Albisteak 18 Azaroa, 2022

Orkestraren iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoak lehiakortasuneko eta ongizateko oinarri sendoak ditu

Lehiakortasunari buruzko 2022ko Txostenaren arabera, azken hilabeteetako egoera gorabeheratsua izan bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoak hobera egin du zenbait dimentsiotan, esate baterako, ikaskuntzan, ingurumenean edo nazioartekotzean
-

Euskal ekonomia sendo ari da suspertzen osasun krisiaren eraginez 2020an jarduera ekonomikoak izan zuen jaitsieraren ondoren. Hala eta guztiz ere, gaur egungo egoera geopolitikoa ikusirik, oso zaila da bilakaera aurreikustea. Enpresek, gobernuek eta lehiakortasuneko bestelako eragileek egokitzeko gaitasun handia behar dute egoerari erantzuteko.

Lehiakortasunari buruzko 2022ko Txostenak, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustu Fundazioa) prestatu duenak, SPRI Taldearen laguntzaz, Euskal Autonomia Erkidegoko egoera aztertzen du, ongizateari eta ekonomia eta enpresa emaitzei dagokienez, etorkizuneko lehiakortasunaren oinarriak sendotuko dituzten ekintzak identifikatzeko, gaur egungo ziurgabetasunetik harantzago. Diagnostikoa gaur aurkeztu dute hedabideen aurrean Iván Martén Uliarte Orkestrako presidenteak, Mari Jose Aranguren Institutuko zuzendariak eta James Wilson ikerketa zuzendariak.

Marténen hitzetan, lurralde baten lehiakortasuna eta ongizatea bi oinarriren gainean eraikitzen da: pertsonak eta beren balioak, batetik eta ehun ekonomikoa, bestetik. “Horregatik, Txosten honetan arreta lurralde lehiakortasunaren bi oinarri horietan jarri dugu, zehaztu nahi dugulako nola erantzun diezaiekegun gaur egungo egoeraren erronkei eta nola egin diezaiekegun aurre egiturazko gaiei”, adierazi du.

Bestalde, Arangurenek azpimarratu du gizartea eraldaketa sakonetan murgilduta dagoela eta nahiz eta jakin eraldaketa horiek etorkizuna nabarmen baldintzatuko dutela, oraindik ez dakigula eragin horiek nolakoak izango diren. Aipatutako trantsizio horiek gure lehiakortasunaren eta ongizatearen oinarriak zalantzan jartzen dituzte, baina, aldi berean, negozio eta enplegu berriak sortzeko aukerak ere sortzen dituzte, Orkestrako zuzendariaren ustez.

Ekonomia eta ongizatea berreskuratzeko bidean, baina oraindik pandemia aurreko mailetara iritsi gabe

Orkestraren Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eta enpresa emaitzen azterketa bat dator ekonomia globala azken urteetan bizitzen ari den egoera gorabeheratsuarekin. Azterketak argi eta ilunak ematen dizkigu: krisien ondorioz, adierazle batzuek hobera egin dute (biztanleko BPG, errentagarritasuna eta esportazioak, esate baterako) eta beste batzuek, ordea, okerrera (berrikuntza eta ekintzailetza).

– Biztanleko BPG EB-27ko batezbestekoa baino % 9 handiagoa izan zen 2021ean. Nahiz eta Europar Batasunarekiko aldea gutxitu, pandemiaren aurretik Euskal Autonomia Erkidegoak % 15eko baitzuen, Europako batezbestekoa baino sendoago ari da hazten.
– Behin-behineko datuen arabera, enpresa errentagarritasuna ere hobetzen ari da, pandemiak ekarri zuen atzerakadaren ondoren.
– Nazioartekotzeari dagozkion emaitzetan, ondasunen eta zerbitzuen esportazioak nabarmendu behar dira. Esportazio horiek 2021ean gehiago handitu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan Europako batezbestekoan baino eta 2022an, gainera, inoizko mailarik handienera iritsi dira.
– Lanaren ageriko produktibitateari dagokionez (€ pertsonako), 2021ean % 5,1 egin zuen gora, eta pandemiaren aurreko produktibitate mailak berreskuratzeko bidean gaude.
– Enpresa txiki eta ertain berritzaileen proportzioak behera egin du 2020an, % 41etik % 39ra. Produktu berrien salmentek (2020an baino 3,5 puntu gutxiago) eta hazkunde handiko enpresen ehunekoak ere (% 9,6 2021ean, 2019an % 11,5 zenean) behera egin dute.

Ongizateari lotutako emaitzen azterketak erakusten digu euskal herritarrek beren ongizate mailarekiko hautemate positiboa dutela. Baina pandemiak ekarritako krisia eta egoera geopolitikoa kontuan hartuta, dimentsio batzuetan bilakaera negatiboa da.

– Bizitzarekiko gogobetetasunaren adierazleak herritarrek ongizate globalarekiko duten hautematea neurtzen du eta hobera egin du 2020arekiko (urte horretan 7,4 izan zen eta orain 7,6, 1etik 10erako eskalan). Hala, Europako batezbestekoaren gainetik geratzen da (7,1).
– Derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo ikasketak dituen biztanleriaren proportzioa 2,6 puntu igo da 2021ean eta, horrela, beste lurraldeekiko genuen tartea txikitu da. Euskal Autonomia Erkidegoak etengabeko ikaskuntzan duen lidergoa areagotu egin du. Hain zuzen ere, adierazle horren balioa % 16,9 da eta EB-27koa, berriz, % 10,8.
– Ingurumenari lotutako adierazle nagusiek EB-27ko batezbestekoan baino bilakaera hobea izan dute eta ekonomia eta gizarte berderanzko trantsizioaren isla dira. Airearen kutsadura 8,1 da, Europako batezbestekoa 13,2 denean, eta berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak biztanleko 8,5 CO2 tona baliokidetik 7,5era jaitsi dira. Hala ere, jaitsiera hori kontu handiz interpretatu behar da, pandemiaren eraginez, jarduera ekonomikoa bat-batean erortzearekin lotuta dagoelako.
– Etxeen errentaren mediana baliokideak behera egin zuen 2020an (22.638 € EAPtik 22.537 € EAPra), baina oraindik ere EB-27ko batezbestekoa baino % 24 handiagoa da.
– 2021ean, gora egin zuen pobrezia edo bazterketa arriskuan dauden pertsonen ehunekoak (% 16 izan zen, 2020an % 13,6 bazen ere); hala ere, diru sarreren desberdintasun maila txikia da, beste lurralde batzuekin alderatuta. S80/S20 ratioak errenta handiena duen biztanleriaren % 20aren diru sarrerak eta errenta txikiena duen biztanleriaren % 20aren diru sarrerak alderatzen ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez (4,8), EB-27ko batezbestekoaren (4,9) eta Alemaniako balioaren (4,87) inguruan dabil.
– Langabezia tasa (% 9,8) Europako batezbestekoaren gainetik zegoen 2021ean (% 7,4). Nolanahi ere, 2022ko lehen eta bigarren hiruhilekoetako datuek langabeziaren joera positiboa erakusten digute (langabezia tasa % 8,7 eta % 8,8 izan zen hiruhileko horietan, hurrenez hurren), pandemiaren aurreko garaian bezala.

Laburbilduz, diagnostikoak erakusten digu Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunaren oinarriek sendoak izaten jarraitzen dutela. Gainera, nahiz eta azken urteetako koiunturak eragin negatiboa izan dimentsio batzuetan (bizitza materialean, berrikuntzan edo produktibitatean, esate baterako), beste dimentsio batzuek hobera egin dute (horien artean, ikaskuntza, ingurumena edo nazioartekotzea).

Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunaren oinarriak: egitura ekonomiko-teknologikoa, sofistikazioa, egitura demografikoa eta gizartearen kultura eta balioak

Joan den urtean, Orkestrak lehiakortasunerako esparru berri bat aurkeztu zuen, lurraldearen diagnostikoa egiterakoan, ongizatearen dimentsioak ere kontuan hartzeko eta, horrela, errealitatea hobeto jasotzeko. Aurten, txostenak esparru horretako funtsezko beste elementu bat du aztergai: egiturazko ingurunea, horren barne hartuta bai ekonomia eta teknologia egitura eta bai demografia eta balioen egitura.

