Albisteak 18 uztaila, 2025

Milaka teknologia zale bilduko dira BECen, Euskal Encounter topaketan, sektore digitalaren hitzordu handienean

Uztailaren 24tik 27ra, 4.000 ordenagailu eta 5.000 parte-hartzaile baino gehiago elkartuko dira Barakaldon, eta 200 jarduera inguru izango dira. Publiko zabalarentzako gune irekia ere egongo da, hitzaldi, tailer eta standekin, baita 3D inprimaketarako espazioa, ekimen solidarioak, hezkuntza-teknologiako proposamenak eta bideojokoen sektorearekin loturiko eremuak ere
-
    • Interesa duten pertsona guztientzako prestakuntza-eskaintza handia izango da: adimen artifizialaren erronkak, sektore teknologikoetako lan-aukerak, ziberindarkeria, hezkuntzarako tresna digitalak eta zibersegurtasuna izango dira hizpide, besteak beste.
    • 33. edizioaren babesle dira Euskaltel Fundazioa, Eusko Jaurlaritza SPRIren bidez, Bizkaiko Foru Aldundia eta BBK Fundazioa, Euskaltelen laguntzarekin. 

    Euskal Encounterrek hedapen teknologiko ikusgarria erakutsiko du, beste behin ere, Barakaldoko BECen. Estatuko LAN party handiena eta Europako garrantzitsuenetarikoa den honek 4.000 ordenagailu baino gehiago, dozenaka kilometro kable eta standak eta milaka zale bilduko ditu, informatikaz, teknologia berriez, berrikuntzaz eta kultura digitalaz giro paregabean gozatzeko.


    Euskaltel Fundazioak, Eusko Jaurlaritzak (SPRI taldearen bidez), Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK Fundazioak babesten dute ekitaldia, eta Euskaltelen laguntza du. 33. edizioak abangoardia teknologikoaren eta konpromiso sozialaren aldeko apustua egingo du, eta Euskaltelek eskainitako segundoko 60 gigabiteko Interneterako konexioa izango du, baita prestakuntza, entretenimendua eta networkinga uztartzen dituzten 200 jarduera baino gehiago ere. Gainera, Opengune eremu irekiak dozenaka hitzaldi, tailer eta erakusketa hartuko ditu hainbat gairen inguruan: 3D inprimaketa, bideojokoak, hezkuntza-teknologiak, ekimen solidarioak eta abar. Unibertso digitalaren barruan ikasteko, partekatzeko eta hazteko ezinbesteko topagunea.

    Aurten, adimen artifiziala izango da ardatz nagusia, eta gai hauek ere jorratuko dira, besteak beste: programazioa, ikerketarako eta irakaskuntzarako tresna digitalak, ziberindarkeriak, bideojokoen industria eta zibersegurtasuna. Javier Gómez-Arrue Euskal Encounterreko antolatzaile nagusiak adierazi duenez, “topaketak komunitate berezia sortu nahi du, konbentzioetatik haratago pentsatzen duten pertsonekin, teknologia aplikatzen dutenekin, ezagutza sormenarekin lotzen dutenekin eta datuak eragin sozialarekin konektatzen dituztenekin. Gure helburua da parte-hartzaileek informatikaren muga berriak aztertzea, lankidetza-proiektuak sortzea eta berrikuntza-ekosistemaz elikatzea, ez soilik bilkura honetan baizik eta baita aurrerantzean ere”.


    Halaber, ekimenaren arduradunak antolakuntza-taldeko kideen lana nabarmendu du. “70 boluntario baino gehiago ditugu, eta euren dedikazioari eta profesionaltasunari esker erreferentziazko topaketa izaten jarraitzen dugu”, adierazi du.

    Nerea Enbeita Euskaltel Fundazioko zuzendariak adierazi duenez, fundazioaren 25 urteetan “Euskadi konektatuago, prestatuago, berritzaileago eta berdinzaleago baten alde” lan egin dute. “Mende laurden honetan zehar, Euskal Encounter ekimen eraldatzaileenetako bat izan da, 66 milioi euroko inpaktu sozioekonomikoa ekarri baitu. Emaitza hori gure apustuaren isla da: teknologia gizarteari hurbildu, bokazio teknologikoak sortu eta ezagutzaren trukea, berrikuntza eta talentua sustatu nahi ditugu, baita ekintzailetza bultzatu ere”.

    Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentu eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendariak ziurtatu duenez, “Barrixe Behatokiaren azken digitalizazio-txostenaren datuen arabera, Bizkaiko enpresen % 90k eraldaketa digitalari ekin dio, % 70k aukera gisa ikusten du, baina ia erdiak zailtasunak ditu profil teknologikoak kontratatzeko. Horregatik, Euskal Encounter bezalako ekimenak beharrezkoak dira”.

    Parte-hartzaileak eta bisitariak bilduko dituen Openguneak egunero 2.000 pertsona inguru hartzea espero dute antolatzaileek. Bertan, 50 prestakuntza-jarduera baino gehiago izango dira, eta horien artean daude SPRIk antolatutakoak enpresen formakuntza sustatzeko egungo gai berritzaileenen inguruan: adimen artifiziala, zibersegurtasuna edo bideojokoak, besteren artean. Elixabete Garcia Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendariak adierazi duenez, “argi dugu adimen artifiziala, zibersegurtasuna, 3D edukien sorkuntza eta bideojokoak etorkizuneko sektore industrialak direla, enplegua eta garapen ekonomikoa sortzen baitute. Euskal Encounter ez da aisialdirako gunea soilik, esparru horietan ezagutza-trukea eta berrikuntza sustatzeko aukera ere eskaintzen du. Horregatik, 33. edizio honetan, parte-hartzaile guztiei irekitako sei prestakuntza-arlo izango ditugu, SPRI taldearen Enpresa Digitala programen bidez, Eusko Jaurlaritzak informatika eta teknologia bultzatzeko duen konpromisoaren isla”.

    Partyaren atalak


    Euskal Encounterrek ohiko arloak landuko ditu: sormen digitala, hardwarea, software librea, bideojokoak eta aisialdirako jarduerak. Parte-hartzaileek beren talentua probatzeko aukera izango dute arte digitaleko hogei bat lehiaketatan. Gainera, 50 bideojoko-lehiaketa baino gehiago eta software libreko erronka espezifikoak izango dira. Azken horietan, programazioko eta informatikako adituek proba ugari gaindituko beharko dituzte hainbat arlotan: hacking etikoa, kriptografia, logika, puzzleak eta alderantzizko ingeniaritza.


    Streaming guneak leku nabarmena izango du partyaren edizio berri honetan. Atal hau edukien sortzaileentzako espazioa da, alor dinamikoenetarikoa; eta ekosistema digitalaren barruan hazkunde betean dagoen sektore honi ikusgarritasuna emango dio.

    Euskal Encounterreko ateak zabalik egongo dira topaketaren giroa ezagutu eta kultura digitalean murgildu nahiz eta teknologia berrien inguruan ikasi nahi dutenentzat. Horregatik, Javier Gómez-Arruek BECera hurbiltzeko gonbita egin die herritarrei, Openguneak adin eta ezagutza-maila guztientzako eskainiko duen jarduera-programa zabalaz goza dezaten.

 

Lotutako albisteak

Adimen  artifiziala  EAEko  industria-enpresetan  erabiltzea  sustatzen  duten  proiektuak  babesten  ditugu

Adimen artifiziala EAEko industria-enpresetan erabiltzea sustatzen duten proiektuak babesten ditugu

Adimen Artifizialaren 2026ko diru-laguntzen programa datorren asteartean, martxoaren 24an, irekiko da, SPRIk adimen artifizialeko teknologiak txertatzeko eta datuen estrategia indartzeko konpromisoa duten enpresa-proiektuei ematen dien laguntzarekin jarraituz.

Eusko  Jaurlaritzak  ezkutu  industriala  aktibatu  du  1.047  milioi  eurorekin,  Ekialde  Ertaineko  gatazkaren  eraginari  aurre  egiteko

Eusko Jaurlaritzak ezkutu industriala aktibatu du 1.047 milioi eurorekin, Ekialde Ertaineko gatazkaren eraginari aurre egiteko

ETEak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzak % 51,4 igoko dira, 277 milioi euroraino

Ideiatek:  autonomoak  eta  mikroETEak  txikiak  “labirinto”  fiskaletik  askatzen  dituen  teknologia

Ideiatek: autonomoak eta mikroETEak txikiak “labirinto” fiskaletik askatzen dituen teknologia

Euskadin fabrikatutako software aitzindari batekin, enpresa teknologikoa funtsezko bazkide estrategiko gisa kokatzen da autonomoek eta enpresa txikiek TicketBAI, Batuz eta Verifactu Estatuko araudia bete dezaten.

Elgar  Worksek  automozioaren  kalitate  kontrolerako  automatizazio  adimenduneko  soluzio  berritzailea  ezarri  du

Elgar Worksek automozioaren kalitate kontrolerako automatizazio adimenduneko soluzio berritzailea ezarri du

Ikusmen artifizialean oinarritutako ereduak egunean 10.000 pieza baino gehiago hiru segundo baino gutxiagoan egiaztatzeko aukera ematen du

ComexSoft  donostiarrak  irabazi  du  EmprendeXXI  sariak,  potentzial  handiena  duen  start-up  gisa
11/03/2026 Ekintzailetza

ComexSoft donostiarrak irabazi du EmprendeXXI sariak, potentzial handiena duen start-up gisa

CaixaBank-ek, DayOne-ren bidez, Enisak, Eusko Jaurlaritzak eta BIC Gipuzkoak Donostian ospatu dute euskal ekosistema ekintzailearentzako erreferentziazko sari horien lurralde-banaketa.

Dinalan-ek  CIVITRA  merkaturatu  du,  hiri-argiteria  eta  aktiboak  kudeatzeko

Dinalan-ek CIVITRA merkaturatu du, hiri-argiteria eta aktiboak kudeatzeko

Ordenagailuak lagunduriko mantentze-lanak kudeatzeko sistema baten bidez (GMAO, gaztelaniazko sigletan) dibertsifikatu da enpresa, eta horrek luminarien, semaforoen, iturrien, hiri-altzarien eta abarren kudeaketa digitalizatzen du, efizientzia eta jasangarritasun handiagoak lortzeko.

Euskadiko  ETEek  AAren  aldeko  apustua  bizkortu  dute,  Eusko  Jaurlaritzak,  IndesIAk  eta  BAICek  bultzatutako  prestakuntza-programaren  ondoren

Euskadiko ETEek AAren aldeko apustua bizkortu dute, Eusko Jaurlaritzak, IndesIAk eta BAICek bultzatutako prestakuntza-programaren ondoren

80 enpresa baino gehiagok erakutsi zuten hasieratik interesa ekimenarekiko, euskal enpresa-sarean AArekiko gero eta eskaera handiagoa dagoela agerian utziz

Mikel  Jauregi  Industriako  sailburuak  Schaeffler  enpresaren  lantegia  bisitatu  du  Elgoibarren,  industria-digitalizazioan  aitzindaria

Mikel Jauregi Industriako sailburuak Schaeffler enpresaren lantegia bisitatu du Elgoibarren, industria-digitalizazioan aitzindaria

Errodamendu-orratzen fabrikazioan espezializatuta dagoen Elgoibarko lantegian 240 langilek egiten dute lan, eta bertan dago Schaeffler Iberia lege-entitatearen egoitza soziala.  

Sormena  AA  ingurunean:  kaos  operatibotik  kontrol  estrategikora

Sormena AA ingurunean: kaos operatibotik kontrol estrategikora

Adimen artifiziala sormen-prozesuetan sartuta dago dagoeneko. Erronka ez da adimen artifiziala barneratzea, desordena operatiboa, egiletza galtzea eta mendekotasun teknologikoa ekiditeko irizpidearekin integratzea baizik.

Innolab  Bilbaok  eta  Ikerlanek  Bizkaiko  hiriburua  hurrengo  belaunaldiko  sistema  elektronikoen  abangoardian  kokatzen  dute

Innolab Bilbaok eta Ikerlanek Bizkaiko hiriburua hurrengo belaunaldiko sistema elektronikoen abangoardian kokatzen dute

Jardunaldiak lehen mailako enpresa eta adituak bildu zituen, sistema horiek industria lehiakortasunean duten eragina aztertzeko

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.