Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 17 urria, 2018 Berrikuntza Digitalizazioa Fast Track Innobideak programa Industria adimenduna Ris3 Euskadi Smart Industry Programa

Roboten, IoT-ren, eta adimen artifizialaren arteko konbinazioaren aldeko apustua egin du Inser Robóticak prozesuak erabat automatizatzekos

Datuen kaptazioa, adimena eta ikusmen artifiziala integratzen dituzten irtenbide robotikoen alde egin du euskal ingeniaritzak

 

 Datuen kaptazioa, adimena eta ikusmen artifiziala integratzen dituzten irtenbide robotikoen alde egin du euskal ingeniaritzak

 

1986an sortu zen Inser Robótica ingeniaritza, zenbait sektoretan (adibidez, automobilgintza edo makina-erreminta) ekoizpen-prozesuetan robotak integratzeko helburuarekin. Urte hauetan guztietan mila proiektu baino gehiago garatu dituzte mundu osoan, eta 1.300 robot baliatu dituzte. 2014an estrategia aldatu zuen konpainiak bere negozio-ereduan, eta, ordutik aurrera, kontsumo-ondasunen packagingen azken lerrorako robotak egitera bideratu du bere jarduera. Etengabe hazi da ordutik, eta, duela bi urte Mungiara (Bizkaia) aldatu ziren, txiki geratu baitzitzaien Urdulizeko aurreko egoitza. Gaur egun, 60 pertsona inguruk lan egiten dute Inser Robótican. Alberto Alonso zuzendari nagusiarekin eta Jon Martínez Produktu Berrien eta Merkatuen Adimenaren arduradunarekin hitz egin dugu.

 

Zer zerbitzu-mota eskaintzen duzue Inser Robótican?

Alberto Alonso – Kontsumo-ondasunen packagingaren sektoreko azken lerroaren automatizazioan espezializatu gara. Adibidez, ura botilatan ontziratzeko planta batean, robotak eta sistemak jar ditzakegu, gai izango direnak lan hauek egiteko: botila hutsak paletetatik ateratzeko; botila horien ikuskaritza egiteko ikusmen artifiziala erabilita, guztia ondo dagoela ikusteko; botilak beteta daudenean etiketak jartzeko; multzokatzeko; berriro ikuskatzeko; palet bat sortzeko; paketatzeko; trazabilitateari buruzko informazioaren etiketa jartzeko; palet hori jasotzeko; eta biltegira edo kargatzeko kamioi batera eramateko. Horretarako, ibilgailu autonomoak erabiltzen dira; adibidez, AGVak (gidatze automatikoko ibilgailua) edo AIVak (ibilgailu autonomo adimenduna). Hori guztia gizakien parte-hartzerik gabe, eta elementu eta prozesu guztiak elkar komunikatuta daudela, IoT-ri esker (Gauzen Internet). Horrez gain, beste integrazio-mota batzuk ere egiten ditugu, eta irtenbide bat dugu langeten soldadurarako, makina-erremintaren sektoreari begira.

 

Zein da, antzeko irtenbideekin alderatuta, eskaintzen duzuen balio erantsia?

Jon Martínez – Gai gara robotak integratzeko, baina baita IoT gailuak, sentsoreak eta ikusmen artifizialeko tresnak ere, prozesu guztiari buruzko datuak emango dizkigutenak. Informazio hori erabilita, lote guztien segimendu osoa eta trazabilitatea egin ditzakegu. Informazioa fabrikatzailearen ERPra itzultzen da, eta gai da monitorizatzeko ea arazorik izan den, zein den lote bakoitzaren fabrikazio-denbora, ea etenen bat gertatu den, zenbat palet egin dituen makinak, eta abar. Datu horiei esker, bezeroak prozesuari buruzko informazio oso baliotsua lortzen du. Ingeniaritza gehienek roboten programazio puntuala edo parametrizatua egin dezakete. Guk prozesuaren kontrolaren programazioa egiten dugu, eta oso sistema aurreratuak behar dira horretarako.

 

Zer paper jokatzen dute adimenak eta ikusmen artifizialak honetan guztian?

J.M. – Ikusmen artifiziala funtsezkoa da. Inser Robótican laborategi bat dugu ikusmen artifizialeko irtenbideak garatzen dituena, egiaztatzeko ea zigilatuta dauden poltsak ekoizpen-lerroan, ea zuzenak diren etiketak eta egokia pisua, edo ea metalezko piezaren bat sartu den ustekabean. Adibidez, ikusmen artifizialari esker arrain baten ezaugarriak sailka ditzakegu, eta asmatze-portzentajea % 98koa da. 3D berreraikuntza-kamera baten eta adimen artifizialaren bidez, arrain baten bolumena kalkula daiteke, haren pisua zenbatetsi eta sailkatu, ondoren ontzietan banatzeko pisu bera duten beste arrain batzuekin batera. Hori guztia abiadura handian eta arrainak ukitu ere egin gabe.

 

4.0 industriaren munduan, asko hitz egiten da cobot-ei buruz (robot kolaboratiboak). Zenbaterainokoa izan daiteke haien eragina industria-sektorean?

A.A. – Zalantzarik gabe, etorkizunean, prozesuek kolaboratiboak izan beharko dute, gizakien eta roboten artean. Kontua da nola egin ditzakegun kolaboratibo. Ez da nahikoa robota gelditzea pertsona baten presentzia detektatzen duenean; ekoizpen-prozesuek berek izan behar dute kolaboratiboak. Une honetan, ez du zentzurik robot kolaboratibo bat erabiltzea funtzio batzuetarako, muga ugari baititu oraindik abiaduran eta karga-gaitasunean. Tirada handiko prozesu industrialetarako, ohiko robotak behar dira. Robot kolaboratiboa erabiltzeak zentzua du funtzio jakin batzuetarako: tirada handiak ez dituzten prozesu laguntzaileetarako edo birziklatu edo tokiz erraz mugitu ditzakezun fabrikazio-zeluletarako.

 

Zer teknologiak har dezakete garrantzia gehien 4.0 industrian?

J.M.- Zalantzarik gabe, ikusmen artifiziala eta adimen artifiziala dira garrantzitsuenak. Azken urteetan, aurrerapauso ikaragarriak eman dira ikusmen artifizialean, eta orain arte pentsaezinak ziren gauza asko egin daitezke 3D eta 2D kamerekin. Irudiak eta ereduak ezagutzeko gai dira izugarrizko abiaduran. Adimen artifiziala ere ezinbestekoa da ereduak ezagutzeko. Eta IoT ere funtsezko elementu bat da informazioa jasotzeko eta denbora errealean bidaltzeko.

 

Zein dira Inser Robótica-ren etorkizuneko erronkak?

A.A.- Gure erronka nagusia da automatizazioaren munduko erreferente izatea EAEn. Teknologia berriak zaharkituak geratzen dira denbora laburrean, eta horrek esan nahi du inbertsio handia egin behar dugula giza kapitalean. Lortu behar dugu gure langileak gai izan daitezen teknologia berrietara egokitzeko eta ikasten segitzeko. Prestakuntza-ikastaro asko egiten ditugu, egunean egoteko, eta hori da, batetik, aurrean dugun erronketako bat, eta, bestetik, gure hutsuneetako bat. Arazo asko ditugu jende prestatua aurkitzeko. Robotikaren munduan ez dago langabeziarik, baina, hala ere, gazteek ez dituzte egin nahi teknologia berriekin lotutako ikasketak. Beste erronketako bat enpresekin berekin lotuta dago, automatizazio-sistemak ezarri behar baitituzte zaharkituak ez gelditzeko eta lehiakorrak izateko.

 

Lotutako albisteak

11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
26 otsaila, 2024 Berrikuntza
Vostok Electric: “Mugikortasun jasangarriaren esparruan hobe da urrats txikiak eta seguruak ematea”
Irakurri gehiago
22 otsaila, 2024 Berrikuntza
Lemu Group, papera manipulatzeko erreferente baten anbizioa
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Berrikuntza
Andima Laskurain (Korta): “Datozen lau urteetan %50 hazteko asmo handiko helburua jarri dugu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak