Prozesu industrialen simulazioa, ekoizpena hobetzeko

4 abendua, 2018
José Ramón Valle, Semantic Systems-eko Marketineko zuzendaria

 

Digital twins edo biki digitalen kontzeptura hurbiltzen den proiektuaren buru da Semantic Systems, eta HAZITEKek eta CDTIk finantzatzen dute

 

Semantic Systems Bizkaiko konpainiak 16 urte bete berri ditu. Hasiera-hasieratik, enpresei automatizazio-soluzioak eskaintzera bideratu du bere jarduera. Denbora-tarte horretan, 180 bat bezerok erabili dituzte haren produktuak, eta, orain, heldutasun handiagoa lortuta, 4.0 Industriako soluzio berriak eskaintzen hasi da, digital twins edo biki digitalen kontzeptuari oso lotuak. Semantic-ek 200 langile ditu, eta Derion, Bartzelonan eta Madrilen ditu bulegoak. Enpresako Marketineko zuzendariarekin, José Ramón Valle-rekin, hitz egin dugu.

 

Zer egiten du Semantic Systems-ek?

Konpainia teknologiko bat gara, eta digitalizazio-soluzioak eskaintzen dizkiegu gure bezeroei hainbat arlotan: ERPak, azpiegiturak, sistemak, datu-analisia edo datuak lainoan biltegiratzea. ERPen kasuan, Sage, SAP eta antzeko kide handiekin batera lan egiten dugu, eta haien softwarea ezartzen dugu edo haien aplikazioak garatzen ditugu. Prozesu osoan laguntzen diegu gure bezeroei, lehendik daukatena ezabatu gabe, gure soluzioak haien beharrei egokituz. Halaber, Repcon deritzon teknologia sortu dugu, eta, hari esker, web-soluzio errazak gara ditzakegu enpresa eta erakundeentzat.

 

4.0 Industriari dagokionez, zein dira zuen proposamen nagusiak?

Repcon CPQ deritzon produktu-konfiguratzaile bat dugu, enpresa baten ezagutza software batean gordetzeko gai dena eta bezeroarentzako produktu-konbinazio egokiak sor ditzakeena. Adibidez, gure bezeroetako bat igogailu-fabrikatzailea da. Orain arte, komertzialak prestatzen zuen eskaintza, igogailu-kutxaren zabaleraren, altueraren edo beste parametro batzuen arabera. Pertsona bakarraren eskuetan zegoen ezagutza guztia. Produktu-konfiguratzailearen bidez, ordea, ezagutza hori partekatu egin daiteke eta soluzio-konbinazio bat baino gehiago sortu. Gainera, 3Dn ikus daitezke, eta prozesua arindu egiten da, proposamena onartzeko ez baita beharrezkoa bulego teknikoaren eskuetatik igarotzea, eta, beraz, proposamena fabrikaziora bideratzen da zuzenean. Igogailuez gain, garabientzako aginteak, autobusentzako eserlekuak edo mahaiak fabrikatzen dituzten bezeroek ere erabiltzen dute produktu hori.

 

4.0 Industriari lotuta dugun beste garapen bat Repcon Factory da. Produktu horrekin, fabrikazio-instalazio bat hartu eta modelo birtuala egiten dugu, fabrikazio-lerroak, sekzioak eta abar birsortzeko. Instalazioan jarritako sentsoreekin, une oro ikus dezakegu zer gertatzen ari den makinetan. Hala, begi-kolpe bakarrean, instalazioaren arduradunak makinen funtzionamenduari buruzko informazioa eta bestelakoa ere ikus dezake. Halaber, informazioa bidaltzen diogu langileari mezuak jasotzeko duen pantaila baten bidez; hala, fabrikazio-aginduak edo bestelako jarraibideak beteko ditu. Fitxatze-kontrola ere jar daiteke, eta hala jakin daiteke makina benetan zenbat denbora dagoen martxan. Informazioa jaso eta gorde egiten da, edo ERPra bidaltzen da.

 

Hori litzateke beste enpresa batzuekin batera garatzen ari zareten biki digitalen kontzepturako lehen hurbilketa bat, ezta?

Bi urte iraungo duen proiektu baten buru da Semantic Systems. Eusko Jaurlaritzako HAZITEK 2018 programak eta estatu mailako CDTI PID programak finantzatzen dute, eta Ibermaticak, Tecnaliak eta Instituto ibermática de Innovación-ek ere parte hartzen dute. Proiektuaren helburua da fabrikazio-instalazio erreal bat era birtualean simulatzea, haren portaera behatu ahal izateko. Hartzen diren funtzionamendu-datu errealen arabera, makinen funtzionamendua, lanorduak edo stock-fluxua gainbegira daitezke. Instalazioburuak, informazio hori esku artean duela, aldagai batzuk alda ditzake simulagailuan; adibidez, makinen funtzionamendu-orduak handitu, stock-a gutxitu edo produktu berri bat fabrikatu dezake, eta instalazioaren portaera nolakoa izango litzatekeen ikus dezake. Proiektuaren helburu nagusia fabrika-simulatzaile bat garatzea da, instalazioaren kontrol prediktibo bat ezartzeko aukera ematen duena. Kontrol horrek instalazioarentzako lan-plan optimoak eskaintzen ditu, eta aukera ematen du etorkizunean ekoizpen-prozesuan gerta daitezkeen gorabeherak simulatzeko.

 

Zaila da eraldaketa digitalari lotutako kontzeptu horiek zuen bezeroei azaltzea?

Harrera ona sumatzen dugu. Trebakuntzan, dibulgazioan eta ekitaldiak antolatzen SPRIk egindako lanari esker, ingurune positiboa sortu da Euskadiko enpresa industrialetan. Interes handia dute garatzeko, automatizatzeko eta eraginkorragoak izateko. Ez soilik enpresa handiek, baita enpresa ertain eta txikiek ere. Orain, errazago azaldu daiteke zer abantaila dituzten teknologia horiek kostuak murrizteari dagokionez.

 

Zer erronka ditu Semantic Systems-ek etorkizunerako?

SEDIT – Semantic Digital Twin proiektuaren bidez, biki digitalak garatzen aurrera egingo dugu. Horrez gain, gure programazio-lengoaia, Repcon, hobetzen jarraituko dugu, enpresen beharrizan guztiei tokia egiteko, dagoeneko dutena eta eskain dezakeguna integratuz. Eta gure ezagutza soluzio zehatzak ematen dituen zerbitzu bihurtzea dugu erronkarik handiena. Bestalde, ERP bat ezartzea urte baten edo biren kontua izan ohi da, baina ETE batzuek ezin dute hainbeste denbora itxaron. Aldaketa egiteko bi urte behar izatetik bi hilabetean gauzatzera heldu nahi dugu. Agian ERPa ez da hain pertsonalizatua izango eta ez da hain neurrira eginda egongo, baina enpresa horrek duen arazoa konpondu ahal izango du epe motzean.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow