Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 3 maiatza, 2021 Berrikuntza Digitalizazioa Ekintzailetza BDIH Fast Track Innobideak programa Industria adimenduna Smart Industry Programa Start up UP Euskadi

CLCircular, digitalizazioaren bidez elikagaiak alferrik ez galtzen laguntzen duen euskal startupa

Enpresa honek logistikaren sektorera eraman du eraldaketa digitala, patentatzeko dagoen teknologia batez hornitutako IoT sentsore berrerabilgarriak erabilita
Iñigo Alonso.

 

CLcircular enpresaren proiektua planeta babesten duten horietako bat da. 2019an sortua, Mungian kokatutako euskal enpresa honek sentsore adimendunak sortu ditu elikagaien hotz-katea kontrolatzeko, alferrik gal ez daitezen. SPRI Taldearen laguntza jaso du Basque Digital Innovation Hub-ek martxan jarritako BDIH Konexio programaren bidez, zeinak euskal ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, probak egiteko eta produktuak baliozkotzeko.

 

“Gure enpresak jarraipena eman dio USB sentsore sinple batzuk erabiliz hotz-katea monitorizatzen duen Coollogger proiektuari. Teknologia harekin bidaia amaitu ostean jasotzen genuen gertatutakoari buruzko informazioa, ezin genuen egin prebentziorik. 2019an CLCircular sortu genuen, bagenekielako elikagaien xahuketa arazo oso larria dela” azaldu du Iñigo Alonsok, CLCircular enpresako zuzendari nagusiak.

 

Elikagai galgarriak planetan barrena garraiatzea oso prozesu delikatua da, eta orain arte oinarrizko sentsoreak erabiltzen ziren, hotz-katea hautsiz gero erantzukizuna norena zen jakiteko. Baina ez zegoen arazoak prebenitzeko neurri sinple eta merkerik.

 

“Horretarako, ezinbestekoa da denbora errealeko konexioa izatea, eta gure sentsore aurreratuak berrerabiltzea bururatu zitzaigun. Huraxe izan zen CLCircular enpresaren ernamuina. Ekonomikoki merke izan zitezen, sentsoreak berrerabiltzea erabaki genuen” gaineratu du Alonsok.

 

Euskal enpresa honen asmoa da konpainien logistikaren eraldaketa digitala bultzatzea. “Zeren sentsore baten datuak denbora errealean kargatzen direnean, askoz balio handiagoa sortzen baita bezeroaren edo kanpoko iturrien beste datu batzuekin gurutzatzen badira. Hala, elikagaien xahuketa prebenitzen laguntzen dugu”.

 

Adibidez, CLCircular programa bat garatzen ari da Nigerian Munduko Bankuaren bitartez eta bere helburua da elikagaien xahuketari aurre egitea hotz-katea hobetuz. Nigerian, elikagaien % 50 alferrik galtzen dira kontserbatzeko ezintasunagatik. “Arazo oso larria da. Izan ere, fruta, barazki, esne… produkzio guztia galtzen denez, ezinbestekoa da berriro landatzea, haziak berriro ereitea eta ongarriak erabiltzea… Horrek lurzoru gehiago erabiltzea dakar ezinbestean, eta horrela baso soiltzea ere handiagoa da”.

 

Covid-19aren aurka

Enpresa bereziki espezializatuta dago produktu galgarrien distantzia luzeko nazioarteko garraioan, baina bere teknologia aproposa da beste sektore batzuetarako ere, adibidez, logistika farmazeutikorako. “Adibidez, akordio bat lortu dugu Covid-19aren aurkako txertoak gordetzen eta banatzen dituen enpresa batekin, zeinak gure sentsoreak erabiltzen baititu bere biltegitik ospitaleetako farmazietara egiten dituen joan-etorrietan”.

 

CLCircular-en sentsoreek hainbat parametro neurtzen dituzte: tenperatura, hezetasun erlatiboa, argitasuna (ateak irekitzean) eta kolpeak. Horrez gain, karga geolokalizatzen dute. Bezero gehienak elikaduraren sektorekoak dira, baina baita ere produktu farmazeutikoen banaketakoak eta “orain sektore berri gehiagotan sartzen ari gara”.

 

Enpresak 27 pertsona enplegatzen ditu, 15 Euskadin eta beste 12 Ekuadorren, Dominikar Errepublikan, Kolonbian, Hegoafrikan eta Mexikon. Bere urteko fakturazioaren % 20tik gora bideratzen du I+G-ra.

 

BDIH Konexio programaren bidez jaso duen 12.000 euroko laguntzarekin Blockchain teknologia aplikatuko dute. “Hotz-katearen informazioa ahalik eta irisgarriena eta deszentralizatuena izan behar da, hasi fabrikatzailetik eta gobernuraino. Proiektu honi esker, posible izan da gure produktuari segurtasun zigilu bat jartzea, horrela bermatzeko bi alderdiek informazio berbera jasotzen dutela plataforma deszentralizatuan”.

 

Alonsok jakinarazi du kasu praktiko bat garatu dutela fruta esportatzaileen elkarte batekin “arazo fitosanitario bat konpontzeko proiektu batean, compliance arrazoiengatik Blockchain teknologia behar baitute alderdi guztiek jasotzen dituzten datuen egiazkotasuna ziurtatzeko”.

 

Enpresako zuzendaritza-karguak nabarmendu du “laguntza handia” jaso dutela SPRI Taldetik eta Bizkaiko Foru Aldunditik. “Hau guztia beste herrialde batzuetan egitea oso zaila da. Uste dut ez genukeela garatuko BDIHren laguntzarik gabe. Horregatik animatu nahi ditut euskal enpresa guztiak berrikuntzan eta nazioartekotzean inplikatzera”.

 

CLCircular-en etorkizuneko erronka da bere proiektuak modu egokian nazioartekotzea. “Errotu egin nahi dugu presentzia dugun herrialdeetan eta aurten Mexiko, Guatemala, Txile eta Perura iritsi nahi dugu, gure teknologia zabaltzeko, ahalik eta bezero kopuru handienarengana iristeko eta alferrik galtzen den elikagai kopurua murrizteko”.

 

Konpainia honek Europar Batasunaren bikaintasun-zigilua jaso zuen Horizontea 2020 programako proiektu berritzaile bezala, eta hemendik aurrera helburutzat hartu du bi urtean bere plantilla bikoiztea eta urtean 15 milioi euroko fakturaziora iristea. Lan gogorra da, lehia handia dagoelako eraldaketa digitalaren arloan eta, zehazki, hotz-katearen monitorizazio arloan.  “Nitxo asko daude. Gure abantaila zirkulartasuna da: sentsoreak erabiltzeko ekonomia zirkularreko eredu bat sortu duten lehenak gara. Oso zaila da Guayaquiletik Amsterdamera doan banana-edukiontzi bateko sentsore bat erabili eta berreskuratzea eta, gainera, datuen isilpekotasuna bermatzen duen patente bat daukagu”.

 

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Berrikuntza
Ikasplay, Gipuzkoako enpresa aitzindaria prestakuntza-esperientzia murgiltzaile eta elkarreragileak sortzen
Irakurri gehiago
16 apirila, 2024 Berrikuntza
Genero-berdintasunik handiena duten enpresek berrikuntza maila handiagoa izaten dute eta lehiakorragoak dira
Irakurri gehiago
Buzones Arregui 15 apirila, 2024 Berrikuntza
Arreguik erantzun egiten dio eraikinetako behar berriari, etxean egon gabe paketeak jasotzeari
Irakurri gehiago
Ser b-CORP libro Comunidad NORTE 11 apirila, 2024 Berrikuntza
B Corp izatea, enpresen indarra mundua aldatzeko erabiltzea da
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 Berrikuntza
STEM unibertsoan emakumeen talentua sustatzera bideratutako saio batean parte hartu du SPRIk
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak