Albisteak 29 Marzo, 2023

Baikortasuna euskal industriako sektore gehienetan datorren seihilekoari begira

Joera positiboa da lehiakortasun-faktore guztietan: eskaerak, fakturazioa, esportazioa, enplegua eta I+G+B. Prezioen igoera da enpresen ardura handiena
-
  • Euskadiko 16 kluster-elkarteek Industria Abagunearen Behatokiaren bileran jakinarazi diote Iñigo Urkullu lehendakariari igurikipen positiboak dituztela, Ukrainiako gerrak eragindako ziurgabetasuna gainditu ondoren.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen Industria Abagunearen Behatokiaren (IAB) gaurko bilerak argi utzi du euskal industrian baikortasuna dela nagusi datorren seihilekoari begira. Euskadiko 16 klusterrak bi urterik behin biltzen dituen topaketa honek aztergai hartzen ditu Euskadiko sektore industrialen adierazle nagusiak, eta baliagarria da hurrengo sei hilabeteetan datorrenari buruzko argazki bat egiteko.

Aurreikuspen positiboak dira nagusi aztertutako parametro guztietan (eskaerak, fakturazioa, esportazioa, enplegua eta I+G+B). Alde handia dago duela urtebete, alegia, Ukrainian gerra hasi zenean eginiko aurreikuspenekin, egoera hark sekulako ziurgabetasuna sortu baitzuen eta ia sektore guztiek moderatu baitzituzten euren aurreikuspenak.

Nazioarteko egoera hori dela medio, lehengaien prezioek gorantz jarraitzen dute, eta horrek eragina du balio-kate osoan. Halere, euskal kluster gehienek aurreikusten dute hazkunde sostengatua izango dutela epe laburrean.

Lehendakariaz gain, bileran izan dira baita ere Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia eta Euskadiko klusterren dinamizaziorako 16 erakundeetako (KDE) ordezkariak: garraioak, mugikortasuna eta logistika (MLC), aeronautika (Hegan), galdaketa eta forjaketa (AFV), automobilgintza (Acicae), energia (Energia klusterra), bio-osasuna (Basque Health Cluster), eraikuntza (Eraikune), EIKTak eta ezagutza (Gaia), trenbide-ekipoak (Mafex), habitata, zura, bulegoak eta contract (Habic), elikadura (Euskadiko Elikaduraren KLusterra), itsas-industriak (FMV), fabrikazioko teknologia aurreratuak (AFM), ingurumena (Aclima), papera (Paperaren Klusterra), eta siderurgiako produktu eta instalazioak (Siderex).

Oro har, euskal industriaren eskaera-zorroak sendo jarraitzen du, 16 klusterretatik 9k (aurreko seihilekoan bat gutxiagok) espero baitute hobetzea eta beste lauk mantentzea.

Fakturazioan ere aurreikuspenak positiboak dira, 11k espero baitute haztea eta beste 5ek mantentzea. Inork ez du uste diru-sarrerak gutxituko direnik. Aurreko seihilekoan, 13 klusterrek hobetu egin zuten euren fakturazioa. Kapitulu honetan aipatzekoa da prezioen igoeraren eragina, produkzioa ez baita hazi neurri berean.

Esportazioak ere bide onetik doaz, kluster guztiek espero baitute euren kanpo merkataritza mantentzea (8) edo hobetzea (8) datorren seihilekoan. Neurri batean, nazioarteko azoken berraktibazioari zor zaio hori, eta baita ere prezioen igoerari. Neurri txikiagoan bada ere, eragina izan du orobat Asiatik ekartzen ziren zenbait produkzio Europara itzuli izanak. Euro-dolar arteko kanbioa ere nabaritu da, eta kezka sortu du joera protekzionistek AEBak edo Txina bezalako herrialdeetan izan duten hazkundeak.

Enplegu arloko aurreikuspenak aurreko seihilekoko berberak dira: 9 klusterrek aurreikusi dute plantilla eta enpresa-kopurua handituko direla, eta beste 7k mantendu egingo direla. Inork ez du espero arlo honetan okerrera egitea. Baina  kezkagarria da langile kualifikatuak eta profil teknologikoak aurkitzeko zailtasuna.

