Arantxa Tapia sailburua, aurkezpenean.

Viralgenek Miramonen irekiko du medikamentuak ekoizteko terapia genikoko Espainiako lehenengo lantegia

50 milioi eurotik gorako inbertsioa tarteko, azpiegitura hau Europako aurreratuenetakoa izango da
-

50 milioi eurotik gorako inbertsioa tarteko, azpiegitura hau Europako aurreratuenetakoa izango da

Viralgenek eta Eusko Jaurlaritzak LH dualeko espezializazio programa berri bat garatzea adostu dute Bioteknologiako prestakuntza sustatzeko

Terapia genikorako bektore biralen ekoizpeneko buru bihurtu den Viralgen laborategi farmazeutikoak iragarri duenez, ekoizpen-lantegi berri bat irekiko du Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Miramon), 50 milioi eurotik gorako inbertsioa tarteko. Lantegiak terapia genikoaren merkatu gero eta handiagoa hornitzeko gaitasuna izango du, Donostian egiten den saiakuntza klinikoetarako ekoizpena osatuz. Lantegiaren eraikuntza urte bukaeran hasiko da eta 2022ko udaberrian martxan egotea aurreikusi da. Azpiegitura berri hau Europan terapia genikoko tratamenduen ekoizpenean diharduten lantegirik modernoenetakoa izango da eta goi-mailako zuzeneko 200 lanpostu inguru sorraraziko ditu.

 

Halaxe jakinarazi dute gaur Donostian emandako prentsaurrekoan Javier García VIRALGENeko CEOak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Rikardo Lamadrid Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendari nagusiak.

 

Era berean, komunikabideekiko topaketa honetan, VIRALGENek ezagutzera eman du Eusko Jaurlaritzarekin lortu berri duen akordioa, Lanbide Heziketa (LH) dualeko espezializazio programa berri bat garatzeko, Bioteknologiako zein GMPen arloko (Fabrikazio Egokirako Arauak) ekoizpen-tekniketako prestakuntza bultzatzearren.

 

Prentsaren aurreko agerraldian, Javier Garcíak Euskadiko erakundeen konpromisoa eta sostengua eskertu eta beren-beregi nabarmendu du “gaur hemen bi ekimen hauek iragartzeko elkartu izana, inplikatutako eragile guztien arteko lankidetzaren eredua baita”.

 

Lantegi berria, 14.000 metro koadroko lursail batean kokatua, modu independentean funtzionatu ahal izango duten hiru modulutan banatuko da, VIRALGENen egungo gaitasuna 15ez biderkatu ahal izateko, izan ere, konpainiak lanean dihardu dagoeneko, erregulazioaren araberako baimena jaso bezain laster produktuak merkaturatzeko prest dauden zenbait enpresarekin. Horren harira, joan den abuztuan, VIRALGENek Medikamentuaren Espainiako Agentziak emandako cGMP ziutagiria jaso zuen.

 

VIRALGENeko CEOak azaldu duenez, “Miramongo Parkean, mundu osoko terapia genikoaren arloko ekoizpen-gaitasunen kontzentraziorik handienetakoa izango dugu, eta gure bazkidea Esteyco izango da arkitektura diseinuaren eta egikaritzearen arloan, eta Albian ingeniaritzarenean”. “Aurre-aurrean dugu Gipuzkoa terapia genikoaren arloko ekoizpenaren munduko erreferente bihurtzeko aukera eta erronka”.

 

Terapia genikoan, birusetan oinarritutako teknologiak erabiltzen dira giza-ehunei edo zelulei gene terapeutikoak ezarri eta balizko akats genetikoak bertatik bertara zuzentzeko. “Terapia genikoak XXI. mendeko gaixotasunik garrantzitsuenak sendatzen lagunduko du; adibidez, minbizia, gaixotasun neurodegeneratiboak edo jatorri genetikoa duten gaixotasun arraroak”, azpimarratu du Garcíak. Horren harira nabarmendu du Ipar Amerikako medikamentuaren agentziak (FDA) terapia genikoko jarraibide berrietarako 200dik gora eskaera jasotzeko aurreikuspena duela 2020rako, eta 2025erako, terapia geniko eta zelularrerako 10 eta 20 produktu berri bitartean onar litezkeela. Produktu horien manufaktura da hedapen prozesu honen mehargune nagusietako bat, baita aukera handienetakoa ere, garapen zientifikoaren eta hazkundearen ikuspegitik.

