Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

27 uztaila, 2021
Fesiak nerbio-sisteman lesioak dituzten pertsonak neurorrehabilitatzeko irtenbide aurreratuak garatzen ditu

Donostiako start-up enpresak sortutako gailuek estimulazio elektriko funtzionala erabiltzen dute nerbioak eta giharrak aktibatzeko nerbio-arazoak dituzten gaixoengan. Sortu dituzten konponbideak mundu osoko herrialdeetan daude, hala nola Argentinan, Arabiar Emirerrietan, Indian eta Baltikoko herrialdeetan

Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikotik, Fesia Technology enpresa gazteak nerbio-sistema zentralean gaixotasunak edo lesioak dituzten gaixoak errehabilitatzeko gailu medikoen belaunaldi berri bat garatzen dihardu. Lesio hauek iktusa, esklerosi anizkoitza, bizkarrezur-muineko lesioak edo garun-paralisia jasan duten pazienteetan agertzen dira. Estimulazio elektriko funtzionalean (FES) oinarrituta, Fesiak ibilera (Fesia Walk) eta eskua (Fesia Grasp) neurorrehabilitatzeko gailuak eskaintzen ditu, erabiltzailearen mugikortasunean hobekuntzak lortuz.

“Gaixotasun neurologikoek askotan eragiten diote, modu batean edo bestean, kontrol motorraren gaitasunari edo, kasu larrietan, funtzio muskularraren erabateko galerari; hala ere, muskuluaren eroankortasuna eta kitzikagarritasuna bere horretan gelditzen da. Estimulazio elektriko funtzionalak (FES) korronte elektrikoa erabiltzen du nerbioak aktibatzeko eta, ondorioz, giharrak aktibatzeko”, azaldu dute Donostiako start-upetik. Teknologia hori optimizatzeko, eremu anitzeko elektrodoaren erabilera txertatu du Fesiak, eta horrek haien esanetan, “nahi diren muskuluen aktibazio selektiboagoa eragiten du. Horrela, gure produktuek errendimendu funtzional hobea dute eta giharren nekea murriztu egiten da”.

Ezaugarri horren ondorioz, gailu malguak, moldagarriak, kablerik gabeak eta interfaze “oso erabilerrazekoak” lortzen dira, enpresa teknologikoaren arabera. Era berean, edozein erabiltzaile, terapeuta edo pazienteri elektrodoen hainbat posizio eta tamaina probatzeko aukera ematen dio, elektrodoa azaletik kendu beharrik gabe. Horrez gain, irtenbideek app bati konektatutako software bat dute, pazientearen errehabilitazio-prozesua monitorizatzeko eta jarraipen eraginkorragoa eta egiazkoagoa egiteko aukera ematen duena. Bestalde, app-ak aukera ematen dio erabiltzaileari bere aurrerapenaz jabetzeko, eta, horrela, osasun-zentrotik kanpo errehabilitazioarekin jarraitu ahal izateko.

Nazioartekotzearen eta ikerketaren aldeko apustua

Hainbat zentro medikok eta gailu eta ekipo medikoen hornitzaileek Fesia Walk eta Fesia Grasp dituzte dagoeneko, eta ez Euskadin bakarrik. Donostiako enpresak mundu osoko enpresekin ditu hitzarmenak, hala nola Corpomediarekin Argentinan, Lyncare Irlandan, Applied Technology Arabiar Emirerri Batuetan, Omanen eta Indian edo Fysioline Baltikoko herrialdeetan.

Gainera, 2019an Hazitek Enpresaren I+G Laguntzeko Programaren finantziazioa jaso zuen. Programa hori SPRI Taldeak ematen du, eta Tecnaliarekin eta ‘Aita Menni’ Ahizpa Ospitalariak Etxearekin lankidetzan proiektu bat garatzeko izan zen. FESKU izeneko proiektua 2021eko martxoan amaitu zen, eta eskuaren eta hatzen mugimenduei buruzko informazioa biltzea zuen helburu, Fesia Graspen erabiltzen den eremu anitzeko estimulazio elektriko funtzionalaren sistemak erabilita. Ondoren, sistema horren algoritmoak aztertu eta hobetzea zen xedea, “horrela, pertsona bakoitzarentzat estimulazio parametro optimoak ezartzeko gai izan gara”, gaineratu du Fesiak. Halaber, proiektuan aztertu da langile klinikoek eremu anitzeko estimulazio elektrikoko sistemarekiko duten gogobetetasuna, sistema hobetzeko eta etorkizuneko bertsioetan profesional klinikoen behaketetara egokitzeko.

Halaber, uztailean Toribio Echevarria sarietan Enpresa Berria kategorian izendatu dute, beste bost proiekturekin batera. Sari hori Eibarko Udalak ematen du, BIC Gipuzkoaren zuzendaritzapean eta SPRI Taldearen UP! Euskadi programarekin lankidetzan, eta ekintzaileei zuzendua dago. Aurten 22 hautagaitza izan ditu eta kategoria honetan, besteak beste, 10.500 €-ko saria ematen da enpresa berri horien garapena eta hazkundea bultzatzeko.

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Hori dena Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako programen bidez lortzen da, eta horien informazioa hemen dago eskuragarri.

Berrikuntza 21 urria, 2021
Hazinnovak zure langileen motibazioa hobetzen laguntzen dizu

Langileen inplikazioa funtsezko elementua da enpresa baten funtzionamendu onerako. Ez badago...Irakurri gehiago

Azpeitian burutu du 345 ETE berritzaile akreditatzeko bosgarren jardunaldia

Lehen aldiz, Euskadiren berrikuntza-indizea Europa Batasuneko batez bestekoaren gainetik dago...Irakurri gehiago

Berrikuntza 19 urria, 2021
Onnera Group, kate handietako (Hilton eta Marriott) sukalde eta garbitegien hornitzailea

  Oñatin sortua da enpresa kooperatibo hau, dagoeneko nazioarteko enpresa-talde bilakatu...Irakurri gehiago

IndeusBerriren bannerra
Berrikuntza 15 urria, 2021
IndeusBerri: industria eta euskara uztartzen dituen informazioaren topagunea

Aste honetako IndeusBerri guneak hiru ekitaldi bildu ditu: alde batetik urriaren 19an egingo...Irakurri gehiago

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?