Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 25 ekaina, 2020 Berrikuntza Fast Track Innobideak programa

Zigor korporazioa Schneider Electric enpresaren mundu mailako hornitzaile esklusibo bihurtu da

Konpainia arabarrak konponbide industrialak egingo ditu argindar hornikuntzaren kalitatea bermatzeko eta, hortaz, enpresei eraginkortasun handiagoa emateko
Enpresako kontseilari delegatu Iñigo Segura Díaz de Espada.

 

Konpainia arabarrak konponbide industrialak egingo ditu argindar hornikuntzaren kalitatea bermatzeko eta, hortaz, enpresei eraginkortasun handiagoa emateko

 

Gaur egungoa bezalako ziurgabetasun-egoeretan ere, ongi orientatuta dauden eta balioa duten enpresek ikusten dute aukerak sortzen direla eurentzat eta orobat ikusten dute beren apustu estrategikoak baduela zentzua. Horren adibide dugu Zigor Corporación enpresa teknologiko arabarra, zeinak akordio bat itxi berri baitu sektoreko handietako batekin, Schneider Electric enpresarekin, bere mundu mailako hornitzaile esklusibo bihurtzeko.

 

Bere berrikuntzari eta talentuari esker, euskal konpainia gai izan da multinazional frantsesa konbentzitzeko; hala, hemendik aurrera Zigor korporazioak hornituko dizkio argindar hornikuntzaren kalitatea hobetzeko konponbide industrialak, horrela eraginkortasun handiagoa emango zaielarik enpresei.

 

Zigor korporazioak 100 profesional enplegatzen ditu, eta instalazioak dauzka Mexikon eta Kolonbian. Enpresako kontseilari delegatu Iñigo Segura Díaz de Espadak adierazi duenez, Europa eta Asiako hainbat multinazionalekin lehiatu behar izan dute kontratu esklusibo hau lortzeko.

 

Garai zailenetan ere aukerak sortzen dira balio erantsi handiko prozesu eta produktuen aldeko apustua egiten duten enpresentzat…

Egia da, bai, baina ez da kasualitatea. Berrikuntzaren eta teknologiaren alde beti egin dugun apustu irmoak eta, batik bat, gure teknikarien ezagutzak, bezeroarenganako orientazioak eta zerbitzurako bokazioak beti eman dituzte fruituak, baita unerik txarrenetan ere.

 

Zer egiten duzue zehazki Zigor korporazioan?

Zigor-ek  diseinatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen dituen ekipoek energia berriztagarri fotovoltaikoa helarazten dute industriara eta kontsumitzaile guztiengana. Gure ekipoek energia mota hori kudeatzen dute, hau da, banaketa-sarean injektatzen dute energia hori industriek, kontsumitzaileek eta herritarrek kontsumitu dezaten. Halaber, azpi-estazioetako transmisio- eta banaketa-sareak kudeatzeko ekipoak diseinatzen ditugu, zeintzuek kalitatezko hornikuntza elektriko egonkorra bermatzen baitute industriarentzat. Beraz, balio-kate osoan lan egiten dugu, hasi argindarraren sorkuntzatik (gure kasuan, gehienbat fotovoltaikoa), transmisiotik eta banaketatik eta amaierako kontsumitzailearenganaino.

 

Zenbateraino da garrantzitsua Schneider bezalako mundu mailako konpainia baten hornitzaile esklusibo izatea?

Akordio honek abantaila ugari emango dizkigu. Batetik, indartu egingo du aukera-iturri gisa kalitate teknikoaren eta berrikuntzaren alde egin dugun apustua. Era berean, merkatuari erakutsiko dizkio diseinatzen ditugun produktuen sendotasun eta kalitatea, eta gure fabrikazio-prozesuen gaitasuna, denak baitira elementu erabakigarriak horrelako kontratuak ixteko.

 

Ikuspegi ekonomikotik, pentsatzekoa da akordioa une paregabean datorrela epe ertainera lasaitasun pixka batekin lan egiteko…

Argi dago akordio honek gure negozio-zifra handitu eta gure proiektua sendotuko duela, eta horri esker berrikuntza teknologikoaren eta etorkizuneko proiektu berrien aldeko apustua egiten jarraituko dugu, horrela hazten jarraitzeko.  Baina badago zerbait bereziki harro sentiarazten nauena, eta da Schneider Electric enpresarekin lortutako akordio honek aukera emango digula enpresako enplegua 1,5 aldiz handitzeko datozen urteetan, eta hori albiste paregabea da une honetan.

 

Zergatik aukeratu zaituzte horrelako multinazional batek bidelagun gisa Europa eta Asiako beste konpainia batzuen aurretik?

Europa eta Asiako enpresa-talde horiek baino txikiagoak gara, baina uste dut gure tamainak abantailaren bat ere ematen digula, malguagoak eta azkarragoak garelako eta, ondorioz, erabakiak eta proiektuak azkarrago exekutatzen ditugulako, eta hori indargune handia da gaur egun. Akordioa ixten ari ginenean, Schneider-ek hainbat baldintza jarri zituen mahai gainean: eskatu ziguten hainbat aldaketa eta diseinu berri gehitzeko hasierako proiektuari, eta pentsatu zuten gutxienez urtebete beharko genuela aldaketa guztiak egiteko, baina hiru hilabetean bukatu genuen lana. Pentsatzen dut horrekin erakutsi geniela gai garela konprometitzeko eta produktua eta diseinua azkar egokitzeko. Eta horri guztiari gehitu behar zaio gure kalitate teknikoak, gure I+G+B taldearen gaitasunak eta fabrikazio-prozesuek betetzen dituztela Schneider bezalako marka baten eskakizunak. Pentsatzen dut horiek izan zirela balantza gure alde jarri zuten arrazoiak.

 

Egungo testuingurua ikusita, zerk kezkatzen zaitu gehien enpresa arloan?

Uste dut gertatzen ari denak aukera mordo bat irekitzen dituela gure sektoreko enpresentzat. Badaude kalitatearen eta berrikuntzaren alde apustu egiten ari diren enpresak, lan egiteko modu berriak deskubritzen ari direnak, errealitate berri honek produktuetan izango duen inpaktuaz jabetu direnak, autonomoago, auto-kudeatuago eta sendoago izan beharko dutela ikusten dutenak… Pentsatzen dut aukera berri asko irekiko direla baldintza berrietara egokitzeko, eta dagoeneko ikusten ari gara hori. Zigor-en buru belarri ari gara lanean, produktu berriak garatuz eta gainerakoak egokituz. Orain enpresa sendo bat gara, etorkizuneko proiekzioa duena eta gauza mordo bat dauzkana egiteko.

 

Arestian esan duzu energia sektorearen egoera ona aldatu egin litekeela bigarren seihilekoan. Uste duzu hemendik eta urte amaierara posible dela jarduera jaistea edo gelditzea?

Esango nuke atzerapen batzuk agertu daitezkeela. Hau da, posible da epeak luzatzea eta, ondorioz, zenbait atzerapen gertatzea. Zigor-en astero berrikusten dugu gure inguruko egoera eta konpainiaren negozioa 50etik gora adierazleren arabera, eta astez aste datu onak jasotzen ari gara, beraz, oraingoz ez dugu ezer negatiborik iragarriko. Egia da badagoela ziurgabetasun bat, baina orobat egia da proiektu oso garrantzitsuak dauzkagula urte amaieran martxan jarriko direnak, eta horregatik baikorrak gara datozen hilabeteei begira.

 

Zein proiektuz ari zara?

Adibidez, urte amaieran abiaraziko dugu proiektu bat Adolfo Suárez Madrid-Barajas aireportuko T4 terminalean. Auto-kontsumoko kontratu handi bat da. AENAk CYMI-INSAE ABEEaren bitartez esleitu dio Zigor korporazioari 2,5 MWko hiru potentzia-estazioren (sistema elektronikoak dira eguzki xafletatik datorren energia prestatzen dutenak energia hori erabili ahal izateko) diseinua eta hornikuntza. Hiru ekipo horiek AENAren eguzki auto-kontsumorako lehen instalazio handiaren parte izango dira, eta Espainiako handienetako bat izango da.

 

Zein abantaila eskainiko ditu?

 7,5 MW-ko potentzia sortuko du (5.500 etxetan egiten den energia kontsumoaren baliokidea) eta urtean ia 3.000 tona CO2 gutxiago isuriko ditu. Proiektu izarra da, aireportuaren premia energetiko gehienak estaliko dituena eta AENAren gainerako azpiegituretan ere jarraipena izango duena, deskarbonizazio-programa batean murgilduta baitaude karbono aztarna murrizteko eta energia garbi eta berriztagarria bultzatzeko. Guretzat proiektu pilotu bat da, eta espero dugu partzuergo honek jarraipena izango duela etorkizunean.

 

Itxialdiak agerian utzi du energia kontsumoa izugarri murriztu zela industriaren jarduera jaitsi edo gelditu zenean. Zure ustez zein puntutan gaude orain?

Logikoki, sektorea suspertzen joango da jarduera industrial desberdinak berraktibatu ahala, baina egia da kontsumo elektrikoak gora egin duela berriz, ez dakit zein portzentajetan. Uste dut une egokia dela inbertsioak egiteko eta sareak eguneratu eta modernizatzeko (Zigor-ek I+G-ra bideratzen du bere urteko fakturazioaren % 10a). Eta puntu honetan bat egin nahi dut argindar enpresak Gobernuari egiten ari zaizkion eskaerarekin: ken dezala BPGaren % 13ko muga, sektore elektrikoaren modernizazioan eta eraldaketan egin beharreko inbertsioak azkartzeko, oraintxe baita horretarako une egokia.

 

Zer ondorio ekarriko ditu CEOEk (Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioa) berriki bultzatu duen gailurrak?

Ziur nago oso gomendio baliagarriak emango direla ekonomia ahalik eta azkarren berraktibatzeko, baina orain kontua da gai izan behar dugula oraindik egin ez dugun bide bat egiteko, eta ahalik eta azkarren gainera.

 

 

Lotutako albisteak

Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
26 otsaila, 2024 Berrikuntza
Vostok Electric: “Mugikortasun jasangarriaren esparruan hobe da urrats txikiak eta seguruak ematea”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak