Eusko Jaurlaritzak 28 milioi euro bideratuko ditu euskal ETEen eraldaketa digitalerako
- Eusko Jaurlaritzak BidaIA aurkeztu du: ETEek beren prozesuetan Adimen Artifiziala modu egitaratuan eta mailakatuan txertatzeko ibilbidea.
- BidaIAren bidez, euskal ETEek aurrera egin ahal izango dute eraldaketa digitalaren bidean, beren prozesuetan Adimen Artifiziala modu eraginkorrean txertatzearen bidez, lehiakortasunean irabazteko.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik BidaIA aurkeztu du gaur Bilbon. BidaIA industriaren arloko ETEei adimen artifizialaren bidez eraldaketa digitaleren bidean aurrera egiten laguntzeko sortu da.
Mikel Jauregi sailburuak gogorarazi duenez, Davosen aurkeztu berri den World Economic Forumaren txostenaren arabera, “ELGAko herrialdeetan, datozen 5 urteetan enpresen % 80k hartuko du Adimen Artifiziala bere prozesuetan, eta horrek eragina izango du enpleguen % 40ko lan egiteko moduan. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak BidaIA aurkezten du, bide horretan enpresa txiki eta ertainei aurrea hartzeko eta laguntzeko, gure industriaren bizkarrezurra direlako”.
Sailburuak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak 28 milioi euro inbertituko ditu aurten euskal ETEen eraldaketa digitalizazioaren bidez bultzatzeko. Inbertsio hori bi laguntza-programaren bidez egingo du: Adimen Artifiziala; 14 milioi euro bideratuko dira industria-zerbitzu eta industria-prozesuetan aplikatutako adimen artifizialeko eta datu-estrategiako proiektuak babestera. Eta Zibersegurtasun Industriala; 14 milioi euro bideratuko dira euskal industria zibererasoen eta informazio sentikorraren lapurreten aurrean indartzeko, hornitzaile espezializatuen laguntzarekin.
Bi programa horietako bakoitzaren aurrekontua %27 handitu da, Euskadiko industria-ezkutuaren neurri sortaren barruan ETEei laguntzeko egindako ekintzen ondorioz. ETEak euskal industriaren bizkarrezurra dira. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bere jardueraren erdigunean jartzen du enpresa txiki eta ertainei laguntzea.
Mikel Jauregik Iberdrola Dorrean, ETEetako eta enpresa handietako 200 arduradun eta zuzendaritza-kargudunekin eta euskal industria digitaleko eragilerekin egindako ekitaldian aurkeztu du ekimena. Sailburuarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendari Elixabete Garcíak, Danobatgroupeko zuzendari nagusi eta BAICeko lehendakariorde Nerea Arangurenek eta Gaia klusterreko zuzendari nagusi laguntzaile Cristina Murillok hartu dute parte ekitaldian.
Horretaz gain, BidaIA aurkeztu da. ETEek beren prozesuetan Adimen Artifiziala modu egituratuan eta mailakatuan txertatzeko ibilbidea.
Adimen Artifiziala ETEen eraldaketa digitalean aurrera egiteko
Adimen Artifizialak zeregin garrantzitsua betetzen du ETEen eraldaketa digitalean. BidaIAk bere prozesuetan sartzeko eta lehiakortasunean irabazteko jarraitu behar duten bidea ordenatu nahi du.
BidaIAk ibilbide bat eskaintzen du ETE bakoitzak bere bidea egin dezan IAren adopzioan. Prozesua abiapuntua ezagutzea ahalbidetzen duen diagnostiko batekin hasten da. Ondoren, anbizio-maila zehazten da (ETEak noraino iritsi nahi duen), eta blokeka antolatutako aurrerapenetan zehazten da, pixkanaka eta modu errealistan. Helburua argia da: eraldaketa digitalaren palanka erabiltzea lehiakortasunean irabazteko.
ETEek laguntza izango dute ibilbide osoan. Eusko Jaurlaritzak, 28 milioi euro inbertitzeaz gain, SPRIren eta BAICen bidez gidatuko ditu ETEak. Trakzio-industriak ikuspegia emango du, eta Euskadiko IKT sektoreak adopzioa errazteko dituen gaitasun teknikoak.
BidaIAren aurkezpen horren ondoren, interesa duten ETEekin zuzenean lan egigo da. Aukera espezifikoak identifikatuko dira, eta haien prozesuak hobetzea ahalbidetuko duten hurrengo aurrerapenak aztertuko dira.
Aurkezpenean azpimarratu denez, Adimen Artifizialak ez du ETE bat eraldatzen probatzen denean, funtzionamenduaren parte bihurtzen denean baizik. Eta horixe da, hain zuzen ere, BidaIAren helburua: industria-arloko ETEei Adimen Artifiziala pixkanaka, modu praktikoan eta lehiakortasunean benetako inpaktua izanda txertatzen laguntzea.