Albisteak 12 ekaina, 2025

Eusko Jaurlaritzak ‘Industria Plana – Euskadi 2030’ aurkeztu du

“Industria indartsua eta lehiakorra garatzen jarraitu behar dugu, eta hori ezinbesteko baldintza da Herrialde gisa eta ongizatean hazteko”, azpimarratu du Imanol Pradalesek
-
  • “Plan honen berritasun nagusia proiektu eraldatzaileak dira, lehentasun estrategikoak errealitate bihurtzen dituztenak. Herrialde mailako lankidetzarako aukerak dira, industria-sare berria sortzeko”, adierazi du Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak.
  • Planak 20 proiektu eraldatzaile proposatzen ditu, eta 2028ra arte 3.900 milioi euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko industria-sarea eraldatzeko.

“Plan honek oinarriak ezartzen ditu Euskadi, ahal dugun neurrian, protagonista izan dadin Europak hasitako bidean. Europako berrindustrializazioan lurralde liderretako bat izateko oinarri nahikoak ditugu”. Hala definitu du Imanol Pradales Lehendakariak gaur goizean Mungiako Arteche familia-enpresaren laborategi elektrikoan aurkeztu den ‘Euskadi 2030 Industria Plana’.

dokumentu osoa deskarga dezakezu
* Dokumentu hauek aurretiazko bertsioak dira, azken tramitazioaren zain.

 

Lehendakariarekin batera izan dira Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburua eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua. Eusko Jaurlaritzaren industria-eraldaketarako eta etorkizuneko belaunaldientzako kalitate handiko lanpostuak sortzeko ildo estrategikoak gidatuko dituen dokumentuaren funtsezko ekintzak zehaztu ditu Pradalesek. “Industria indartsua eta lehiakorra garatzen jarraitu behar dugu, eta hori ezinbesteko baldintza da Herrialde gisa eta ongizatean hazteko”, azaldu du Pradalesek.

Industria Plan berriak 3.900 milioi euroko inbertsio publikoa jasoko du, eta inbertsio pribatuko 12.000 milioi euro bideratuko dira. Horrela, guztira 15.900 milioi publiko-pribatu mobilizatuko dira legegintzaldi honetan, Euskadiko industria-sarea eraldatzeko.

Industria Planak egungo sektore eragileetan (automobilgintzako osagaiak, mugikortasun jasangarria, fabrikazio aurreratua, energia, metalurgia) eta etorkizunekoetan (sektore aeroespaziala, biosanitarioa, soluzio digital aurreratuak, sare adimendunak eta biltegiratzea, erregai berriztagarriak) inbertitzea lehenesten du. I+G+b alorrean, digitalizazioan eta energia-azpiegitura berrietan egindako inbertsioa ere indartu egingo da. Planak 15 lehentasun estrategiko ditu, eta hauek dira nabarmentzekoak: enpresa-errotzea, atzerriko inbertsioa erakartzea, talentu berria garatzea, emakumeak industriara erakartzea, deskarbonizazioa, ETEen tamaina handitzea eta AAren erabilera bultzatzea.

Proiektu eraldatzaileak

Planak jasotzen dituen hogei proiektu eraldatzaileak —10 Eusko Jaurlaritza buru dela, eta 10 ekoizpen-sarearen ordezkari diren enpresak buru direla hiru ardatz nagusiren inguruan egituratzen dira: industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago. Halaber, Europako lehentasun estrategikoei erantzuten die: berrikuntza, deskarbonizazioa, autonomia estrategikoa eta desburokratizazioa, hala kontinentearen berrindustrializazio-prozesuari laguntzeko.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren hitzetan, “Plan honen berritasun nagusia proiektu eraldatzaileak dira, lehentasun estrategikoak errealitate bihurtzen dituztenak. Herrialde mailako lankidetzarako aukerak dira, industria-sare berria sortzeko; negozio-planen arabera arautuko dira, eta emaitzak eskatuko dira”.

“Ziurgabetasunaren aurrean, Herrialde gisa ditugun ziurtasunetan izan behar dugu konfiantza: industriaren eta lankidetzaren aldeko apustua, elkarlana. Orain da unea eta guri dagokigu”, amaitu du Jauregik.

Ikuspegi integrala eta estrategia partekatua

Lehendakariak nabarmendu du, halaber, egungo ezegonkortasun- eta ziurgabetasun-egoeran, “gure etorkizuna, zalantzarik gabe, industriak eta Europak ardazten dutela”. “Erabaki ausartak hartzeko garaia da, mundu aztoratu honetan, Europak berreskura dezan galdutako pisua berreskuratu eta ziurtatu dezan gure autonomia estrategikoa bi norabidetan: lehiakortasuna eta segurtasun integrala”, apustu egin du Pradalesek.

Testuinguru horretan, Plan berria bat dator Europako Batzordearen ‘Clean Industrial Deal’ekin, eta “Euskadin ditugun bi erronketan jartzen du arreta”, azaldu du Pradalesek. “Alde batetik —esan du—, energia-kontsumo handiko industrietan: premiazko laguntza behar dute deskarbonizatzeko, elektrifikatzeko eta kostu handiei, lehia global desleialari eta lehiakortasunari kalte egiten dioten erregulazio konplexuei aurre egiteko. Bestetik, teknologia garbien sektorean: etorkizuneko lehiakortasunaren muina dira eta eraldaketa industrialerako beharrezkoak”.

“Ikuspegi integraleko eta estrategia partekatuko” plan honen helburua da, Lehendakariak azpimarratu duenez, “Euskadik behar duen eraldaketa industrialerako ibilbide-orria proposatzea”. “Horretarako —adierazi du—, Euskadiren gaitasun guztiak aktibatu eta lerrokatu behar ditugu, eraldaketa ekonomikoa eta lehiakortasuna bultzatugure industria defendatu eta kalitatezko enplegua bermatu. Bizkor jardun behar dugu, gure indarguneei eta ahalmen industrial eta zientifiko-teknologikoari etekina ateratzeko. Erronka horretan dugu gure etorkizuna”.

Industria Plana 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin (ZTBP) eta Euskal Finantza Aliantzaren etorkizuneko Inbertsio Planarekin koordinatuta garatuko da, “ez dago garapen industrialik kapitalizazio teknologikorik gabe” sinetsita.

Planak gobernantza-sistema aitzindaria izango du, eta hauek osatuko dute: Industriaren Euskal Kontseiluak, Planaren Batzorde Estrategikoak eta Kudeaketa Teknikoko Bulego batek, SPRI Taldearen bidez: 17 kluster industrialen parte-hartze aktiboa eta BRTA – Basque Research & Technology Alliance aliantza du, eta horrek Euskadiko 17 zentro teknologiko eta ikerketa kooperatiboko zentroak biltzen ditu.

Gaur aurkeztutako dokumentua Eusko Jaurlaritzak egin du, erakunde publikoen, kluster industrialen, enpresa erakundeen, enpresa erreferenteen eta Europako Batzordearen laguntzarekin. Hemendik aurrera sozializazio-prozesua abiatuko da hainbat gizarte-, ekonomia- eta enpresa-eragilerekin, plana aberasteko eta proiektu eraldatzaileak sortzeko. Behin betiko bertsioa Gobernu Kontseiluan onartuko dute eta uda ostean Legebiltzarrera bidaliko dute.

Mugarri nagusiak

  • “Industria Planaren helburu nagusia da etorkizuneko belaunaldientzat kalitate handiko lanpostuak sortzeko oinarriak finkatzea. Enplegu egonkorra eta ondo ordaindua, gure seme-alaben nahiei erantzungo diena eta beren potentziala erabat Euskadin garatzeko aukera emango diena”.
  • Eusko Jaurlaritzak 3.900 milioi euroko inbertsio publikoaz hornituko du plana, inbertsio pribatuko 12.000 milioi euro bultzatuko ditu eta, horrela, guztira 15.900 milioi mobilizatuko dira legegintzaldi honetan.
  • Diru-kopuru hori gure industria-sarea bultzatzeko baliabide publikoen % 50 gehiago da, eta, aldi berean, laguntza-programen guztizko kopurua % 50 murriztuko da. “Hala, programa gutxiago baina indartsuagoak izango ditugu”.
  • Euskadik Europaren berrindustrializazioari egiten dion ekarpena zehazten du planak, eta bat dator Europako ardatz nagusiekin: berrikuntza, deskarbonizazioa, autonomia estrategikoa eta desburokratizazioa.
  • “Europa ezin da jokoz kanpo gelditu maila globaleko lehiaketa teknologiko eta industrialean. Europako berrindustrializazioaren protagonista izan daiteke Euskadi, eta hala izan behar du, gure indar teknologiko eta industrialari esker”. 
  • Planak jarduteko hiru ardatzei eusten die: Industria Gehiago, Industria Hobea eta Emisio Gutxiago. 15 lehentasun estrategiko ditu, eta hauek dira nabarmentzekoak: enpresa-errotzea, atzerriko inbertsioa erakartzea, talentu berria garatzea, emakumeak industriara erakartzea, deskarbonizazioa, ETEen tamaina handitzea eta AAren erabilera bultzatzea.
  • Planak desburokratizazioa gehitu du jarduera-ardatz berri gisa, industria-inbertsio berriak onartzeko epeak % 30 murrizteko asmoz.
  • Egungo sektore eragileetan (automobilgintzako osagaiak, mugikortasun jasangarria, fabrikazio aurreratua, energia, metalurgia) eta etorkizunekoetan (sektore aeroespaziala, biosanitarioa, soluzio digital aurreratuak, sare adimendunak eta biltegiratzea, erregai berriztagarriak) inbertitzearen alde egiten du planak.
  • Planak I+G+b alorreko inbertsioaren, digitalizazioaren eta gure industria-sarearen deskarbonizazioaren alde egiten jarraituko du, eta bultzada handiagoa emango dio energia-azpiegitura eta azpiegitura digital berriak garatzeari.
  • Dagoeneko martxan dauden 20 proiektu eraldatzailerekin hasiko da plana egikaritzen; 10ek lidergo publikoa dute eta beste 10ek pribatua.
  • “Plan honen berritasun nagusia proiektu eraldatzaileak dira, lehentasun estrategikoak errealitate bihurtzen dituztenak. Herrialde mailako lankidetzarako aukerak dira, industria-sare berria sortzeko; negozio-planen arabera arautuko dira, eta emaitzak eskatuko dira”.
  • Industria Planak bi noranzkoko lotura du bai ZTBPrekin —Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2030 Plana—, bai Euskal Finantza Aliantzaren inbertsio-plan berriarekin. “Ez dago garapen industrialik kapitalizazio teknologikorik gabe”.

 

Euskadi 2030 Industria Plana. Laburpen exekutiboa dokumentu osoa ere deskarga dezakezu
* Dokumentu hauek aurretiazko bertsioak dira, azken tramitazioaren zain.

Lotutako albisteak

Lehendakariak  Industria  Defendatzeko  Taldearen  bilerarako  deia  egin  du,  Ekialde  Hurbileko  gerra-egoeraren  gorakadaren  aurrean

Lehendakariak Industria Defendatzeko Taldearen bilerarako deia egin du, Ekialde Hurbileko gerra-egoeraren gorakadaren aurrean

Euskadik enpresa-presentzia handia du gatazka-guneetan; Eusko Jaurlaritzak 42 euskal enpresa eta 63 industria- eta merkataritza-ezarpen detektatu ditu. “Euskaditik ezin dugu munduko egoera geopolitikoa kontrolatu, baina bizkor erantzun dezakegu gure industria babesteko”, azpimarratu du lehendakariak

Imanol  Pradales:  “Euskadi  ‘industria  bizkortzeko  eremua’  izendatzeko  lan  egingo  dugu”

Imanol Pradales: “Euskadi ‘industria bizkortzeko eremua’ izendatzeko lan egingo dugu”

Lehendakariak iragarri du gai hori Espainiako gobernuarekin duen aldebiko agendara eramango duela, Bruselara egin duen hirugarren bidaia ofizialean; izan ere, Europako Batzordeak Industria Bizkortzeko Legearen proiektua aurkeztu du

Jauregik  Renove  Smart  Industry  programa  abian  jarriko  dela  iragarri  du,  euskal  industriaren  modernizazio  teknologikoa  bizkortzeko

Jauregik Renove Smart Industry programa abian jarriko dela iragarri du, euskal industriaren modernizazio teknologikoa bizkortzeko

Programak 9 milioi euroko zuzkidura du, euskal industriari makineria berria eta ekipamendu aurreratua erosten laguntzeko. Industriako sailburuak BIEMH 2026an —Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoan— parte hartzen duten Fabrikazio Aurreratuko enpresa txiki eta ertainei babesa ematen die

Lehendakariak  goraipatu  egin  du  euskal  enpresek  ‘Made  In  Euskadi’  produktuaren  ospea  bermatzeko  egin  duten  ahalegina

Lehendakariak goraipatu egin du euskal enpresek ‘Made In Euskadi’ produktuaren ospea bermatzeko egin duten ahalegina

Imanol Pradalesek deia egin du industria babesteko eta Europako berrindustrializazioaren harira datozen aukerak aprobetxatzeko

BIEMH  2026k  industria  modu  aktiboan  defendatzeko  duen  garrantzia  azpimarratu  du  Kortak

BIEMH 2026k industria modu aktiboan defendatzeko duen garrantzia azpimarratu du Kortak

BIEMH 2026ren inaugurazio ofiziala martxoaren 2an, astelehenean, izango da, eta Imanol Pradales lehendakaria izango da buru

Euskadi  funtsezkoa  izango  da  etorkizuneko  motor  aeronautikoen  belaunaldi  berriaren  garapenean,  lehen  proiektu  eraldatzaile  industrialari  esker

Euskadi funtsezkoa izango da etorkizuneko motor aeronautikoen belaunaldi berriaren garapenean, lehen proiektu eraldatzaile industrialari esker

Proiektu eraldatzailea beste urrats bat da Euskadiko industria aeronautikoaren garapenean. Abiazio komertzialeko motorren hurrengo belaunaldirako funtsezko teknologien garapena ahalbidetuko du, besteak beste. Proiektuak hurrengo hiru urteetarako 110 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, eta horietatik 60 milioi euro baino gehiago I+Garen eta teknologia-garapenaren arlokoak izango dira

Industrian  eragina  duten  bi  “paradoxak”

Industrian eragina duten bi “paradoxak”

Malguagoak izan behar dugu, eta Europarekin adostu behar dugu zor publiko horretarako beste esparru bat, gure enpresa askotan pilatzen dena eta etorkizunean bideraezin bihurtzen dituena".Eusko Jaurlaritza prest agertu da gainerak

Indar  Karterak,  BBK  Fundazioak,  Eusko  Jaurlaritzak  eta  Tekneik  osaturiko  partzuergoak  Ayesa  Digital  erosi  du  480  m€-ren  truke

Indar Karterak, BBK Fundazioak, Eusko Jaurlaritzak eta Tekneik osaturiko partzuergoak Ayesa Digital erosi du 480 m€-ren truke

Antzinako Ibermáticaren erabaki-zentroa Euskadira itzultzea dakar. Horrela, Euskadik lider digital baten aldeko apustua egin du euskal industriaren garapenerako estrategikoa den sektore batean, zeinak ezagutza aurreratuko lanpostuak sortzen baititu EAEko hiru lurraldeetan

Mikel  Jauregik  Euskadi  2030  Industria  Plana  aurkeztu  du  Eusko  Legebiltzarrean,  “gure  seme-alabentzat  kalitatezko  lanpostuak  sortzeko  helburuarekin”

Mikel Jauregik Euskadi 2030 Industria Plana aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, “gure seme-alabentzat kalitatezko lanpostuak sortzeko helburuarekin”

"Ziurgabetasun ia erabatekoa dagoen une honetan, plan honek gure ziurtasunen aldeko apustua egiten du: industria gehiago eta Europa gehiago. Bai, Euskadin industria izan gara, industria gara eta industria izaten jarraitu nahi dugu. Ziurgabetasunaren aurrean, hauxe da gure ziurtasuna. Plan horrek gure industriari lagunduko dio jauzi kualitatibo bat ematen, gure herriaren...

Imanol  Pradales  lehendakariak  adierazi  du  industria,  finantzaketa  eta  berrikuntza  direla  Euskadiren  garapen  ekonomikoa  sendotzeko  lehiakortasunaren  oinarria

Imanol Pradales lehendakariak adierazi du industria, finantzaketa eta berrikuntza direla Euskadiren garapen ekonomikoa sendotzeko lehiakortasunaren oinarria

Lehendakariak El Correok antolatutako ‘Expectativas Económicas’ foroan hartu du parte

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.