Ekintzailetza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 13 uztaila, 2020

Hipatia Control Inteligente: “ETEek ez dituzte aprobetxatzen teknologiak eskaintzen dizkigun abantaila guztiak”

Gasteizko enpresa mahastizaintza eta ardogintza sektorerako MES arkitekturen integrazioan eta roboten erabileran espezializatuta dago
-

 

Gasteizko enpresa mahastizaintza eta ardogintza sektorerako MES arkitekturen integrazioan eta roboten erabileran espezializatuta dago

 

Hipatia Control Inteligente startup-ak urtebete bete berri du. Arabako Cefalux enpresaren spin-off gisa sortua, bere jarduera nagusia da 4.0 Industriarekin lotutako konponbideak garatzea euskal industria-sareko ETEentzat. Koronabirusak eragindako krisian une txarrak pasa ondoren, asmoa du datozen hilabeteetan bere jarduerari berrekiteko. Oscar Garay, Hipatia Control Inteligente enpresako zuzendari nagusiarekin mintzatu gara.

 

Nola azalduko zenuke zer egiten duzuen Hipatia Control Inteligente enpresan?

Software teknologikoaren integratzaileak gara, eta gure jarduera garrantzitsuenetako bat da MES arkitekturak -hau da, produkzioaren kontrolerako sistemak- integratzea enpresetan. 4.0 Industrian murgilduta gaude, baina industria farmazeutikorako SCADA sistemen baliozkotzea ere egiten dugu, neurri txikiagoan bada ere. Euskal ekosistemaren esparruan, ikusmen artifizialarekin eta robotika kolaboratiboarekin lotutako 4.0 Industriako beste proiektu batzuk garatzen ditugu; robotika kolaboratiboaren kasuan, Cefalux, gure matrize enpresaren laguntzarekin.

 

Garatu dituzuen proiektuen artean zein nabarmenduko zenuke?

Gure abantaila nagusia da lantegi batetik gatozela, hau da, makinak ukitzen ditugu, ingeniariak gara. Eraldaketa digitalaren iraultza honetan, lantegien mundua gero eta garrantzitsuagoa da, gero eta lotuago dago IT inguruneekin, eta berdin gertatzen da ERPekin. Gure abantaila nagusia da makinarekin komunikatzen garela, zeren funtsean makinak eman behar dizkigu datu zuzenak, kudeaketa-sistema guztiak fidagarriak izan daitezen. Adituak gara datuak atzematen eta makinaren PLCtik datozen datu horiek kudeaketa-sistemarekin komunikatzen. Kasu arrakastatsu gisa aipa genezake elikadura sektoreko enpresa batean egindako kudeaketa-sistema baten ezarpena. Gatzgabetze tankeak kontrolatzeko sistema bat garatzen ari gara lantegi batean.

 

Badaukagu beste adibide bat ere, upategien sektorerako sistema robotiko estandar bat. Upelak higienizatzeko zelula bat da, Goi Errioxako Upategietan erabiliko dena. Sistema aitzindaria da. Orain arte, upelak kateko garbiketa-trenetan (linealak) garbitzen ziren. Guk ezarritako robot horrek upelak deskargatzen ditu azpi-subiletatik eta garbiketaren prozesuko fase desberdinetatik pasatzen ditu: lurrun-injekzioa, urberritzea… eta gero, azpi-subilean kargatzen ditu.

 

Makinen kudeaketarako softwareaz mintzatzean beste hainbat termino ageri dira: MES, ERP, CRM, GMAO, SCADA, PLC… Enpresek ezagutzen dituzte termino horiek?

Esango nuke nahiko maila baxua dugula, hau da, agian zuzendaritza arloko langile batzuek ezagutzen dituzte nomenklatura horiek, baina ez da oso ohikoa. ERP kontzeptua ulerterrazagoa da, baina MES, CRM edo SCADA kontzeptu berriak dira askorentzat. Oraindik lan asko egiten da paperean. Kontuan izan behar dugu gure ehun industrialaren zati handi bat ETEak direla, eta MES sistema txukun bat izateko 60.000-100.000 euro bitarteko inbertsioa egin behar dela. Ez dira asko gastu hori egiteko prest dauden konpainiak. Bezeroaren neurrirako garapenak egiten ditugu, baina hirugarrenek garatutako software teknologikoak erabiltzen ditugu, hau da, ez gara softwarearen jabeak, eta ahalegina egiten dugu aplikazio horiek lizentziatzeko kostua ahalik eta txikiena izan dadin gure bezeroentzat. Baina ETEek ez dituzte aprobetxatzen teknologiak eskaintzen dizkigun abantaila guztiak. Enpresen panorama oso zaharkitua da zentzu horretan.

 

Zer egiten duzue enpresei ikusarazteko komeni zaiela kudeaketako tresna horiek inplementatzea?

Abantaila nagusia da datu erreal eta fidagarrietan oinarritutako erabakiak hartzen laguntzen duela. Kontua da enpresa asko sentsazioetan oinarritzen direla erabakiak hartzeko orduan. Kudeaketako sistema hauekin, berriz, datuak fidagarriak dira eta oso azkar kudeatzen dira, eta horri esker posible da askoz erabaki egokiagoak hartzea. Horrez gain, garrantzitsua da urratsez urrats hastea. Ezin da zerotik ehunera pasa sei hilabetean. Kostu handia da horrelako sistema bat ezartzea, eta ez bakarrik diruagatik; ezinbestekoa da pertsonak inplikatzea, hasi zuzendaritzako mailetatik eta makinekin lan egiten duten langileetaraino. Sistema askok porrot egin dezakete erabiltzaileek ez badute bat egiten olatu teknologiko berri honekin, iruditu dakiekeelako euren zereginetan eskua sartzea edo zeregin horiek fiskalizatzea dela. Guk beti proposatzen dugu lana gutxika egitea, urratsez urrats, sistemek eskaintzen dituzten abantailak ikusteko eta pixkanaka konfiantza gehiago hartzeko.

 

Nolako inpaktua izan du edo dauka oraindik COVID-19aren krisiak zuen jardueran?

Krisiak eragina izan du maila komertzialean. Argi dago jarduera komertziala gelditu egin dela. Adibidez, upategiekin. Hilabete onenak zetozkigun, mahats-bilketa hasi aurreko hilabeteak, eta aukera galdu dugu bezero askorekin face to face biltzeko. Ekintza komertzialaren ikuspegi horretatik, jarduera erabat gelditu da. Kudeaketako sistemei dagokienez, mundu guztia aurrezten hasi da orain, eta inbertsio guztiak berriz pentsatzen edo ebaluatzen; software teknologikoen eta eraldaketa digitalaren kasuan, berdin jarraitu dezakete gauzak egiten orain arte bezala, eta horrela kostu gehigarri bat saihesten dute. Eragina handia izan da.

 

Testuinguru horretan, zeintzuk dira zuen igurikapenak etorkizunerako?

Startup bat garen neurrian, haztea da gure helburua. Lehen urte hau da zailena, lehenbizi geure burua ezagutzera eman behar dugulako, eta oinak lurrean jarrita hazi nahi dugulako, urrats txikiak emanaz baina oinarri sendo batekin. Ilusionatuta gaude robotika kolaboratiboko -robotika sentikorreko- aplikazioekin. COVID-19arekin eta pertsonen arteko distantzia mantendu behar honekin, baliteke horrelako roboten erabilera ugaritzea. Lehen urte honetan ikusi dugu merkatua oso berde dagoela kudeaketa-sistemen inplementazioan, eta uste dugu merkatu-nitxo handi bat aurkituko dugula. Guretzako mehatxu handienak dira kudeaketa-sistema bat ezartzea erraza dela iragartzen duten aplikazio informatikoak, benetan ez baita hain erraza.

Lotutako albisteak

Gamarrak  moldekatze  automatikoko  linea  berria  ezarri  du
14/05/2026 Nazioartekotzea

Gamarrak moldekatze automatikoko linea berria ezarri du

Gasteizko enpresa historikoak, 156 urteko historia duenak, altzairurtuzko pieza mihiztatuak fabrikatzen ditu

Innkia,  adimen  artifizialeko  soluzio  berritzaileak  eskaintzen  dituen  startupa
14/05/2026 Ekintzailetza

Innkia, adimen artifizialeko soluzio berritzaileak eskaintzen dituen startupa

Bind programan parte hartu Arrasateko enpresa horrek eta bere aurrekontuaren % 75 inguru I+G arlora bideratzen du

Sentinel  Eventsek  aisialdiko  segurtasuna  ulertzeko  modu  berri  bat  diseinatu  du
11/05/2026 Ekintzailetza

Sentinel Eventsek aisialdiko segurtasuna ulertzeko modu berri bat diseinatu du

Sentinel eskumuturrekoak larrialdietan prebentzioa, kontrola eta erantzuna uztartzen ditu.

Vyne  HR,  adimen  artifizialarekin  talentu-hautaketa  prozesuen  etorkizuna
07/05/2026 Ekintzailetza

Vyne HR, adimen artifizialarekin talentu-hautaketa prozesuen etorkizuna

Arabako startup-ak 4YFN 2026 nazioarteko azokan parte hartu du SPRI Taldearen eskutik, bere talentua kudeatzeko plataforma adimendunarekin.

Emaia  Health,  emakumeen  prebentzio  kardiobaskularrerako  plataforma  digitala  asmatu  duen  smart  up-a

Emaia Health, emakumeen prebentzio kardiobaskularrerako plataforma digitala asmatu duen smart up-a

Donostiako enpresak Bind 4.0 programan parte hartzen du Keralty enpresa eragile izanik

Gallardo  Ingeniería,  prestazio  handiko  botilaratze-makinetan  liderra
30/04/2026 I+G+B

Gallardo Ingeniería, prestazio handiko botilaratze-makinetan liderra

Irungo enpresak urtero hogei instalazio inguru fabrikatzen ditu hamar bat elikagairentzat, ardotik hasi eta eztiraino

Batura  Mobile:  Bluetooth-aren  arotik  adimen  artifizialaren  erronketara

Batura Mobile: Bluetooth-aren arotik adimen artifizialaren erronketara

Sortu zenetik bi hamarkada igaro direnean, Bizkaiko konpainiak bere burua berritzen jarraitzen du soluzio mugikorren bilakaeraren buru izateko, etengabeko aldaketak markatutako ingurune batean.

LUPek  teknologia  eskuragarria  garatzen  du  ikusmen  murriztua  duten  pertsonei  irakurketa  errazteko
22/04/2026 Ekintzailetza

LUPek teknologia eskuragarria garatzen du ikusmen murriztua duten pertsonei irakurketa errazteko

Euskal startupak adimen artifiziala eta ikusmen konputazionala konbinatzen ditu, testua ahots bihurtzen duen gailu batean, modu erraz eta berehalakoan.

Onkoreplica:  “Terapia  eraginkorragoen  etorrera  bizkortzea  eta  paziente  onkologikoek  tratamenduetarako  duten  sarbidea  hobetzea  bilatzen  dugu”
16/04/2026 I+G+B

Onkoreplica: “Terapia eraginkorragoen etorrera bizkortzea eta paziente onkologikoek tratamenduetarako duten sarbidea hobetzea bilatzen dugu”

Enpresa-ekimen honek farmakoen saiakuntzarako soluzioen belaunaldi berri bat eskaintzen du, hiru dimentsioko tumore-errepliken tratamenduak ebaluatzeko aukera ematen dutenak, hala nola bularreko minbiziaren edo melanomaren ereduak.

Optimitive:  hiru  hamarkada  Euskaditik  Adimen  Artifizial  industriala  bultzatzen

Optimitive: hiru hamarkada Euskaditik Adimen Artifizial industriala bultzatzen

Euskadiko konpainiak AAn oinarritutako soluzioak garatzen ditu, prozesu industrialak optimizatzeko, energia-kostuak murrizteko eta deskarbonizazioari laguntzeko

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.