Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 4 iraila, 2018 Digitalizazioa I+G Berrikuntza teknologikoa Industria adimenduna Smart Industry Programa

Agustín J. Saenz, Tecnalia: “Gai izan behar dugu teknologikoak ez diren arazoak teknologian oinarritutako konponbide bihurtzeko”

Tecnaliako arduradunak dio “adimen artifizialak sekulako jauzia ekarriko duela”.

 

Tecnalia korporazio teknologikoak 1.500 langile inguru biltzen ditu Euskadin, Zaragozan, Cadizen eta Madrilen dauzkan egoitzetan. Baditu bulegoak eta lantaldeak beste herrialde batzuetan ere, hala nola, Kolonbian, Ekuadorren, Brasilen, Estatu Batuetan, Alemanian, Frantzian, Italian, Mexikon, Serbian, Txinan, Japonian edota Arabiar Emirerri Batuetan. Hain zuzen, bere nazioarteko bokazio horri esker bihurtu da proiektu gehien bultzatu dituen antolakundea Europar Batasunean antzeko langile kopurua duten erakundeen artean. Europako 22.000 antolakunde, enpresa, ingeniaritza eta ikerketa-zentroen artean Tecnalia da ranking horretako liderra. Bakarrik iaz lortu zuen EBko 70 proiektu onartzea, horietako asko 4.0 Industriaren esparrukoak.

 

Tecnalia korporazioa dibisiotan egituratua dago. Horietatik handienak, Industria eta Garraio sailak, giza eta finantza baliabideen heren bat hartzen du. Energia eta Ingurumen sailek beste heren bat partekatzen dute. Azken herenean daude Eraikuntza Sostengarri, Osasun eta ICT (softwarea eta telekomunikazioak) sailak. I+G sail horiez gain, Tecnaliak baditu baita ere laborategiak entsegu, ziurtatze eta homologazio lanetarako.

 

Solasean aritu gara Agustín J. Saenzekin, Tecnaliako Industria eta Garraio saileko zuzendariarekin eta 4.0 Industriaren arloko Europa osoko erreferenteetako batekin. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko Aholkularitza Batzordeko kide ere bada.

 

Zer esan nahi du 4.0 Industriak Tecnalia barruan?

4.0 Industria izan da une honetan toki guztietara –industriaz harago– iristen ari den eraldaketa digitalaren gezi punta. Gaur egun badakigu datuak atzematea oso garrantzitsua dela energia sektorean kontsumoa optimizatzeko, edo adimen artifiziala erabili daitekeela osasun arloan gaixotasunen patroiak aurkitzeko edo erradiografiak aztertu eta gaixotasunak detektatzeko. Teknologia eta erabilpen horiek 4.0 Industriarekin lotzen ziren hasieran, baina orain gainditu egin dute muga hori.

 

Beraz, eraldaketa digitala dinamikoa da eta eboluzionatzen jarraitzen du?

4.0 Industriak gainditu egin du Alemaniak duela urte batzuk egin zuen hasierako planteamendua. Orain garrantzitsuena ez da teknologia eta bere aplikazioa; badira beste tresna batzuk -hala nola datuak atzematea eta aztertzea-, goitik behera aldatzen ari direnak antolakundeak eta negozio-ereduak. Hausten ari dira produkzio-katearen begiak. Duela urte batzuk robotak eta robot fabrikatzaileak ziren industriako zutabeak. Baina halako batean jokalari berri bat sartzen da zelaian: robot horiei ezartzen zaizkien pintzen fabrikatzailea, ordura arte produkzio katean garrantzi handirik ez zuena. Baina orain erabakitzen  du pintza horiei sentsoreak jartzea informazioa atzeman eta neurtzeko, eta zerbitzu erantsi bat eskaintzen die bere bezeroei. Informazioa sortzen duten sentsoreak aplikatuz adimena eman diezaioke pintzari, datu horiek denak lainora igotzen dira, eta gero analisi algoritmo batetik pasatzen dira konponbideak eskaintzeko. Une horretan, robotaren fabrikatzailea bigarren mailara pasatzen da produkzio katean, eta pintza-egilea bihurtzen da protagonista. Eta horixe da une honetan gertatzen ari dena zerbitizazio eredu zenbaitekin.

 

Datuak izango al dira etorkizuneko digitalizazio prozesuen giltzarria?

Gauza bat da datuak atzematea eta beste bat erabiltzen dituenari lehiakortasun abantaila bat ematea. Halako inertzia batekin garrantzi gehiago eman zaio datuak atzemateko gaitasunari, eta ez hainbeste zertarako erabili nahi ditugun jakiteari. Egokiena izango litzateke datuak aztertzen hasi baino lehen definitzea zer nahi den hobetu edo optimizatu, eta informazio horretatik abiatuta erabakitzea zer monitorizatu behar den. Datu esanguratsuek badute garrantzia, eta hain zuzen ere duela gutxi ikusi dut fabrikatzaile bat bere produktua saltzen euro eta terabyte truke.  Produktu bat merkeago eskaintzen duzu bere jarduera monitorizatzeko aukeraren truke, hartara produktua hobetu eta beste bezero batzuei eskaini ahal izateko. Joera bat izan daiteke hori.

 

Zure ustez zein da 4.0 Industrian eta digitalizazio prozesuetan eragin handiena izan dezakeen teknologia bideratzailea?

Benetan balioa ematen duena da zerikusia daukana datuen analisiarekin eta, zehazkiago, adimen artifizialarekin. Algoritmoek bihurtzen dute karbonoa diamante. Datuak informazio esanguratsu bihurtzen dituzte. Argi dago datu horiek lortzeko behar ditudala sentsorika, IoT, konektagarritasuna, lainoko biltegiratzea, e.a., baina tresnak baino ez dira. Benetako balioa adimen artifiziala da. Gainera, AA oso teknologia transbertsala da sektore guztietan, erabilgarria baita osasunean eta beste hainbat esparrutan. Adimen artifizialean oinarriturik gauzek eta osagaiek erabakiak beren kabuz hartu ahal izateak aldaketa handia ekarriko du, sekulako jauzia izango da.

 

Tecnalian nola aurreikusten duzue zeintzuk izan daitezkeen etorkizuneko teknologia disruptiboenak?

Badaukagu ikertzaile-talde bat aztertzen ari dena zertan egon behar dugun espezializatuta hiru urte barru. Horretarako teknologiak aztertu behar dira, baina batez ere jakin behar da nolako premiak izango dituzten enpresek. Konpainiak gauza dira detektatzeko nolako arazoak izango dituzten bi urte barru, baina ez dira gauza konponbideak aurkitzeko. Gu gauza izan behar gara etorkizuneko arazo ez teknologiko horiek teknologian oinarritutako konponbide bihurtzeko. Zailena da jakitea merkatu bat noiz dagoen helduta gure konponbideak eskaintzen hasteko. Baditugu duela lau urte garatutako konponbideak, une hartan funtzionatu ez zutenak baina orain inplementatzen ari direnak. Konponbide horien arrakasta ez dago bakarrik teknologiaren mende, baizik eta merkatu, araudi eta beste hainbat konturen mende ere. Hor ditugu, adibidez, ibilgailu elektrikoa edo auto autonomoa. Aspaldi asmatu ziren, baina ez dira erabat gailentzen.

 

Nola egin dakioke aurre merkatuaren heldutasunarekin lotutako erronka horri?

Nire ustez arriskua finantzatu beharko litzateke. Teknologia finantzatu beharrean, jendea edo enpresak finantzatu, teknologia gorakorrak proba ditzaten.  Estatu Batuetan early adopters teknologikoen portzentajea oso handia da, eta horrek sektorea dinamizatzen du. Sekulako gaitasuna dute ia probatu gabeko gauzak saltzeko, baina guk hemen ez daukagu horrelako filosofiarik. Garapen teknologikorako gaitasuna izatea bezain garrantzitsua da early adopter-ak izatea. Munduko edozein enpresak eros dezake teknologia, baina besteetatik bereizteko oraindik merkatuan ez dauden eta desberdintasun bat marka dezaketen teknologiak probatu behar dira. Halere, enpresek ez dute esperimentatu nahi. Denek diote akatsak direla nagusi, porrota bidearen parte dela, baina ez dute arriskatu nahi teknologiarekin. Euskadiko early adopter izan gara alde industrialean, baina beharbada Jaurlaritzak pizgarriak edo diru-laguntzak eman behar lizkieke enpresei, esperimentatu eta arriskatu dezaten garatzen ari diren teknologiekin.

Lotutako albisteak

12 apirila, 2024 Digitalizazioa
Lau ekintzailek plataforma bat sortu dute 4.0. Industriako proiektuak online kudeatzeko
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
ScrapAdek hondakinen salerosketa-prozesua errazten die mundu osoko enpresei
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Zure enpresa industria adimendun bilakatzen laguntzen dizu Smart Industry programak
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
Irakurri gehiago
4 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trebe, euskarazko, galegozko edo katalanezko ahotsak itzultzeko, transkribatzeko eta sintetizatzeko aukera ematen duen lehen plataforma
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak