Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 21 Azaroa, 2018 Digitalizazioa Enpresa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Mikel Barandiaran, Dominion-en CEOa: “Industrian teknologia digitalak txertatzeko prozesuak ez du atzera bueltarik”

Euskal konpainiako arduradunaren ustez, sentsorikan, konektagarritasunean eta datuen tratamendu aurreratuan oinarrituko da industriaren eraldaketa digitala.  

 

Euskal konpainiako arduradunaren ustez, sentsorikan, konektagarritasunean eta datuen tratamendu aurreratuan oinarrituko da industriaren eraldaketa digitala.

 

 Dominion-ek 20 urte beteko ditu 2019an. Zerbitzu multiteknikoen eta ingeniaritza espezializatuko soluzioen hornitzaile globala da konpainia. Bilbon du egoitza nagusia, 35 herrialde baino gehiagotan ditu bulegoak, eta, gutxi gorabehera, 8.000 langile ditu. Azken bi urteetan, enpresen erosketak sustatu ditu, besteak beste, CDI eta ICC AEBan, Ditecsa Kolonbian eta Scorpio, Seref eta Phone House Spain. Gainera, aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan 16,3 milioi euroko irabaziak izan ditu, 2017ko epe berean izan zuen baino % 6 gehiago. Enpresa-ingurunera bideratutako teknologia berrien aldeko apustuari esker, 4.0 industriaren gaitasunen eta erronken ikuspegi osoa du enpresak. Dominion-eko CEO Mikel Barandiaranekin hitz egin dugu.

 

Zertan lan egiten du Dominion-ek?

Konpainia global bat gara, eta negozio-prozesuen eraginkortasuna hobetzeko teknologia aplikatzea da gure egiteko nagusia. Hiru jarduera-eremutan lan egiten dugu: teknologia eta telekomunikazioak, industria eta energia. Gure bezeroei eraldaketa osoan zehar laguntzeko gai gara; hasi azpiegitura baten kontzeptualizazio-fasetik edo ekipo teknologikoen integraziotik, eta edozein prozesuren funtzionamendura eta mantentze-lanetara arte.

 

Guretzat ezinbestekoa da negozio-ereduen zeharkako ikuspegia izatea eta kultura sendoa izatea. Horri dagokionez, kudeaketa-eredu berezia dugu “Dominion-en 4 D”-etan oinarritua: digitalizazioa, dibertsifikazioa, kudeaketa deszentralizatua eta finantza-diziplina.

 

Zer lotura duzue 4.0 Industriarekin?

Konpainia teknologikoa gara, eta industriarekin harreman estua dugu; bi ezaugarri horiek daude 4.0 Industriarekin dugun loturaren muinean. Izan ere, 4.0 Industriaren helburua da prozesu industrialen eraginkortasuna hobetzea, eskura dauden gaitasun teknologiko berriak erabilita. Horretarako, ezinbestekoa da teknologia horiek eta teknologiekin hobetu nahi diren prozesuak aldi berean ezagutzea.

 

4.0 Industriarekin erlazionatuta egin diren garapen batzuen adibideak eman ditzakezu?

Industrian askotariko digitalizazioak egiten ari gara. Proiektu bakoitza banan-banan lantzen dugu. Guk uste dugu ez dagoela soluzio estandarrik; horren ordez, argi identifikatutako beharrentzat soluzio espezifikoak eman behar dira. Gainera, ikuspegi praktikoarekin egiten dugu lan beti: prozesuaren eraginkortasuna hobetzen duten erabakiak hartzeko beharrezkoak diren datuak soilik sentsorizatu eta landu behar dira. Kasu batzuetan, adibidez, gure soluzio propioak ezartzen ditugu. Esaterako, automobilgintza-sektoreko bezero batzuen ekoizpen-instalazioetan, Proefficiency soluzioa ezarri dugu energia optimizatzeko. Soluzio horren barruan, ekintza hauek sartzen dira: produkzio-aktiboetan sentsoreak jartzea; datu-bolumen handia jasotzeko, komunikatzeko, gordetzeko eta konputatzeko arkitektura konplexua definitzea eta hedatzea; eta, eredu deskriptiboen eta prediktiboen bidez, datu horien analisi aurreratua egitea.

 

Eraldaketa digitalerako soluzioak eskaintzeko orduan, harrera ona igartzen duzue enpresen aldetik, bereziki ETE-en aldetik? Edo oraindik lana egin beharra dago?

Gero eta harrera hobea sumatzen ari gara. Hala ere, enpresa bakoitzak duen heldutasun-mailaren araberakoa da harrera hori. Ikusten ari garenez, digitalizazio-soluzio askoren kasuan, enpresa horietako arduradunek duten ezagutza teknologiko espezializatuaren mende dago ezarpena. Gainera, oraindik ere ezjakintasun handia dago digitalizazio industrialaren inguruan.

 

Aldatzearen kontrako jarrera ere nahiko ohikoa da; “hori beti egin da horrela” esaldia entzun ohi da. Industria-sektoreari betidanik kostatu zaio aldatzea, eta kontuan hartu behar da eraldaketa digitalak prozesu guztiei eragiten diela, bai prozesu produktiboei eta komertzialei, bai barne-kudeaketako prozesuei. Aldaketa globala da. Horregatik, gure espezialisten lanaren zati handi batek bezeroari soluzio teknologiko motak irakastearekin du zerikusia. Halaber, aurretiazko aholkularitza-lana egin behar da, eta egindako inbertsioek ekarriko dituzten itzulkinak identifikatu behar dira. Hori guztia ezinbestekoa da, batez ere ETE-ei dagokienez, haien negozioen ezinbesteko digitalizazioari aurre egitea erabaki dezaten.

 

Zer falta zaio edo zer du ikasteko 4.0 Industriak? Zein dira erronkak?

Lehen esan dudan bezala, erakunde industrialak bere prozesuak aldatzeko gogoz egotea da erronka nagusia. Erakunde horietako arduradunek aldaketarako beldurra gaindituz gero, aldaketa onartzera bultzatuko dute erakundea. Nola ez, erakunde industrialen barruan ezagutza teknologikoa hobetu beharra dago, erakundeak gai izan daitezen gaitzen duten teknologiak identifikatzeko eta sustatzeko, eta teknologia horiek beren prozesu operatiboetan eta negozio-operazioetan duten aplikagarritasuna eta eskaintzen dituzten hobetzeko aukera mugagabeak ezagutzeko. Enpresa da bere prozesuak hobekien ezagutzen dituena, eta berak daki zein diren produktibitaterako eta errentagarritasunerako kritikoak. Prozesu horiek dira lehenetsi beharrekoak, ez besteak.

 

Edonola ere, horretan jarduten dugun agente guztiok argi izan behar dugu industrian teknologia digitalak txertatzeko prozesua itzulezina dela, eta era proaktiboan ekin behar zaiola.

 

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak