Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 8 ekaina, 2021 Azpiegiturak Berrikuntza Fast Track Innobideak programa Sprilur

HWSren garabi autoigokariak erronka jo die dorre eolikoen mugei

Konpainia gipuzkoarrak konponbide moldakor eta errentagarri bat garatu du 145 metrotik gorako haize-sorgailuak eraiki ahal izateko
Mariano Abadía.

 

Proiektu arrakastatsu honen historia Lekunberriren (Nafarroa) eta Zizurkilen artean kokatzen da, eta zerikusia du hormigoi aurrefabrikatuarekin eta altuera eta pisu handiko dorre eolikoekin; bai proiektua eta bai enpresa premiak bultzatuta sortu ziren 2013an, bide-ingeniari eta proiektuaren bultzatzaile Mariano Abadíak (Bartzelona, 1964) denbora bat zeramanean langabezian eta eginahalak egiten bere ibilbide profesionala berbideratzeko. Leizarango autobideko lanetan lankide izandako Jesús Montaner konbentzitu zuen eraikuntzako berrikuntzan zentratutako HWS Concrete Towers konpainia sortzeko, zeina, handik denbora batera, proiektu oso berritzaile eta disruptibo baten erantzule izan baita: garabi autoigokari bat, patentatua eta arrakastaz probatua, aukera ematen duena haize-sorgailu baten dorre eolikoak eraikitzeko dorreek altuera hartzen duten heinean. Euskal ETE honetako zuzendari nagusiak esan duenez, dorreak askoz azkarrago garatzen dira horrela, eta eraikuntza prozesua lehiakorragoa da.

 

Egia al da etxe-orratzak eraikitzeko erabiltzen den teknikan inspiratu zinetela garabi autoigokari hau sortzeko?

Bai, izan zuen zerikusia. Etxe-orratzak eraikitzeko metodologia ez da aldatu 1935ean New Yorkeko Empire State ezaguna egin zenetik. Lehenbizi nukleo bat sortzen da, hots, hormigoizko hodi bat, eta ondoren pixkanaka altxatzen da eraikina, altuera berean dagoen garabi batekin… Denborarekin nukleo hori kristal eta altzairuz inguratzen da eta barnealdea igogailuak egiteko erabiltzen da. Eraikuntza modu horixe erabiltzen da oraindik, eta horixe erabili dugu erreferentziatzat gure garabia diseinatzeko, baina haize-sorgailuen esparruan zentratuz.

 

Nola gogoratzen dituzu 2013ko lehen urrats haiek?

Lehenbizi ahalegindu ginen hemen erabiltzen dugun aurrefabrikatuen teknologia Estatu Batuetara eramaten, baina ez zen ongi atera. Horrek behartu egin gintuen gure negozio-eredua aldatzera, eta haize-sorgailuen sektorean zentratu ginen. Errota haiek behar zituzten garabiak oso garestiak ziren, eta hori primeran etorri zitzaigun; horrela sortu zen gure ideia, hots, garabi bat garatzea haize-sorgailuen altueratik independentea dena.

 

Zergatik zarete garabi tradizionalen alternatiba bat?

Gure garapena, AirCrane izendatu duguna, bereziki diseinatuta dagoelako eskalagarri izateko (enpresan uste dugu 250 tona jasatera irits litekeela) eta merkatuan dagoen edozein turbina eolikori konfiguratzeko. Horrela, errentagarriago gara altuera mugagabeko hormigoizko dorre eolikoentzat, eta gainera saihestu egiten dugu garabia garraiatu beharrak dakarren lan nekosoa. Pentsa ezazu 70 kamioi behar izaten direla horrelako bat garraiatzeko.

 

Garabiaren aplikazioak sektore eolikora mugatzen dira?

Oso garapen moldakorra denez, posible da bere abantailak beste sektore batzuetan inplementatzea turbina eolikoen instalazio eta mantenimenduaz harago, esaterako zubientzako zutabeak, etxe-orratzen nukleo zentralak edo tximiniak eraikitzeko eta beste hainbat gauzatarako.

 

Nola detektatu zenuten behar hori sektore eolikoan?

2005ean hormigoizko dorre oso altu bat diseinatu genuen Gamesaren G10 proiektuko turbina batentzat. Orduan ohartu ginen horrelako dorreen etorkizuna makinerian egongo zela. Ziur geunden horrelako eraikuntzetarako erabiltzen diren kate-garabi erraldoiek goia joko zutela egunen batean, eta konponbideren bat aurkitu beharko zela. Eta hortxe ikusi genuen aukera.

 

Noraino iristen da garabi autoigokariaren altuera?

Teorian, gorantz igotzeko duen moduagatik, ez dauka mugarik.

 

Zein erronka teknologiko gainditu behar izan dituzue?

Aurreneko prototipoaren garapenerako finantzaketa aurkitzeko behar izan genuen denboraz gain, lan asko egin genuen ingeniaritza mekanikoaren arloan. Zorionez, Gipuzkoan badaude oso maila altuko profesionalak horrelako erronkak gustuko dituztenak.

 

Zuen proiektuak ikusmin handia sortu du sektoreko player garrantzitsuenen artean. Zure ustez zergatik gertatu da hori?

Moldakortasun eta errentagarritasun maila altuak eskaintzen dituelako. Uste dugu gure proposamena oso aproposa dela, badagoelako joera bat gero eta dorre eoliko altuagoak egiteko eta egungo garabi finkoek mugatu egiten dutelako joera hori.  Kontuan izan behar da merkatuan ez dagoela horrelako garabi asko eta daudenak ez direla gai beharrezko altuera hartzeko, gainera, erdietsi dute euren muga operatiboa.  Eta hori nahiko kontraesankorra da sektorearentzat, frogatuta baitago haize-sorgailu batek zenbat eta altuera handiagoa izan, orduan eta energia gehiago ekoizten duela.

 

Diseinatu, patentatu eta arrakastaz probatu duzue. Zein fasetan dago proiektua orain?

Hiru urteko ikerketaren ostean, produktua merkaturatzen ari gara sektoreko fabrikatzaile handi batzuen laguntzarekin, hala nola Gamesa, Vestas, Acciona edo General Electric. Orain bada garaia I+G-n egindako lan gogor eta eskergaren fruitua biltzeko, hau da, bazkide bat behar dugu garabia seriean fabrikatzeko, parke eolikoetan erabil dadin muntaia- eta mantenimendu-lanetarako.

 

Finantzaketari dagokionez, zenbat kostatu da garabia garatzea eta nola lagundu du Europako Batzordeak?

Kostua 2,3 milioi eurokoa izan da. Europako Batzordeak hasieran aurkeztu genuen aurrekontuaren % 70 ordaindu du, hau da, itzuli beharrik gabeko 1,5 milioi euroko dirulaguntza bat eman digu.

 

Nolakoa izan da Europarekin izan duzuen esperientzia zentzu horretan?

Bikaina izan dela esango nuke… Bagenuen Europako Batzordearen aurreiritzi bat, baina errealitatea guztiz desberdina izan da. 30 hilabeteko harremana izan dugu, eta hitz onak besterik ez dauzkat gurekin kontaktuan egon den lantaldearentzat. Oso jende ona, profesionala eta abegitsua.

 

Zein aurreikuspen dauzkazue epe labur-ertainerako?

Beste proiektu berritzaile batzuetan murgilduta gaude, esaterako, AirBASE izenekoan, zeinak abantaila esanguratsuak ekar baititzake klima-baldintza txarrak dituzten herrialdeentzat eta parke eolikoentzat. Mota guztietako turbina eolikoentzako zimendu erdi-aurrefabrikatuak dira, eta aukera ematen dute eraikuntzaren kostua eta denborak murrizteko kalitatearen kontrol handiarekin. Posible da oinarriaren erdia aurrefabrikatzea eta, beraz, industrializatzea. Abantaila horiekin kostuaren % 35erainoko aurrezkia lor liteke, lurzoruaren ezaugarrien arabera.

 

 

Lotutako albisteak

Jorge García Betanzos, CEO de RUNNEA 11 iraila, 2024 Azpiegiturak
Runneak bere 10. urteurrena ospatuko du eta Awin Power 100ean aitortua izan da
Irakurri gehiago
23 abuztua, 2024 Azpiegiturak
Manex 4.0-HRE Automationek “Espezializazio estrategikoa” saria jaso du 2024 Toribio Echevarria sarietan
Irakurri gehiago
23 maiatza, 2024 Azpiegiturak
Euskadik etorkizuneko ibilgailua bultzatu du bere lehen Fabrikazio Aurreratuko Zentroarekin
Irakurri gehiago
9 maiatza, 2024 Azpiegiturak
Egoingo lau proiektutatik bat atzerritik iristen da dagoeneko
Irakurri gehiago
29 urtarrila, 2024 Azpiegiturak
Prosertek, itsasontzi bat atrakatuta geratzeko arriskua aurreikusteko Adimen Artifiziala
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak