Begiralek industria-instalazioetan suteak detektatzea xede duen begiPLANT izeneko ikusmen artifizialeko plataforma zabaldu du

23 iraila, 2019
Iñigo Zorriketa, Begiraleko Zuzendaria

Euskal konpainiak adimen artifiziala aplikatu dio bideo-kamerek hartutako denbora errealeko irudien azterketari

Gero eta erakunde gehiagok erabiltzen dituzte ikusmen artifizialeko sistemak fabrikazio-prozesuak ikuskatzeko, langileak kontrolatzeko eta lan-arriskuak detektatzeko. Sektore honetan sei urte inguruko esperientzia duen Begirale enpresa erreferentziazko konpainia bilakatu da ikusmen eta adimen artifizialaren abantailak uztartzeko orduan. Hizketan jarri gara Iñigo Zorriketa Begiraleko Zuzendariarekin.

 

Zein da Begiraleren jatorria?

Begirale Dominionen ekimenez sortu zen 2013aren amaieran, une horretan adimen artifizialarekin uztartzen hasia zen ikusmen artifizialaren ezaguerak eta gaitasunak I+Gari lotutako aparteko erakunde batean nabarmentzeko asmoz. Helburu horrexeri begira, produktu eta teknologia berritzaileak garatzeari ekin genion.

 

Harez geroztik, nolako produktuak garatu dituzue Begiralen?

Oso arazo zehatzak konpontzen dituzten nitxoetako produktuak izan ditugu ardatz. Horien artean, ikusmen artifizialaren bitartez trenbide-pasaguneen segurtasuna ikuskatzea xede duen begiCROSSING deritzona da ezagunenetako bat. Horrekin batera, begiRAIL aipa dezakegu, aurrekoaren antzekoa, baina trenetarako arriskutsuak diren inguruneetara zuzendutakoa; hala nola, igarobide goratuak, lubakiak, eremu urperagarriak edota tuneletako sarrerak eta irteerak. Babesik gabeko inguruneak izan ohi dira, eta oso garrantzitsua da horien segurtasuna ikuskatzea. Beste produktu bat da begiSTATION, funtzionalitate berberekin, baina tren-geltokietako nasetan gerta daitezkeen pertsonen erorikoak eta bestelako ezbeharrak gertatzeko arriskuari erreparatuz. BegiSTAIRS delakoaren kasuan, eskailera mekanikoak dira ikusmen artifizialaren bidezko ikuskapenaren jomuga. Azkenik, begiPLANT merkaturatzen ari gara, ikusmen artifizialeko sistemen bitartez industria-instalazioetan suteak modu automatikoan detektatzeko.

 

Produktu espezifiko horiek ditugu ardatz, izan ere, momentuz, ikusmen artifizialak aukera handiak eskaintzen dituen arren, eremua zabaldu ahala detekzioaren fidagarritasuna moteldu egiten da. Gure fidagarritasuna handia da eta gure prozesuak kritikoak dira, nolabaiteko arriskua ekartzen baitute pertsonentzat edo bezeroaren azpiegiturarentzat, eta ondorioz, detekzio batean ezin duzu huts egin. Garaiz detektatzen ez badugu, ondorioak larriak dira. Fidagarriak izateko, beharrezkoa da saihestu nahi duzun arazoari buru-belarri ekitea, hainbat gauza detektatuz makina bat alarma faltsu sortu eta bezeroen errefusa eragin ohi duten bestelako modelo orokorrago batzuek ez bezalaxe.

 

Nola funtzionatzen dute zuen ikusmen artifizialeko teknologiek?

Makina batek bideoa denbora errealean aztertzea da helburua, pertsona batek kontrol-gune batean egin lukeen bezala. Baina tren edo metro geltokietan horrenbeste kamera daudenez gero, ezinezkoa da behar adina pertsona izatea gertatzen ari denari begira, une kritikoren batean gerta daitekeena detektatzeko. Adimen artifizialeko zenbait algoritmok bideo-seinalea denbora errealean prozesatu eta alertatzat konfiguratu dugun gertakariren bat detektatzea lortu dugu. Kontua ez da pertsonei edo objektuei begira egotea, gertakari jakin batzuk aintzat hartzea baizik. Teknologia propio hau I+G arloko esperientzia eta proiektuetan oinarrituta garatu dugu, Dominionen ‘background’ teknologikoarekin eta Vicomtech zentro teknologikoaren laguntzarekin. Azkenik, garatu dugun plataformak kamerek hartutako informazioa arakatu eta alarmak gehitu eta kudeatzea ahalbidetzen du, balizko ezbeharren bideoak gordetzeko aukerarekin, gerora azterketa forentserako beharko balira. Areago, bideo horiek sistemari ikasten jarraitzeko aukera ematen diote. Gehiegizko detekzioak eragiten dizkiguten kasuak gertatzen direnean, guretzat garrantzi handikoa da kasu horiek sistemaren ezagutza osatzen duen datu-baseari gehitzea, etorkizunean berriro errepika ez daitezen. Horixe da adimen artifizialaren gakoetako bat.

 

BegiPLANT da 4.0 Industriarako landu duzue produktua. Zer da, zehazki?

BegiPLANT 2015ean Petronorrekin hasitako esperientzia guztiz interesgarria da. Muskizko prozesuetako bideo-zaintza sistemak baliatu eta, kamera berberen laguntzaz, balizko suteen hasiera saihestea zen asmoa, keak zein garrak detektatuz. Hainbat saio eta proba pilotu egin ondoren, produktu bihurtu den soluzioa garatu genuen, eta Petronorrek Muskizko findegian ezarri du instalazioetako 60 kamera ikuskatzeko. Horrela, adimen artifiziala gehituz, kamera horiek suteen aurkako sentsore bihurtzeko gaitasuna izan dugu, bertan dagoen suteen aurkako sistemaren osagarri.

 

Zein da ikusmen artifizialaren oraingo heldutasun maila?

Ikusmen artifizialari adimen artifiziala gehitzea erabaki genuenean, 2014-2015 aldean, sekulako aurrerapausoa lortu genuen emaitzen fidagarritasunean, eta horrek prozesu kritikoak ikuskatzea ahalbidetu digu. Baina adimen artifizialak ez du edozertarako balio. Duela zenbait urtetako ‘boom’ haren ondoren, egun hobekuntza adierazkorrak lortzea zailagoa den lasaialdi batean sartuta gaude. Iritsi garen egoera honetan, fidagarritasun-maila berri bat eman diogu teknologiari, baina ezin dugu edozein gauza egin; adibidez, ezohiko jokabideak edo bestelakoak detektatzea. Adimen artifiziala ez da denetara iristen. Hain kasu konplikatuak eta hainbat motatako inguruneak daude, ezen, Adimen Artifiziala ezin baita denetara iritsi.

 

Zaila da bezeroei ikusmen eta adimen artifiziala gisako teknologia berritzaileetan oinarritutako soluzio hauek helaraztea?

Kosta egiten merkatuan sartzea, izan ere, gure jarduna ingurune kritikoetara zuzenduta dago, erosteko dinamikak eta ohitura teknologikoak oso finkatuak dituzten sektore helduetara, eta ez da erraza horietan honelako teknologia disruptiboak sartzea. Kasu askotan, prozesuak, kontrol-zentroak edota seinaleztatzeko sistemak ez daude prestatuta honelako teknologiez baliatzeko.

 

Bestalde, produktu hauen funtzionamendua defendatu behar dugu behin eta berriz, garrantzizko erreferentziak finkatu arte. Aitzindariak gara mundu osoan eta ez dago inon begiCROSSING bezalako produkturik. Bezeroek arrakasta-kasuan eskatzen dituzte, eta horrexetan gabiltza ETSren lankidetzaz, izan ere, 18 sistema instalatu behar ditugu haien trenbide-sarean. Gure sistema eta antzekoak munduko gauzarik arruntena izango dira zenbait urteren buruan. Norbaitek kamera bat instalatzen duenean, atzean adimen artifizialeko sistema bat izango du behar duen informazioa ateratzeko. Horixe da gure erronketako bat: erakundeei jakinaraztea gure produktuak onak direla, merkatua garatzea eta gure produktuak nazioartekotzea.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow