Ipar Blast, industriako piezen bizitza hobetzeko tratamendu berezia eskaintzen duen ETEa
Ipar-Blast Itziargo ETEa da eta azaleko tratamendua eskaintzen du piezen bizitza hobetzeko: shot peening. Nahieran egiten du lan behar ezpezifikoak dituzten bezeroei soluzio pertsonalizatuak eskaintzeko.
Enpresa 2000an sortu zen, baina Pavonados Vazquezen lekukoa jaso zuen: “nire aitxitxak sortu zuen 1930ean eta nire aitak hartu zuen 50eko hamarkadaren amaieran. Hasieran, Eibarko armak iluntzen zituzten (piezak bainuan sartzea) eta gero sektore gehiagotan hasi ziren” azaldu du Eduardo Vázquez kudeatzaileak.
90eko hamarkadan konturatu ziren “granailaketa-tratamendua egin behar zela aurretik” eta kanpo-eskari handia iritsi zitzaien. Hala, 1996an Sufrace Improvement sortu zuten, industriako granailaketan soilik jarduteko.
Hurrengo mugarria shot-peeningarekin hastea izan zen. Azaleko tratamendua da eta piezen bizitza hobetzen du. “Ezagutza tekniko oso sofistikatua eskatzen zuen eta ez zegoen know howrik. Eta 2000an sozietate bat sortu zen shot-peeningeko Italiako espezialista batzuekin, Peen Service, egungo Ipar-Blast”.
Enpresa Eibarren egon zen 2018ra arte eta gaur egungo lekura aldatu zuten orduan, Itziargo industrigunera. “Nik AEBn eta Italian jaso nuen prestakuntza beste lankide batekin batera eta azaleko tratamendu espezifikoetan espezializatu gara, zehaztasun eta balio erantsi handiagoarekin”.
Ipar Blastek zimurtasun espezifikoak sortzen ditu piezen eremu jakin batzuetan. “Bizarrak kentzen ditugu dekoletaje-piezetan eta kanpo-enpresentzat lan egiten duen bizarrak kentzeko Espainiako makina termiko bakarra daukagu. Hobi espezifikoa da”.
Enpresak eskariaren arabera egiten du lan, behar espezifikoak dituzten bezeroentzat. “Beste soluzio batzuk izan ditzaketen enpresetara ere bideratzen ditugu, baina azkenean soluzio bat eskaintzen diogu bezeroari”. Era askotako sektoreentzat egiten dute lan: Eolikoa, automobilgintza, ibilgailu astunak, altxatzeko sistemak, elikagaientzako makinak, trenak edo tentsio handiko sektore elektrikoa.
8 langile dira guztira eta urteko fakturazioa 900.000 euro ingurukoa da. Euskadin du merkatu nagusia, baina Katalunian, Valentzian, Madrilen edo Galizian ere saltzen du. Esportazioak % 5 dira, eta batez Frantziara egiten ditu. “Garraioak asko kaltetzen du balio erantsia produktu honen kasuan”.
I+Gri dagokionez, Mondragon Unibertsitatearekin aritzen dira lankidetzan shot-peeningaren ikerketak egiteko. “Euskarri teknikoa gara”. Ikerketa eta garapena Italian egiten da, enpresaren akzioen % 35 baitu. “Laguntza handia jasotzen dugu Italiatik bezeroek aplikazio berri bat eskatzen digutenean”.
Enpresaren erronka da shot-peeningeko zerbitzua pieza handiagoetara zabaltzea, bi tonako pisua duten piezetara: “gero eta gehiago eskatzen dira eolikoen sektorean eta potentziaren transmisioan. Espainian ez dago halako zerbitzurik eta hori eskaintzeko makinak gehitzea ari gara baloratzen”.
Gainera, bizarrak kentzeko sistema termikoa sektore hidraulikoan garatzeko asmoa dute. “Horretarako, langile gehiago behar ditugu, bi edo hiru urteko epean fakturazioa % 50 handitzeko”.
SPRI Taldeak Euskadiko enpresei bere kanaletan jardueraren berri emateko aukera ematen die. Zure proiektua gure gaiekin (I+G+b arloa, digitalizazioa, nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza…) lotuta badago, Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.