Albisteak 9 abendua, 2021

Aitor Urzelaik nabarmendu du SPRI Taldeak enpresen bidelagun onena izan nahi duela lehiakortasuna bilatzeko orduan

Enpresen garapenerako euskal agentziako zuzendariak Vodafone Deia Innovation Saria jaso du
-

SPRI Taldeko zuzendari Aitor Urzelaik Vodafone Deia Innovation Saria jaso du Arte Ederren Museoan egin den ekitaldi batean. Garaikur horren bidez aitorpena egiten zaio enpresek eta antolakundeek berrikuntzaren alde egiten duten lanari.

Urzelai berrikuntzaz mintzatu da Deia egunkarian egin dioten elkarrizketa batean (jarraian transkribatuta dago), non nabarmendu baitu SPRI Taldeak (enpresen garapenerako euskal agentzia) enpresen bidelagun onena izan nahi duela lehiakortasun handiagoa bilatzeko orduan. “Laguntzea da gure bokazioa, hau da, enpresen ondoan egotea inbertsioak egiten dituztenean, I+G+B-n dihardutenean, eraldaketa digitalean, nazioartekotzean, ekintzailetzan nahiz dibertsifikazioan murgilduta daudenean, lurzoru eta azpiegiturak behar dituztenean, eta abar, helburua baita enpresak baldintza hobeetan lehiatu daitezela euren merkatuetan”.

 

– Berrikuntza omen da pandemiatik irteteko salbamendu-ontzia. Hala uste duzu?

Zalantzarik gabe, bai. Pandemia honek zerbait erakutsi badigu da mundu eta testuinguru ekonomiko gero eta aldakorrago batean bizi garela, ziurgabetasunean murgilduta, non enpresak etengabe egokitu behar baitzaizkie egoera eta testuinguru berri eta gero eta konplexuagoei. Eta horretarako, ezinbestekoa da berritzea. Argi dago pandemiak mehatxu eta zailtasun mordoa ekarri dizkiela gure enpresei, baina horrekin batera, aukera esanguratsuak ari dira sortzen arlo teknologiko-digitalean, energia eta ingurumen arloan eta arlo soziosanitarioan.  Enpresen ikuspegitik, osasun-egoerak berekin ekarri dituen zailtasunei aurre egiteaz gain, oso garrantzitsua da berrikuntzarako gaitasun guztiak aktibatzea, une honetan bizi ditugun trantsizio horiek dakartzaten aukerak identifikatu eta aprobetxatzeko.

– Teknologia da berrikuntzaren aliatu handiena?

Neurri handi batean bai, baina ez da aliatu bakarra, ezta gutxiagorik ere. Egia da gure enpresek produktu eta zerbitzu berriak sortzeko garatzen dituzten berrikuntza asko garapen teknologiko berritzaileen eskutik doazela. Baina ez genuke gutxietsi behar beste mota bateko berrikuntzen garrantzia enpresei lehiakortasun handiagoa eskaintzeko orduan. Esate baterako, hor ditugu antolakuntza arloko berrikuntzak, marketinekoak eta merkatukoak edo negozio-ereduei dagozkienak. Ez dute zertan izan osagai teknologiko handiko berrikuntzak, eta halere inpaktu erabakigarria izan dezakete enpresen lehiakortasunean.

– Zenbait sektore beste batzuk baino aurreratuago daude berrikuntza arloan. Baina denak hobetu daitezke, prozesu berritzaileen aldeko apustua egiten badute. Zure ustez zein dira atzean geratu diren sektoreak?

Ez dut uste orokortu litekeenik; berrikuntzari dagokionez, ezin da esan sektore batzuk besteak baino aurreratuago edo atzeratuago daudenik. Badira punta-puntako enpresa berritzaileak a priori oso berritzaileak ez diren sektoreetan, eta alderantziz, badira berrikuntzan oso aktiboak ez diren enpresak ustez ikaragarri berritzaileak diren sektoreetan. Kontuan hartu behar dira enpresa bera, bere kultura, bere gaitasunak, bere baliabideak edo berrikuntza prozesuei ekiteko dauzkan konbikzio estrategikoak. Askotan erlazionatzen dira enpresen tamaina eta berrikuntza gradua, normalean enpresa handienek gaitasun eta baliabide gehiago izaten dituztelako berritzeko, baina premisa hori ere ez da betetzen kasu guztietan. Hortxe dauzkagu oinarri teknologikoko enpresa berriak, startup-ak alegia; enpresa oso gazteak dira, askotan tamaina txikikoak, baina sekulako osagai berritzailea dutenak.

– Zer landu behar du Euskadik?

Uste dut badela garaia bi aldetako gaitasunak aplikatzeko, eskuin-ezkertien modura. Batetik, jarraitu behar da betiko zailtasunak ahalik eta ongien kudeatzen (likidezia, tarifa energetikoak, pleita eta lehengaien prezioak, zenbait osagairen eskasia…) eta, bestetik, ezin da ahaztu epe ertain-luzean hiru trantsizioen inguruan sortzen ari diren aukerak identifikatu eta aprobetxatu behar ditugula: energia eta ingurumen arloko trantsizioa (deskarbonizazioa, energia berriztagarriak, ekonomia zirkularra, mugikortasun jasangarria…), trantsizio teknologiko-digitala (robotizazioa, 5G, AA eta Data Analitics, eCommerce, eLearning, telelana…), eta trantsizio soziosanitarioa (“zilar ekonomia”, elikadura, aisialdia…).

Une oso aldakor eta konplexua bizi dugu, zeinetan beharrezkoa baita hainbat enpresa-jardueraren dibertsifikazio aukerak aztertzea aipatutako trantsizioei aurre egiteko, kontuan hartuz ez direla mehatxuak edo gure lehiakortasuna baldintzatu dezaketen elementuak, baizik eta Euskadin enplegua eta balioa sortuko duen jarduera industrial berri bat garatzeko aukerak.

– Oro har, euskal enpresa berritzailea al da?

Mota guztietako enpresak daude, noski, batzuk berritzaileagoak eta beste batzuk ez hainbeste. Nolanahi ere, oro har esan liteke euskal enpresa berritzailea dela. Eta ez diot nik bakarrik, Europako Batzordeak berak esan du berriki. Europako Batzordeak prestatu eta argitaratzen duen Regional Innovation Scoreboard txostenaren 2021eko edizioak azpimarratu egin ditu Euskadik berrikuntza arloan lortu dituen aurrerapenak, eta lehen aldiz kokatu da Europar Batasunaren batez bestekoaren gainetik berrikuntzaren indizean (EBren batez bestekoa 100 da, eta Euskadirena 103,6). Txosten horrek dioenez, Euskadi “berrikuntza handiko” eskualdea da, bere berrikuntzako errendimendua % 14,7 hazi baita 2014az geroztik. Baina ez da hori berritzaile handien multzoan sartzeko arrazoi bakarra. Izan ere, Europako Batzordeak “bikaintasun polo” gisa sailkatu du, berrikuntza handiko eskualde bat delako berrikuntza ertaineko estatu batean.

– Zeintzuk dira Euskadiren erronkak gaur egun?

Berrikuntza arloko etorkizuneko erronkak 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP) daude jasota. Hala, nire ustez hauek dira etorkizuneko lehentasunezko erronkak:

  • Euskal I+G+B ahalik eta gehien orientatzea emaitzetara.
  • I+G-ko eta berrikuntzako jarduerak bultzatzea enpresetan, batik bat ETEetan.
  • Euskal I+G+B-ren nazioartekotzea bultzatzea.
  • Ikerketarako talentua sustatzea, bereziki emakumeen artean.

 

– Eta zein paper jokatuko du SPRIk helburu horiek lortzeko bidean?

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren parte denez, SPRIren zeregina da enpresen bidelagun onena izatea lehiakortasun handiagoa lortzeko bide horretan. Laguntzea da gure bokazioa, hau da, enpresen ondoan egotea inbertsioak egiten dituztenean, I+G+B-n dihardutenean, eraldaketa digitalean, nazioartekotzean, ekintzailetzan nahiz dibertsifikazioan murgilduta daudenean, lurzoru eta azpiegiturak behar dituztenean, eta abar, helburua baita enpresak baldintza hobeetan lehiatu daitezela euren merkatuetan. Horretarako, 2021ean Enpresentzako Laguntza Plan bat jarri dugu martxan (batez ere ETEei zuzenduta) 70 programarekin eta 430 milioi euro inguruko aurrekontuarekin. Eta hurrengo ekitaldirako gure asmoa da ahaleginak bikoiztea, 2022ko Laguntza Plan are anbiziotsuago bat abiarazi ahal izateko. Gainera, laguntza hori modu proaktibo, hurbil eta adiskidetsuan eskaintzen diegu enpresei. Euskadiko hainbat eskualde bisitatzen ditugu gure laguntza-eskaintza zuzenean aurkeztu eta azaltzeko, ahalegintzen gara euren zalantzak in situ argitzen, eta aholkularitza ematen diegu euren proiektuak ahalik eta ongien bideratu eta aurkezteko.

– Azkenik, nola baloratzen dituzu Vodafone Deia Innovation
Saria bezalako aitortzak?

Egia esan, ilusio handia egiten digu. Vodafone Deia Innovation sariek ibilbide luzea dute egina, eta ohore bat da palmaresa partekatzea ibilbide horretan saritu dituzten enpresa eta antolakundeekin.  Uste dut aitortza bat dela SPRIk duela 40 urtetik hona euskal enpresaren alde, kalitatezko enpleguaren sorreraren alde eta Euskadiren ongizatearen alde egin duen lanagatik, eta guretzat sekulako poza da sari hau jasotzea urte seinalatu honetan.  Eta poza diot, baina ez autokonplazentzia, aitortza hau akuilu bat izango baita euskal enpresari gero eta laguntza-zerbitzu hobea emateko.

-Laguntza eman behar zaie berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten duten gazte ekintzaileei?

Jakina baietz. Berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten duten ekintzaileek enpresa berritzaileak sortzen dituzte. Enpresa berritzaileek kalitatezko enplegua sortzen dute. Eta kalitatezko enplegu-tasa handiak dituzten eskualdeak dira ongizate-indize altuenak dituztenak. Ondorioz, ekuazioa argi dago: gaurko ekintzaileak dira biharko Euskadiren etorkizuna.

 

Lotutako albisteak

Euskal  AEk  Autobide  Arautzailea  jarri  du  abian,  interes  publikoko  proiektuetarako  administrazio-epeak  %  75  murrizteko
18/06/2026 Berrikuntza

Euskal AEk Autobide Arautzailea jarri du abian, interes publikoko proiektuetarako administrazio-epeak % 75 murrizteko

Eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa eta Europaren autonomia estrategikoa bizkortzeko premiaren aurrean, Euskal AEk Proiektu Eraldatzailea aurkeztu du prozesu administratiboak errazteko eta arintzeko, eta industriaren eta jarduera ekonomiko jasangarriaren lehiakortasuna bultzatzeko.  

Euskadiko  Parke  Teknologikoak  hazten  jarraitzen  du,  eta  2025ean  guztien  artean  9.257  milioi  euro,  aurreko  urtean  baino  % 12,3  gehiago,  fakturatu  zituzten  692  enpresa  biltzen  ditu  jada  bere  campusetan
17/06/2026 Berrikuntza

Euskadiko Parke Teknologikoak hazten jarraitzen du, eta 2025ean guztien artean 9.257 milioi euro, aurreko urtean baino % 12,3 gehiago, fakturatu zituzten 692 enpresa biltzen ditu jada bere campusetan

Parke enpresek urtero ematen dituzten datuek sektore aeroespazialak (2.787 milioi euro), Biozientziek (505 milioi euro), Soluzio Digital Aurreratuek (1.380 milioi euro) eta Energiak (1.152 milioi euro) duten pisu nabarmena islatzen dute, eta guztiak ere estrategikotzat jotzen dira Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Industria Planean.

ISO  9001  eta  ISO  14001  berriek  bidea  markatzen  dute:  ISO  Training  Spainek  enpresak  prestatzen  ditu  araudi  hauetara  garaiz  egokitu  daitezen

ISO 9001 eta ISO 14001 berriek bidea markatzen dute: ISO Training Spainek enpresak prestatzen ditu araudi hauetara garaiz egokitu daitezen

Kalitate eta ingurumen kudeaketako estandarretan aurreikusitako aldaketen aurrean, konpainiak prestakuntza teknikoa eta praktikoa eskaintzen die erakunde eta profesionalei arau-baldintza berrietara egokitzen laguntzeko.

Innobasquek  Euskadiko  berrikuntzako  kasu  praktikoen  7.  deialdia  jarri  du  martxan
08/06/2026 Berrikuntza

Innobasquek Euskadiko berrikuntzako kasu praktikoen 7. deialdia jarri du martxan

Deialdian batez ere esparru hauei loturiko kasuak hartuko dira aintzat: jakintzaren eraldaketa bultzatu dutenak, berrikuntzan adimen artifiziala aplikatu dutenak, sektore zientifiko-teknologiko berrietara hedatzea helburu dutenak eta administrazio publikoak berrikuntzaren motor gisa bultzatutakoak

VII.  “Leaders  in  Tech  Conference”  topaketan,  teknologia-  eta  berrikuntza-joera  berrienak  aztertuko  dira
01/06/2026 Berrikuntza

VII. “Leaders in Tech Conference” topaketan, teknologia- eta berrikuntza-joera berrienak aztertuko dira

Ekitaldia ekainaren 12an izango da Bilboko Iberdrola Dorrean

Agaleusek  plastikozko  ontzi  industrialak  balorizatzeko  instalazio  berria  jarri  du  martxan

Agaleusek plastikozko ontzi industrialak balorizatzeko instalazio berria jarri du martxan

Instalazioak gehienez 1.500 kg/h ontzi sartzeko ahalmena du

ONTZIk  elikagaien  ontzien  birziklagarritasuna  ebaluatzeko  tresna  digital  bat  aurkeztu  du
28/05/2026 Berrikuntza

ONTZIk elikagaien ontzien birziklagarritasuna ebaluatzeko tresna digital bat aurkeztu du

Aurkezpena Food 4 Futureren esparruan egin da, ontzi jasangarrien berrikuntzari, araudiari eta lankidetzari buruzko saio baten barruan.

Eskualdeko  garapen-agentziek  partaidetza  handiagoa  eskatzen  dute  Europako  finantzaketa-funtsen  gobernantzan
14/05/2026 Berrikuntza

Eskualdeko garapen-agentziek partaidetza handiagoa eskatzen dute Europako finantzaketa-funtsen gobernantzan

SPRI Taldeko zuzendari Jon Ansoleagak Bilboko ADR Foroan adierazi duenez, programak kudeatzeaz gain, “lurraldeen arteko politikak eta tresnak lerrokatu” behar dituzte

NAIDER:  adimen  aplikatua,  eraldaketa  ekonomikoaren,  lurraldekoaren  eta  klimatikoaren  zerbitzura
11/05/2026 Berrikuntza

NAIDER: adimen aplikatua, eraldaketa ekonomikoaren, lurraldekoaren eta klimatikoaren zerbitzura

NAIDERen lana hiru arlo nagusitan egituratzen da: ekonomia-analisia eta lurralde-lehiakortasuna, trantsizio ekologikoa eta energetikoa, eta hiri eta lurralde-birsorkuntza

Makina-Erremintak  portaera  desberdina  izan  du  2025ean  Azpisektorearen  arabera,  eta  2026an  egoera  geopolitiko  aztoratuaren  eragina  jasaten  ari  da
06/05/2026 Kluster politika

Makina-Erremintak portaera desberdina izan du 2025ean Azpisektorearen arabera, eta 2026an egoera geopolitiko aztoratuaren eragina jasaten ari da

Automobilgintzak Mendebaldean bizi duen egoera korapilatsuaren aurrean, zenbait sektorek, hala nola aeronautikak, trenak, energiak edo defentsak, dinamismo handiagoko egoerak dituzte

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.