Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 28 ekaina, 2021 Berrikuntza Ekintzailetza I+G Bind40 Bio-osasuna Fast Track Innobideak programa Ris3 Euskadi Start up UP Euskadi

BioTech Foods: “Haragi landua funtsezko osagaia izango da gure elikaduran”

Egoitza Donostian duen enpresa bioteknologiko hori Europako erreferenteetako bat da ezin disruptiboagoa den proteina alternatiboen sektorean

 

BioTech Foods euskal ETEa elikadura arloan benetako iraultza bultzatzen ari den munduko enpresa bakanetako bat da. Iraultza horrek zerikusia du gizakion kontsumorako haragiaren ekoizpen etikoarekin, eta bere helburua da, besteak beste, laguntza ematea abeltzaintza intentsiboari errazago ase dezan animalia-proteinen mundu mailako eskaera handi eta gorakorra. Izan ere, urtean 200.000 milioi tona haragi kontsumitzen dira gutxi gorabehera. Duela bost urte sortutako euskal enpresa bioteknologiko horrek haragi landua eskalatzeko lantegi pilotu bat du Donostian, eta espero du etorkizun hurbil samar batean gai izango dela proteinatan aberatsa den produktu bat ekoizteko, % 100 naturala eta gantzik gabea. Gainera, produktu hori lagungarri izango da mundu mailako arazo bat arintzeko: egungo elikadura sistemaren jasanezintasuna. “Baliabide naturalen gehiegizko ustiapenaren alternatibak bilatu behar ditugu zientziaren eta berrikuntzaren bitartez” ohartarazi du Iñigo Charolak, BioTech Foods enpresako zuzendari nagusiak.

 

Zenbat aldiz entzun behar izan duzue “hau ez da haragia” esaldia?

 

Argi dago oraindik arautu gabeko produktu bat dela, eta osasun arloko agintariek esaten dutenaren zain gaude, baina haragitik datorren produktu bat da, eta haren balio nutrizional berbera du. Etengabe hazi den planeta batean bizi gara, non biztanleriak hazten jarraituko baitu, eta gustatu ala ez, gizakiak proteinak behar ditu behar bezala garatzeko. Zentzu horretan, ezin dugu izan proteinak ekoizteko sistema bakar bat, egungo sistemaren inpaktua minimizatzen lagunduko diguten alternatibak behar ditugu.

Ez dirudi haragi etikoaren kontu hau erraz digerituko dugunik… Zertan datza?

Haragi landua da termino zuzena eta proteina alternatiboen sektorean gehien erabiltzen dena, zelulak kultibatzeko prozesutik ateratzen baita. Haragi landua, funtsean, animalien giharretako ehuna da; baina animaliaren beraren gorputzean garatu beharrean, naturalki hazten da, zelulen proliferazio bidez, ehunaren atmosfera naturala birsortzen duen bioerreaktore batean, antibiotikorik edo alterazio genetikorik gabe. Lehenik eta behin, landu nahi den haragia duen animaliaren giharretik zelulak erauzten dira biopsia  baten bidez (horrela ez dago hil beharrik). Ondoren, zelula horiek bioerreaktore batean sartzen dira, hau da, zelulek animaliaren organismoan zituzten baldintzak imitatzen dituen makina batean. Zelulen funtzio nagusia -alegia ugalketarena- errazteko, mantenugai naturalak eta oxigenoa ematen zaizkie, eta tenperatura konstante batean mantentzen dira. Hortaz, lortzen den haragiak ez dauka gantzik.

Zein formatutan ekoizten da?

Nahi den formatuan ekoitzi daiteke, kontsumitzailearentzat aski ezagunak diren produktuak eginaz: hanburgesak, saltxitxak, haragi-bolak, urdaiazpiko xerrak…

Zein abantaila dauzka haragi landuak?

Funtsean, jasangarritasuna. Haragi landuarekin ez dira hainbeste ugarituko lurren eta uraren erabilpen estentsiboa egiten duten ganadutegiak, eta hori lagungarri izango da animaliek sortzen duten berotegi efektuko gasak murrizteko. Abantaila handi bat da baita ere aukera dagoela ekoizpen handia lortzeko, animalia baten biopsia bakar batetik 50 zerrik ematen dutena adina haragi landu baitaiteke. Gantzik eta antibiotikorik gabeko haragia, eta animaliarik hil beharrik gabe.

Zein fasetan dago konpainia horrelako haragia ekoizteko benetako aukerari dagokionez?

BioTech Food duela bi urte hasi zen eskalatze-fasean bere lantegi pilotuan, beraz, haragi landua errealitate bat da jadanik. Oraindik ezin ditugu gure produktuak merkaturatu eragile arautzaile desberdinen baimena falta zaigulako. Baina Singapur edo Israel bezalako herrialdeetan dagoeneko kontsumitu daiteke haragi landua, beraz, ez gara etorkizunaz ari, baizik eta orainaz.

 

Zeintzuk dira enpresaren epe ertain-luzeko helburuak?

Merkaturatzeko beharrezkoa den eskalatze-fasea lortzeaz gain, gure eta haragi landuaren industriaren erronka nagusia da kontsumitzaileari helaraztea honelako elikagai batek eskain ditzakeen abantailak: animalien ongizatea errespetatzen duen haragia, ingurumen inpaktua murriztu eta elikadurako segurtasuna hobetzen duena, gaixotasun zoonotikoen arriskua saihesten duena eta koloneko minbizia eta beste hainbat gaixotasunen prebentzioan laguntzen duena. Guretzat oso garrantzitsuak dira orobat Meat4All (Horizon UE programa) eta CULTUREDMEAT (Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Garapen Teknologiko Industrialeko Zentroa) proiektuak, erakunde publikoen babesa dutenak. Haragi landua funtsezko osagaia izango da gure elikaduran, eta horren erakusgarri da Europak eta Espainiak egin duten apustu irmoa.

Zure ustez zein da zuen proiektuaren balio bereizgarri eta estrategikoa?

Klima aldaketaren kontrako borrokan laguntzeko asmoz sortu genuen enpresa 2017an, zientziaz gain, ingurumena eta jasangarritasuna ere interesatzen zaizkigulako eta kezkatzen gaituztelako. Aitzindariak izan ginen Espainian proteina alternatiboen sektore disruptiboan, eta lehenengoetakoak mundu osoan.  Gaur egun 40 konpainia inguru daude haragi landuaren enpresa-ekosisteman, eta gu dagoeneko eskalatze-fasean gaude, beraz, bilakaera horrek baikorrak izatera bultzatzen gaitu. Nazioarteko hainbat azterlan eta adituren arabera, haragi landuak merkatu osoaren % 30 hartuko du 2040rako. Esango nuke BioTech Foods enpresan balio bereizgarri bat baino gehiago helburu bat daukagula: mundu mailako arazo bihurtu den zerbaiti erantzutea, hots, egungo elikadura sistemaren jasanezintasunari. Baliabide naturalen gehiegizko ustiapenaren alternatibak bilatu behar ditugu zientziaren eta berrikuntzaren bitartez.

Lotutako albisteak

15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak