Albisteak 17 Azaroa, 2023

Orkestrak Euskal Autonomia Erkidegoak lehiakortasuna jasangarritasunarekin batera bultzatzeko duen potentziala azpimarratu du

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2023ko Txostenaren arabera, euskal ekonomiak abiapuntu ona du trantsizio jasangarriari ekiteko, baina trantsizio hori oso prozesu konplexua izango da eta gizarte kostuak eta sakrifizioak ekarriko ditu
-
    • Txostenak Euskal Autonomia Erkidegoaren indarguneak azpimarratzen ditu, ingurumenaren aldetik jasangarria izango den lehiakortasuna bultzatzen jarraitzeko: jasangarritasunarekin lotutako enpresa sarea, espezializazio zientifikoa eta teknologikoa, eta elkarlaneko gobernantzan dugun esperientzia.

    Lehiakortasunari buruzko 2023ko Txostenak, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustu Fundazioa) SPRI Taldearen laguntzarekin eginak, Euskal Autonomia Erkidegoko ongizatearen eta ekonomia eta enpresa emaitzen gaur egungo egoera du aztergai, ingurumenaren aldetik jasangarria izango den lehiakortasunerantz aurrera egiteko.

    Diagnostikoa gaur aurkeztu dute hedabideen aurrean Jorge Fernandezek, Susana Francok, Macarena Larreak eta James Wilsonek. Txostenaren koordinazio taldeak adierazi du trantsizio jasangarria dimentsio askotako arazo global eta integrala dela, presazko aldaketak eskatzen dituena, horietako asko eskualde eta tokiko mailan. Baina ez dago errezeta bakarrik gizarte eta ekonomia bakoitzak aurrean dituen erronkei erantzuteko. Hala eta guztiz ere, Euskal Autonomia Erkidegoak “potentzial handia du lurralde eta enpresa lehiakortasuna bultzatzeko, ingurumen jasangarritasunari lotuta”.

    Trantsizio jasangarriari ekiteko Euskal Autonomia Erkidegoaren abiapuntua zein den jakin nahian, txostenak egungo ekonomia eta enpresa emaitzak eta ongizate emaitzak aztertzen ditu. Ondoren, lurraldeko eragileek emaitza hobeak lortzeko zer palankaren gainean jardun dezaketen ikusten du. Eta, amaitzeko, sei gomendio orokor ematen ditu, erabakiak hartzen laguntzeko.

    Ekonomiaren bilakaera positiboa, ziurgabetasun globalak baldintzatuta

    Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eta enpresa emaitzak aztertuz gero, bilakaera positiboa dela esan dezakegu, oro har. Biztanleko BPGren hazkundea eta produktibitate maila Europar Batasuneko batezbestekoaren gainetik daude. Hala ere, energiaren prezioen igoerak merkataritza saldoa okertzea ekarri du. Gainera, enpresa txiki eta ertainen berrikuntzari oraindik ere arreta jarri behar zaio.

     

    • Euskal Autonomia Erkidegoa Europar Batasuneko batezbestekoa baino pixka bat gehiago hazi da. Hala, biztanleko BPGren maila EB-27koaren % 109,5 izan da 2022an.
    • Produktibitateari dagokionez, Espainiaren eta EB-27ko batezbestekoaren aurretik dago, eta Alemaniarekiko aldea pixka bat estutu da. Hala ere, manufakturako sektorean produktibitatea EB-27koaren parekoa da. Gainera, enpresa errentagarritasunaren adierazle guztiek egin dute hobera.
    • Berrikuntza sistemak hobera egin du Regional Innovation Scoreboard Eskualde berritzaile sendoen artean dago Euskal Autonomia Erkidegoa, baina jarduera berritzailea duten enpresa txiki eta ertainen ehunekoak pandemia aurreko mailaren azpitik jarraitzen du, eta EB-27ko eta Alemaniako batezbestekotik urrun dago.
    • Esportazioek gora egin dute 2022an, neurri handi batean, produktu energetikoen esportazioek bilakaera ona izan dutelako. Nolanahi ere, energiaren prezioen igoerak inportazioetan ere izan du eragina, neurri handiagoan igo baitira. Hala, nazioarteko merkataritza saldo positiboak behera egin du.

    Ongizatearen arloko emaitzek bilakaera positiboa erakusten dute hainbat dimentsiotan, horien artean, bizitza materiala, gizarte bizitza, enplegua, ikaskuntza edo osasuna; baina desberdintasuna eta pobrezia energetikoa handitzen ari dira, eta ingurumenaren dimentsioan, aurrerapausoak behar baino txikiagoak dira.

    • Euskal Autonomia Erkidegoko etxeetako errenta erabilgarriaren mediana EB-27ko batezbestekoa baino handiagoa da, baina beste lurralde batzuetan baino gehiago egin du okerrera pandemia garaian.
    • Pobrezia edo bazterketa arriskuan dauden pertsonen proportzioa zertxobait jaitsi da 2022an, eta aztertutako lurraldeen artean txikienetakoa izaten jarraitzen du. Aitzitik, errenta txikienen eta handienen arteko desberdintasun maila alderatzen duen adierazleak gora egin du.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko pobrezia energetikoa (% 9,3) Espainiakoa (% 17,1) baino txikiagoa da, nahiz eta 2020tik goranzko joera duen.
    • Langabezia tasa jaitsi egin zen 2022an: % 8,6 izan zen, eta bilakaera onak jarraitu egin du 2023an. Generoaren araberako soldata arrakalak ere beheranzko joera du.
    • Derrigorrezkoa baino hezkuntza maila handiagoa lortzen duen biztanleriaren proportzioak nabarmen egin du gora azken bi urteetan eta % 77,8ra iritsi da. Hala ere, oraindik EB-27ko batezbestekoa baino txikiagoa da (% 79,5). Euskal Autonomia Erkidegoak, beste lurralde batzuekin alderatuta, etengabeko prestakuntzako jardueretan parte hartzen duten herritarren ehuneko handiagoa du (% 17,5).
    • Euskal Autonomia Erkidegoak oso kokapen ona du bai bizitza itxaropenean (83,7 urte) eta bai norberak bere osasun egoerarekiko duen hautematean. Gainera, airearen kutsadurak eragindako heriotza goiztiar gutxien izan dituen lurraldeetako bat ere bada: 31 hildako ehun mila biztanleko (64 hildako, EB-27an).
    • Berotegi efektuko gasen eta airearen partikula kutsatzaileen isuri mailak hobetzen ari dira, baina, hala ere, urrun daude nazioarteko helburuak lortzetik. Gainera, guztizko karbono aztarna, gure kontsumoa ere barne hartzen duena, ez da jaisten ari. Birziklatze tasa Espainiakoa baino handiagoa bada ere, oraindik bide luzea dago hondakinen berraprobetxamenduan aurrera egiteko.

    Lehiakortasun jasangarrirako trantsizioan aurrera egiteko palankak

    Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2023ko Txostenaren muina sei palanka dinamikoren azterketa da. Palanka horien gainean jardun dezakete lurraldeko eragileek, ingurumen aztarna txikia eta ekonomia eta enpresa eta ongizate emaitza gero eta hobeak izango dituen ekonomia eta gizartea lortzen lagunduko duten egiturazko aldaketak bultzatzeko.

    Aztertutako lehen palanka kapital naturala da. Azken hamarkadetan, Euskal Autonomia Erkidegoak hainbat alderditan egin du aurrera, besteak beste, energia eta teknologia garbietan, ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesean, lurzoruak berreskuratzean, eta ekonomia zirkularrean. Azterketak etorkizunari begirako zenbait erronka zehazten ditu: energia baliabide berriztagarrien proportzioa handitzea, lehengaien hornidura egonkorra eta jasangarria lortzea, baliabide hidrikoen kudeaketa egokia lortzea, eta berotegi efektuko gasen eta substantzia kutsatzaileen isurien murrizketan aurrera egitea.

    Kapital fisikoari dagokionez, txostenak ondorioztatzen du Euskal Autonomia Erkidegoak azpiegitura oinarri egokia duela trantsizio jasangarria bultzatzeko, baina beharrezkoak diren energia, garraio eta telekomunikazioetako azpiegitura berrien gizarte babesa eta onarpena ziurtatu behar ditu eta azpiegitura kritikoen erresilientzia areagotu, gertaera klimatiko disruptiboen aurrean.

    Finantzaketari dagokionez, funtsezkoa izango da finantza sistema indartzea eta bideratzea, finantzaketa fluxuak sortzeko gaitasuna izan dezan, anbizio handiko energia eta ingurumen politikari jarraitutasuna emateko eta euskal enpresen deskarbonizazioa eta azpiegituretako eta I+Gko inbertsioak errazteko.

    Jakintzaren palankarekin lotutako adierazleak aztertuta, Euskal Autonomia Erkidegoak aukera handiak ditu trantsizio jasangarrian aurrera egiteko, besteak beste, I+Gko gastuari eta finantzaketari, bikaintasun zientifikoari eta jasangarritasunarekin lotutako patenteen erregistroari dagokionez. Datozen urteetan, garrantzitsua izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen (ZTBES) politiken eta ahaleginen norabidea indartzea, patenteei eta argitalpenei lotutako emaitzak jasangarritasunean eta lehiakortasunean aldi berean aurrera egitea ahalbidetuko duten aplikazio eta berrikuntza bihur daitezen.

    Giza kapitalaren esparruan, trantsizio jasangarriak ziurtatu beharko du etengabeko prestakuntzako mekanismoak erabil daitezkeela trantsizio horren eragin negatiboak jasango dituzten sektoreetan eta balio kateetan lan egiten duten pertsonen gaitasunak eguneratzeko eta “enplegu berdeetara” zuzendutako profil berriak osatzeko.

    Azkenik, gizarte eta erakunde kapitalari dagokionez, Txostenak Euskal Autonomia Erkidegoak eragileen arteko lankidetzarekin eta elkarlaneko gobernantzaren garapenarekin lotutako ekimenetan duen esperientzia zabala azpimarratzen du, funtsezkoa baita trantsizio jasangarriarekin lotutako dimentsio askotako arazo zehatzentzat irtenbideak bilatzeko.

    Jasangarritasunaren inguruko lehiakortasuna bultzatzeko sei gomendio

    Txostenak sei gomendio orokor proposatzen ditu, lurralde eta enpresa lehiakortasuneko eragileak ingurumen jasangarritasunaren inguruan lerrokatzeko, bultzatzeko eta koordinatzeko.

    1. Trantsizio adimendun bat diseinatzea, ikuspegi estrategiko argi, partekatu eta epe luzekoa izango duena eta lurraldearen ekonomia eta gizarte errealitatearekin koherenteak izango diren anbizio handiko bide orriak proposatuko dituena.
    2. Emaitzetara bideratutako I+Gko eta berrikuntzako politikak gauzatzea, ingurumen jasangarritasun handiagokoak.
    3. Funtsezko zeharkako arloak indartzea, esate baterako, berrikuntzako ekosistemak, gaitasunak edo finantzaketa, eta bitarteko erakundeen rola sendotzea, besteak beste, garapen agentziena eta klusterrena, enpresa txiki eta ertainei prozesuan laguntzeko.
    4. Euskal herritarrak trantsizio jasangarriko prozesuaren erdian jartzea, prestakuntza eskainiz eta kontzientziazioa indartuz, trantsizio horrek dituen eraginak gizartean onartzen laguntzeko.
    5. Lankidetzako eta elkarlaneko gobernantzako eskemetan berritzen jarraitzea, azken hamarkadetan metatutako jakintzari eta esperientziari dagokion garrantzia emanez.
    6. Euskal Autonomia Erkidegoak eta bertako enpresek trantsizio jasangarri globalean duten lidergoa sendotzea, nazioarteko ekimenetan parte hartuz, hainbat arlotan: energia, berrikuntza teknologikoa, industria jasangarria edo Garapen Jasangarrirako Helburuen ezarpena.

    Azken batean, Txostenak ondorioztatzen du ezinbestekoa dela balio ekonomikoa eta ongizatea sortzen jarraitzea, teknologia eta jarduera jasangarrietan gehiago espezializatuz eta jasangarritasunari lotutako berrikuntza gaitasunak indartuz, Euskal Autonomia Erkidegoa eta bertako enpresak trantsizio jasangarriaren abangoardian egon daitezen.

    Prozesuak baditu bere arriskuak, eta sakrifizio eta gizarte kostuak ekarriko ditu berekin, horiek minimizatzen ahalegindu behar da. Gainera, gaurtik bertatik egin beharko zaie aurre dilemei eta guztien gustukoak izango ez diren erabakiei. Hala ere, eraldaketan ikuspegi eta estrategia argi eta errealista batekin aurrera egiteak aukera emango du trantsizioari lotutako ekonomia, industria eta enpresa aukerak gauzatzeko. Horrek, epe ertain eta luzera, euskal herritarren ongizatean eragin garbi positiboa izango du.

    Txostena azaroaren 20an aurkeztuko da

    Txostena datorren azaroaren 20an, astelehena, aurkeztuko da, Lehiakortasunari buruzko Biltzarrean, Donostiako Kursaal Jauregian. Biltzarrean parte hartuko dute Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak. Stefan Lechtenböhmer adituak, Kassel Institute for Sustainability erakundeko irakasleak, hitzaldia eskainiko du, Europako beste industria eskualde batzuetan deskarbonizazioari aurre nola egiten dioten azaltzeko. Hedabideak adeitasunez gonbidatzen ditugu ekitaldira.

     

Lotutako albisteak

Euskal  AEk  Autobide  Arautzailea  jarri  du  abian,  interes  publikoko  proiektuetarako  administrazio-epeak  %  75  murrizteko
18/06/2026 Berrikuntza

Euskal AEk Autobide Arautzailea jarri du abian, interes publikoko proiektuetarako administrazio-epeak % 75 murrizteko

Eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa eta Europaren autonomia estrategikoa bizkortzeko premiaren aurrean, Euskal AEk Proiektu Eraldatzailea aurkeztu du prozesu administratiboak errazteko eta arintzeko, eta industriaren eta jarduera ekonomiko jasangarriaren lehiakortasuna bultzatzeko.  

Euskadiko  Parke  Teknologikoak  hazten  jarraitzen  du,  eta  2025ean  guztien  artean  9.257  milioi  euro,  aurreko  urtean  baino  % 12,3  gehiago,  fakturatu  zituzten  692  enpresa  biltzen  ditu  jada  bere  campusetan
17/06/2026 Berrikuntza

Euskadiko Parke Teknologikoak hazten jarraitzen du, eta 2025ean guztien artean 9.257 milioi euro, aurreko urtean baino % 12,3 gehiago, fakturatu zituzten 692 enpresa biltzen ditu jada bere campusetan

Parke enpresek urtero ematen dituzten datuek sektore aeroespazialak (2.787 milioi euro), Biozientziek (505 milioi euro), Soluzio Digital Aurreratuek (1.380 milioi euro) eta Energiak (1.152 milioi euro) duten pisu nabarmena islatzen dute, eta guztiak ere estrategikotzat jotzen dira Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Industria Planean.

ISO  9001  eta  ISO  14001  berriek  bidea  markatzen  dute:  ISO  Training  Spainek  enpresak  prestatzen  ditu  araudi  hauetara  garaiz  egokitu  daitezen

ISO 9001 eta ISO 14001 berriek bidea markatzen dute: ISO Training Spainek enpresak prestatzen ditu araudi hauetara garaiz egokitu daitezen

Kalitate eta ingurumen kudeaketako estandarretan aurreikusitako aldaketen aurrean, konpainiak prestakuntza teknikoa eta praktikoa eskaintzen die erakunde eta profesionalei arau-baldintza berrietara egokitzen laguntzeko.

Innobasquek  Euskadiko  berrikuntzako  kasu  praktikoen  7.  deialdia  jarri  du  martxan
08/06/2026 Berrikuntza

Innobasquek Euskadiko berrikuntzako kasu praktikoen 7. deialdia jarri du martxan

Deialdian batez ere esparru hauei loturiko kasuak hartuko dira aintzat: jakintzaren eraldaketa bultzatu dutenak, berrikuntzan adimen artifiziala aplikatu dutenak, sektore zientifiko-teknologiko berrietara hedatzea helburu dutenak eta administrazio publikoak berrikuntzaren motor gisa bultzatutakoak

VII.  “Leaders  in  Tech  Conference”  topaketan,  teknologia-  eta  berrikuntza-joera  berrienak  aztertuko  dira
01/06/2026 Berrikuntza

VII. “Leaders in Tech Conference” topaketan, teknologia- eta berrikuntza-joera berrienak aztertuko dira

Ekitaldia ekainaren 12an izango da Bilboko Iberdrola Dorrean

Agaleusek  plastikozko  ontzi  industrialak  balorizatzeko  instalazio  berria  jarri  du  martxan

Agaleusek plastikozko ontzi industrialak balorizatzeko instalazio berria jarri du martxan

Instalazioak gehienez 1.500 kg/h ontzi sartzeko ahalmena du

ONTZIk  elikagaien  ontzien  birziklagarritasuna  ebaluatzeko  tresna  digital  bat  aurkeztu  du
28/05/2026 Berrikuntza

ONTZIk elikagaien ontzien birziklagarritasuna ebaluatzeko tresna digital bat aurkeztu du

Aurkezpena Food 4 Futureren esparruan egin da, ontzi jasangarrien berrikuntzari, araudiari eta lankidetzari buruzko saio baten barruan.

Eskualdeko  garapen-agentziek  partaidetza  handiagoa  eskatzen  dute  Europako  finantzaketa-funtsen  gobernantzan
14/05/2026 Berrikuntza

Eskualdeko garapen-agentziek partaidetza handiagoa eskatzen dute Europako finantzaketa-funtsen gobernantzan

SPRI Taldeko zuzendari Jon Ansoleagak Bilboko ADR Foroan adierazi duenez, programak kudeatzeaz gain, “lurraldeen arteko politikak eta tresnak lerrokatu” behar dituzte

NAIDER:  adimen  aplikatua,  eraldaketa  ekonomikoaren,  lurraldekoaren  eta  klimatikoaren  zerbitzura
11/05/2026 Berrikuntza

NAIDER: adimen aplikatua, eraldaketa ekonomikoaren, lurraldekoaren eta klimatikoaren zerbitzura

NAIDERen lana hiru arlo nagusitan egituratzen da: ekonomia-analisia eta lurralde-lehiakortasuna, trantsizio ekologikoa eta energetikoa, eta hiri eta lurralde-birsorkuntza

Makina-Erremintak  portaera  desberdina  izan  du  2025ean  Azpisektorearen  arabera,  eta  2026an  egoera  geopolitiko  aztoratuaren  eragina  jasaten  ari  da
06/05/2026 Kluster politika

Makina-Erremintak portaera desberdina izan du 2025ean Azpisektorearen arabera, eta 2026an egoera geopolitiko aztoratuaren eragina jasaten ari da

Automobilgintzak Mendebaldean bizi duen egoera korapilatsuaren aurrean, zenbait sektorek, hala nola aeronautikak, trenak, energiak edo defentsak, dinamismo handiagoko egoerak dituzte

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.