 

LH dualeko programa berria

Ad hoc sortutako LHko programa berriari dagokionez, Garcíaren hitzetan, “egun Eusko Jaurlaritzarekin batera lanean dihardugu LH dualeko programa bat definitzeko. Espezializazioa tarteko duen 3 urteko plana izango litzateke. Hau da, programak Donostiako LHko ikastetxeetan ematen diren 2 urteko prestakuntza-zikloak aprobetxatuko lituzte, eta horiei espezializazioa egiteko beste urte bat gehituko genieke”. “Horren laguntzaz, ikasleek oso prestakuntza espezializatua lortuko lukete terapia genikoaren arloko produktu bioteknologikoen fabrikazioan eta kontrolean jarduteko”.

 

Ildo horretan, Garcíak eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari “Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren Saileko teknologia eta industria programen bitartez emandako laguntzagatik eta Hezkuntza Sailaren eraginkortasunagatik. Beren-beregi nabarmendu nahi dut gure taldeak Sail horri atxikitako LHko Ezagutzaren Euskal Institutuarekin izandako lankidetza estua programaren diseinua koordinatzeko. Baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere, dagokion eskumen-esparruan barruan, VIRALGENen planak inbertsioen eta talentuaren arloetan bultzatzeko”. Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetza-hitzarmena datozen hilabeteotan sinatuko da eta 2020ko udaberrian ikasleen prestakuntza VIRALGENen egiten hastea espero da.

 

Bestalde, Arantxa Tapia sailburuak esan duenez, VIRALGEN “kasu paregabea eta eredugarria da, Euskadira atzerriko inbertsioa erakartzearen garrantzia frogatzen duena. Hasiera-hasieratik jakinmin bizia eragin zigun I+Ga fabrikazioarekin uztartzearen alde egin duten apustuak. Spri Taldeak koordinatu du une oro erakundeen eta enpresaren arteko lankidetza, eta ahalegin horri esker, hasierako inbertsioa finkatu eta espezializazio adimenduneko euskal estrategiarekin lotu ahal izan da osasunaren arloan barruan, gure I+G+b ekosisteman tinkatuz eta enpresaren hazkundea espazioan, jardueran eta enpleguaren sorreran zabalduz, gaur iragarritako munta handiko inbertsioaren bitartez. Horri gehitu behar diogu orain enpresaren beharren araberako prestakuntza eta trebakuntza, talentua sortzeko eta enpresaren zein sistema osoaren mesedeko balio erantsia emateko”.

 

Tapiak VIRALGENek Euskadiren alde egindako apustua ere aitortu du, ekimen honetarako teknologiari, industriari zein arrisku-kapitalari laguntzeko programen eta tresnen bultzadaz baliatu delarik; eta orain arte jorratutako bideak Euskadi osasun arloko ikerketarako erreferente produktibo eta erakargarritzat posizionatzen lagunduko duen itxaropena agertu du.

 

Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak nabarmendu duenez, VIRALGENen Miramongo lantegi berriaren eraikuntza “albiste bikaina” da lurralde osoarentzat, “behin-betiko bultzada” emango baitio, erakundeek zein sektoreko eragileek “erabakimenez eta iraupenez” bultzatuta, Gipuzkoan biozientzien eta osasunaren sektorearen alde egindako apustuari. Haren esanetan, estrategia horren bitartez, Gipuzkoa, enpresa bioteknologikoen garapenerako garrantzi handiko aktiboak dituen “bio ekosistema” bihurtu da gaur egun, eta aktibo horien artean, bertako I+G+b zentroen “munta handiko gaitasun zientifiko-teknologikoak”, osasun sistema “publiko modernoa eta ongi garatua”, “ekintzailetzari laguntzeko” azpiegiturak eta erakundeak, bio-enpresa berrien belaunaldi “guztiz dinamikoa eta ongi bideratua” eta manufaktura eta IKTen arloetako “garrantzi handiko gaitasunak” nabarmendu ditu.

 

Olanoren iritziz, VIRALGENen lantegi berriak biozientzien sektore estrategikoan jarduera ekonomiko berria sortu eta erakartzen lagun dezakeen “trakzio-efektua” eragiteko gaitasuna izango du, eta horrekin batera, ekosistemaren gainerako eragileekin lankidetzan jarduteko “askotariko aukerak” sortzen lagunduko du talentuaren, prestakuntzaren eta ikerketaren esparruetan, besteak beste. Horren kariaz, enpresa honen sustatzaileek Gipuzkoaren alde egindako apustua aitortu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta gertutasuna eskaini dizkie VIRALGENen jarduera lurraldean garatu ahal izateko.

 

VIRALGENi buruz

Viralgen cGMP ziurtagiria duen rAAV ekoiztu eta mundu osoan zehar banatzen duen laborategi farmazeutikoa da, 2017an Askbio Biopharmaceuticals eta Columbus Venture Partners (arrisku-kapitaleko talde espainiarra) enpresen arteko “joint venture”-aren bitartez sortutakoa. AskBioren Pro10™ ildo zelularreko teknologia baimendua du, eta honi esker, ekoizpen-eskalatze handiagoa, errendimendu hobeak eta rAAV bidezko terapiaren doitasun handiagoa lor ditzake. Egoitza Miramongo Teknologia Parkean (Donostia, Espainia) duela, Viralgen enpresak rAAV bidezko terapia genikoko tratamenduak ekoizten ditu, konpainia farmazeutikoek eta bioteknologiaren arlokoek pazienteen bizimodua hobetzeko terapia berrien sorkuntza bizkortu ahal izateko.

Lotutako albisteak

Zabalik  dago  Top  101  Spain  Up  Nation-en  III.  ediziorako  hautagaitzak  aurkezteko  epea
07/07/2026 Ekintzailetza

Zabalik dago Top 101 Spain Up Nation-en III. ediziorako hautagaitzak aurkezteko epea

Parte hartu nahi duten enpresek 2026ko irailaren 11ra arte izena eman ahal izango dute

Eusko  Jaurlaritzak  IBM  Quantum  System  Two  industria  eta  erakunde  publikoen  eskura  jarri  du,  berrikuntza-  eta  ezagutza-transferentziako  proiektu  berriak  bultzatzeko
07/07/2026 I+G+B

Eusko Jaurlaritzak IBM Quantum System Two industria eta erakunde publikoen eskura jarri du, berrikuntza- eta ezagutza-transferentziako proiektu berriak bultzatzeko

Sarbide-protokoloari esker, EAEko industriak eta erakunde publikoek IBM Quantum System Two sistema eta IBMk hodeian eskaintzen dituen backend kuantikoak erabili ahal izango dituzte

Emaitek  Industria  Hobeak  ezagutza  industriarentzako  balio  bihurtzen  duten  gaitasunak  bultzatzen  ditu
03/07/2026 I+G+B

Emaitek Industria Hobeak ezagutza industriarentzako balio bihurtzen duten gaitasunak bultzatzen ditu

Emaitek Industria Hobea 2026 programaren edizio berriak 62,1 milioi euro bideratuko ditu Zentro Teknologiko Multifokalizatuek Euskadiko industria-erronkei egiten dieten ekarpena indartzera, eta emaitzetara bideratutako finantzaketa-eredu berria txertatu du.

Ingeseak  roboten  kalibraziorako  sistemak  integratzen  ditu  prozesu  industrialetan  geldialdiak  murrizteko
03/07/2026 I+G+B

Ingeseak roboten kalibraziorako sistemak integratzen ditu prozesu industrialetan geldialdiak murrizteko

Elgoibarko enpresa automatizazio industrialean eta robotikoan dago espezializatuta, eta robotaren posizionamenduaren neurketa automatizatua hobetu du

Eusko  Jaurlaritzak  BINDen  11.  deialdia  jarri  du  abian,  azken  hamarkadan  euskal  enpresen  eta  startupen  arteko  kontratuetan  lortutako  10  milioi  euroko  balantzearekin
02/07/2026 Up Euskadi

Eusko Jaurlaritzak BINDen 11. deialdia jarri du abian, azken hamarkadan euskal enpresen eta startupen arteko kontratuetan lortutako 10 milioi euroko balantzearekin

Deialdi berria irailaren 4ra arte egongo da zabalik, eta soluzio disruptiboak bilatzen ditu industria adimendunean, antolamendu efizientean, energian eta jasangarritasunean eta merkaturatzean.

Tubacex  ek  100  milioi  eurotik  gorako  eskaerak  lortu  ditu  hodi  umbilikalen  negozioan  2026an,  eta  bere  posizioa  sendotu  du  itsaspeko  merkatuan
24/06/2026 Berrikuntza

Tubacex ek 100 milioi eurotik gorako eskaerak lortu ditu hodi umbilikalen negozioan 2026an, eta bere posizioa sendotu du itsaspeko merkatuan

Konpainiak 80 milioi eurotik gorako eskaera berriak jaso ditu hodi umbilikaletan, munduko itsaspeko teknologiaren operadore nagusietako batentzat. Hodi horiek Guyana, Angola eta Ipar Itsasoko offshore proiektuetara bideratuko dira.

Kaskadako  finantzaketak  Europako  proiektuak  euskal  ETEetara  hurbiltzen  ditu,  %46,5eko  arrakasta-tasarekin
19/06/2026 I+G+B

Kaskadako finantzaketak Europako proiektuak euskal ETEetara hurbiltzen ditu, %46,5eko arrakasta-tasarekin

2023az geroztik, 79 euskal ETEk parte hartu dute EEN Basquek bultzatutako kaskadako finantzaketa-ekimenaren bidez sustatutako Europako deialdietan, eta 42k finantzaketa lortu dute beren berrikuntza-proiektuak garatzeko. SPRIk antolatutako I+G+b-aren nazioartekotzeari buruzko zazpigarren jardunaldiak Europako aukera berriak ezagutarazteko, enpresen arrakasta-esperientziak ezagutzeko eta digitalizazioa, robotika, bioekonomia edo trantsizio energetikoa bezalako arloetara bideratutako hurrengo...

Euskal  AEk  Autobide  Arautzailea  jarri  du  abian,  interes  publikoko  proiektuetarako  administrazio-epeak  %  75  murrizteko
18/06/2026 Berrikuntza

Euskal AEk Autobide Arautzailea jarri du abian, interes publikoko proiektuetarako administrazio-epeak % 75 murrizteko

Eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa eta Europaren autonomia estrategikoa bizkortzeko premiaren aurrean, Euskal AEk Proiektu Eraldatzailea aurkeztu du prozesu administratiboak errazteko eta arintzeko, eta industriaren eta jarduera ekonomiko jasangarriaren lehiakortasuna bultzatzeko.  

Eusko  Jaurlaritzak  Bikaintek  programa  zabaldu  du  enpresetan  ikertzaileak  kontratatzea  sustatzeko
18/06/2026 I+G+B

Eusko Jaurlaritzak Bikaintek programa zabaldu du enpresetan ikertzaileak kontratatzea sustatzeko

2026rako planak 4,4 milioi euroko aurrekontua du eta urtean 42.000 euro bitarteko dirulaguntzak eskaintzen ditu kontratazio bakoitzarentzat.

Euskadiko  Parke  Teknologikoak  hazten  jarraitzen  du,  eta  2025ean  guztien  artean  9.257  milioi  euro,  aurreko  urtean  baino  % 12,3  gehiago,  fakturatu  zituzten  692  enpresa  biltzen  ditu  jada  bere  campusetan
17/06/2026 Berrikuntza

Euskadiko Parke Teknologikoak hazten jarraitzen du, eta 2025ean guztien artean 9.257 milioi euro, aurreko urtean baino % 12,3 gehiago, fakturatu zituzten 692 enpresa biltzen ditu jada bere campusetan

Parke enpresek urtero ematen dituzten datuek sektore aeroespazialak (2.787 milioi euro), Biozientziek (505 milioi euro), Soluzio Digital Aurreratuek (1.380 milioi euro) eta Energiak (1.152 milioi euro) duten pisu nabarmena islatzen dute, eta guztiak ere estrategikotzat jotzen dira Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Industria Planean.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.