Imanol Pradales lehendakariak adierazi du industria, finantzaketa eta berrikuntza direla Euskadiren garapen ekonomikoa sendotzeko lehiakortasunaren oinarria
Imanol Pradales lehendakariak hazkunde eta lehiakortasun-eredu propioaren aldeko apustua berretsi du, hiru zutabe nagusitan oinarritua (industria, finantzaketa eta berrikuntza), datozen hamarkadetan aberastasuna eta enplegua sortzea bermatzeko helburuarekin. El Correok antolatutako ‘Expectativas Económicas’ foroan eskainitako hitzaldian, Pradalesek nabarmendu du Euskadiko egoera sozioekonomikoa positiboa dela, baina ekonomia-sarearen ekitatean, kohesioan eta modernizazioan aurrera egitea eskatzen duten erronka batzuk daudela oraindik ere.
Lehendakariak adierazi duenez, egoera ekonomikoa sendoa da, baina hobetzeko tartea dago. Era berean, autokonplazentzian ez erortzeko beharraz ohartarazi du. Bere ustez, oraindik ere badira jorratu beharreko arrakalak, hala nola, belaunaldien arteko ekitatea, genero-desberdintasuna edo sektore publikoaren eta pribatuaren arteko desorekak. Lan Harremanetarako Euskal Esparrua sendotzen jarraitzeak duen garrantzia ere azpimarratu du, elkarrizketarako, hitzarmenerako eta konfrontaziorik gabeko giroa sustatuz.
Azkenik, Euskadin, gaur egun, lanean eta kotizatzen 1.036.000 pertsona ari direla aipatu du (errekorreko zifra da). Langabezia-tasa % 6 ingurukoa da eta Barne Produktu Gordinak hazkunde egonkorrari eusten dio. Aurreikuspenen arabera, aurtengo urtearen amaieran, % 2,3koa izango da. Era berean, GINI Indizeak baieztatzen du Euskal Autonomia Erkidegoan desberdinkeria Europako batezbestekoaren azpitik dagoela.
Industria, finantzaketa eta berrikuntza: Euskadiko ereduaren oinarria
Imanol Pradalesek gogorarazi duenez, herrialde-garapenak aurrea hartzea, epe luzera begirako ikuspegia eta arriskuak hartzeko gaitasuna eskatzen ditu. Horregatik, Euskadiko eredua hiru ardatz estrategikoren inguruan antolatuta dago:
Industria: Euskadi 2030 Industria Plana
Jaurlaritzak Euskadi 2030 Industria Plana onartu du, Europako Clean Industrial Deal delakoarekin lerrokatuta. Planak 3.900 milioi euroko inbertsio publikoa aurreikusten du 2028ra arte, kapital pribatuko beste 12.000 milioi euro mobilizatzeko helburuarekin.
Defentsa, Sustraitze eta Hazkunde Industrialaren Eredua izenekoaren ahalegin nagusiak honako hauetara bideratuko dira:
- Kanpoko shocken aurrean, egitura industriala sendotzea.
- Bultzada ematen duten industriak indartzea: siderurgia, automobilgintza, fabrikazio aurreratua, mugikortasun jasangarria eta energia, adibidez.
- Etorkizuneko sektoreetan espezializazio adimenduna bultzatzea: aeroespaziala, biosanitarioa, soluzio digital aurreratuak, sareak eta biltegiratzea, eta erregai berriztagarriak.
Jaurlaritzak eta Euskadiko enpresa handiek beste batzuekin batera zuzendutako 23 proiektu aktibatu dira dagoeneko, jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sustatzeko.
Finantzaketa: bultzada berria Euskadiko finantza-ekosistemari
Euskal Finantza Aliantza eratu zen martxoan, eta zabaltzen jarraitzen du, ahalmen finantzario handiko eragile berriekin. Jaurlaritzak azpimarratu du testuingurua aldatu egin dela 2008ko krisiaren eta ondore onartutako erregulazioaren ondoren (Basilea III). Gainera, 2020ko pandemiak eta Ukrainako inbasioak inbertsio publikoaren zein Euskadiko banketxeen enpresa-partaidetzaren itzulera ekarri zuen.
Estrategia hori indartzeko, epe luzera begirako zorpetzea 1.000 milioi euro handitzea baimentzen duen lege-proiektua onartu da, Finantzen Euskal Institutuari baliabide gehiago emateko. Funts horiek 2026ko aurrekontuan sartuta daude, eta inbertsio teknologikoetara, industrialetara eta azpiegitura zientifiko eta energetikoetara bideratuko dira, industria-hazkundearen ereduarekin bat etorriz.
Politika horren emaitzak dagoeneko bistakoak dira. Hala, zenbait enpresatan presentzia publikoa sendotu egin da: ITP, Artetxe, CAF edo Kaikun, adibidez. Bestalde, honako hauei lotutako eragiketa berriak bideratu ditu: Talgo, Ayesa/Ibermática, Uvesco/BM edo Grupo Aranía. Gainera, birfinantzaketa estrategikoak babestu ditu (Eroskirena, adibidez) eta potentzial handiko proiektu industrialak indartu ditu (Bridgestone, Guardian edo Balenciaga, esate baterako).
Nazioarteko inbertsio-funtsen ordez, ekonomia-sarearen errotzearekin konprometituta dauden eta kapital pazientea duten tokiko inbertitzaileak jartzea da helburua.
Lehendakariak, gainera, atzerriko inbertsio zuzen gehiago erakarri (bereziki greenfield) eta funtsezko aktiboak indartu beharra dagoela azpimarratu du, hala nola azpiegitura industrialak eta logistikoak, zentro teknologikoak, politika fiskal propioa eta zientziaren aldeko apustua.
Horrekin lotutako elementu osagarria da borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek (BGAE) bete dezaketen rola; izan ere, 32.000 milioi euro baino gehiagoko ondarea dute pilatuta. Eusko Jaurlaritza bere araudia berrikusten ari da baliabide horien zati bat herrialdearen eraldaketa ekonomikoa lortzeko lagungarria izan dadin.
Zientzia eta berrikuntza: etorkizuneko motor estrategikoa
Euskadiko ereduaren hirugarren zatia berrikuntza da eta, Euskadik hamarkada askotako aurrerapena du arlo horretan hainbat ekimeni esker: teknologia-parkeak eta Teknologia Zentroen Sarea, adibidez.
Europako estrategiak zehaztutakoarekin bat etorrita, Jaurlaritzak berrikuntzaren itsasargiak aktibatu eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana Euskadi 2030 izenekoa egokitu du, etorkizuneko lehiakortasunaren oinarri gisa lidergo zientifiko-teknologikoa indartuz.