Albisteak 18 uztaila, 2025

Milaka teknologia zale bilduko dira BECen, Euskal Encounter topaketan, sektore digitalaren hitzordu handienean

Uztailaren 24tik 27ra, 4.000 ordenagailu eta 5.000 parte-hartzaile baino gehiago elkartuko dira Barakaldon, eta 200 jarduera inguru izango dira. Publiko zabalarentzako gune irekia ere egongo da, hitzaldi, tailer eta standekin, baita 3D inprimaketarako espazioa, ekimen solidarioak, hezkuntza-teknologiako proposamenak eta bideojokoen sektorearekin loturiko eremuak ere
-
    • Interesa duten pertsona guztientzako prestakuntza-eskaintza handia izango da: adimen artifizialaren erronkak, sektore teknologikoetako lan-aukerak, ziberindarkeria, hezkuntzarako tresna digitalak eta zibersegurtasuna izango dira hizpide, besteak beste.
    • 33. edizioaren babesle dira Euskaltel Fundazioa, Eusko Jaurlaritza SPRIren bidez, Bizkaiko Foru Aldundia eta BBK Fundazioa, Euskaltelen laguntzarekin. 

    Euskal Encounterrek hedapen teknologiko ikusgarria erakutsiko du, beste behin ere, Barakaldoko BECen. Estatuko LAN party handiena eta Europako garrantzitsuenetarikoa den honek 4.000 ordenagailu baino gehiago, dozenaka kilometro kable eta standak eta milaka zale bilduko ditu, informatikaz, teknologia berriez, berrikuntzaz eta kultura digitalaz giro paregabean gozatzeko.


    Euskaltel Fundazioak, Eusko Jaurlaritzak (SPRI taldearen bidez), Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK Fundazioak babesten dute ekitaldia, eta Euskaltelen laguntza du. 33. edizioak abangoardia teknologikoaren eta konpromiso sozialaren aldeko apustua egingo du, eta Euskaltelek eskainitako segundoko 60 gigabiteko Interneterako konexioa izango du, baita prestakuntza, entretenimendua eta networkinga uztartzen dituzten 200 jarduera baino gehiago ere. Gainera, Opengune eremu irekiak dozenaka hitzaldi, tailer eta erakusketa hartuko ditu hainbat gairen inguruan: 3D inprimaketa, bideojokoak, hezkuntza-teknologiak, ekimen solidarioak eta abar. Unibertso digitalaren barruan ikasteko, partekatzeko eta hazteko ezinbesteko topagunea.

    Aurten, adimen artifiziala izango da ardatz nagusia, eta gai hauek ere jorratuko dira, besteak beste: programazioa, ikerketarako eta irakaskuntzarako tresna digitalak, ziberindarkeriak, bideojokoen industria eta zibersegurtasuna. Javier Gómez-Arrue Euskal Encounterreko antolatzaile nagusiak adierazi duenez, “topaketak komunitate berezia sortu nahi du, konbentzioetatik haratago pentsatzen duten pertsonekin, teknologia aplikatzen dutenekin, ezagutza sormenarekin lotzen dutenekin eta datuak eragin sozialarekin konektatzen dituztenekin. Gure helburua da parte-hartzaileek informatikaren muga berriak aztertzea, lankidetza-proiektuak sortzea eta berrikuntza-ekosistemaz elikatzea, ez soilik bilkura honetan baizik eta baita aurrerantzean ere”.


    Halaber, ekimenaren arduradunak antolakuntza-taldeko kideen lana nabarmendu du. “70 boluntario baino gehiago ditugu, eta euren dedikazioari eta profesionaltasunari esker erreferentziazko topaketa izaten jarraitzen dugu”, adierazi du.

    Nerea Enbeita Euskaltel Fundazioko zuzendariak adierazi duenez, fundazioaren 25 urteetan “Euskadi konektatuago, prestatuago, berritzaileago eta berdinzaleago baten alde” lan egin dute. “Mende laurden honetan zehar, Euskal Encounter ekimen eraldatzaileenetako bat izan da, 66 milioi euroko inpaktu sozioekonomikoa ekarri baitu. Emaitza hori gure apustuaren isla da: teknologia gizarteari hurbildu, bokazio teknologikoak sortu eta ezagutzaren trukea, berrikuntza eta talentua sustatu nahi ditugu, baita ekintzailetza bultzatu ere”.

    Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentu eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendariak ziurtatu duenez, “Barrixe Behatokiaren azken digitalizazio-txostenaren datuen arabera, Bizkaiko enpresen % 90k eraldaketa digitalari ekin dio, % 70k aukera gisa ikusten du, baina ia erdiak zailtasunak ditu profil teknologikoak kontratatzeko. Horregatik, Euskal Encounter bezalako ekimenak beharrezkoak dira”.

    Parte-hartzaileak eta bisitariak bilduko dituen Openguneak egunero 2.000 pertsona inguru hartzea espero dute antolatzaileek. Bertan, 50 prestakuntza-jarduera baino gehiago izango dira, eta horien artean daude SPRIk antolatutakoak enpresen formakuntza sustatzeko egungo gai berritzaileenen inguruan: adimen artifiziala, zibersegurtasuna edo bideojokoak, besteren artean. Elixabete Garcia Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendariak adierazi duenez, “argi dugu adimen artifiziala, zibersegurtasuna, 3D edukien sorkuntza eta bideojokoak etorkizuneko sektore industrialak direla, enplegua eta garapen ekonomikoa sortzen baitute. Euskal Encounter ez da aisialdirako gunea soilik, esparru horietan ezagutza-trukea eta berrikuntza sustatzeko aukera ere eskaintzen du. Horregatik, 33. edizio honetan, parte-hartzaile guztiei irekitako sei prestakuntza-arlo izango ditugu, SPRI taldearen Enpresa Digitala programen bidez, Eusko Jaurlaritzak informatika eta teknologia bultzatzeko duen konpromisoaren isla”.

    Partyaren atalak


    Euskal Encounterrek ohiko arloak landuko ditu: sormen digitala, hardwarea, software librea, bideojokoak eta aisialdirako jarduerak. Parte-hartzaileek beren talentua probatzeko aukera izango dute arte digitaleko hogei bat lehiaketatan. Gainera, 50 bideojoko-lehiaketa baino gehiago eta software libreko erronka espezifikoak izango dira. Azken horietan, programazioko eta informatikako adituek proba ugari gaindituko beharko dituzte hainbat arlotan: hacking etikoa, kriptografia, logika, puzzleak eta alderantzizko ingeniaritza.


    Streaming guneak leku nabarmena izango du partyaren edizio berri honetan. Atal hau edukien sortzaileentzako espazioa da, alor dinamikoenetarikoa; eta ekosistema digitalaren barruan hazkunde betean dagoen sektore honi ikusgarritasuna emango dio.

    Euskal Encounterreko ateak zabalik egongo dira topaketaren giroa ezagutu eta kultura digitalean murgildu nahiz eta teknologia berrien inguruan ikasi nahi dutenentzat. Horregatik, Javier Gómez-Arruek BECera hurbiltzeko gonbita egin die herritarrei, Openguneak adin eta ezagutza-maila guztientzako eskainiko duen jarduera-programa zabalaz goza dezaten.

 

Lotutako albisteak

Berrizko  Forjasek  euskal  industriaren  lehiakortasuna  proiektatzen  du  Stuttgarteko  CastForge  2026  azokan

Berrizko Forjasek euskal industriaren lehiakortasuna proiektatzen du Stuttgarteko CastForge 2026 azokan

Iurretako enpresak 110 urte baino gehiagoko ibilbidea du forjaketa beroan, eta ekoizpenaren % 85 esportatzen du Europara eta Amerikara.

ONTZIk  elikagaien  ontzien  birziklagarritasuna  ebaluatzeko  tresna  digital  bat  aurkeztu  du
28/05/2026 Berrikuntza

ONTZIk elikagaien ontzien birziklagarritasuna ebaluatzeko tresna digital bat aurkeztu du

Aurkezpena Food 4 Futureren esparruan egin da, ontzi jasangarrien berrikuntzari, araudiari eta lankidetzari buruzko saio baten barruan.

Omnium!:  Fabrikaren  errealitatetik  pentsatutako  digitalizazio  industriala

Omnium!: Fabrikaren errealitatetik pentsatutako digitalizazio industriala

Euskadin bereziki industria eta fabrikazio enpresentzat garatutako ERP bat da

Babestu  zure  enpresa  zibererasoetatik  Zibersegurtasun  Industrialeko  dirulaguntza  berriei  esker
18/05/2026 Zibersegurtasuna

Babestu zure enpresa zibererasoetatik Zibersegurtasun Industrialeko dirulaguntza berriei esker

Maiatzaren 19an irekiko den Zibersegurtasun Industriala laguntza-programaren edizio berriak 14 milioi euroko aurrekontua izango du. Zibererasoen aurka indartu nahi duten Euskadiko industria-enpresek eta lotutako zerbitzu-enpresek 2026ko azaroaren 23ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak.

Bullhost-ek  datuen  subiranotasunaren  aldeko  apustua  gidatzen  du  zibersegurtasunean  bere  BullEye  plataformarekin
04/05/2026 Zibersegurtasuna

Bullhost-ek datuen subiranotasunaren aldeko apustua gidatzen du zibersegurtasunean bere BullEye plataformarekin

Euskal enpresak Madrilen frogatu du Europako SOC subirano oso automatizatu bat errealitatea dela gaur egun enpresen eskura

INGENERSUNek  nazioarteko  proiekzioa  indartu  du,  automobilgintzarako  irtenbide  robotizatu  aurreratuekin

INGENERSUNek nazioarteko proiekzioa indartu du, automobilgintzarako irtenbide robotizatu aurreratuekin

Konpainiak bere gaitasun teknologikoa sendotu du Poloniako Stellantis-entzat eta Marokoko Floquet Monopole-rentzat egindako proiektuen ondoren

Datuaren  Heldutasunaren  Diagnostiko  Programa  enpresa-kudeaketa  adimentsuago  baterako  abiapuntua  da

Datuaren Heldutasunaren Diagnostiko Programa enpresa-kudeaketa adimentsuago baterako abiapuntua da

Abenduaren 2an ireki zen Datuaren Heldutasunaren Diagnostikoa Programaren lehen deialdia. Zerbitzu berri honek euskal enpresei laguntza eskaintzen die datuen arloko egungo egoeraren ebaluazio zorrotza egiteko eta analitika eta adimen artifizialaren eredu aurreratuagoetarako ibilbide-orri bat definitzeko.

Eusko  Jaurlaritzak  28  milioi  euro  bideratuko  ditu  euskal  ETEen  eraldaketa  digitalerako

Eusko Jaurlaritzak 28 milioi euro bideratuko ditu euskal ETEen eraldaketa digitalerako

Euskal ETEek Adimen Artifizialeko eta Zibersegurtasun Industrialeko programen bitartez eskatu ahal izango dituzte laguntzak.

Xenonek  eta  Microsoftek  AAri  esker  zure  enpresaren  produktibitatea  handituko  duen  doako  bigarren  topaketa  antolatu  dute

Xenonek eta Microsoftek AAri esker zure enpresaren produktibitatea handituko duen doako bigarren topaketa antolatu dute

Badator berriro #XenonBusinessTalks: Bigarren edizioa estreinaldiaren arrakastaren ondoren

Euskadiko  enpresa  industrialetan  adimen  artifiziala  barneratzea  sustatzen  duten  proiektuak  babesten  ditugu

Euskadiko enpresa industrialetan adimen artifiziala barneratzea sustatzen duten proiektuak babesten ditugu

2026eko azaroaren 2ra arte egongo da zabalik. Eskatu, aurrekontua agortu baino lehen!

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.