Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 22 maiatza, 2018 Berrikuntza Digitalizazioa Fast Track Innobideak programa Industria adimenduna Ris3 Euskadi Smart Industry Programa

Pixel Sistemas enpresak metal bidezko fabrikazio gehigarriko ekipo berri eta ekonomikoak merkaturatuko ditu

Desktop Metal inprimagailu berriak aurkeztuko ditu Fabrikazio Gehigarriaren sektoreko ADDIT3D Nazioarteko Azokan
Pixel Sistemas enpresaren instalazioak Elgoibarren.

 

Desktop Metal inprimagailu berriak aurkeztuko ditu Fabrikazio Gehigarriaren sektoreko ADDIT3D Nazioarteko Azokan

 

ADDIT3D, Fabrikazio Gehigarriaren eta 3D Inprimaketaren sektoreko Nazioarteko Azoka Barakaldoko BECen egingo da maiatzaren 28tik ekainaren 1era BIEMH azokaren testuinguruan, eta ekitaldi horretan sektoreko berrikuntza garrantzitsuenak aurkeztuko dira, arreta berezia eskainiz industriaren eta fabrikazio aurreratuaren arloetan dituzten aplikazioei. Pixel Sistemas euskal enpresak gune horretantxe emango du ezagutzera metal bidezko inprimaketarako bere makina berria, fabrikazio kostuak nabarmen merkatu ditzakeena eta edozein espaziotan erabiltzeko modukoa dena.

 

Elgoibarren kokatutako Pixel Sistemas enpresak oraintxe bete ditu 20 urte, eta 2005az geroztik fabrikazio gehigarria izan da bere negozio nagusia. Bere Marketineko arduradunak, Anne Miren Benitok, hauxe esan du: “Oinarri teknologikoko konponbideak eskaintzen ditugu fabrikazio gehigarrirako eta 3D inprimaketarako, hala kudeaketako softwarea nola makinak. Softwareari dagokionez, Siemens enpresaren Gold Partner gara, eta konponbideak eskaintzen ditugu produktu baten diseinua digitalizatzeko eta bere bizi-ziklo osorako. Bestalde, Stratasys eta Desktop Metal konpainien inprimagailuak merkaturatzen ditugu, zeintzuk gai diren objektuak sortzeko material termoplastikoak, PolyJet-a edo metala erabiliz, eta FDM (material urtuzko ezarpenekin modelatzea) edo PolyJet teknologiak aplikatuz.

 

Pixel Sistemas enpresaren katalogoko azken gailua da Desktop Metal konpainiaren metal bidezko fabrikaziorako makina berritzaile bat. DM Studio System delakoa metal bidezko lehen 3D inprimagailu merkea da, laserrean oinarritutako sistemak baino 10 aldiz merkeagoa, arduradunen arabera. Lainoan oinarritutako softwarearen bidez, makina horri esker erabiltzaileak posible du zuzenean pasatzea CADetik piezara. Badu beste abantailarik ere, esaterako  “bulegoetan erabil daiteke, edozein atetatik sartzeko tamaina daukalako, eta ez duelako usainik edo kerik botatzen”, azaldu du Pixel Sistemas enpresako Marketineko arduradunak.

 

DM Studio System-ek metalezko barrak urtzen ditu, plastiko bidezko FDM inprimagailuen antzera. Merkatuan sarri erabiltzen diren barrak dira, kobrezkoak, altzairu aleaziozkoak nahiz inconelezkoak (nikel eta kromoz egindako super-aleazio bat). Inprimagailuak piezak sortu eta gero beste modulu batera eramaten ditu, eta han likido aglutinatzaile batean murgiltzen dira. Azkenik, Sinter izeneko hirugarren modulu batek piezak berotzen ditu ia urtze-punturaino, era horretan metalezko partikulak fusionatuz piezari behar duen erresistentzia emateko.

 

Metalezko 3D inprimagailu horrek interesa piztu du sektore askotan, bereziki 4.0 Industriarekin lotuta daudenetan. “Metal bidezko fabrikazio gehigarria teknologia gorakor bat da, eta interes handia piztu du galdaketa eta moldeatzearekin lotutako sektoreetan. Gure bezero batzuek moldeak, tresnak edo prototipoak ekoitzi behar izaten dituzte jakiteko pieza zehatz baten geometriak balio duen ala ez. Beste batzuek 3D inprimaketa erabiltzen dute azken produkzio-prozesuetan. Metal bidezko fabrikazio gehigarria erabilia da jadanik industria aeronautikoan, esaterako hegazkinen barruko elementu asko sortzeko”, dio Anne Miren Benitok.

 

Metal bidezko inprimaketarako softwarea eta makinak merkaturatzeaz gain, Pixel Sistemas enpresaren bezero askok material termoplastikoak erabiltzera jo dute objektuak sortzeko. “Enpresa bakoitzak bere arazoak ditu: oinetako zolak 3Dn inprimatzen dituzten zapata konpainiak, kolonia pote berriak asmatu nahi dituzten kosmetikako enpresak, arrain kontserberetarako latak, autoen piezak kokatzeko muntaiarako tresnak… kasu arrakastatsu asko dauzkagu dokumentatuta. Tecnun zentroari ere laguntzen diogu bere Formula Student ibilgailuaren piezak fabrikatzen. Zumaiako GKN Driveline enpresak beso robotiko bat fabrikatu du material termoplastikozko pieza barne-hutsak dituena, kableak bertan sartu eta ez daitezen hondatu. Bezero bakoitzak baditu bere premiak, eta guk material eta fabrikazio prozesu egokienak aukeratzen laguntzen diegu”, azpimarratu dute Pixel Sistemas enpresako ordezkariek. Elgoibarko enpresak 700 bezero inguru ditu Siemens-en PLM inprimagailuarentzako software konponbideak erabiltzen dituztenak (CAD, CAM, CAE eta PDM), eta 200dik gora bezero Stratasys eta Desktop Metal makinentzako konponbideak baliatzen dituztenak.

Lotutako albisteak

14 Marzo, 2024 Berrikuntza
Alkizabalgo plataforma jasotzaile elektriko berria jasangarriagoa da: zero gas-isuri eta zarata murrizketa
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Stay Bigelek hezkuntzaren arloko metodologia berritzaileen aldeko apustua egiten du
Irakurri gehiago
22 otsaila, 2024 Berrikuntza
FVEMek 2.100 ikasle baino gehiagori industria hurbildu die ‘Industria Erronka’ proiektuaren bidez 23-24 edizioan
Irakurri gehiago
SACEN San Jorge Placas Energía Solar 20 otsaila, 2024 Berrikuntza
Sacenek telekomunikazioetarako bere lehen kabina adimenduna instalatu du
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Berrikuntza
TokenTrotter-rek bidaiez beste ikuspuntu batetik gozatzeko aukera ematen du
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak