Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

9 martxoa, 2020
ADA Cloud enpresak zerbitzuak eskaintzen ditu lainoan eta laguntza eraldaketa digitalerako prozesuetan

Luis A. Alonso, ADA Cloud enpresako zuzendari nagusia.

Konpainia bizkaitarra cloud teknologietan eta aholkularitza teknologikoan espezializatuta dago

ADA Cloud enpresa berri bat da, egoitza Bilbon duena eta helburutzat duena cloud konponbideak eskaintzea eta laguntza ematea bere bezeroei eraldaketa digitaleranzko bidean. Sei urteko esperientzia duelarik sektorean eta zazpi langileko plantilla, merkatuko partner teknologiko garrantzitsuenetako batzuen babesa dauka. Enpresako zuzendari nagusi Luis A. Alonsorekin hitz egin dugu.

 

Zer egiten duzue ADA Cloud enpresan?

Cloud teknologietan daukagun esperientzia zabalean oinarritutako zerbitzuak eskaintzen dizkiegu bezeroei. Zerbitzu integrala ematen dugu lanpostutik bertatik hasita (Moderm Work Place), non konponbide oso eta kudeatu bat eskaintzen baitugu erabiltzaileen lanpostu guztientzat, arreta berezia jartzen dugularik laneko bi eremutan. Batetik, arreta jartzen dugu ingurune kolaboratiboan, XXI. mendean kolaborazioa ezinbestekoa baita konpainia bateko langile guztien artean edo konpainia desberdinetako langileen artean.

 

Eta bestetik, segurtasunean, une honetan erasoak direlako kalte gehien eragiten ari diren arazoak, eta ez bakarrik azpiegiturari edo edukiari zuzendutakoak, baizik eta baita ere erabiltzaile jakin batzuei zuzendutakoak eta helburutzat dutenak kalte ekonomiko zehatz batzuk sortzea.

 

Cloud hibridoko konponbideak ere eskaintzen dizkiegu gure bezeroei, hau da, laguntza ematen diegu beren tokiko azpiegituraren zati bat definitzeko eta baloratzeko eta “cloud” ingurune batera migratzeko prozesuan. Horrelako konponbideei esker lortuko dugu orain arte pentsaezina zen malgutasuna, eta baita ere hazteko eta une puntual bakoitzean bezeroen premia zehatzetara egokitzeko gaitasuna.

 

Orobat kolaboratzen dugu gure bezeroen I+G+B sailekin edo oinarri teknologiko handiko konponbide berriak garatzen ari diren enpresekin. Gure esperientzia zabala dela medio, aholkularitza eman diezaiekegu jakiteko nola eraiki behar duten beren konponbidearen oinarri izango den plataforma teknologikoa, zeintzuk diren gehien komeni zaizkien edo gehien behar dituzten osagaiak eta, jakina, zein den beren egungo nahiz etorkizuneko premietara ongien egokitzen den plataforma.

 

Aipa dezakezu Cloud teknologien arloan garatu duzuen kasu arrakastatsuren bat?

Badugu proiektu bat, mezularitzako teknologia bat ingurune eguneratuago batera migratzeko proiektu sinple bat bezala hasi zena, eta azkenean, “paperik gabeko fabrika” bihurtzeko proiektu bilakatu zena, zeinaren bidez lortu baitzen gure bezeroaren 15 lantegiak eta 4.000 langileak ia paperik gabe kudeatzea, horrek berekin dakartzan ondorio guztiekin: inpaktu ekonomikoa, azkartasuna, produktibitatea, eraginkortasuna, e.a.

 

Baina mota eta tamaina horretako proiektu bati ekiteko hainbat faktorek bat egin behar dute: zuzendaritzak inplikatuta egon behar du eta bultzada eman behar dio proiektuari, liderrek gai izan behar dute teknologien erabilpen soiletik harago doan ikuspegi teknologiko bat izateko, eta ahalegina egin behar da gainerako taldekideak konponbidearen premiaz eta egokitasunaz konbentzitzeko. Eta horretarako denboran inbertitu beharra dago. Ez da gauza bera konpainia bat digitalizatzea edo konpainia bat digitalki eraldatzea. Lehenengo kasuan, konponbide teknologiko bat ezartzen da eta erabiltzaileek tresna berriaren funtzionamendua ikasten dute.  Eta, aldiz, bigarren kasuan, erabiltzaileak dira eraldaketa horren faktore garrantzitsuena. Eraldaketa prozesu batean erabiltzaileak edo langileak dira faktore garrantzitsuenak, eta ez ezarriko den teknologia, nahiz eta badakigun teknologia beharrezkoa dela.

 

Zeintzuk dira cloud zerbitzu berrien abantailak tokiko biltegiratze-sistemekin alderatuta?

Abantaila handi bat segurtasuna da. Cloud zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek (Microsoft, IBM, Amazon, Google) lehen geruzan izan dezaketen segurtasunak ez dauka zerikusirik zuk zeure enpresan jar dezakezunarekin. Egia da gero bigarren segurtasun geruza pertsonal bat behar dela, bai edukiari dagokionez eta bai zerbitzariei dagokienez. Segurtasuna da lehen erronka eta lehen abantaila.

 

Baina badira abantaila gehiago ere: abiadura, gaitasuna eta eskalagarritasuna. Konektagarritasuna duen edozein enpresak baliatu ditzake horrelako zerbitzuak. Duela urte batzuk, horrelako plataformak garestiagoak ziren, orain berriz, edozein patrikak eskuratu ditzake, eta erraz eskalatu daitezke kasu bakoitzaren premien arabera.

 

Bada beste faktore bat, askotan aipatu ez dena eta cloud zerbitzuei bultzada handi bat emango diena: 2030 Agendan jasotako Garapen Jasangarriko Helburuak. Une batetik aurrera, bezeroek eraginkortasun energetikoarekin lotutako alderdiak bete beharko dituzte edo ekipoen kontsumo-maila jaitsi. Horrek esan nahi du enpresa asko hasiko direla cloud zerbitzuak erabiltzen, eta hori faktore positiboa izango da.

 

Cloud zerbitzuen desabantailez galdetzean, askok aipatzen dituzte konektagarritasun arazoak edo informaziorako sarbidea galtzea.

Gure 6 urteko esperientzian, birritan baino ez zaigu gertatu zerbitzuak etetea: behin Europa mailan gertatu zen, Europako data center batean, langile batek ekipoak gaizki manipulatu zituelako. Bestea, berriz, mundu mailako arazo bat izan zen, enpresa batek sinkronizazioa gaizki egin zuelako eta bere bezeroak saretik kanpo utzi zituelako hainbat orduz. Cloud inguruneetarako irisgarritasuna % 100 ingurukoa da. Akats bat gertatzen denean langile baten edo bezero baten arazoa izaten da, zerbait gaizki konfiguratu delako edo jakinarazi gabeko geldialdi bat egin delako.

 

Lehen ere aipatu duzu zein garrantzitsua den cloud inguruneen segurtasuna. Argi dago gero eta garrantzi handiagoa duela.

Segurtasunari dagokionez, lehenengo lana da lantaldea kontzientziatzea. Segurtasunaren azken puntua ez da firewall bat, VPN bat edo birusen aurkako softwarea, baizik eta erabiltzailea. Hackerrek ezarritako tranpetan erortzen bagara, horrek kalte eta galera ekonomikoak eragin ditzake enpresan. Uste dugu garrantzitsua dela erabiltzaileak kontzientziatzea, eta asko lantzen dugu alderdi hori enpresekin; segurtasun tresnak eta prestakuntza-ikastaroak ere ematen dizkiegu bezeroei horrelako erasoak saihesteko.

 

Zeintzuk dira ADA Cloud enpresaren etorkizuneko erronkak?

Seguru aski, epe labur-ertaineko erronka handienetako bat da gure bezeroei ulertaraztea ez garela ekipo, lizentzia edo zerbitzu espezializatuen hornitzaile bat. Gure enpresa kolaboratzeko asmoz sortu zen, eta gure bezeroek horrela ikus gaitzaten nahi dugu, alegia, uler dezatela eraldaketa digitaleko prozesu bati ekiteko behar duten kolaboratzailea garela. Ez gara produktu baten banatzaileak, merkatuko produktu onenak erabiltzen ditugu gure bezeroei laguntzeko eraldaketa prozesuan zehar.

Basque Industry 4.0 2 uztaila, 2020
BIND 4.0 ekitaldiaren IV. edizioak berriro gainditu ditu espektatibak, krisia gorabehera

  SPRI Taldeko Ekintzailetzako zuzendari Aitor Urzelaik ostiral honetan aurkeztuko ditu...Leer más

Basque Industry 4.0 30 ekaina, 2020
Zibersegurtasuneko enpresa eta startup kopuruak gora egin du Euskadin

Zibersegurtasunaren Euskal Zentroak (Basque Cybersecurity Centre-BCSC) egin eta argitaratutako...Leer más

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?