– Euskal Autonomia Erkidegoko egitura ekonomikoak pandemiaren aurreko hamarkadan izan duen bilakaera aztertuz gero, ikus dezakegu Europarekiko espezializazio erlatiboa aldatu egin dela, manufakturako jardueretan eta industriarekin lotutako zerbitzuetan. Hain zuzen ere, aldaketa horiek bat datoz espezializazio adimenduko euskal estrategiak 4.0 industriari eman dion garrantziarekin.
– Ekonomiaren sofistikazioaren analisiak lurralde bat zenbat jarduera desberdinetan espezializatuta dagoen hartzen du kontuan, baita jarduera horiek bereziak diren ala ez; alegia, jarduera horietan espezializatutako erregio gutxi egotea. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Europari begiratuta, sofistikazio handia du manufakturako jardueretan, baina sofistikazio rankingean atzera egin du, ekonomiako jarduera guztiak kontuan hartzen direnean.
– Euskal Autonomia Erkidegoko espezializazio teknologikoa bere indargune diren industria jarduerekin bat dator eta guztiz lerrokatuta dago espezializazio adimenduneko estrategiarekin (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2020ko Plana eta 2030ko Plana).
Demografiaren egituraren azterketari dagokionez, Lehiakortasunari buruzko aurreko Txostenetan (esate baterako, 2011koan) egin ziren proiekzioak berresten ditugu aurtengoan ere.
– Zahartze tasak gora egin du, 2001ean % 18 izatetik 2021ean % 23 izatera igaro da, eta 2036rako % 29,3ra igotzea aurreikusten da. Hain zuzen ere, demografiaren proiekzioen arabera, 2035erako aurreikusitako biztanleriaren hazkundearen arrazoi bakarra migrazio saldo positiboa izango da. Arrazoi horregatik, garrantzi berezia izango du profil desberdinetako etorkinen integrazio egokia zaintzeak eta haien gaikuntza eta laneratzea bideratzeak, enpresen eta lurraldearen beharrekin bat.
Txostenak, lehenengo aldiz, pertsonen balioak ere aztertu ditu, gizartearen ongizate ereduarekin lotuta baitaude.
– Adin talde guztiek, eta bereziki belaunaldi gazteenek, immigrazioaren eta etorkinek lan merkatuan parte hartzearen aldeko jarrerak dituzte. Gainera, balioen analisiak erakusten digu belaunaldi gazteek garrantzi handia ematen diotela “tolerantzia eta besteekiko errespetua” balioari.
– Euskal herritarrentzat garrantzitsuak diren bizitzaren dimentsioei dagokienez, familia da lehenengoa, aztertutako adin tarte guztietan. Belaunaldi gazteenetan (50 urtetik beherakoetan), bigarren tokian lanaren balioa dago. Balio horretan, belaunaldi horiek soldata eta ordutegiari lehentasun handiagoa ematen diote, ekimena edo erantzukizunak hartzeko aukerekin alderatuta.
Zeharkako 5 ekintza ildo, enpresen, gobernuen eta beste eragile batzuen norabidean laguntzeko

Egitura ekonomikoan eta demografikoan gertatzen ari diren aldaketei aurre egiteko eta gaur egungo ziurgabetasun ingurune honek eskatzen duen etengabeko egokitze gaitasuna handitzeko, Orkestrak, lehiakortasunerako palankei lotuta, zeharkako 5 ekintza ildo identifikatu ditu, enpresen, gobernuen eta beste eragile batzuen norabidea gidatzeko:

1. Industria lehiakortasun jasangarri berri baten lidergoa sustatzea, ingurumenaren egiturazko erronka garrantzitsuari erantzunez. Mailaz mailako trantsizio berdea egin behar dela azpimarratzen da, ahalik eta gizarte kostu txikienarekin, munduak askoz ere jasangarriagoa izatea eskatzen baitu.
2. Pertsonek lehiakortasunari eta ongizateari ekarpena egiteko dituzten gaitasunak sendotzea, lurraldean azaltzen ari diren beharrekin lerrokatuta. Jarduera tasa eta enplegu tasa handitzeaz, pertsonen gaikuntza sustatzeaz eta etorkinen integrazioa bultzatzeaz gainera, funtsezkoa izango da giza baliabideen politika berritzaileak sustatzea, talentua erakartzeko, atxikitzeko eta garatzen laguntzeko.
3. Enpresen, Administrazioaren eta, oro har, lurraldearen berrikuntza kultura, gaitasuna eta orientazioa lantzea. Beharrezkoa da I+G+Bn inbertitzen jarraitzea eta lurraldearen gaitasun zientifikoak indartzea. Horrekin batera, pertsonen gaitasunak etengabe hobetu behar dira, digitalizazioak, jasangarritasunak edo biztanleriaren zahartzeak ekarriko dituzten aukeretara egokitzeko.
4. Ekonomiaren sofistikazioa sendotzea, espezializazio eremu berrietara hurbildu ahal izateko, gaur egungo industria indarguneak oinarri hartuta. Arreta bereziz landu behar dira industriako jarduera desberdinen arteko lotuak, bai eta industriaren eta zerbitzu erlazionatuen artekoak ere.Horretarako, maila
askotako lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua sendotu behar ditugu, industriaren sofistikazioa areagotuko duten aukerak antzemateko eta aprobetxatzeko.
5. Ekonomiaren eta gizartearen nazioarteko konektagarritasunean sakontzea, aukera berriak bilatzeko. Nazioarteko ikuspegia txertatzea, Euskadik atzerrian egiten duen jarduera areagotuz eta lurraldean bertan egiten diren proiektuen eta ekimenen nazioarteko loturak sendotuz, horrek aukera eman baitu merkatu eta finantzaketa iturri berrien garapenean, talentua erakartzeko eta atxikitzeko erronkan, eta ekonomia eta teknologia ehunaren sofistikazioaren hazkundean aurrera egiteko.

 

Lotutako albisteak

Tubacex  ek  100  milioi  eurotik  gorako  eskaerak  lortu  ditu  hodi  umbilikalen  negozioan  2026an,  eta  bere  posizioa  sendotu  du  itsaspeko  merkatuan
24/06/2026 Berrikuntza

Tubacex ek 100 milioi eurotik gorako eskaerak lortu ditu hodi umbilikalen negozioan 2026an, eta bere posizioa sendotu du itsaspeko merkatuan

Konpainiak 80 milioi eurotik gorako eskaera berriak jaso ditu hodi umbilikaletan, munduko itsaspeko teknologiaren operadore nagusietako batentzat. Hodi horiek Guyana, Angola eta Ipar Itsasoko offshore proiektuetara bideratuko dira.

Euskal  AEk  Autobide  Arautzailea  jarri  du  abian,  interes  publikoko  proiektuetarako  administrazio-epeak  %  75  murrizteko
18/06/2026 Berrikuntza

Euskal AEk Autobide Arautzailea jarri du abian, interes publikoko proiektuetarako administrazio-epeak % 75 murrizteko

Eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa eta Europaren autonomia estrategikoa bizkortzeko premiaren aurrean, Euskal AEk Proiektu Eraldatzailea aurkeztu du prozesu administratiboak errazteko eta arintzeko, eta industriaren eta jarduera ekonomiko jasangarriaren lehiakortasuna bultzatzeko.  

Euskadiko  Parke  Teknologikoak  hazten  jarraitzen  du,  eta  2025ean  guztien  artean  9.257  milioi  euro,  aurreko  urtean  baino  % 12,3  gehiago,  fakturatu  zituzten  692  enpresa  biltzen  ditu  jada  bere  campusetan
17/06/2026 Berrikuntza

Euskadiko Parke Teknologikoak hazten jarraitzen du, eta 2025ean guztien artean 9.257 milioi euro, aurreko urtean baino % 12,3 gehiago, fakturatu zituzten 692 enpresa biltzen ditu jada bere campusetan

Parke enpresek urtero ematen dituzten datuek sektore aeroespazialak (2.787 milioi euro), Biozientziek (505 milioi euro), Soluzio Digital Aurreratuek (1.380 milioi euro) eta Energiak (1.152 milioi euro) duten pisu nabarmena islatzen dute, eta guztiak ere estrategikotzat jotzen dira Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Industria Planean.

ISO  9001  eta  ISO  14001  berriek  bidea  markatzen  dute:  ISO  Training  Spainek  enpresak  prestatzen  ditu  araudi  hauetara  garaiz  egokitu  daitezen

ISO 9001 eta ISO 14001 berriek bidea markatzen dute: ISO Training Spainek enpresak prestatzen ditu araudi hauetara garaiz egokitu daitezen

Kalitate eta ingurumen kudeaketako estandarretan aurreikusitako aldaketen aurrean, konpainiak prestakuntza teknikoa eta praktikoa eskaintzen die erakunde eta profesionalei arau-baldintza berrietara egokitzen laguntzeko.

Innobasquek  Euskadiko  berrikuntzako  kasu  praktikoen  7.  deialdia  jarri  du  martxan
08/06/2026 Berrikuntza

Innobasquek Euskadiko berrikuntzako kasu praktikoen 7. deialdia jarri du martxan

Deialdian batez ere esparru hauei loturiko kasuak hartuko dira aintzat: jakintzaren eraldaketa bultzatu dutenak, berrikuntzan adimen artifiziala aplikatu dutenak, sektore zientifiko-teknologiko berrietara hedatzea helburu dutenak eta administrazio publikoak berrikuntzaren motor gisa bultzatutakoak

VII.  “Leaders  in  Tech  Conference”  topaketan,  teknologia-  eta  berrikuntza-joera  berrienak  aztertuko  dira
01/06/2026 Berrikuntza

VII. “Leaders in Tech Conference” topaketan, teknologia- eta berrikuntza-joera berrienak aztertuko dira

Ekitaldia ekainaren 12an izango da Bilboko Iberdrola Dorrean

Agaleusek  plastikozko  ontzi  industrialak  balorizatzeko  instalazio  berria  jarri  du  martxan

Agaleusek plastikozko ontzi industrialak balorizatzeko instalazio berria jarri du martxan

Instalazioak gehienez 1.500 kg/h ontzi sartzeko ahalmena du

ONTZIk  elikagaien  ontzien  birziklagarritasuna  ebaluatzeko  tresna  digital  bat  aurkeztu  du
28/05/2026 Berrikuntza

ONTZIk elikagaien ontzien birziklagarritasuna ebaluatzeko tresna digital bat aurkeztu du

Aurkezpena Food 4 Futureren esparruan egin da, ontzi jasangarrien berrikuntzari, araudiari eta lankidetzari buruzko saio baten barruan.

Eskualdeko  garapen-agentziek  partaidetza  handiagoa  eskatzen  dute  Europako  finantzaketa-funtsen  gobernantzan
14/05/2026 Berrikuntza

Eskualdeko garapen-agentziek partaidetza handiagoa eskatzen dute Europako finantzaketa-funtsen gobernantzan

SPRI Taldeko zuzendari Jon Ansoleagak Bilboko ADR Foroan adierazi duenez, programak kudeatzeaz gain, “lurraldeen arteko politikak eta tresnak lerrokatu” behar dituzte

NAIDER:  adimen  aplikatua,  eraldaketa  ekonomikoaren,  lurraldekoaren  eta  klimatikoaren  zerbitzura
11/05/2026 Berrikuntza

NAIDER: adimen aplikatua, eraldaketa ekonomikoaren, lurraldekoaren eta klimatikoaren zerbitzura

NAIDERen lana hiru arlo nagusitan egituratzen da: ekonomia-analisia eta lurralde-lehiakortasuna, trantsizio ekologikoa eta energetikoa, eta hiri eta lurralde-birsorkuntza

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.