Baikortasuna euskal industriako sektore gehienetan datorren seihilekoari begira

Joera positiboa da lehiakortasun-faktore guztietan: eskaerak, fakturazioa, esportazioa, enplegua eta I+G+B. Prezioen igoera da enpresen ardura handiena
-
  • Euskadiko 16 kluster-elkarteek Industria Abagunearen Behatokiaren bileran jakinarazi diote Iñigo Urkullu lehendakariari igurikipen positiboak dituztela, Ukrainiako gerrak eragindako ziurgabetasuna gainditu ondoren.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen Industria Abagunearen Behatokiaren (IAB) gaurko bilerak argi utzi du euskal industrian baikortasuna dela nagusi datorren seihilekoari begira. Euskadiko 16 klusterrak bi urterik behin biltzen dituen topaketa honek aztergai hartzen ditu Euskadiko sektore industrialen adierazle nagusiak, eta baliagarria da hurrengo sei hilabeteetan datorrenari buruzko argazki bat egiteko.

Aurreikuspen positiboak dira nagusi aztertutako parametro guztietan (eskaerak, fakturazioa, esportazioa, enplegua eta I+G+B). Alde handia dago duela urtebete, alegia, Ukrainian gerra hasi zenean eginiko aurreikuspenekin, egoera hark sekulako ziurgabetasuna sortu baitzuen eta ia sektore guztiek moderatu baitzituzten euren aurreikuspenak.

Nazioarteko egoera hori dela medio, lehengaien prezioek gorantz jarraitzen dute, eta horrek eragina du balio-kate osoan. Halere, euskal kluster gehienek aurreikusten dute hazkunde sostengatua izango dutela epe laburrean.

Lehendakariaz gain, bileran izan dira baita ere Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia eta Euskadiko klusterren dinamizaziorako 16 erakundeetako (KDE) ordezkariak: garraioak, mugikortasuna eta logistika (MLC), aeronautika (Hegan), galdaketa eta forjaketa (AFV), automobilgintza (Acicae), energia (Energia klusterra), bio-osasuna (Basque Health Cluster), eraikuntza (Eraikune), EIKTak eta ezagutza (Gaia), trenbide-ekipoak (Mafex), habitata, zura, bulegoak eta contract (Habic), elikadura (Euskadiko Elikaduraren KLusterra), itsas-industriak (FMV), fabrikazioko teknologia aurreratuak (AFM), ingurumena (Aclima), papera (Paperaren Klusterra), eta siderurgiako produktu eta instalazioak (Siderex).

Oro har, euskal industriaren eskaera-zorroak sendo jarraitzen du, 16 klusterretatik 9k (aurreko seihilekoan bat gutxiagok) espero baitute hobetzea eta beste lauk mantentzea.

Fakturazioan ere aurreikuspenak positiboak dira, 11k espero baitute haztea eta beste 5ek mantentzea. Inork ez du uste diru-sarrerak gutxituko direnik. Aurreko seihilekoan, 13 klusterrek hobetu egin zuten euren fakturazioa. Kapitulu honetan aipatzekoa da prezioen igoeraren eragina, produkzioa ez baita hazi neurri berean.

Esportazioak ere bide onetik doaz, kluster guztiek espero baitute euren kanpo merkataritza mantentzea (8) edo hobetzea (8) datorren seihilekoan. Neurri batean, nazioarteko azoken berraktibazioari zor zaio hori, eta baita ere prezioen igoerari. Neurri txikiagoan bada ere, eragina izan du orobat Asiatik ekartzen ziren zenbait produkzio Europara itzuli izanak. Euro-dolar arteko kanbioa ere nabaritu da, eta kezka sortu du joera protekzionistek AEBak edo Txina bezalako herrialdeetan izan duten hazkundeak.

Enplegu arloko aurreikuspenak aurreko seihilekoko berberak dira: 9 klusterrek aurreikusi dute plantilla eta enpresa-kopurua handituko direla, eta beste 7k mantendu egingo direla. Inork ez du espero arlo honetan okerrera egitea. Baina  kezkagarria da langile kualifikatuak eta profil teknologikoak aurkitzeko zailtasuna.

Azkenik, I+G+B-k hazten jarraituko du. Halaxe espero dute 9 klusterrek, eta beste 6k uste dute lortuko dutela arlo horretako jarduera mantentzea. Digitalizazioa eta deskarbonizazioa dira proiektu berritzaile askoren bektore bultzatzaileak. Baliteke I+G+B-ko dirulaguntzak eskuratzeko Sortu+Hazi Legeak hornitzaileen ordainketa-epeei buruz ezarritako eskakizunak eragina izatea zenbait eskaeratan.

 

Sektoreka

Datuak sektoreka aztertuz gero, hainbat berezitasun ageri dira:

 

Aeronautika: Aurreko seihilekoan parametro guztietan (aztergai izan ditugunetan) hazi ondoren, aurreikuspenek baikor jarraitzen dute, “baikortasun moderatuarekin jardueran eta susperraldia antzemanez merkatuan”, aireko trafikoa berrabiarazi egin delako pandemiako geldialdiaren ostean. I+G-ko zifrek hazkunde handia izan dute, eta uste da mantendu egingo direla. Orain talentua erakarri eta atxikitzea da erronka handienetako bat. Euskal sektorea dibertsifikatu egin da.

Elikadura: Prezioen igoera izan da sektore honen ezaugarri nagusia; horrek fakturazio handiagoa ekarri du, nahiz eta marjinak eta errentagarritasuna gutxitu egin diren. Espero da prezioen igoera moderatzea eta esportazioak hobetzea. Enplegua (% 58 emakumeak dira) mantendu egingo da eta I+G handitu,  jasangarritasun arloko legeriari egokitzeko.  Sektoreak baikortasunez begiratzen dio hurrengo seihilekoari.

Automobilgintza: Oraindik ziurgabetasuna da nagusi, baina sektoreak “lehiakortzat eta erresistentetzat” dauka bere burua. Espero da eskaerak eta I+G hazi egingo direla, eta gainerako adierazleek berdin jarraituko dutela, betiere inflazioaren bilakaeraren arabera.

Bio-osasuna: Kluster honek aurreikusten du hazkunde sostengatuari eutsiko diola datozen sei hilabeteetan. Izan ere, horixe da aurreikuspena aztertu diren parametro guztietan, salbu eta eskaeretan; kasu horretan, egungo bolumena mantentzea da helburua.

Eraikuntza: Sektore honek ere hobetu egin ditu etorkizun hurbilerako aurreikuspenak. Aurreko seihilekoarekin alderatuta, eskaerak, fakturazioa, enplegua eta I+G handitzea espero du. Esportazioak bakarrik mantenduko dira orain arteko mailan.

Energia: Trantsizio energetikoa dela medio, sektore honek baikortasun handiz begiratzen dio etorkizunari. Euskadik arlo hauetan fakturatzen du gehien: sare elektrikoetan (euskal enpresak oso ongi posizionatuta daude), energia eolikoan (ziurgabetasuna dago turbina fabrikatzaileen artean) eta oil&gas sektorean (susperraldian  dago erregaien prezio altuagatik). Sektore honetan ere igartzen da profil teknikoen eskasia (ingeniaritzak eta Lanbide Heziketa). Hauek dira aukera gehien eskaintzen dituzten arloak: hidrogenoaren teknologiak, deskarbonizazioa, itsasoko energia eolikoa…

Trenbideak: Hazkunde-testuinguru orokortu batean eta aurreko seihilekoarekin alderatuta, I+G arloko aurreikuspenak hobetu dira batez ere. Asmoa da eskaerak, fakturazioa, enplegua eta enpresa-kopurua hobetzea. Printzipioz, esportazioek bere horretan jarraituko dute. Sektore honetan ere nabari da pertsonal espezializatua aurkitzeko zailtasuna.

Galdaketa eta forjaketa: Energiaren eta lehengaien prezioen igoerak gogorren kolpatu duen sektoreetako bat da. Prezioak egonkortu egin dira, baina gerra hasi aurretik baino garestiago daude. Horregatik, kluster honek zuhur jokatu nahi du.  Produkzioa apur bat handitzea espero da. Antzeman da badagoela joera Asian deslokalizatutako hainbat proiektu berriro Euskadira ekartzeko (reshoring).

Habitata, zura, bulegoak eta Contract: Sektore honen kezka handiena energiaren kostuak dira, aldiz, pleiteen eta lehengaien egoerak hobera egin du. Sektore honetako enpresentzat kezkagarriak dira baita ere interes-tasak. Desazelerazio bat antzeman da eskaeran, nahiz eta 2022ko fakturazioa positiboa izan den eta esportazioek erritmo onarekin jarraitzen duten.

Itsas-industriak: Perspektibak aurreko seihilekokoak baino hobeak dira. 2022a urte ona izan da, eta ontziolen zorroan 14 itsasontzi daude, gehienak esportaziorako. Hori bai, itsas sektoreko PERTE planek hasieran aurreikusitakoa baino proiektu gutxiago ekarriko dute.

Ingurumena: 2022an jarduera mantentzea lortu ondoren, haztea da aurtengo asmo nagusia. Giro oso ona dago inbertsio berriak egiteko, batik bat hondakinen kudeaketa arloan. Enpleguan ere igartzen da giro positibo hori –aholkularitza aurreratuko eta ingurumen arloko ingeniaritzako eskaera altuarekin–, eta baita ere I+G-n, Next Generation funtsei esker.

Papera: Joan den urtearen amaieran berau zen aurreikuspen ilunenak zituen klusterra, Ukrainiako gerraren ondorioz ikaragarri igo diren prezio energetikoengatik. Datorren seihilekorako aurreikuspenek diote ez duela okerrera egingo, baizik eta mantendu egingo dela. Ez dago eskaera berriz aktibatuko dela iradokitzen duen zantzurik. Zenbait enpresa aldi baterako enplegu erregulazio egoeran daude, nahiz eta termino globaletan enplegua mantentzea espero den, eta inbertsioak gelditu egin dira.

Siderurgia: Aurreko seihilekoarekin alderatuta, bere horretan mantentzea espero da. Energiaren kostuek eragin handia izan dute sektore honetan, baina halere jakin du egokitzen. Marjinak jaitsita, lortu du lan-kargari eustea. Frantziak eta Alemaniak merkatu garrantzitsuenak izaten jarraitzen dute, eta AEBak garrantzi handia hartzen ari dira.

Fabrikazio aurreratua: 2022ko hazkundearen ostean, eskaera gutxiago espero dira seihileko honetarako, zeren ezarri diren hozte-neurriek eta interes-tasen igoerak moteldu egin baitute eskaera. Baina fakturazioak gorantz jarraituko du, eta baita ere esportazioek, are gehiago Txinako merkatuaren berrirekieraren ondoren. Sektoreak 16.500 langile enplegatzen dituzten 750 enpresa biltzen ditu, eta espero da kontratazioa apur bat handitzea eta I+G-a % 5 inguruan kokatzea. Eskuko erreminten arloari dagokionez, mantentzera joko du.

EIKTak: Batetik, trantsizio digitala, energetikoa eta soziosanitarioa onuragarriak dira sektore honentzat. Baina, bestetik, zailtasunak ditu lehengaien hornikuntzarako (bereziki mikroelektronikako piezak eta erdi-eroaleak lortzeko), eta beste sektore batzuen arazo bera du, hau da, langileak behar dira profil teknologiko eta espezializatuetako 1.000tik gora lanpostu huts betetzeko.  Oro har, badirudi sektorea hazi egingo dela 2023an.

Garraioak, mugikortasuna eta logistika: Sektorea baikorra da pandemia aurreko jarduera-mailara itzuli ostean. Nazioarteko hornikuntza-kateetako tentsioak aukerak sortu ditu logistika arloan, ibilbide eta konponbide berriekin. Enpleguak pandemia aurreko zifren gainetik jarraitzen du, enpresa-kopurua mantendu egin da, eta azken urteetako enpresen kontzentrazioa moteldu egin da.

 

Lotutako albisteak

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
31/07/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Iritsi dira enpresetako eta erakundeetako profesional gehienentzako beharrezko atseden-asteak, baita Euskadiko Klusterrentzako ere. Erlaxatzeko eta udako oporren ondoren beste bultzada bat hartzeko garaia.

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
24/07/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Sortu zirenetik, Klusterren Dinamizazio Erakundeak hobekuntza-prozesu batean murgilduta egon dira, baina orain beren kudeaketa beste esparru batera dago bideratuta: beren ekintza-esparru estrategikoen gaineko ekintza-planak inplementatzeko lankidetza-piramidea pixkanaka garatzera.

EEusko  jaurlaritzak,  Ekarpenekin  eta  Velorarekin  batera,  etapa  berri  bat  bultzatuko  du  Vicinayrentzat,  offshore  eolikoaren  aldeko  apustu  estrategiko  batekin
22/07/2026 Finantziazioa

EEusko jaurlaritzak, Ekarpenekin eta Velorarekin batera, etapa berri bat bultzatuko du Vicinayrentzat, offshore eolikoaren aldeko apustu estrategiko batekin

Eragiketak bermatuko du konpainiaren errotze industriala Euskadin, eta 200 enplegu inguru sustatzeko balioko du eta trantsizio energetikorako funtsezko balio-kate bat indartuko du

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
17/07/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Sektoreko enpresen arteko lankidetza teknikoa eta komertziala sustatuz. Euskadin, kluster-sare handi bat sortu dugu, enpresen lehiakortasuna handitzeko euren arteko lankidetzaren bitartez eta erakundeen eta unibertsitateen laguntza baliatuz, eta horrela lortu dugu euskal industria-sarea sendotzea.

Balenciaga  Shipyardek  bere  jarduerari  ekin  dio  berriro,  jabetza  berriko  lehen  ontziaren  gila  jarrita

Balenciaga Shipyardek bere jarduerari ekin dio berriro, jabetza berriko lehen ontziaren gila jarrita

Mikel Jauregi, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua: “100 urteren ondoren Balenciagak berriro etorkizuna duela ospatzen ari gara gaur. Hilabete asko izan dira hotzez eta hodei beltzez beteta, baina inoiz ez dugu itxaropena galdu. Langileei eta haien familiei eskerrak eman nahi dizkiet Balenciagarengan sinesteagatik eta haien etorkizunaren alde lan egiteagatik erakundeekin...

Eusko  Jaurlaritzak  50  milioi  euroko  Arrisku  Kapitaleko  Funtsa  sortu  du  Euskadiko  industriako  ETEen  tamaina,  lehiakortasuna  eta  eraldaketa  indartzeko

Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euroko Arrisku Kapitaleko Funtsa sortu du Euskadiko industriako ETEen tamaina, lehiakortasuna eta eraldaketa indartzeko

Lehenengo eragiketa gauzatu da jada, eta horri esker, Walter Pack industriak arrakastaz itxi du 10 milioi euroko finantzaketa-erronda. Erronda inbertitzaile pribatu batek (Stellum Growth) gidatu du; horrez gain, arrisku-kapital publikoko funtsen babesa ere izan du: EZTEN II FCR funtsa eta Seed Capital Bizkaia

Lortu  Berria:  industria-hazkundea  eta  -lehiakortasuna  mugatu  aurretik  kontuan  hartu  beharreko  seinaleak
13/07/2026 Finantziazioa

Lortu Berria: industria-hazkundea eta -lehiakortasuna mugatu aurretik kontuan hartu beharreko seinaleak

Lortu Berria aholkularitza adituko programak industria-enpresei eta industria-produktuari edo -prozesuari lotutako zerbitzu-enpresei laguntzen die hazteko, inbertitzeko edo erronka berriei aurre egiteko gaitasuna baldintza dezaketen finantza-, antolaketa- eta sozietate-faktoreak identifikatzen. 1.200.000 euroko aurrekontua duen zerbitzu honek 500 ordura arteko adituen laguntza eskaintzen du. Lehen fasea %100ean diruz laguntzen da, eta bigarrena...

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
10/07/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Udaren atarian, Euskadiko Klusterrek sektoreko enpresen arteko lankidetza teknikoa eta komertziala sustatzen jarraitzen dute: enpresen arteko koordinazioa, informazio garrantzitsua eskuratzea, ezagutza eta aukerak gurutzatzea...

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
03/07/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Euskadiko klusterrek berrikuntza teknologikoa, nazioartekotzea eta enpresa-berrikuntza eskaintzen dituzte. Beren helburua da beren kideen arteko lankidetza sustatzea kluster bakoitzaren erronka estrategikoei aurre egiterakoan, ETEak indartzera bideratutako estrategia argi baten barruan.

Euskadiko  industria-lehiakortasuna  hazi,  dibertsifikatu  eta  indartzeko  inbertsio  berriak  bultzatzen  ditu  Dibertsifika  2026  programak
29/06/2026 Finantziazioa

Euskadiko industria-lehiakortasuna hazi, dibertsifikatu eta indartzeko inbertsio berriak bultzatzen ditu Dibertsifika 2026 programak

Euskal industria-enpresei hazteko, beren jarduera dibertsifikatzeko eta beren lehia-posizioa indartzeko aukera emango dieten ekoizpen-inbertsioko proiektuei laguntzeko 54 milioi euro bideratuko ditu Dibertsifika 2026 programa berriak. Programak deialdi bakar batean finkatzen du orain arte Indartu eta Gauzatu Industriak eskaintzen zuten laguntza, eta, hala, erraztu egiten du enpresa-eraldaketako proiektu estrategikoei ekiteko behar...

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.