Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 5 urria, 2022 Berrikuntza

Biolid-eko “etiketagileak”

Euskal konpainia hori erreferentea da automobilgintza, upategi edo siderurgiarako etiketen fabrikazioan; lantegi bana du Zamudion eta Basaurin, eta 65 profesionaleko plantilla
Guillermo Buces, enpresako zuzendari nagusia.

Euskadin etiketez aritzea, Biolid Industrias Gráficas enpresaz aritzea da, zeina erreferentea baita duela 25 urte baino gehiagotik merkatu anitzetan (siderurgia, automobilgintza, edariak edo elikadura) presentzia zabala duen sektore batean. Produkzio-zentro bana du Zamudion eta Basaurin, eta 65 profesional ditu plantillan. Euskal ETE honen etiketek bere esportazio-atalaren % 20 ordezkatzen dute. Ziurgabetasuna nagusi den une honetan, bi digituko hazkunde-erritmoa dauka, eta Estatuko etiketa fabrikatzaileen Top 30 zerrendan dago. Guillermo Buces da enpresako zuzendari nagusia.

Zure ustez, nolakoa da etiketa perfektua?

Produktuari buruz beharrezko informazioa emateaz gain, komunikazio eta marketin arloko hainbat funtzio betetzen dituena, horrek  elementu garrantzitsu bilakatzen baitu etiketa produktuaren salmentarako. Jakina, betiere bezeroak ordaindu dezakeen edo, hobeto esanda, ordaindu nahi duen prezioan, nahiz eta askotan harritu egiten garen kostuarekiko exijentzia-mailarekin, kontuan hartu behar baita etiketa funtsezkoa dela eta proportzionalki oso balio txikia ordezkatzen duela produktuaren erabateko kostuari dagokionez.

Zein elementu dira ezinbestekoak diseinua arrakastatsua izan dadin?

Asko aldatzen dira sektorearen arabera. Ardoaren munduan –txakolina, garagardoak eta gainerakoak barne direla noski– oso garrantzitsua da etiketak diseinu erakargarria izatea (bezeroei esaten diet lehen botila neuk saltzen diedala, eta bigarrena beren esku dagoela…), baina, horrez gain, prest egon behar dute botilek jasan beharreko baldintzei aurre egiteko. Adibidez, ez da gauza bera etiketa bat egitea ardo zuriarentzat (botilak izotz-ontzietan sartuta egoten dira) edo ardo beltzarentzat (hozkailuetan gordetzen dira). Halaber, garrantzitsua da materiala atsegina izatea ukitzeko eta ikusteko. Enologiako etiketentzako materialen katalogoa erraldoia da.

Industriako baldintzak desberdinak al dira?

Bai, horrelako etiketen eskakizunek ez dute zerikusirik, esaterako, Sidenor edo Tubos Reunidos bezalako siderurgietarako etiketentzat eskatzen diren baldintzekin. Oso espezializatuta gaude merkatu horretan, esan liteke gure ADNan daramagula…

Zer esan nahi duzu?

Kontua da aitak eta biok negozio hau abiarazi genuenean, gure bezeroen % 80 siderurgia arlokoak zirela, horregatik gaude hain espezializatuta. Kasu horietan, etiketek gai izan behar dute oso tenperatura altuak jasateko (badauzkagu ia 1000º-ko tenperatura jasan dezaketen materialak), ezin dira hautsi… Oso garrantzitsua da behar diren ezagutzak izatea, bai materialei buruz, bai fabrikatzeko modu aproposenari dagokionez, horrela bakarrik emango diogulako bezeroari behar duen kalitatea. Nola oso sektore desberdinekin lan egiten dugun (upategiak, siderurgia, automobilgintza), beste fabrikatzaileek baino askoz gehiago dakigu materialez, gainerakoak normalean sektore bakarrera -edo guk lantzen ditugunak baino gutxiagotara, behinik behin- bideratuta baitaude.

