Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

30 martxoa, 2020
Datuak atzeman eta analizatzea prozesuak hobetzeko

Nutec Procal enpresako langile bat datuak atzeman eta analizatzeko plataforma berriko informazioa bistaratzen.

 

Nutec Procal konpainiak IoT, datuen analitika eta adimen artifiziala konbinatzen dituen plataforma berri bat (Ideable-k garatua) instalatu du bere Berrizko lantegian

  

Ideable konpainiak, LTAKT aholkularitzarekin lankidetzan, datuak atzeman eta analizatzeko plataforma berri bat inplementatu du, piezen lehortze-prozesua hobetzeko Nutec Procal enpresan (hau ere bizkaitarra). ETE horrek abantaila azkar eta ukigarriak lortu ditu 4.0 Industriako teknologiak erabiltzen hasi zenetik. Iñaki Bartolomék, Ideable enpresako zuzendari nagusiak, hizpide hartu du Nutec Procal konpainian garatu duten digitalizazio prozesua.

 

Nola sortu zen Nutec Procal enpresarekin kolaboratzeko aukera?

Nutec Procal prozesuak hobetzeko eta prozesu horiek analizatzeko lanean murgildua zebilen, eta lean management lan horretan, prozesu zehatz bat identifikatu zuten: ohartu ziren ez zirela erabat eraginkorrak piezak lantegian lehortzeko langintzan, eta jakin nahi zuten zergatik gertatzen zen hori.   Enpresaren zuzendaritza pentsatzen hasi zen ez ote zuten beharko lehortzeko makina gehiago, baina aholkulariak esan zien hobe zela lehenik eta behin funtzionamendua aztertzea, nola hobetu jakiteko. Helburua zen neurtzea zenbat denbora behar duten piezak lehortzeko prozesuetan, alegia, zenbat denbora behar duten aktiboek labeetan sartu eta handik irteteko. Kontua da prozesua zehatz-mehatz ezagutu beharra dagoela.

 

Nolako tresna edo teknologiak baliatu zenituzten lehortze-prozesuari buruzko informazio hori eskuratzeko?

Eraldaketa digitalean eta 4.0 Industrian gertatu ohi den bezala, lehenengo urratsa da datua atzematea.  Fabrikara bertara joan behar izan genuen, ikusteko nolakoak ziren labeak, materiala labeetara garraiatzen duten gurdiak, labe barruko tenperaturak, lantegiko ingurunea bera, eta ba ote zegoen datuak haririk gabe transmititzeko interferentziak eragin ditzakeen metalezko egiturarik edo bestelako aldagairik, horrek baldintzatu egiten baitu erabili beharreko teknologia. Hori guztia aztertutakoan, merkatura jo genuen, ikusteko zein gailurekin eskain genitzakeen konponbide egokienak. Datuak atzematen hasi ondoren, hurrengo urratsa izan zen informazio hori tresna adimendunekin aztertzea. Baina horrelako ezarpenak egiten ditugunean, lehen erronka izaten da informazioa atzematea eta biltzea.

 

Haririk gabeko zein teknologia aukeratu zenuten informazioa biltzeko?

Datuak transmititzeko haririk gabeko teknologia asko daude. Azkenean, horietako asko baztertu behar izan genituen. Tenperatura zen kontuan hartu beharreko baldintza nagusia, gutxi baitira hain tenperatura altuak jasan ditzaketen gailuak. Laginak eskatu genizkien gure hornitzaileei, hobeto funtzionatzen zuena aukeratzeko.  Proba-akats prozesu bat egin genuen gailu egokiena aurkitu arte. Azkenean, RFID teknologia aukeratu genuen lehortze-orgatiletan kokatzen diren tag-etarako, eta irakurketa-antenak jarri genituen labeen irteeretan. Antena horiek lainora bidaltzen dute informazioa eta, gero, lantegira ekartzen dugu informazio hori, behin aztertu ondoren, langileek bisualki kontsultatu dezaten. Askotan, galdu egiten gara datu artean, baina benetan interesatzen zaiguna da jakitea zenbatekoa den lehortze-espazioetako okupazio-portzentajea edo etenak gertatzen diren ala ez. Gainerako informazioa baliagarria izan liteke, baina arduradun bakoitzari behar duen informazioa eman behar zaio, eta azkar.

 

Zein abantaila nabaritu ditu Nutec Procal enpresak zuen konponbidea ezarri ondoren?

Lehena argia da oso. Pentsatua zeukaten lehortze-ildo berriak martxan jartzea, baina lehendik zeuzkaten ildoen eraginkortasuna % 40 eta % 70 bitartean hobetu ondoren, produktibitatea hobetu dute eta, beraz, ez da beharrezkoa izan lehortze-makina berriak erostea. Zentzu horretan, aurrezki ekonomiko handia lortu dute.

 

Nutec Procal ETE bat da. Halako enpresak zabalik al daude 4.0 Industriako konponbideak ezartzeko?

Nutec Procal enpresa kasu arrakastatsu baten eredu izan liteke Euskadiko beste ETE industrial batzuentzat. Enpresa txiki batzuek uste dute eraldaketa digitala eta 4.0 Industria konpainia handien esku baino ez daudela, eta hori ez da horrela; enpresa txikiagoek ere egin ditzakete prozesu hauek, arrazoizko inbertsioekin eta itzulera oso azkarrak lortuz. Kasu honetan egin duten inbertsioa lehortze-ildo berriak martxan jartzeko egingo zuketena baino askoz txikiagoa izan da. ROI oso garrantzitsua da.

 

Konponbide hau ezartzean, nolako erronkak aurkitu dituzue bai zuek eta bai zuen bezeroak arlo teknologikoan, lan arloan eta antolakuntzan?

Horrelako edozein konponbide ezartzean aldaketak egin behar dira antolakuntzan. Lantegiak funtzionatzeko moduari dagokionez, langileek lanerako modu berriak barneratu behar izan dituzte, plataformak horretara behartzen dituelako, eta horrek zailtasunak eragin ditzake konponbideak inplementatzeko orduan. Arlo teknologikoan, erronka handia izan da tenperatura altuak jasan ditzakeen gailu bat aurkitzea.

 

Hemendik aurrera ere digitalizazio arloko konponbide eta proposamen berriak eskainiko dizkiozue Nutec Procal enpresari?

Bai. Proiektua bizirik dago, hazten jarraitzen du eta funtzionaltasun berriak planteatzen jarraituko dugu. Eskaera gehiago dago, eta datuak gehitzen eta adimen artifiziala aplikatzen jarraitu beharra dago. Atzematen dugun informazioari esker etorkizunerako aurreikuspenak eta azterketak egin ditzakegu; orain, sistemaren adimena eta aurreikuspenak hobetzen jarraitu behar dugu. Kontua ez da bakarrik sistema bat instalatzea, baizik eta gauza gehiago eskatzea sistemaren abantailak nabaritu ahala.

Ikerlan prueba en Florencia un nuevo sistema para gestionar el ‘big data’ hacia la movilidad urbana inteligente
Basque Industry 4.0 1 ekaina, 2020
Ikusi-k indartu egin ditu 4.0 Industriara eta eraldaketa digitalera bideratutako zerbitzuak

  Euskal konpainia datuen bilketa eta analisiarekin lotutako proiektuetan zentratzen da,...Leer más

Basque Industry 4.0 25 maiatza, 2020
Dronek konponbide berriak ekarri dituzte 4.0 Industriara

  Drone by Drone konpainia nabigatzaile birtual bat garatzen ari da Tecnalia-rekin batera,...Leer más

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?