Leyre Madariaga Bingen Zupiria
Bingen Zupiria eta Leyre Madariaga
Berrikuntza Ekintzailetza
Albisteak 9 uztaila, 2021

BDCC: Basque District of Culture and Creativity sortu da

Euskadiren ekonomia-garapenerako kultura-industriak duen balio estrategikoa aitortu eta sustatzeko plataforma
-
Kultura eta Sormen Industriak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen eta langileen % 9,9 dira eta, bertan 45.365 pertsona inguru lanean arituz, enpleguaren % 5,31 sortzen dute. Helburua da Kultura eta Sormen Industriei (KSI) lotutako enpresen kudeaketa profesionalizatzen eta lehiakortasuna hobetzen laguntzea.

 

Basque District of Culture and Creativity (BDCC),  Euskadiko Kultura eta Sormen Barrutia, aurkeztu da Zorrotzaurreko “La Terminal” Kultura eta Sormen Industriako fabrikan, aitzinako Estanpazio eta Galdaragintzako lantegi zaharrean, kulturak birsortzeko duen ahalmenaren ikur. Aurkezpenean, parte hartu dute Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak, eta Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak. Basque District of Culture and Creativity Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren, SPRI Taldearen eta Innobasqueren arteko lankidetzaz sortu da. Gainera, Gaia, Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartea, arduratuko da BDCCren zerbitzu guztiak eskaintzen eta plataforma garatzen hurrengo urteetan.

Kultura eta Sormen Industriak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta langile independenteen % 9,9 dira eta, bertan 45.365 pertsona inguru lanean arituz, enpleguaren % 5,31 sortzen dute. Sektore horretan, 15 azpisektore biltzen dira guztira. Horietatik sei kulturakoak dira (arte eszenikoak, ikusizko arteak, ikus-entzunezkoak, edizioa eta inprimaketa-bitartekoak, musika eta kultura-ondarea), eta bederatzi, berriz, sormenekoak (arkitektura, artisautza, eduki digitalak, diseinua, gastronomia, hizkuntzaren industriak, moda, publizitatea zein marketina, eta bideo-jokoak).

BDCC Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana 2030ean (PCTI 2030ean) hartzen da kontuan, Euskadiko espezializazio adimentsuko estrategiaren (RIS3 Euskadiren) jarraibideei lotuz. Estrategia horretan, Eusko Jaurlaritzak identifikatu du kultura- eta sormen-industriak “aukerarako lurraldeetako” bat  direla Euskadin hazkundea eta enplegua sortzeko. Plataforma berri honen helburua da Kultura eta Sormen Industriei (KSI) lotutako enpresen kudeaketa profesionalizatzen eta lehiakortasuna hobetzen laguntzea.

Sektorearen profesionalizazioa

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duen bezala, “barrutia ekonomia- eta finantza-irizpideak ezartzea sustatuko duen eremu bat izango da, betiere talentuan, esperimentazioan eta originaltasunean oinarritutako sektore honen berezitasunak errespetatuz. Era horretan, bilatzen da KSI enpresetan jada identifikatutako erronkei erantzuna ematea, hala nola ekintzailetza sustatzeko beharra, negozio-planak hobetzea eta haien enpresa-dimentsioa egokitzea, jabetza intelektualaren babesa erraztea, nazioartekotzen eta merkatu berrietara sartzen laguntzea, trantsizio digitala arintzea, talentua erakartzea, atxikitzea eta hari prestakuntza ematea, edo jarduera babesteko laguntza eta zerbitzuei buruzko informazioa areagotzea”. Horretarako, Basque District of Culture and Creativityk interneteko programak eta tresnak bildu ditu, sektoreko eragileekin lankidetzan sortuak; hartara, industria horietako enpresek eta profesionalek beren negozioetako askotariko alderdiez gogoeta egin ahal izango dute, modu didaktikoan eta praktikoan.  Bada, BDCC plataformak hauxe eskainiko du:

  • Informazio eta orientaziorako zerbitzuak, uneoro sektoreko profesionalei arreta emateko prest egongo diren pertsonen lantalde bati esker.
  • Era autonomoan erabil daitezen, sektorearen eskueran jarritako tresnak, internetetik jaits daitezkeen aplikazioen formatua dutenak.
  • Enpresak administrazio publikoen laguntza-programetara bideratzea.
  • Eragile adituen eta sektoreko erakunde espezifikoen zerbitzu-eskaintza; haiek BDCCrekin arituko dira lankidetzan enpresen multzoari eragiten dioten gai zehatzen edo problematikoen inguruan.
  • Informazio eguneratua, baita newsletterra ere.
  • Etengabeko prestakuntza irekia, dela pilulen bitartez, dela topaketen bitartez, Kultura eta Sormen Industrien osotasunak dituen zeharkako erronkei erantzuna emateko.

Berrikuntza

Enpresa-gaitasunen hobekuntza horretan, ezinbesteko rola jokatuko du enpresa-kudeaketan berrikuntza sartzeak, hala teknologikoa nola ez-teknologikoa. Hain zuzen, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren Euskadiko sarean Kultura eta Sormen Industrien presentzia sendotzea izango da BDCCren eginkizunetako bat, lankidetza-sare baten bidez. Sare horretan, ekosistema honetako beste erakunde batzuek parte hartuko dute, hala nola teknologia-zentroak, unibertsitateak, administrazioak, gizarte-eragileak eta, oso bereziki, ekonomia-jardueraren beste arlo batzuetako enpresak. Horretarako, joan den astean ere, KSIGune klusterra aurkeztu zen Hezkuntza Sailarekin lankidetzan. Leire Bilbaok, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, nabarmendu du BDCC plataformak “Euskadiko KSIen sektorea egituratzen eta kohesionatzen” lagunduko duela, “gaur egun dagoeneko berritzailea dena are berritzaileagoa eginez”. Hala, Leyre Madariagak gaineratu du BDCCk balioko duela “kultura eta sormenaren sektorea biziberritzeko, eta ekonomiaren bultza-indar gisa duen ahalmen guztiari etekina ateratzeko”.

Etorkizuneko erronkak

Enpresa bakoitzaren profesionalizazio indibidualak balioko du sektoreak Kultura eta Sormen Industrien multzoak dituen erronka komunei aurre egin diezaien, adibidez, egituraketa funtzionalago bat lortzea, sektorea osatzen duten askotariko eragileen arteko harremanak hobetzea, edo sektorean zein beste industria batzuetan sentsibilizazio handiagoa izatea kulturak eta sormenak aberastasuna sortzeko orduan duten garrantziari buruz, eta Euskadik nazioartean KSIei buruz erreferentziazko posizionamendua izatera heltzea. Helburu hori lortzeko, BDCC DC Networken dago integratuta, munduko hamahiru eskualde berritzaileenen sormen-barrutien sarea, kultura- eta sormen-industrien ekonomia-garapena lehenesten duena. Hauexek dira aipatutako eskualde horiek: Baden-Württemberg, Katalunia, Eskozia, Karnataka, Danimarka Erdialdea, Flandria, Ipar Brabante, Oklahoma, Rio de Janeiro, Shanghai – Yangzi Deltaren Eskualdea, Mosku – Erdialdeko Barruti Federala eta Tampere.

Lotutako albisteak

Eusko  Jaurlaritzak  Euskadiko  ekintzailetza  bultzatuko  du  aurten,  4,5  milioi  eurorekin
18/03/2026 Ekintzailetza

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ekintzailetza bultzatuko du aurten, 4,5 milioi eurorekin

Ekintzaile martxoaren 17tik abenduaren 11ra egongo da zabalik eta Hazten+ martxoaren 24an irekiko da

Eusko  Jaurlaritzak  ezkutu  industriala  aktibatu  du  1.047  milioi  eurorekin,  Ekialde  Ertaineko  gatazkaren  eraginari  aurre  egiteko

Eusko Jaurlaritzak ezkutu industriala aktibatu du 1.047 milioi eurorekin, Ekialde Ertaineko gatazkaren eraginari aurre egiteko

ETEak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzak % 51,4 igoko dira, 277 milioi euroraino

Ekintzaileentzako  laguntzak:  Bihur  ezazu  zure  negozio  ideia  enpresa  berritzaile  eta  errentagarri  Ekintzailerekin
13/03/2026 Ekintzailetza

Ekintzaileentzako laguntzak: Bihur ezazu zure negozio ideia enpresa berritzaile eta errentagarri Ekintzailerekin

Ideia berritzaile bat duzu eta enpresa bihurtu nahi duzu? Orduan interesatzen zaizu Ekintzaile 2026, programa ezagutzea. Ekintzailetza bultzatzeko laguntza horrek laguntza ekonomikoa eta adituen aholkularitza eskainiko dizkizu zure proiektua bideragarria eta arrakastatsua izan dadin.

Worthington  Creyssensac-ek  SMART  SAVINGS  abiarazi  du:  Aire  konprimituaren  industriarako  energia-eraginkortasunaren  iraultza
12/03/2026 Berrikuntza

Worthington Creyssensac-ek SMART SAVINGS abiarazi du: Aire konprimituaren industriarako energia-eraginkortasunaren iraultza

"Ez da irtenbide bat soilik; ikuspegi adimendun bat da, negozioak berritzen jarrai dezan, energia-faktura galga izan gabe"

ComexSoft  donostiarrak  irabazi  du  EmprendeXXI  sariak,  potentzial  handiena  duen  start-up  gisa
11/03/2026 Ekintzailetza

ComexSoft donostiarrak irabazi du EmprendeXXI sariak, potentzial handiena duen start-up gisa

CaixaBank-ek, DayOne-ren bidez, Enisak, Eusko Jaurlaritzak eta BIC Gipuzkoak Donostian ospatu dute euskal ekosistema ekintzailearentzako erreferentziazko sari horien lurralde-banaketa.

Dinalan-ek  CIVITRA  merkaturatu  du,  hiri-argiteria  eta  aktiboak  kudeatzeko

Dinalan-ek CIVITRA merkaturatu du, hiri-argiteria eta aktiboak kudeatzeko

Ordenagailuak lagunduriko mantentze-lanak kudeatzeko sistema baten bidez (GMAO, gaztelaniazko sigletan) dibertsifikatu da enpresa, eta horrek luminarien, semaforoen, iturrien, hiri-altzarien eta abarren kudeaketa digitalizatzen du, efizientzia eta jasangarritasun handiagoak lortzeko.

EDTF-k  Bizkaiko  babes  akustikoa  birdefinitzen  du,  Leioako  La  Avanzadako  pantaila  begetal  berriaren  arrakastarekin
06/03/2026 Berrikuntza

EDTF-k Bizkaiko babes akustikoa birdefinitzen du, Leioako La Avanzadako pantaila begetal berriaren arrakastarekin

ETFren Landare Irtenbidea vs. Metalezko Pantailak: Eraginkortasuna, kostuak bikoiztu gabe

Nazioarteko  startupek  euskal  industriarekin  konektatu  dira  BIEMHn,  Eusko  Jaurlaritzaren  BIND  ekimenaren  bitartez
05/03/2026 Ekintzailetza

Nazioarteko startupek euskal industriarekin konektatu dira BIEMHn, Eusko Jaurlaritzaren BIND ekimenaren bitartez

Startupak korporazioekin, ETEekin, zentro teknologikoekin eta euskal industrian estrategikoak diren klusterrekin bildu dira. Azelerazio-programaren 10. edizioak Euskal Autonomia Erkidegoan murgiltzeko aukera, proiektu errealak eta tailerrak biltzen ditu.

Euskadik  bere  startupen  azken  berrikuntza  teknologikoak  aurkeztu  ditu  4YFNan
03/03/2026 Ekintzailetza

Euskadik bere startupen azken berrikuntza teknologikoak aurkeztu ditu 4YFNan

Euskadiko 12 startupek osasunaren, adimen artifizialaren, industria adimendunaren eta zibersegurtasunaren alorretan dituzten soluzioak aurkeztu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru-aldundien laguntzarekin.

Sustatu  berrikuntza-proiektuak  zure  enpresan  Fast  Track  Innobideak  ekimenarekin
03/03/2026 Berrikuntza

Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin

Fast Track Innobideak programak laguntza ematen die ondasun edo zerbitzu berriak merkaturatzera edo enpresan negozio-prozesuak hobetzera bideratutako berrikuntza-jarduerak bultzatu nahi dituzten Euskadiko ETE industrialei, haien lehiakortasuna indartzeko. Programa apirilaren 30era arte egongo da zabalik.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.