Nahiko bitxia da, kontuan izanik etiketen industria ez dela gehiegi hazi azken hamarkadetan

Hemen badago argi utzi beharreko zerbait. Nahiz eta gu ere Arte Grafikoen sektorean gauden, ezin ditugu zaku berean sartu, adibidez, etiketen fabrikatzaileak eta inprenta komertziala. Eta ongi dakit hori, Bizkaiko Arte Grafikoen Elkarteko presidente ere banaiz eta. Gu, etiketagileok alegia, ez gaude kexatzeko moduan. Gure sektorea bi digituko erritmoan ari da hazten, eta ez dago hori esan dezakeen jende askorik. Etiketa fabrikatzaileen sektorea nabarmen hobetu da produktibitatean, eta hor daude orobat inprimaketako sistema digitalak. Halere, badago sektorean sartzeko oztopo handi bat, inbertsio handiak egin behar baitira lehiakor izateko.

Bezerotzat dituzuen sektore batzuek sekulako jipoia hartu zuten pandemian, % 40rainoko beherakadekin, eta harrezkero ikasi dute ez dela komeni arrautza guztiak saski berean jartzea

Gure kasuan, itxialdia iritsi aurreko igandean jakinarazi ziguten oinarrizko sektorea ginela, etiketarik gabe ezin baita produkturik atera merkatura. Hortaz, egunero jarraitu genuen lanean. Ildo horretatik, bezerotzat daukagun multinazional oso garrantzitsu batek deitu zigun esateko Erresuma Batuko euren etiketa-hornitzaileak enpresa itxi behar izan zuela, eta guri eman zigun etiketa haiek egiteko enkargua. Erresuma Batuan kontsumitzen diren maionesa poteentzako etiketak ziren (Espainian baino askoz gehiago kontsumitzen da), beraz, egokitu egin behar izan ginen, eta lau hilabetean egunean 24 orduz aritu ginen lanean, gelditu gabe.

Hortaz, pandemia garaian ez zen jaitsi zuen fakturazioa

Funtsezko sektorea ginenez, eta Covid-aren aurkako protokolo zorrotz bat aplikatu genuenez, gai izan ginen produkzioa ez gelditzeko. Eta nahiz eta hainbat sektore desagertu egin ziren (siderurgia, automobilgintza, baita upategiak ere), beste batzuen kontsumoa (elikadura, garbiketako produktuak…) biderkatu egin zen. Beraz, gure fakturazio-maila ez da jaitsi, alderantziz, 2020an % 13,14ko hazkundea izan genuen aurreko urtearekin alderatuta. Nire ustez asmatu genuen testuingurura ongi egokitzen, gure produkzio-prozesuak aldatuz, langileen polibalentzia landuz eta baliabideak jarriz beharrezkoen ziren tokietan.

Zure ustez, zein da Biolid-en lehiakortasun abantaila?

Enpresa handi samarra garen arren, gure abantaila nagusia da malguak garela, eta oso ongi egokitzen garela gure bezeroen premietara. Gainera, know-how handia daukagu, ibilbide luzea egin baitugu gure sektorean, eta horrezaz gain, beste sektore askotara ere iristen gara. Horri guztiari gehitu behar zaio badugula inbertsio-politika garrantzitsu bat (hain konplikatua izan den urte honetan dagoeneko milioi bat euro inbertitu dugu makinerian), eta giza talde paregabe bat. Horrek guztiak erreferentziazko enpresa bihurtzen gaitu etiketa fabrikatzaileen sektorean. Ez gara handienak, baina bai onenetakoak.

 Eta etorkizunari begira, zer esan liteke etiketez?

Nire aldetik, espero dudana da dena eta asko etiketatzen jarraitzea (barreka). Uste dut etiketak bezeroarekin komunikatzeko oinarrizko baliabide bihurtuko direla, “dekorazio informatibo” soil izateaz harago. Merkatuan (eta gure lantegian) badaude etiketa adimendunak, hau da, txip bat daramaten etiketak, eta txip horretan informazioa txertatu daiteke, sakelako bat aski delarik etiketa salmenta-kanal bihurtzeko. Errealitate birtuala txertatuta daukaten etiketak ere egin ditugu, hau da, sakelakoarekin etiketa enfokatuta bezeroaren bideo bat irekitzen dutenak, adibidez (kasu hartan, upategi batena). Uste dut etorkizuneko sektorea dela, berrikuntza asko garatuko dituena, eta berregituraketa handi bat behar duena. Baina arriskua da jabetza hirugarrenen eskuetan geratzea, gerta litekeelako erabaki-zentroak deslokalizatzea eta produkzioa ere Euskaditik kanpora eramatea.

Lotutako albisteak

15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak