Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 15 maiatza, 2020 Digitalizazioa Nazioartekotzea Industria adimenduna Smart Industry Programa

Elkarrizketa CIE Automotive enpresako presidente Antón Praderari

Praderak dio zor publikoa handitu behar dela krisiak gogorren kolpatu dituen errentei laguntzeko, eta eskatzen du kontsumoa sustatzeko igurikapen logiko eta arrazional batetik abiatuta

Praderak dio zor publikoa handitu behar dela krisiak gogorren kolpatu dituen errentei laguntzeko, eta eskatzen du kontsumoa sustatzeko igurikapen logiko eta arrazional batetik abiatuta

 

CIE Automotive euskal industriako izen garrantzitsuenetako bat da. Automozio sektorerako osagaiak fabrikatzen ditu, eta 30.000tik gora pertsona enplegatzen ditu mundu osoan dauzkan ia 100 enpresatan. Apustu sendoa egin du ultradibertsifikazioaren alde, bai geografikoki eta bai produktuari dagokionez, horregatik krisi garai honetan oasi moduko bat bihurtu da bere sektorean (zenbakiek gora egin dute hogeitabosgarren hilabetez jarraian, nahiz eta negozioaren hazkundea oso txikia izan den), ekaitz perfektu baten erdian, zeinetan Txina edo Estatu Batuak bezalako herrialdeak hasi baitira susperraldiaren lehen sintomak erakusten. Euskal talde honetako presidente Antón Praderak SPRI Taldeari eman dion elkarrizketa batean esan du politika ekonomiko adimendun bat garatu behar dela susperraldia azkarragoa eta eraginkorragoa izan dadin.

 

Nola baloratzen duzu gaur egungo eszenatokia?

 

Ezin da esan momentu onean gaudenik. Oso momentu txarra igarotzen ari gara, baina uste dut baduela zerbait ona: pentsatu behar dugu gutxi iraungo duela gauzak ondo egiten baditugu.  Zentzuz eta denok batera lan egin behar dugu, indar guztia norabide berean jarriz. Hala egiten badugu, epe ertainean beste eszenatoki batera iritsiko gara, eta pentsatuko dugu orain artekoa amesgaizto ekonomiko eta enpresarial bat besterik ez dela izan. Beste gauza bat da eszenatoki humanoa; pandemia bere gordinean jasan duten pertsonez ari naiz, hau da, senitarteko edo lagunen bat galdu dutenez; kasu horietan, egin dezakegun gauza bakarra da pertsona horiei laguntzea. Baina ikuspuntu ekonomikotik, uste dut badugula lehengo egoerara itzultzeko aukera.

 

Nola?

Uste dut abiapuntura itzuli behar dugula, sinetsirik nago lortu daitekeela, baldin eta aplikatzen badugu politika ekonomiko bat, laburra izan daitekeen krisi honen benetako arazoak kontuan hartuko dituena. Eta krisia laburra bada, gutxiago sufrituko dugu.

 

Egoera honetan, badago ezer beldurtzen zaituenik?

Krisi honek eragindako beldurrak ezin gaitu irentsi ez eta geldiarazi. Benetan kezkatzen naiz egoera hau 2008ko krisiarekin alderatzen duten ikerketak ikusten eta aztertzen ditudanean, ia hamar urtez nozitu baikenuen krisi hura. Izugarria iruditzen zait, orain denok helburutzat hartu behar baitugu lehenbailehen geure onera itzultzea, baina horretarako, geure burua konbentzitu behar dugu lehenbizi, eta sinetsi behar dugu egoera hau iragankorra dela eta posible dela lehengo egoerara itzultzea.

 

Esan duzu politika ekonomiko adimendun bat behar dugula azkarrago berroneratzeko, zer esan nahi duzu horrekin?

Uste dut lehenengo gauza dela biztanleriak sortu ezin izan dituen errentak (produkzioa geldirik zegoelako) eta administrazio publikoen kargura geratu direnak benetan jendeari helaraztea. Eta badakigu horrek zorpetze handiagoa ekarriko diola administrazioari, baina uste dut hobe dela administrazio publikoak zorpetuago egotea, ezen ez jendea itota edukitzea bere eguneroko bizitzan. Egia da errenta horiek asko handitu dezaketela zor publikoa, baina horretarako gaude Europa bezalako gune ekonomiko batean, non interes-tasak oso baxuak baitira eta zor berria ez baita izango karga izugarri handia.

 

Beraz, 2008koa baino egoera hobea aurreikusten duzu…

Badago desberdintasun handi bat azken krisiaren eta oraingo honen artean: orduan ez zegoen zorra non kokatu, eta kokatzen zena oso maila altuetan kokatzen zen (% 7…). Oraingo eszenatokian, berriz, zor hori % 1etik behera kokatzen ari gara, eta epe laburrean tasa negatiboetara pasako da. Uste dut hori dela Europar Batasunaren abantaila nagusia, eta horregatik uste dut abiapuntu honek dauzkan abantailetan zentratu behar dugula, alegia, alde on guztietan. Ez gaude 2008ko krisian, eta egungo eskualde ekonomikoak ez du zerikusirik orduko harekin, zeinetan 100.000 milioi euroko defizita geneukan kontu korrontean. Horrek esan nahi du urtero 100.000 milioi euro eskatzen genizkiola munduari gure kontsumoari eusteko, baina orain ez; orain superabita daukagu korrontearen balantzan, eta horrek esan nahi du gure herriak inbertitzen duena baino gehiago aurrezten duela. Egoera guztiz desberdina da.

 

Ez al da eszenatoki baikorregia?

Ez dut uste, eta gainera iruditzen zait baduela zerikusia une honetan garrantzitsua den beste elementu batekin: kontsumitu egin behar dugu. Mundu normalera itzuli behar dugu eta jendeak kontsumitu egin behar du, era guztietako produktuak eskatu behar ditu. Ekonomian badugu aktibo ukiezin bat, igurikipena deitzen dena. Ezkortasun ilun eta kutsakor batek markatutako igurikipen zentzugabe bat badugu, pentsatuz dena dagoela gaizki eta okerrago joango dela, orduan oso zaila egingo zaigu aurrera egitea. Igurikipen logiko eta arrazional bat izan behar dugu, eta gainera kontuan izan behar dugu egoera oso normal, oso europar batean gaudela, non Europako herrialde guztiak ari baitira aipatzen dizudan konponbide hau aplikatzen, baita Alemania ere.

 

Ez gara adreiluaren menpe bizi garai batean bezala; horrek indartzen du zure mezua?

Bai, dudarik gabe. Aurreko krisian adreiluak sekulako pisua zeukan, baina libratu gara menpekotasun horretatik, eta uste dut menpekotasun horretatik askatzeak ere eragina izan dezakeela krisitik modu baikorxeagoan irteteko. 2008an eraikuntza eta higiezin sektoreek Espainiako BPGaren % 17 hartzen zuten, baina ez gaude egoera horretan, gaur egun jarduera-maila nahiko normala dugu eta ez gaude adreiluaren menpe. Hortaz, badaude faktore positibo asko, eta horiei heldu behar diegu krisi honetatik modu azkar eta eraginkorragoan irteteko.

 

Oro har, herritar guztiek konpromiso sozial tinkoa erakutsi dute Covid-19aren aurrean, baina krisi honetan lider izan behar zuen klase politikoak batasun eta sintonia eza erakutsi du, eta ez dirudi hori onargarria denik. Zer iruditzen zaizu Gobernuak bizi duen krispazio giroa?

Krisia hasi berritan, Financial Times egunkariak iragarri zuen Espainiak une latzak pasako zituela, batasun politikorik ez zegoelako.  Eta agerian geratu da hori. Tamaina honetako krisi bati aurre egiteko ezinbestekoa da bat eginik egotea, indarrak norabide berean jartzea, eta herrialdearen ardura duenari laguntzea. Edozein dela ere arduradun edo lider hori. Horregatik, penagarria da ikusten ari garena. Ziur nago klase politiko osoak hartuko balu bakoitzaren siglez harago doan konpromiso bat, beste modu batean egingo genukeela aurrera.

 

Imajinatzen duzu zeure burua antzeko egoera batean?

Ez. Izugarri zaila da aurrekaririk gabeko krisi bat kudeatzea, eta neure esperientziagatik dakit hori. Horregatik, harrigarria da nolako askatasunez kritikatzen diren horrelako egoera bat lideratzea egokitu zaien politikariak. Pentsatzen jartzen naiz eta neure buruari galdetzen diot: “Jende horrek ba ote daki benetan zein zaila den gertatzen ari zaigun hau kudeatzea? Hain ezezaguna den zerbait, parekorik ez duena eta astez aste izugarri aldatzen dena? Kontuan izan guri, enpresarioi, informazio mordo bat iristen zaigula egunero: datuak, pronostikoak, analisi desberdin eta kontraesankorrak… eta gauza bera ari zaie gertatzen ordezkari publikoei. Horregatik uste dut eskuzabalxeago izan beharko genukeela.

 

Automozioaren sektorean -pandemiak gogorren jo duenetako bat-erreferentziazkoa den talde bateko presidente zaren aldetik, datozen hilabeteak onak izango dira autoaren industriarentzat?

Azterlan guztiek diote sektore hau indarturik atera daitekeela epe ertain-luzean, bi arrazoigatik. Batetik, mugimendu eta askatasun kontzeptuengatik, denok bizi baitugu mugimendu eta askatasun eza itxialdi honetan. Bestetik, segurtasunagatik, hau da, jendea seguru sentitzen da bere etxean, bere familiarekin eta bere autoan. Hori bai, hau guztia muturreraino eramanda, ikusten ari gara gauza guztiz zentzugabeak ere, adibidez, Estatu Batuetan autoetatik egiten dira ehorzketak eta mezak, kutsatzeak saihesteko.

 

Txinak dagoeneko bukatu du berrogeialdia, eta Estatu Batuetan ere laster bukatuko dute; hemendik aurrera ere sektoreko “lokomotora” izaten jarraituko dute?

Txinari buruz eskuartean dauzkagun azterlanek diote eskaera hazten ari dela. Oraindik autorik ez duten herritarren (Txinaren kasuan hamarretik hiru edo lau izan daitezke) portzentaje handi batek ibilgailu bat erosi nahi du datozen sei hilabeteetan. Krisi honen hasieran produkzioa % 80raino murriztu zen, baina hurrengo hilabetean beherakada txikiagoa izan zen (% 50), eta hurrengoan -apirilaz ari gara- iazko hilabete berean baino ibilgailu gehiago saldu ziren, hau da, sektorea dagoeneko suspertzen hasi dela esan liteke.

 

Eta Estatu Batuak?

Estatu Batuetan produkzioa itxita dago joan den martxoaren 15etik, eta laster hasiko dira berriro lanean; hau da, ia bi hilabete egon da zirkulaziotik kanpo. Bitxia dirudien arren, salmentak ez dira gelditu kontzesionarioak itxita egonagatik. Beherakada handiena % 55-60 bitartekoa izan da, baina maiatzeko lehen asteko auto salmentak denboraldi arrunt bateko salmenten % 80ra iritsi dira. Maiatzean, eta dena itxita zegoela! Normaltasuna berreskuratzen dugun egunean ziur nago mundua desberdina izango dela.

 

Trump presidentetzatik kanpo dagoela?

Momentuz, Txinarekin daukan aduana-zergen gatazkak ez digu ezertan eragin, eta esango nuke ez duela eraginik izan sektore osoan, izan ere Txinak ez ditu autoak esportatzen, Estatu Batuak dira bere autoak Txinara esportatzen dituena. Arazoa izango dugu Trump ohartzen denean auto asko esportatzen dituela Europara. Orduan izango genuke arazoa.

 

Deskribatu duzun mundu berri horretan Indiak paper erabakigarria izango du, bai behintzat autoaren sektorean. Hori dela eta, plan estrategiko espezifiko bat jarri duzue martxan datozen urteetarako. Zertan oinarritzen da plan hori?

Espero dugu Indiak 20 urte on izango dituela, Txinak bezala. Horregatik sortu dugu 2020-2025 plan estrategiko berria, eta zerbaitegatik deitu diogu “Hazkunde anbiziotsua”.  India gustatzen zaigu demokrazia handi bat delako eta baduelako segurtasun juridikoa; han egon gaitezke, eta egon behar dugu.

 

Ahal duzun guztietan ohartarazten diguzu: “Euskadik giharra eta dimentsioa behar ditu”. Hori horrela izanik, kezkagarria da ongi errotuta dauden enpresek (adibidez, Gamesa eta Euskaltel) azken hilabeteotan jasan duten kontrol galera…

Esan nuen eta esango dut berriro ere. Herri honek ehun bat multinazional behar ditu, ehun milioi eurotik gorako fakturazioa izango dutenak. Orduan bai ibiliko ginatekeela munduan arazorik gabe. Konpainia handiak eduki behar ditugu, eta geografia osora zabaldu. Esaterako, gaur egun Malaca itsasartea da munduaren erdigunea, handik ateratzen direlako Txinako merkatu-gai guztiak.

 

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak