Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

1 ekaina, 2020
Ikusi-k indartu egin ditu 4.0 Industriara eta eraldaketa digitalera bideratutako zerbitzuak

Fernando Asenjo, Espainia eta Portugaleko Integrazio- eta Ingeniaritza-proiektuen zuzendaria Ikusi konpainian.

 

Euskal konpainia datuen bilketa eta analisiarekin lotutako proiektuetan zentratzen da, eta zerbitizazio-eredu berrien aldeko apustua egin du

 

Velatia Taldeko Ikusi konpainiak laster beteko du mende erdiko jarduera. 700 bat langile ditu Donostiako egoitza nagusian eta mundu osoko zazpi herrialdetan banatutako bulegoetan. Bere zerbitzuak beti egon dira estuki lotuta informazio eta komunikazio teknologiekin, eta 4.0 Industriako erreferente bihurtu nahi du. Fernando Asenjorekin mintzatu gara, Ikusi enpresako Espainia eta Portugaleko Integrazio- eta Ingeniaritza-proiektuen zuzendariarekin.

 

Nolako jarduerak egiten dituzue Ikusi-n?

Sortu zenetik, Ikusi-k negozio mota desberdinak abiarazi izan ditu 2011. urtera arte, hots, Velatia Taldean integratu ginen arte. Negozio desberdinak dira, DNA teknologikoa dutenak. Arlo horietako bat da produktu elektronikoen diseinua eta fabrikazioa, adibidez, telebista seinalea banatzeko antenak eta gailuak. Beste negozio-ildo batean garabientzako tele-aginteak fabrikatzen genituen, eta gero ildo hori saldu genuen. Horiek ziren produktu teknologikoen ataleko ildoak. Gero, badago “giltza eskuan” negozio-ildo bat, garraio azpiegituretarako teknologiekin lotua dagoena (aireportuak, errepideak eta trenak); eta, azkenik, segurtasun fisikorako konponbideen atala, esaterako, segurtasun kamerak, sarkinentzako sentsoreak, e.a. Duela urte batzuk Latinoamerikako enpresa batzuk erosi genituen, eta harrezkero gehiago zentratu gara industrian eta prozesu industrialetako aplikazioetan, izan ere, ahalegin handia egin nahi dugu arlo horretan.

 

Nolako konponbideak eskaintzen dituzue 4.0 Industrian?

Enpresa integratzaile bat gara, hau da, ez dugu fabrikatzen Gauzen Interneteko osagairik edo sentsorikarik, eta ez dugu software espezifikorik egiten industriaren mundurako. Horrelako gailuak edo plataformak garatzen dituzten partner-ekin bazkidetzen gara, eta gailu eta plataforma horiek oinarritzat hartuz bezeroaren premia zehatz bat konpontzeko soluzioak garatzen eta integratzen ditugu. 4.0 Industriarekin lotutako arlo desberdinen barruan, gure zeregina da datu-bilketa masiboarekin lotutako proiektuak garatzea eta analizatzea, erabilpen-kasu desberdinetarako. Adibidez, nola modelatu behar den gailu batek edo prozesatze-ildo batek duen portaera ingurune digitalean analitika aplikatuz egoera monitorizatzeko, mantenimenduari eta geldialdiei buruzko erabakiak hartzeko edo arazoren bat gertatuko den aurreikusteko. Helburua da aurreikuspen hori lortzea datu mordo bat atera beharrik gabe; adimen integratu batek erabakitzen du zeintzuk diren datu interesgarrienak eta horiek bakarrik erabiltzen dira erabakiak hartzeko.

 

Nola aplikatzen dira zuen teknologiak? Azaldu dezakezu kasuren bat?

Adibidez, zur-lineak prozesatzen ditugu. Gure bezeroak zura prozesatzeko makinak eta lineak saltzen eta mihiztatzen ditu, eta makina horiek askotariko ekintzak egiten dituzte: kolaztatu, ebaki, e.a. Une batean ohartu zen gero eta zailagoa zela linea horiekin gainerakoengandik bereiztea eta ikusi zuen komeni zitzaiola zerbitzu berri batzuk abiaraztea identifikatzeko linea batek ongi funtzionatzen duen, zeintzuk diren enpresaren ratioak edo zenbateraino den eraginkorra. Orduan guk partner baten plataforma bat erabili genuen datuak bildu eta analizatzeko, eta gure bezeroak -linea horretako hornitzailea- informazioa eman  zien bere bezeroei, jakin zezaten nola funtzionatzen duen, noiz egin behar den esku-hartze bat, e.a. Horrela aukera dauka bere eskaintza eta bere zerbitzuen portfolioa bere kanalera zabaltzeko edo bere bezeroari helarazteko, eta salerosketa-harreman hutsetik harago doan harreman- eta negozio-eredu bat sortzeko, non posible izango baita linea erostea, muntatzea eta ordainketa jasotzea.

 

Orduan zerbitizazio-ereduez ari gara. Nolako harrera dute horrelako ereduek? Zein da beren heldutasun-maila?

Industria eta sektore asko oraindik ez dira iritsi eskema horretara, baina badirudi eredu interesgarria izango dela. Bezero batzuk arduratuta daude datuei edo informazioari ematen zaien erabilpenarekin. CRMei erreparatuz gero, duela urte batzuk pentsaezina zen bezeroen informazio garrantzitsu hori ateratzea gure instalazioetan giltzapean geneuzkan zerbitzarietatik. Gaur egun, ohikoena da informazio hori lainoan edukitzea arrazoi askogatik: kostuak, eraginkortasuna, malgutasuna… Sektore askotan (ez bakarrik zerbitizazioarekin lotuta daudenetan) badaude horrelako ereduen bidea oztopatzen duten inertziak, baita makinak konektatzeko orduan ere.  Baina argi daukat hori aldatzen joango dela, eta sektore bakoitza desberdina dela. Ikusten dut sektore batzuk oso automatizatuta daudela, asko erabiltzen dutela teknologia, produkzio-kate oso finduak dauzkatela eta oso eraginkorrak direla. Horrelakoetan oso garrantzitsua da hobetzea eta beti daude zabalik horrelako planteamenduak aplikatzeko. Hori gertatzen da, adibidez, automozioaren sektorean edo elikadurako multinazional handietan. Aldiz, beste batzuek bide luzea dute oraindik egiteko.

 

Koronabirusaren krisiak eragin duen egungo testuinguruan, hainbat tresna teknologiko garatu dituzue faseka egingo den neurrien arintze-prozesuan aplikatzeko.

COVID-19agatiko itxialdia arintzeko prozesu honetan, argi dago pertsonen mugikortasuna handitzen ari dela. Badaude krisia baino lehen erabiltzen eta inplementatzen ari ginen teknologia batzuk, hala nola, kamera termografikoak edo pertsonen mugimenduen trazabilitatea egiten duten plataformak. Kamera termografikoak makina eta prozesuen tenperatura neurtzeko erabiltzen ziren. Orain, berriz, teknologia hori berregokitu dezakegu gorputzaren tenperatura neurtzeko, eta pertsona batek sukarra duen ala ez identifikatzeko.

 

Duela urte batzuk garatu genuen pertsonen mugimenduen trazabilitatea egiteko konponbidea aireportuetako mugimenduak ezagutzeko, oso interesgarria baitzen bidaiarien joan-etorriak ezagutzea, jakitea zenbat denbora egoten den jendea merkataritza-guneetan edo aurreikustea non gerta daitezkeen botila-lepoak. Horretarako, bideo-analitikako sistemak erabiltzen dira, gai direnak norbanakoak identifikatzeko; ez dute identifikatzen pertsonaren nortasuna, bakarrik adierazten dute norbanako bat dela.   Horrela, zehatz-mehatz jakin daiteke zenbat jende dagoen espazio batean, eta segurtasun-distantziak betetzen dituzten ala ez. Halaber, aukera ematen du jakiteko nola jokatzen duten pertsonek, alegia, zer jokabide duten langileek fabrikazio-lantegietan, bezeroek supermerkatuetan, bisitariek museoetan edo ikusleek kirol ekitaldietan.

 

Zure ustez COVID-19aren krisiak zer ekarriko du eraldaketa digitalaren testuingurura?

Ondorio positiboak eta negatiboak izango ditu. Enpresa batzuek asko sufrituko dute, eta merkatuaren nahiz eskaeraren epe labur-ertaineko ikuspegi argirik ez duten inbertsio guztiek erresistentzia handiak sortuko dituzte erabakiak hartzean. Baliteke laguntzak izatea, eta horrek bidea errazten du, baina beti beharko da inbertsio bat. Hori enpresa askotan gertatuko da, eta kontuan hartu beharko da nola berreskuratzen den jarduera sektore bakoitzean. Baina kontrako efektua ere gertatuko da. Osasun krisi honen hasieran, hainbat kanpaina abiarazi genituen gure bezeroentzat urruneko bideo-konferentziako konponbideak eskaintzeko, eta horrela, aukera izan zezaten telelana egiteko. Bezero horiek ez zuketen urrats hori emango egoera hau iritsi ez balitz, baina orain badakite zertan lagundu dezakeen teknologiak eredu honetan, eta asko ez dira itzuliko krisiaren aurreko egoerara. Ezinbesteko proba honek erakutsi die zer eskain dezaketen zenbait tresna teknologikok, eta horri esker immobilismoarekin hautsiko dute. Gauza bera esan genezake automatizazioari buruz, eta produkzio-prozesuetan langile gutxiago izaten laguntzen duten teknologiei buruz. COVID-19ak eszenatoki honetan jarri gaitu, eta abantaila horiek lortzeko konponbideak aplikatzera behartu gaitu.

Basque Industry 4.0 2 uztaila, 2020
BIND 4.0 ekitaldiaren IV. edizioak berriro gainditu ditu espektatibak, krisia gorabehera

  SPRI Taldeko Ekintzailetzako zuzendari Aitor Urzelaik ostiral honetan aurkeztuko ditu...Leer más

Basque Industry 4.0 30 ekaina, 2020
Zibersegurtasuneko enpresa eta startup kopuruak gora egin du Euskadin

Zibersegurtasunaren Euskal Zentroak (Basque Cybersecurity Centre-BCSC) egin eta argitaratutako...Leer más

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?