Berrikuntza
Albisteak 14 uztaila, 2020

Berrikuntzarako Europako Kontseiluaren I+G, ekintzailetza eta zientzia proiektuetarako finantzaketa ildoak azaldu dituzte adituek

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, SPRI Taldeak eta Beaz-ek saio digitala antolatu dute EBren finantziazio-lerro honi buruzko profesional adituekin, azaleratzen ari diren ekimenetarako
-

Europako Berrikuntza Azeleragailua EIC (EIC Accelerator) I+G proiektuei, ekintzailetzari eta arrisku eta potentzial handiko zientziari laguntzeko tresna indartsua da. Europako Batzordearen programa honek finantziazioa eta kapitala ematen die enpresa txiki eta ertainei, aholkularitza aditua eskaintzeaz gain, inbertitzaileak eta bat datozen konpainiak elkarrekin harremanetan jartzeko. Horri esker, azeleragailuak lagundu egiten die produktu berriak, zerbitzuak eta negozio-ereduak garatzen eta merkaturatzen.

Europako finantziazio-ildo honetan sartzeko aukera gehiago izateko, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, SPRI Taldeak eta Beaz-ek topaketa digitala antolatu dute Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroarekin (CDTI) lankidetzan. Saio honetan, Euskadiko enpresa eta erakundeei orientabide batzuk eskaini zaizkie, azeleragailuaren interesa erakartzeko eta, ondorioz, hurrengo deialdietan laguntza lortzeko.

Javier Echarri izan da azaleratzen ari den berrikuntzari buruzko europar programa honetako epaimahaikidea, eta nabarmendu du zer garrantzitsua den “kontuan izatea proposamenak proiektua eta zuzentzen zaien merkatua ondo ezagutzen duten adituek aztertuko dituztela. Hortik dator konpromiso argi bat, proiektu sinesgarri bat –merkatua hausteko gai dena– dagoela erakusteko beharra.

Ekimen honen onuradun izandako bi enpresek, SOMAprobes eta Zuma Innovation-ek, beraien esperientziak oinarri hartu, eta aholku oso baliagarriak eman dituzte saio birtual honetan. Frank J. Hernández, SOMAprobesen sortzaileetako bat izateaz gain, zuzendari teknikoa ere bada, eta adierazi du bere proposamenaren arrakastaren oinarria zera izan dela: merkatuan dauden proiektuez bestelako proiektu bat zekartela erakustea, eta negozio-eredu horrek argi erakusten zuen eskalagarritasun gaitasuna eta eskari handia zituela. SOMAprobesen helburua da diagnosi-metodo berriak garatzea, eta COVID-19a detektatzen lan egiten du. Jon Madariaga, aldiz, Zuma Innovation-en sortzailea da, eta, bere iritziz, “funtsezkoa da enpresaren zuzendaritzak proposamenaren pisua eta haren defentsa bere gain hartzea, bai barne mailan egiten bada, bai kanpoko aholkularitzen laguntza jasotzen bada”. Halaber, nabarmendu du “CDTIren laguntzaren garrantzia, elkarrizketaren fasea fidagarritasunez prestatzeko eta aurkezpeneko puntu ahulenak indartzeko”. Zumak Europako Berrikuntza Azeleragailuaren laguntza lortu du, bizikletentzako transmisio elektronikorako sistema bat garatzeko.

Azeleragailua Europako Batzordearen Horizonte 2020 Berrikuntza eta I+G bultzatzeko planaren parte da, eta EBko Horizonte Europa esparru-programa berriaren parte ere izango da. Proiektuaren aurrekontua 100.000 milioi euro ingurukoa izango da 2021-2027 aldirako, eta zenbait berrikuntza ditu. Duten arrisku-mailagatik, bankuen finantziazio iturrietara sarbiderik ez duten enpresei zuzenduta dago, baldin eta “merkatura iristeko estrategia badute eta proiektu eskalagarriak aurkezten badituzte”; hala aurreratu du Luis J. Guerrak, CDTIko H2020 ETE ordezkariak.

Topaketan izan dira, halaber, Arturo Antón, EEN Sareko euskal nodoaren koordinatzailea SPRI Taldean eta Iciar Alaña, Enterprise Europe Network-en (EEN) arduraduna Innobasquen. Basque Enterprise Europe Network partzuergoko kideak dira Innobasque, SPRI Taldea eta Beaz, eta nazioarteko proiekzioa duten ETEak babesteko munduko sarerik handiena da.

On line saio honen osagarri gisa, Euskadiko ETE-ei aukera eman zaie laguntza horietan adituak diren eragileekin (harremanetarako gune nazionalak) eta CDTIren Horizonte 2020 programako ordezkariekin bilera pertsonalizatua egiteko. Ideia edo proiektu berritzaileak kontrastatzeko modua da, eta beharrezkoa da aurrez eskatzea bilera.

 

81 euskal enpresa onuradun 2014az geroztik

Euskadiko enpresa berritzaile ugarik izan dute Europako programa honen babesa 2014az geroztik. Zehatz esateko, 81 enpresari 39 milioi euroko laguntzak eman dizkiete EIC Berrikuntza Azeleragailuak eta honen aurrekoak, ETE Tresna izeneko programak.

Aukeratutako proiektuak bat datoz RIS3 Euskadi Espezializazio Adimendunerako Euskal Estrategiaren lehentasunezko helburuekin, eta honakoekin dute zerikusia:

– Fabrikazio aurreratua: material aurreratuak fabrikazio prozesuetan, hala nola grafenoa edo nano-mintzak, ura berriro erabiltzeko.

– Biozientziak/osasuna: test azkarrak koronabirus infekzioentzat, ekipamendu mediko eta material kirurgiko aurreratuak, exoeskeletoak errehabilitaziorako edo/eta errealitate birtuala diagnostiko medikoetarako.

– Energia: adimen birtuala automobiletako laguntzaile prediktiboentzat, irtenbide berritzaileak energia eolikoarentzat, elektromekanika bizikleten transmisioan.

– On line erabiltzaileen identifikazioa eta monitorizazioa hezkuntza sektorerako.

– Sistema integratuak sateliteetan.

 

Basque Enterprise Europe Network

Nazioarteko proiekzioa duten ETE-ei laguntzeko sarerik handiena da, eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak parte hartzen du. Basque Enterprise Europe Network-ek ETE berritzaileei merkatu berrietan sartzeko zerbitzuak eskaintzen dizkie. Enpresa txiki eta ertainentzako sare honek Euskadin du egoitza, eta nazioarteko loturak lortzen laguntzen du, baita hazteko teknologiak eta ideiak aurkitzen eta enpresa arloko bazkideak lortzen ere, aholkularitza espezializatua eskaintzeaz gain. Euskal nodoan daude Spri Taldea, BEAZ, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak, eta Innobasque Berrikuntzarako Euskal Agentzia.

 

Saio digitalaren bideoa osorik Innobasqueren webgunean egongo da, eta Euskadiko ETE-entzat eskuragarri egongo da bihartik, uztailaren 15etik, aurrera.

Lotutako albisteak

VII.  “Leaders  in  Tech  Conference”  topaketan,  teknologia-  eta  berrikuntza-joera  berrienak  aztertuko  dira
01/06/2026 Berrikuntza

VII. “Leaders in Tech Conference” topaketan, teknologia- eta berrikuntza-joera berrienak aztertuko dira

Ekitaldia ekainaren 12an izango da Bilboko Iberdrola Dorrean

Agaleusek  plastikozko  ontzi  industrialak  balorizatzeko  instalazio  berria  jarri  du  martxan

Agaleusek plastikozko ontzi industrialak balorizatzeko instalazio berria jarri du martxan

Instalazioak gehienez 1.500 kg/h ontzi sartzeko ahalmena du

ONTZIk  elikagaien  ontzien  birziklagarritasuna  ebaluatzeko  tresna  digital  bat  aurkeztu  du
28/05/2026 Berrikuntza

ONTZIk elikagaien ontzien birziklagarritasuna ebaluatzeko tresna digital bat aurkeztu du

Aurkezpena Food 4 Futureren esparruan egin da, ontzi jasangarrien berrikuntzari, araudiari eta lankidetzari buruzko saio baten barruan.

Eskualdeko  garapen-agentziek  partaidetza  handiagoa  eskatzen  dute  Europako  finantzaketa-funtsen  gobernantzan
14/05/2026 Berrikuntza

Eskualdeko garapen-agentziek partaidetza handiagoa eskatzen dute Europako finantzaketa-funtsen gobernantzan

SPRI Taldeko zuzendari Jon Ansoleagak Bilboko ADR Foroan adierazi duenez, programak kudeatzeaz gain, “lurraldeen arteko politikak eta tresnak lerrokatu” behar dituzte

NAIDER:  adimen  aplikatua,  eraldaketa  ekonomikoaren,  lurraldekoaren  eta  klimatikoaren  zerbitzura
11/05/2026 Berrikuntza

NAIDER: adimen aplikatua, eraldaketa ekonomikoaren, lurraldekoaren eta klimatikoaren zerbitzura

NAIDERen lana hiru arlo nagusitan egituratzen da: ekonomia-analisia eta lurralde-lehiakortasuna, trantsizio ekologikoa eta energetikoa, eta hiri eta lurralde-birsorkuntza

Makina-Erremintak  portaera  desberdina  izan  du  2025ean  Azpisektorearen  arabera,  eta  2026an  egoera  geopolitiko  aztoratuaren  eragina  jasaten  ari  da
06/05/2026 Kluster politika

Makina-Erremintak portaera desberdina izan du 2025ean Azpisektorearen arabera, eta 2026an egoera geopolitiko aztoratuaren eragina jasaten ari da

Automobilgintzak Mendebaldean bizi duen egoera korapilatsuaren aurrean, zenbait sektorek, hala nola aeronautikak, trenak, energiak edo defentsak, dinamismo handiagoko egoerak dituzte

Sprik  Euskadi  Agenda  2030  sarietako  “Bidean”  aintzatespena  lortu  du
30/04/2026 Berrikuntza

Sprik Euskadi Agenda 2030 sarietako “Bidean” aintzatespena lortu du

Aurreratua, bereizgarririk altuena, duten 7 erakunderekin, Bidean saria duten 16 erakunderekin eta Konpromisoa maila duten 64 erakunderekin, hitzorduan Eraldatu ekimenak bultzatutako 7 Eragin sari ere banatuko dira, eta lehen edizioan Aurreratua bereizgarria duten erakundeen 8 jardunbide egoki ere sarituko dira

Kelias  sendotu  egin  da  bide-segurtasuna  indartzen  duten  seinaleztapen  adimenduneko  sistemen  eskutik
15/04/2026 Berrikuntza

Kelias sendotu egin da bide-segurtasuna indartzen duten seinaleztapen adimenduneko sistemen eskutik

Enpresaren sistema konektatuek istripuak saihesten dituzte auto-ilaretan, oinezkoen pasabideetan eta animalia basatiak ustekabean agertzen diren lekuetan.

Eusko  Jaurlaritzak  20  milioi  eurora  arte  handitu  du  aurrekontua  ETE-etan  berrikuntza  bultzatzeko
08/04/2026 Berrikuntza

Eusko Jaurlaritzak 20 milioi eurora arte handitu du aurrekontua ETE-etan berrikuntza bultzatzeko

Industria Defendatzeko Taldearen bileraren ondoren, Industria Sailak Fast Track Innobideak programa 6,5 milioi euroko aurrekontuarekin handitu du, ETEak eraldatu eta dibertsifikatzeko Industria Plana – Euskadi 2030en barruan

Tecnipesak  Brave,  trazabilitate  logistikoan  iraultza  ekarri  duen  RFID  arku  berria,  aurkeztu  du
07/04/2026 Berrikuntza

Tecnipesak Brave, trazabilitate logistikoan iraultza ekarri duen RFID arku berria, aurkeztu du

Tecnipesak Brave, Barnekintzaile programaren bultzadari esker garatutako RFID arkua, merkaturatu du. Enpresak apirilaren 23an aurkeztuko du soluzio hori funtzionamenduan, Brave On Road San Sebastián jardunaldian.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.