Azkenik, I+G+B-k hazten jarraituko du. Halaxe espero dute 9 klusterrek, eta beste 6k uste dute lortuko dutela arlo horretako jarduera mantentzea. Digitalizazioa eta deskarbonizazioa dira proiektu berritzaile askoren bektore bultzatzaileak. Baliteke I+G+B-ko dirulaguntzak eskuratzeko Sortu+Hazi Legeak hornitzaileen ordainketa-epeei buruz ezarritako eskakizunak eragina izatea zenbait eskaeratan.

 

Sektoreka

Datuak sektoreka aztertuz gero, hainbat berezitasun ageri dira:

 

Aeronautika: Aurreko seihilekoan parametro guztietan (aztergai izan ditugunetan) hazi ondoren, aurreikuspenek baikor jarraitzen dute, “baikortasun moderatuarekin jardueran eta susperraldia antzemanez merkatuan”, aireko trafikoa berrabiarazi egin delako pandemiako geldialdiaren ostean. I+G-ko zifrek hazkunde handia izan dute, eta uste da mantendu egingo direla. Orain talentua erakarri eta atxikitzea da erronka handienetako bat. Euskal sektorea dibertsifikatu egin da.

Elikadura: Prezioen igoera izan da sektore honen ezaugarri nagusia; horrek fakturazio handiagoa ekarri du, nahiz eta marjinak eta errentagarritasuna gutxitu egin diren. Espero da prezioen igoera moderatzea eta esportazioak hobetzea. Enplegua (% 58 emakumeak dira) mantendu egingo da eta I+G handitu,  jasangarritasun arloko legeriari egokitzeko.  Sektoreak baikortasunez begiratzen dio hurrengo seihilekoari.

Automobilgintza: Oraindik ziurgabetasuna da nagusi, baina sektoreak “lehiakortzat eta erresistentetzat” dauka bere burua. Espero da eskaerak eta I+G hazi egingo direla, eta gainerako adierazleek berdin jarraituko dutela, betiere inflazioaren bilakaeraren arabera.

Bio-osasuna: Kluster honek aurreikusten du hazkunde sostengatuari eutsiko diola datozen sei hilabeteetan. Izan ere, horixe da aurreikuspena aztertu diren parametro guztietan, salbu eta eskaeretan; kasu horretan, egungo bolumena mantentzea da helburua.

Eraikuntza: Sektore honek ere hobetu egin ditu etorkizun hurbilerako aurreikuspenak. Aurreko seihilekoarekin alderatuta, eskaerak, fakturazioa, enplegua eta I+G handitzea espero du. Esportazioak bakarrik mantenduko dira orain arteko mailan.

Energia: Trantsizio energetikoa dela medio, sektore honek baikortasun handiz begiratzen dio etorkizunari. Euskadik arlo hauetan fakturatzen du gehien: sare elektrikoetan (euskal enpresak oso ongi posizionatuta daude), energia eolikoan (ziurgabetasuna dago turbina fabrikatzaileen artean) eta oil&gas sektorean (susperraldian  dago erregaien prezio altuagatik). Sektore honetan ere igartzen da profil teknikoen eskasia (ingeniaritzak eta Lanbide Heziketa). Hauek dira aukera gehien eskaintzen dituzten arloak: hidrogenoaren teknologiak, deskarbonizazioa, itsasoko energia eolikoa…

Trenbideak: Hazkunde-testuinguru orokortu batean eta aurreko seihilekoarekin alderatuta, I+G arloko aurreikuspenak hobetu dira batez ere. Asmoa da eskaerak, fakturazioa, enplegua eta enpresa-kopurua hobetzea. Printzipioz, esportazioek bere horretan jarraituko dute. Sektore honetan ere nabari da pertsonal espezializatua aurkitzeko zailtasuna.

Galdaketa eta forjaketa: Energiaren eta lehengaien prezioen igoerak gogorren kolpatu duen sektoreetako bat da. Prezioak egonkortu egin dira, baina gerra hasi aurretik baino garestiago daude. Horregatik, kluster honek zuhur jokatu nahi du.  Produkzioa apur bat handitzea espero da. Antzeman da badagoela joera Asian deslokalizatutako hainbat proiektu berriro Euskadira ekartzeko (reshoring).

Habitata, zura, bulegoak eta Contract: Sektore honen kezka handiena energiaren kostuak dira, aldiz, pleiteen eta lehengaien egoerak hobera egin du. Sektore honetako enpresentzat kezkagarriak dira baita ere interes-tasak. Desazelerazio bat antzeman da eskaeran, nahiz eta 2022ko fakturazioa positiboa izan den eta esportazioek erritmo onarekin jarraitzen duten.

Itsas-industriak: Perspektibak aurreko seihilekokoak baino hobeak dira. 2022a urte ona izan da, eta ontziolen zorroan 14 itsasontzi daude, gehienak esportaziorako. Hori bai, itsas sektoreko PERTE planek hasieran aurreikusitakoa baino proiektu gutxiago ekarriko dute.

Ingurumena: 2022an jarduera mantentzea lortu ondoren, haztea da aurtengo asmo nagusia. Giro oso ona dago inbertsio berriak egiteko, batik bat hondakinen kudeaketa arloan. Enpleguan ere igartzen da giro positibo hori –aholkularitza aurreratuko eta ingurumen arloko ingeniaritzako eskaera altuarekin–, eta baita ere I+G-n, Next Generation funtsei esker.

Papera: Joan den urtearen amaieran berau zen aurreikuspen ilunenak zituen klusterra, Ukrainiako gerraren ondorioz ikaragarri igo diren prezio energetikoengatik. Datorren seihilekorako aurreikuspenek diote ez duela okerrera egingo, baizik eta mantendu egingo dela. Ez dago eskaera berriz aktibatuko dela iradokitzen duen zantzurik. Zenbait enpresa aldi baterako enplegu erregulazio egoeran daude, nahiz eta termino globaletan enplegua mantentzea espero den, eta inbertsioak gelditu egin dira.

Siderurgia: Aurreko seihilekoarekin alderatuta, bere horretan mantentzea espero da. Energiaren kostuek eragin handia izan dute sektore honetan, baina halere jakin du egokitzen. Marjinak jaitsita, lortu du lan-kargari eustea. Frantziak eta Alemaniak merkatu garrantzitsuenak izaten jarraitzen dute, eta AEBak garrantzi handia hartzen ari dira.

Fabrikazio aurreratua: 2022ko hazkundearen ostean, eskaera gutxiago espero dira seihileko honetarako, zeren ezarri diren hozte-neurriek eta interes-tasen igoerak moteldu egin baitute eskaera. Baina fakturazioak gorantz jarraituko du, eta baita ere esportazioek, are gehiago Txinako merkatuaren berrirekieraren ondoren. Sektoreak 16.500 langile enplegatzen dituzten 750 enpresa biltzen ditu, eta espero da kontratazioa apur bat handitzea eta I+G-a % 5 inguruan kokatzea. Eskuko erreminten arloari dagokionez, mantentzera joko du.

EIKTak: Batetik, trantsizio digitala, energetikoa eta soziosanitarioa onuragarriak dira sektore honentzat. Baina, bestetik, zailtasunak ditu lehengaien hornikuntzarako (bereziki mikroelektronikako piezak eta erdi-eroaleak lortzeko), eta beste sektore batzuen arazo bera du, hau da, langileak behar dira profil teknologiko eta espezializatuetako 1.000tik gora lanpostu huts betetzeko.  Oro har, badirudi sektorea hazi egingo dela 2023an.

Garraioak, mugikortasuna eta logistika: Sektorea baikorra da pandemia aurreko jarduera-mailara itzuli ostean. Nazioarteko hornikuntza-kateetako tentsioak aukerak sortu ditu logistika arloan, ibilbide eta konponbide berriekin. Enpleguak pandemia aurreko zifren gainetik jarraitzen du, enpresa-kopurua mantendu egin da, eta azken urteetako enpresen kontzentrazioa moteldu egin da.

 

Lotutako albisteak

Lehendakariak  goraipatu  egin  du  euskal  enpresek  ‘Made  In  Euskadi’  produktuaren  ospea  bermatzeko  egin  duten  ahalegina

Lehendakariak goraipatu egin du euskal enpresek ‘Made In Euskadi’ produktuaren ospea bermatzeko egin duten ahalegina

Imanol Pradalesek deia egin du industria babesteko eta Europako berrindustrializazioaren harira datozen aukerak aprobetxatzeko

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
27/02/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Klusterrak motorrak berotzen ari dira egunotan BIEMH asterako. Sektore ekonomiko askok jarduera bizia izango dute 'BEC - Bilbao Exhibition Center'en

BIEMH  2026k  industria  modu  aktiboan  defendatzeko  duen  garrantzia  azpimarratu  du  Kortak

BIEMH 2026k industria modu aktiboan defendatzeko duen garrantzia azpimarratu du Kortak

BIEMH 2026ren inaugurazio ofiziala martxoaren 2an, astelehenean, izango da, eta Imanol Pradales lehendakaria izango da buru

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
19/02/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Klusterretako enpresak lankidetzan aritzen dira lehiakortasuna, produktibitatea eta berrikuntza handitzeko. Erakunde horiek ezagutza-trukea sustatzen dute, baliabide partekatuetarako sarbidea errazten dute, nazioartekotzea bultzatzen dute eta baterako erantzuna hobetzen dute merkatuko aldaketa azkarren aurrean

Enpresek  bere  zibersegurtasuna  nola  ikusarazten  duten  birdefinitzen  duen  NNEAT  euskal  startupak  Europara  jauzi  egin  du
19/02/2026 Zibersegurtasuna

Enpresek bere zibersegurtasuna nola ikusarazten duten birdefinitzen duen NNEAT euskal startupak Europara jauzi egin du

Konpainiak IAko plataforma natibo bat bultzatzen du, zibersegurtasunaren arduradunei aukera ematen diena mehatxu aktiboekiko esposizio erreala bistaratzeko eta inbertsioak zehaztasun estrategikoarekin lehenesteko

Basque  Health  Cluster-ek  eta  GSK-k  aliantza  bat  bultzatu  dute  Euskadin  osasun-arloko  lankidetza  eta  berrikuntza  indartzeko
16/02/2026 Kluster politika

Basque Health Cluster-ek eta GSK-k aliantza bat bultzatu dute Euskadin osasun-arloko lankidetza eta berrikuntza indartzeko

GSK klusterreko Business Partner gisa sartu da, agenteen arteko konexiora, ezagutza sortzera eta osasun-sistemaren eraldaketara bideratutako ikuspegiarekin

Euskadi  funtsezkoa  izango  da  etorkizuneko  motor  aeronautikoen  belaunaldi  berriaren  garapenean,  lehen  proiektu  eraldatzaile  industrialari  esker

Euskadi funtsezkoa izango da etorkizuneko motor aeronautikoen belaunaldi berriaren garapenean, lehen proiektu eraldatzaile industrialari esker

Proiektu eraldatzailea beste urrats bat da Euskadiko industria aeronautikoaren garapenean. Abiazio komertzialeko motorren hurrengo belaunaldirako funtsezko teknologien garapena ahalbidetuko du, besteak beste. Proiektuak hurrengo hiru urteetarako 110 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, eta horietatik 60 milioi euro baino gehiago I+Garen eta teknologia-garapenaren arlokoak izango dira

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
13/02/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Klusterrak “Fit for the Future” ekitaldian: Parte hartu duten 14 industria-lurraldeek balio-kate estrategiko nagusietan (teknologia garbi eta digitalekin hasi eta bioteknologiarekin eta bizitzaren zientziekin amaitzeraino) betetzen duten funtsezko zeregina aldarrikatu dute

Basque  Tek  Ventures:  deep  tech  teknologia  enpresa  berri  bihurtzeko  esparru  bat
11/02/2026 Ekintzailetza

Basque Tek Ventures: deep tech teknologia enpresa berri bihurtzeko esparru bat

Zientzia-ingurunetik merkatura igarotzeko bidean dauden deep tech teknologiei laguntzera bideratutako ekimena, prozesuari egitura eta jarraitutasuna emanez.

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
06/02/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Bilboko Euskalduna Jauregian egin den Estatuko Industria Kongresua izan da aste honetan Euskadiko kluster gehienen eta beren enpresen topaketen, bileren eta aurkezpenen epizentroa.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.