Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 22 maiatza, 2020 Berrikuntza Fast Track Innobideak programa

Elkarrizketa Mondragon Korporazioko presidente Iñigo Ucínekin

Pobretze handiagoaren eta langabeziaren hazkundearen benetako mehatxuaren aurrean, Euskadiko enpresa talde handienak batasuna eskatzen du neurri sinkronizatuak aplikatzeko, eta malgutasuna, enpresen jarraipena bermatzeko

 

Pobretze handiagoaren eta langabeziaren hazkundearen benetako mehatxuaren aurrean, Euskadiko enpresa talde handienak batasuna eskatzen du neurri sinkronizatuak aplikatzeko, eta malgutasuna, enpresen jarraipena bermatzeko

 

Mondragon Korporazioa esatean gogora datozkigu industria, zerbitzuak, merkataritza, finantzak edo makina-erreminta, denak marka beraren aterkipean. Korporazio handi bat da eta bere datuak horren erakusgarri dira: presentzia du bost kontinenteetan, 266 enpresa biltzen ditu (horietatik 97 kooperatibak dira), 146 lantegi dauzka mundu osoan eta 83.000 pertsona enplegatzen ditu. Iaz 12.200 milioi euro inguruko salmentak izan zituen. Eta hori gutxi balitz, ia 65 urte bete dituen honetan, munduko lehen talde kooperatibo industriala izatera iritsi da, eta denbora horretan ez du inoiz galdu bere fundatzaile Jose Mari Arizmendiarretak hasieratik bultzatu zuen apaltasuna eta umiltasuna.

Gaur egungo presidente Iñigo Ucínekin mintzatu gara iraganaz, baina batez ere orainaldi nahasi honetaz eta etorkizun kezkagarriaz, eta esan digu batasuna eta lankidetza inoiz baino beharrezkoagoak direla.

 

 

Kooperatiben ikuspegitik, zenbateraino da larria krisi ekonomiko hau?

 

Oso larria da. Euskadin krisi asko bizi izan ditugu historian zehar, baina ez hau bezalakorik. Orain arte bizitakoen guztiz desberdina da. Oso denbora gutxian guztiz aldatu zaigu diskurtsoa: ekonomiaren desazelerazio orokorrak krisi handi bat ekarriko ote zuen eztabaidatzen ari ginela, osasun arloko arazo bat etorri zaigu Wuhanetik (Txina), non zegoen ere ez genekien toki batetik, eta ohartu gara birus batek inbaditu gaituela eta birus horrek pandemia global bat eragin duela.  Eta esan behar da inork ez zekiela zein izango zen birusaren irismena. Baina orain badakigu mundu mailako arazo sanitario bat daukagula eskuartean, eta aurrekaririk gabeko arazo ekonomiko erraldoi bat etorriko zaigula gero.

 

Bizi dugun egoera honetan, zerk kezkatzen zaitu gehien?

 

Hasieran, arazoak izan genituen eskaintzan, Txinatik zetorren hornikuntza-katea hautsi zelako; gero, eskaintzaren arazo hura handitu egin zen bertan behera utzi behar izan genuelako enpresen jarduera, eta orain, eskaera eza da mehatxu handiena. Enpresak zabalik daude, badute ekoizteko behar duten guztia, baina eskaera asko moteldu da, sektore batzuetan guztiz gelditzeraino. Hau da, aurrekaririk ez duen arazo baten aurrean gaude.

 

Pandemia honen jatorria Txinako Wuhan hirian dago, eta zuek enpresa-adarrak dituzue han. Ez zenuten ikusi olatua iristen?

 

Gogoan izan egoera honen hasieran zer esaten zen hemen: osasun arloko arazo bat zela, kontrolatuta zegoela eta ez zela asko zabalduko. Baina ohartu gara inoiz ikusi gabeko abiaduran hedatu dela arazoa. Egia da azken hamarkadan izan ditugula Asian sortutako beste birus batzuk ere, eta agian kasualitatez, edo agian gauza batzuk hobeto egin zirelako, edo birusak hain gogorrak ez zirelako, ez zuten sortu honek (koronabirusak) sortu duen egoera. Horregatik uste dut inork ez zuela espero gauzak gertatu diren bezala gertatzea. Halere, esan behar dut oso despistatuta harrapatu gaituela.

 

Azken asteotan, enpresa bezala gauza asko birdeskubritu behar izan dituzue, besteak beste, osasun arloko material erosketen kudeaketa Txinan, eta agian presagatik edo estutasunagatik, talka egin duzue errealitate oso gogor baten kontra, zeinetan mundu osoko gobernu garrantzitsuek eta lehen mailako konpainiek ez baitute jakin hain konplexua den merkatu batean mugitzen, eta zeinetan gertakari tamalgarriak jazo baitira, esaterako, material akastunak erostea edo kostu oso desberdinei aurre egin behar izatea. Zein izan da oinarriko arazoa, ez dakigula Txinan erosten?

 

Bai, badakigu Txinan erosten, baina batzuetan ezinezkoa da espekulatzaileak edo bitartekariak saihestea, zeintzuek desesperazioa aprobetxatzen baitute euren mesedetan. Guk, Korporazio gisa, bitartekari lanak egin ditugu eta NBE asko ekarri ditugu Euskadira; ez guretzat bakarrik, eta ez negozioa egiteko asmoz, baizik eta enpresei, Osakidetzari, foru aldundiei, e.a. laguntzeko. Zientoka maskara eta babes elementu ekarri ditugu, baina jende askok, larriturik, zientoka eskatzen ditu, eta horren ondorioz espekulatzaile asko sartu dira tartean, aprobetxatzeko aukera ikusi dutelako. Hala, kasu batzuetan, jendea engainatu egin dute zoritxarrez, eta beste batzuetan, askoz diru gehiago ordaindu behar izan da hainbeste balio ez zuen produktu bategatik. Horrelakoak dira eskaintza, eskaera eta Txinako enpresari bitartekari askoren etika.

 

Zuek badakizue zertaz ari zareten, zeuok bizitako esperientzia da eta…

 

Eskaintza eta eskaeraren jokoaren ondorioz, ohikoa baino askoz gehiago ordaindu behar izan dugu oinarrizko produktuen truke; eskaera arrunta denean ez da ezer gertatzen, baina jendea estu eta larri dagoenean, espekulatzaileak beti daude prest jokoan sartzeko. Guk itxita geneukan lau milioi maskara Euskadira inportatzeko eskaera bat. Baina Europako gobernu bat iritsi zen, 24 milioi eskatu zituen, merkatuko prezioa baino askoz garestiago ordaindu zituen, eta gure eskaera ez zen inoiz iritsi. Indartsuenaren legea nagusitu da.

 

 

Ikasi dugu lezioa?

 

Baietz espero dut, eta halaber espero dut balioko digula ohartzeko zer den menpeko izatea estrategikotzat hartu behar genituzkeen produktu eta garapen askotan. Krisi honetan ikusi ditugu nolako ondorioak dakartzaten horrelako iturriek.

 

Esan liteke maskarak direla defizit horren adibide argiena; Bexen Medical enpresaren bitartez egin duzuen apustuak esan nahi du Euskadik ez duela hornikuntza arazo gehiagorik izango hemendik aurrera?

 

Uste dut maskaren kontua luzerako geldituko dela gure artean. Asian gertatzen denari erreparatu behar zaio, han beti erabili izan dute maskara (katarroarekin, sukarrarekin, ingurumen kutsaduragatik…). Horregatik, pentsa liteke joera hori iritsiko dela hona ere, lehenago edo beranduago. Ez orain ezarritako exijentzia mailarekin, baina uste dut etorkizunean askoz ohikoagoa izango dela denontzat maskarak erabiltzea.

 

Zenbateko inpaktu ekonomikoa izan dezake atal industrial berri horrek zuen emaitzen kontuan?

 

Ez genion ekin maskarak fabrikatzeko prozesuari negozioa egiteko asmoz, baizik eta alarma egoerari erantzun bat emateko benetan beldurgarria zen une batean. Osasun agintariekin hitz egin genuenean ohartu ginen zer zetorkigun gainera, eta une hartan egin behar zena egiten hasi ginen, biztanleria defendatu beharra baitzegoen hain hilkorra den birus honen ondorioetatik.

 

Nola uste duzu aterako garela egoera honetatik? Aipatu dira “V”, “U” eta “L” formak…

Egia esango dizut, zintzo-zintzo: ez daukat ideiarik ere. Ideiarik ez, uste dudalako hainbat elementu hartu beharko direla kontuan: nola eboluzionatzen duen osasun arloko arazoak, zein neurritaraino ezagutzen dugun birusaren portaera, tratamendurik edo bestelako defentsarik izango dugun eta, batez ere, txertorik iritsiko den ala ez.  Horrek guztiak sekulako eragina izango du, ez baita gauza bera pandemia per se desagertzea edo hartu diren neurrien ondorioz desagertzea. Horregatik, ez dakit “V”, “U” edo “L” forman aterako garen, zeresan handia izango duelako birusaren beraren bilakaerak, eta baita ere hartu beharreko neurriek, eta neurri horien azkartasunak eta egokitasunak. Gainera, neurriak modu sinkronizatuan hartu behar dira, hasi Europatik eta Espainiara, Euskadira eta enpresetara.

 

Eta zure ustez, premisa hori betetzen ari da?

 

Nahikoa da kontu erraz batzuk egitea drama hau testuinguruan jartzeko: urte batean 11 hilabetez lan egiten badugu, lan egin gabeko hilabete hori BPGaren % 9ren baliokidea da gutxi gorabehera. Aplikatu hori gure gaur egungo egoeran, eta kalkulatu zeintzuk diren ondorioak…

 

Zaila da, batetik, gauzak azkartu behar izatea enpresen jarduerari berrekiteko eta, bestetik, alarma sanitarioko egoerak exijitzen dituen prebentzio-neurriei eta geldialdiari aurre egin behar izatea

 

Lehenik eta behin, ulertu behar dugu pobretu egin garela, eta pobretzen jarraituko dugula honek berdin jarraitu bitartean. Langabezia gero eta handiagoa izango da egoera normaldu arte. Horregatik diot neurriak hartzean oso kontuan hartu behar dugula hori guztia, eta gainera modu sinkronizatuan egin behar dugula, zeren osasun arloan pertsonak defendatu behar diren bezalaxe, arlo ekonomikoan enpresak defendatu behar baitira. Eta ez naiz ari bakarrik korporazio edo talde industrial handiez, baizik eta baita ere ETE, mikroETE eta autonomo txikiez. Ez ahaztu enpresak direla aberastasuna eta enplegua sortzen dutenak; horregatik, defendatu egin behar ditugu jarduera itzultzen denean, eta ahal den guztia egin behar dugu lehenbailehen has daitezen lanean.

 

Batasunaren eta lanaren aldeko diskurtso hau izango da Kongresuan azalduko duzuna Berreraikuntza Batzorde sortu berriaren karietara?

 

Saiatuko gara honetaz hitz egiten, eta gure ikuspegia azaltzen. Denetaz hitz egingo dugu, salbu politikaz, Mondragon taldea ez delako sartzen politikan. Kongresura joango gara gonbidatu egin gaituztelako, eta atsegin handiz azalduko diegu zer egiten dugun eta nola ikusten dugun gaur egungo egoera.

 

 

Ez zaizue axola kooperatibismoari garai latzetan bakarrik balioa ematea?

 

Ez nago ados horrekin. Uste dut kooperatibismoaz oso ondo hitz egiten dela guk uste duguna baino askoz gehiagotan. Gure kasuan behinik behin, 2.000 pertsona inguru etortzen dira urtero atzerritik Euskadira gure esperientzia ezagutzera. Horregatik, ez dut uste garai latzetan bakarrik hitz egiten denik kooperatibismoaz, kasu honetan bezala. Egia dena da kooperatibismoak baduela zer esana, baduelako lanerako metodo berezi bat, zeinak, enpresak guztiz blindatzen ez dituen arren, frogatu baitu beste enpresa batzuk baino askoz erresilienteagoa dela krisialdietan. Esaerak dioen bezala, “Ez dago ehun urteko gaitzik, ezta ere hori jasango lukeen gaixorik”… Ikusi beharko da zenbat irauten duen egoera honek eta zenbateraino den larria. Guk, kooperatiba garen aldetik, aukera daukagu beste enpresa batzuek egin ezin dituzten gauzak egiteko.

 

Zer iruditzen zaizu Lan Erreforma indargabetzeko erabakia, Kongresuan berriki adostu dena eta sekulako zurrunbiloa sortu duena Gobernua osatzen duten alderdien artean?

 

Ikusi behar da nola egin nahi den erreforma hori. Gaur egungo baldintzak guztiz ezohikoak dira, eta enpresok malgutasuna behar dugu horri aurre egiteko. Hori argi dago. Bankak, Elkargi-k edo ICOk bultzatu dituzten laguntza-politiken ostean, esan liteke enpresek aurre egin ahal izan diotela arazo presazkoenari, alegia likideziari, baina jarduera berraktibatu ezean, enpresen ondare egoera ere kinka larrian egongo da, are gehiago malgutasuna lortzen ez bada. Horregatik, ezin da jendea babesik gabe utzi. Ekonomiak aurre egin behar dio egoera honi, eta horretarako ongi ulertu behar dugu zenbaterainoko arazoa dugun eskuartean; gainditu egin behar dugu, eta ziur nago gaindituko dugula, gauzak denon artean egiten baditugu.

 

Confebask-ek fiskalitatearen eztabaida planteatu du duela gutxi, esanaz beharrezkoa izango dela zergak igotzea. Kooperatiba zareten neurrian, zenbait sektorek beti seinalatu izan zaituztete gainerakoek baino zerga-presio lasaiagoa izateagatik. Zein da zure iritzia?

 

Beti leporatu izan zaigu zerga gutxiago ordaintzen dugula, baina frogatuko nizuke hori ez dela horrela. Egia da Mondragon Korporazioaren kuota beste sozietate batzuena baino apur bat txikiagoa dela, baina hori leporatzen digutenek ez dute esaten gure HSF (Hezkuntza eta Sustapen Funtsa) bera izan nahi dutenik, izan ere, kooperatiba bakoitzaren % 10 bideratzen dugu kultura, laguntza edo euskararekin lotutako jardueretara… Kooperatibentzat derrigorrezkoa da ekarpen hori egitea, eta zerga gutxiago ordaintzen dugula leporatzen diguten beste enpresa batzuek ez dute sekula aipatzen horrelako tresnarik nahi dutenik. Horrez gain, badugu beste funts bat ere, DEF (Derrigorrezko Erreserba Funtsa), gure emaitzen % 20arekin elikatzen duguna, eta kooperatiban bertan gelditzen dena sozietatea likidatu edo beste mota bateko sozietate bihurtu arte. Une honetan, metatutako diru guztia automatikoki doa Eusko Jaurlaritzara. Inori ez diot entzun beste enpresek ere DEF bat izan nahi dutenik… Esan nahi dudana da kooperatibok gainerakoek bezalaxe ordaintzen dugula, eta kontuak aterata pixka bat gehiago ere bai, baina beste era batean.

 

Eta Sozietateen Zergaren kenkariak?

 

Beste faktore bat da, niretzat erabakigarria dena. Aldatu egiten diren arren, Sozietateen Zergan badaude kenkariak I+G edo inbertsioak egiteagatik edo enplegua sortzeagatik. Hala, Mondragon bezalako kooperatibek beste enpresa batzuek baino enplegu gehiago sortzen badute, argi dago kenkari gehiago izango dituztela; enpresen batez bestekoak baino I+G-ko proiektu gehiago egiten badituzte (eta hori horrela da), kenkari handiagoak izango ditu arlo horretan ere. Guztizkoaren batuketa eta kenketak egin ostean, argi dago kooperatibok ez ditugula zerga gutxiago ordaintzen, baizik eta modu desberdin batean, eta esango nuke zertxobait gehiago ere ordaintzen dugula.

Lotutako albisteak

26 apirila, 2024 Berrikuntza
Lotura-teknologien erreferentziazko teknologia-zentro gisa duen lidergoa sendotu du Lortekek
Irakurri gehiago
15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak