Jakiberri ekimenak euskal fast food osasuntsuaren lehen prototipoak aurkeztu ditu

14 ekaina, 2018
Jakiberri proiektuko parte-hartzaileak prototipoak dastatzeko saio batean.

 

Proiektuak hainbat plater garatu ditu errezeta tradizionalak berreskuratuz

Nolakoa izango litzateke euskal produktuetan eta errezetetan oinarritutako janari azkarra? Galdera horixe da Jakiberri proiektuaren abiapuntua, zeinak helburutzat baitauka elikagaien ildo berri bat sortzea. Erronka da azkar egin daitezkeen platerak asmatzea, baina aldi berean osasuntsuak, kalitatezkoak, erakargarriak eta euskal jatorrikoak izan daitezela.

 

Proiektu horretan berrikuntza kolaboratiboko prozesu bat egin da, non parte hartu duten hiritarrek, ideia lehiaketen bidez, eta baita ere gastronomia sektoreko profesional eta agenteek. Lehenik eta behin, dekalogo bat egin zen “azkar prestatutako euskal jakiak” kontzeptuaren oinarrizko elementuak zehazteko. Ondoren, ideiak eta proposamenak bildu ziren elikagai berriak sortzeko. Azkenik, prozesuaren amaieran 24 prototipo-familia garatu dira.

 

Ekainaren 12an, Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoalab Hub espazioa abiarazi zenean, aurkeztu ziren Jakiberri proiektuaren aurrerapenak eta orain arte sortutako prototipoak erakutsi ziren. Bertaratuek aukera izan zuten euskal janari azkar osasuntsuaren proposamenak dastatzeko: kukurutxo formako talo bat itsas jatorriko betegarriarekin; karapaixo modernizatu bat, txorizoa izan beharrean barazkiak eta gozagarriak dituena; eta hasierakoak eta postreak aurkezteko asmatutako poteak.

 

Proiektuak erantzuna ematen die hainbat erronkari: batetik, nekazaritzako produkzioaren balioa erori egin da Euskadin, gaur egun BPGaren %1aren azpitik baitago; bestetik, gero eta gehiago kontsumitzen da janari prestatua. Fast food merkatuak 98 milioi euro sortzen ditu urtean Euskadin, eta 2.000 milioitik gora Estatuan. “Suedian, adibidez, nola jakien heren bat fast food-ean oinarrituta dagoen, administrazioek proiektuak bultzatu dituzte janari azkar osasuntsu suediarra sortzeko” azaldu du Aitor Orobengoak, ISEAko Jakiberri proiektuaren arduradunak. “Euskadin, gastronomiako erreferente izan arren, ez daukagu horrelako produkturik, zeintzuek aberastasuna sor bailezakete nekazaritzako ustiategietan eta euskal enpresa-sarean”.

 

Gaur egun, prototipo-ildo desberdinak identifikatu ondoren, proiektuaren helburu nagusia da errezetak egokitzea seriean egin ahal izateko eta negozio-ereduak garatzea. “Jendeak prototipoak probatzen dituenean ikusten du badutela lotura euskal janari tradizionalarekin, eta osasun eta kalitate kontzeptuekin” dio Aitor Orobengoak, “uste dugu orobat aukera eman diezaiekeela sukaldariei beren sormena ustiatzeko, eta ideia berriak sortzeko guk irakasten diegunetik abiatuta”.

 

ISEA, Basque Culinary Center, Mondragon Health, Jakion, Auzo Lagun eta Debagoienako Eskualde Garapenerako Agentziak bultzatzen dute Jakiberri, Innobasque erakundearen laguntzaz.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow