu nahi da ingurune logistikoetan.
Ikastaroa enpresa-, industria- eta logistika-arloko profesionalei zuzenduta dago, baita operazio-arduradunei, ‘supply chain’ espezialistei, laneko arriskuen prebentzioko teknikariei, transformazio digitaleko aholkulariei, giza baliabideetako profesionalei eta soluzio teknologikoen enpresa hornitzaileei, eta baita unibertsitateko ikasleei eta irakasleei ere.
Jardunaldian, ohiko edo eskuzko biltegi askoren egungo egoera aztertuko da. Oraindik ere badira arrisku ergonomikoak, lan fisiko gogorrak eta langileen osasunari eragiten dioten lan-baldintzak. Diagnostiko horretatik abiatuta, parte-hartzaileek aztertuko dute nola lagundu dezaketen automatizazioak eta adimen artifizialak ingurune horiek jasangarriago eta seguruago egiten.
Aldaketa demografikoek eta sektore logistikoan dagoen talentu eskasiak izandako eraginean ere hausnartuko da. Nazioarteko adituek azalduko dute biztanleria aktiboa murrizteak eta lanpostu jakin batzuk betetzeko gero eta zailtasun handiagoak behartzen dutela profil profesionalak aldatzera eta lanpostu kualifikatuagoak eta erakargarriagoak lortzera.
Horrez gain, biltegi eta zentro logistikoetan dagoeneko abian dauden kasu errealak eta teknologiak aurkeztuko dira ikastaroan. Aztertutako irtenbideak hauek dira, besteak beste: exoeskeletoak, robot mugikorrak, AGVak, cobot-ak, manipulazio lagunduko sistemak, sentsorika aurreratua, automatizazioa, adimen artifiziala eta biki digitalak. Tresna horiek operazio intralogistikoa eraldatzen dute, eta, ondorioz, ergonomia, segurtasuna eta eraginkortasuna bezalako alderdiak hobetzen dituzte.
Jardunaldia mahai-inguru batekin amaituko da. Bertan, enpresako, unibertsitateko eta lan-arloko ordezkariek teknologia aurreratuak intralogistikan arduraz txertatzeko erronkei buruz eta lan-ingurune gizatiarragoak eta lehiakorragoak bermatzeko beharrezkoak diren estrategiei buruz eztabaidatuko dute.
Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.
SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.