Ekintzailetza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 7 urtarrila, 2019

Kaytek enpresak Blockchain konponbideak garatzen ditu industria sektorerako

Euskal startupak Blockchain teknologia eta Smart Contracts aplikazioa darabiltza prozesu industrialak digitalizatu eta automatizatzeko
-

 

Euskal startupak Blockchain teknologia eta Smart Contracts aplikazioa darabiltza prozesu industrialak digitalizatu eta automatizatzeko

 

Blockchain teknologiak goitik behera aldatuko ditu hainbat sektore, nola baitira kripto-txanponekin zerikusia dutenak, bankuen negozioa, hiritarren parte-hartzea edo eraldaketa digitala. Azken horri dagokionez, Kaytek euskal startupak erreferente bihurtu nahi du Estatu osoan. Zazpi langile eta hilabeteko ibilbidea duen Barakaldoko enpresa horrek dagoeneko lau proiektu dauzka eskuartean, zeintzuetan Blockchain teknologia erabiltzen baitu prozesuak automatizatzeko eta edozein produkturen fabrikazio parametro guztiak kontrolatzeko. Manu Fandiñorekin hitz egin dugu, Kaytek enpresako zuzendari nagusiarekin.

 

Zer egiten duzue Kaytek enpresan?

Gure helburua da gure bezeroen negozioak digitalizatzea: euren negozioa identifikatu, prozesuak aztertu, nola lan egiten duten ikusi eta beren prozesuak digitalizatzen saiatu. Konponbideak eta teknologia propioa eskaintzen dizkiegu aldaketa hori egiten laguntzeko. Horretarako, Kaytek izeneko plataforma bat garatu dugu, bezero bakoitzaren premietara egokitu daitekeena. Blockchain eta IoT (Gauzen Internet) teknologietan oinarritutako konponbideak eskaintzen ditugu batik bat.

 

Nolako Blockchain konponbideak eskaintzen dituzue industriarako?

Trazagarritasunerako eta IoTren kudeaketarako proiektu pilotuak lantzen ari gara. Prozesu industrialetan komunikazio handia dago makinen artean eta komunikazio hori bermatu egin behar da. Guk Blockchain teknologia erabiltzen dugu horretarako. Blockchain sare batek hainbat gune edo ordenagailu ditu informazioa gordetzeko, eta informazio hori ezin da aldatu edo ezabatu sareko gainerako kideen baimenik gabe. Horrela bermatzen dugu atzematen diren datu guztiak egiazkoak direla.

 

Bestalde, Blockchain teknologiari esker, Smart Contract edo kontratu adimendunak sortu ditzakegu, beren bitartez fabrikazio-prozesu batek bete behar dituen aldagai guztiak definitzeko. Adibidez, langile batek bere burua identifikatu behar du makina baten aurrean makina hori erabili baino lehen, dela hatz markarekin, NFC seinale batekin, pasahitzarekin edo ikusizko errekonozimenduarekin. Une horretan, makinak langilea ezagutzen du, eta bere gaitasunen arabera erabakitzen du makina erabil dezakeen ala ez. Langile horren prestakuntza-mota kontratu adimendunean (Smart Contract) zehazten da. Kontratu horietan orobat ezar daiteke zein lehengai erabili behar den pieza zehatz bat fabrikatzeko, eta baita ere posible da jakitea material hori iraungita dagoen edo egokiena den. Hala, prozesua ez da martxan jarriko baldintza guztiak betetzen ez badira. Azkenean, informazio hori guztia –langilearen gaitasunak, lehengaiaren kalitatea eta makina bakoitzak egin dituen ekintzak- funtsezkoa da bezeroari trazagarritasuna emateko.

 

Produkzio-zikloaren amaieran posible da kontratu bat egitea errekonozimendu-sistema batek jakin dezan produktua iritsi dela bezeroaren biltegira, eta une horretan automatikoki aktibatuko da ordainketa, langile baten esku-hartzerik gabe. Blockchain teknologiari esker, gai gara prozesu bat automatizatzeko.

 

Smart Contracts aplikazioak konta ezin ahala aukera dauzka negozioen munduan, ez da hala?

Mantenimendu-zerbitzuetarako erabil daitezke. Etxetresna elektriko adimendun bat erosten baduzu, Smart Contract bat egin daiteke zehazteko nork egingo dituen etxetresna horren mantenimendu-lanak hemendik eta bi urtera, eta zerbitzu horren gehienezko zenbatekoa ere finkatu daiteke kontratu horretan. Kontratu hori partekatu egiten da eta mantenimendu-enpresek eskaintzak egiten dituzte kontratu hori lortzeko. Kontratu Adimendunean ezarritako lehentasunen arabera erabakiko da nori esleitu kontratua. Ondoren, mantenimendu-lanak egitean, Blockchain teknologiak aukera ematen du ordainketa-sistema automatiko bat ezartzeko eta jakiteko nor den lanak egin dituen teknikaria edo zein pieza aldatu dituen.

 

Konponbide gehiago ere ikusiko ditugu, Blockchain teknologian oinarrituko direnak eta hiritarrei zuzenduko zaizkienak (adibidez, boto elektronikoa edo nortasuna erregistratzeko zerbitzuak), baina teknologiaren iraultza handia industriaren munduan gertatuko da.

 

Zer esaten dute zuen bezeroek Blockchain konponbideez hitz egiten diezuenean?

Sektorea asko aldatu da. Bezeroek jarrera onez hartzen dituzte aldaketa teknologikoak, batez ere digitalizazioaren arlokoak. Guretzat Blockchain teknologian zentratzea lehiakortasun-abantaila bat da teknologia zaharkituagoa duten enpresen aldean. Industrian Blockchain konponbideak inplementatzen dituen Estatuko enpresa bakanetako bat gara. Bezeroak ez du jakin nahi zertan datzan teknologia edo nola funtzionatzen duen Blockchain-ak, baina jakin nahi du nola balia dezakeen teknologia hori. Azaltzen diozunean, harra sortzen zaio eta Blockchain teknologiari buruz irakurtzen hasten da.

 

Zeintzuk dira zuen hurrengo erronkak enpresa gisa?

Lau proiektu dauzkagu eskuartean eta garapen horiek bukatu nahi ditugu. 2019ra begira, enpresa gisa hazten jarraitu nahi dugu. Gure helburua Estatuko merkatua da, baina dagoeneko hainbat lan-ildo dauzkagu zabalik Hego Amerikako eta beste herrialde batzuetako bezeroekin. Ez daukagu fakturazio arloko helbururik, gure xede nagusia da enpresei laguntzea digitalizazioaren arlo guztietan gure ezagutza esparrutik abiatuta.

 

Lotutako albisteak

Nuuk  Mobility-k  Espainiako  bi  gurpileko  flotarik  handienak  kudeatzen  ditu

Nuuk Mobility-k Espainiako bi gurpileko flotarik handienak kudeatzen ditu

Bizkaiko enpresak 14.000 ibilgailu baino gehiago administratzen ditu Espainian eta Portugalen. Bere bezeroen artean Correos, Burger King edo Popeyes daude.

Developair-ek  AA  aplikatzen  du  software  tresnen  belaunaldi  berri  bat  sortzeko

Developair-ek AA aplikatzen du software tresnen belaunaldi berri bat sortzeko

Donostiako startupak hainbat soluzio eskaintzen ditu industriarako, hala nola trenbide aeroespaziala, energia, automobilgintza eta medikuntzarako, besteak beste.

Erakarrek  LED  panel  jasangarri  eta  adimendunak  fabrikatzen  ditu

Erakarrek LED panel jasangarri eta adimendunak fabrikatzen ditu

Gipuzkoako enpresak tinta elektronikoaren teknologia sartu berri du bere eskaintzan, energia kontsumo baxuarekin eta ikuspen handiarekin.

RKL  Integral-ek  larrialdietarako  planak  prozesu  digital  adimendunetan  bihurtzen  ditu

RKL Integral-ek larrialdietarako planak prozesu digital adimendunetan bihurtzen ditu

Enpresa bizkaitarrak VES izeneko software bat garatu du, segurtasun integraleko planak digitalizatzen eta automatizatzen dituena.

Etxe  bat,  pieza  asko:  AtomModular-aren  “Lego  eredua”  etxebizitza  krisia  konpontzeko
24/06/2025 Ekintzailetza

Etxe bat, pieza asko: AtomModular-aren “Lego eredua” etxebizitza krisia konpontzeko

La startup, con sede en BIC Araba, propone industrializar la vivienda con inteligencia artificial, diseño modular y materiales sostenibles.

Altersys,  bidesarietako  matrikula  bidezko  kobrantza  adimendunean  espezializatutako  enpresa

Altersys, bidesarietako matrikula bidezko kobrantza adimendunean espezializatutako enpresa

Enpresa bizkaitarrak ia hamar urte eman ditu softwarea garatzen, eta bere lehen hardwarea patentatzeko prozesuan dago, trafikoa aztertzeko kamera propioa.

Acuratiok  erabaki  adimendunak  hartzeko  teknologia  bat  bultzatzen  du  pertsonen  pribatutasuna  babesten  den  bitartean
18/06/2025 Zibersegurtasuna

Acuratiok erabaki adimendunak hartzeko teknologia bat bultzatzen du pertsonen pribatutasuna babesten den bitartean

Autoak edo erlojuak bezalako gailuetan adimen artifiziala da, 'ikasketa automatikoa muturrean' izenekoa. Datuak sortzen diren lekuan zuzenean prozesatzeko eta erabaki independenteak hartzeko aukera ematen du, datu-zentro handietara eraman beharrik gabe.

PhotoKrete,  hiriak  hozteko  morteroak  garatzen  dituen  euskal  startup-a
13/06/2025 Ekintzailetza

PhotoKrete, hiriak hozteko morteroak garatzen dituen euskal startup-a

Bere teknologia berritzaileari esker, %70etik gorako energia aurrezpena lortu daiteke hozte-gastuan, material pasibo eta jasangarrien bidez.

Labelan,  labeak  eta  galdarak  konpontzen  espezializatutako  Zegamako  ETEa

Labelan, labeak eta galdarak konpontzen espezializatutako Zegamako ETEa

Enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun-programaren laguntza jaso du eta digitalizazioaren aldeko apustua egiten du, 3D piezak diseinatzearen bidez.

Yorsio:  “Jabetzakidetzan  oinarritutako  etxebizitza  emantzipatzeko  modurik  adimentsuena  da”
11/06/2025 Ekintzailetza

Yorsio: “Jabetzakidetzan oinarritutako etxebizitza emantzipatzeko modurik adimentsuena da”

Sara Recalde Yorsio-ren sortzaile eta zuzendari nagusiak, plataformak hipotekarik gabe eta jabetza partekatutako eredua erabiliz etxebizitza eskuratzeko modua nola eraldatzen duen azaltzen du.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.