Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 11 otsaila, 2021 Ekintzailetza Start up UP Euskadi

Genís Sala, ‘Sala Diseinua’: “Diseinua modu estrategikoan aplikatu marken balorea sortzeko”

"Konfiantza lortu egin behar da zu gastutzat beharrean, inbertsiotzat ikus zaitzaten… eta ez da batere erraza."
Genís Sala Diseinua
OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Sala Diseinua, diseinua eta produktu fisikoen garapena Euskadiko industriara zabaltzeko asmoz sortu da: “2020an, pandemia hasi baino lehentxeago, neure bizitza pertsonal eta profesionala aldatu nahi izan nuen Bilbora etorriz. Behin hemen, neure kabuz ekitea erabaki nuen, eta ‘Bilbao Design Hub’ ezagutu nuen. Coworking-a baino gehiago den coworking-a, diseinuan diharduten mundu guztiko autonomoak, zentzurik zabalenean, biltzen dituen zentroa” azaldu digu Genís Salak.

Diseinu-injineru kataluniar honek bere kabuz lan egiten du, baina proiektuak burutzen laguntzen dioten pertsonen elkarlanaz: “Denbora, baliabide edota neure ezagutza faltagatik iristen ez naizen esparruetan, zerbitzuen sorta zabaltzen ari naiz neure lankide baten laguntzaz, enpresari lotutako ikuspegi estrategiko jasangarriagoak lortzeko. Zerbitzu eta produktu zirkularragoen diseinuan zentratzen gara”. Zalantza gabe, enpresen etorkizuna ziurtatzeko beharrezkoa den ikuspuntua.

 

Metalaren sektorean diharduten enpresetan hasi zinen, makinetarako piezak diseinatzen, argiteriaren sektorera iragan baino lehen.

Neure lan-esperientzian baloratuen sentitu naizen alorra, produktuen diseinu eta garapenerako kontu tekniko eta funtzionaletan konponbide sortzaileak eskaintzea izan da. Metalen enpresetan aritu izanak (tailer mekanizatuak, plantxisteriak…) oinarri teknikoa eman zidan, gerora argiterian, kirolerako artikuluetan nahiz planteatu didaten edozein erronkatan produktu mota ezberdinak garatzeko.

 

Orain zeintzuk dira merkatuko bezero edota sektore nagusiak?

Kanpotik lan egiten jarraitzen dut argiteriaren sektoreko enpresentzat, euren produktuak diseinatu, garatu eta industrializatu nahi dituztenentzat. Kontzeptualizazioa, diseinua, proposamenak, plangintzan, jarraigoan, garapen teknikoan, industrializazioan eta proiekturako interesgarriak diren bertoko hornitzaileekin harremanetan jartzean laguntzen diet.

Berriki, produktuaren diseinuan ere partehartu dut, alderdi teknikoan hain zuzen ere; dela baliabide faltagatik, dela ezagutza faltagatik. Kanpoko norbait kontratatzearen abantaila, taldea handitu eta txikitzeko aukera izatean datza.

 

Enpresei nola laguntzen diezue euren produktuak industrializatzen?

Zerbitzuen paketea bezeroaren beharrizanen arabera egokitzen dut eta proposamen bat egiten diot. Proiektu batzuk errazak dira; eginkizun, ikerketa eta jarraigo sinplea eskatzen dute diseinuan eta garapenean.

Behin proiektuaren mugak argi dituztela, produktu/zerbitzuaren zehaztapenak biltzen dituen dokumentua (briefing) idazten dut. Bertan islatzen dira bezeroaren profila, proiektuaren hastapeneko ezaugarriak, bete beharreko beharrizanak eta helburuak, baldintza tekniko eta funtzionalak, bezeroaren segmentuak, proiektuaren aurrekontu orokorra eta prototipoa egiteko aurrekontuak. Hauez gain, bete beharreko etapa eta helburu guztiak biltzen dituen planifikaziorako dokumentua ere osatzen dut. Gida hau ezin hobea da proiektuari nola ekin jakiteko dimentsio globala izateko, betiere epe eta aurrekontu mugatuaz. Dokumentu hauek bezeroaren ideiak nola burutu jakiteko informazio garrantzitsua dakarte.

 

Enpresek zugan fidatzen dira errazki?

Konfiantza lortu egin behar da zu gastutzat beharrean, inbertsiotzat ikus zaitzaten… eta ez da batere erraza. Zorionez, EAE-n eta inguruan, makina-erreminta bezalako sektore tradizionalen adibideak ikusi ditut, eta hauek diseinua kanpoko baten bidez burutzeko apustua egin dute.

Orokorrean, produktu edo makina bat diseinatzean, industria-diseinatzailearen edota diseinu-injineruaren lana behar bezala baloratzen ez dela ikusten dut; batez ere, erabilgarritasuna, produktuaren pertzepzioa, ulermena eta loturari dagokienez. Kanpo-mailan, kontratatzaile eta RR.HH.-en sektorean, euren bezeroen beharrizanekiko haustura dago, baita bilatzen ari diren profilak kategorizatzerakoan ere: Ez da gauza bera industria-diseinatzaile bat eta azpiegituren injineru bat. Gainera, “produktuen diseinatzaileen” eskaintzak egiten dira, egiazki “diseinatzaile digitalak” izanik. Honek ere bilatzen ari diren profilak ulergaitz bihurtzen ditu. Merkatu mailan, bakoitzak eskaintzen duen balore diferentziala ez da ondo bereizten. Honenbestez, gure lekua are konplexuagoa da.

 

Esperientzia guzti hau balio gehigarri esanguratsua da diseinuaren injinerutzarako, bertoko industriarako eta baita nazioarteko industriarako ere.

Asmoa hori da, ikuspegia eta esperientzia industriaren sektoreari eskaintzea. Hala ere, gehien betetzen nauena, bezero mota ezberdinekin jardutea da. Haiengandik asko ikasten dut, eta ikasitakoa balorean eta esperientzian metatzen da, etorkizuneko proiektuei begira. Sektorearen arabera, ohartu naiz industriaren ikuspegi zabalago hau bezeroak somatzen duela bere arazo eta beharrizanei aurre egiterakoan.

I+D eta diseinuko zerbitzuak kanpoko lan gisa hartzeak abantailak eta desabantailak ditu. Oso erraza da kanpoko zerbitzua hautatzean erratzea; zure proiekturako egokia ez bada, esperientzia txarra izango duzu, eta gehiago kostatuko zaizu kanpoko diseinu bat berriz kontratatzea. Testuinguruak ez badu laguntzen, proiektu bati uko egiten jakin behar da. Hala, bezeroei irtenbide gabeko arazoan ez sartzen laguntzen zaie, norberak dirua irabazi ez arren. Honen bidez, bezeroaren proiektuan bete-betean sartzen naizela aditzera eman nahi dut, haiek bilatzen dituzten emaitzak bilatzen baititut; hortaz, ez ditut bultzatzen neuk hartuko ez nituzkeen arriskuak hartzera.

 

Bestelako enpresa eta diseinu-estudioekin lan egiten duzu… elkarlanak ondo funtzionatzen du!

Erabat, nire bezeroetako batek diseinu estrategikoa zainetan barrena darama. Sail guztietan barneratzen du, eta hauen arteko harremana oso naturala da. Kanpotik atzematen da, baina barruan zaudenean, harritzekoa da baliabide material, pertsonal eta ekonomikoak lortzeko duen kemena. Ez du inolako arazorik kanpoko laguntza eskatzeko, horretaz aberasten dela jakin baitaki; argi du zer den inbertsio bat, eta zer gastu bat.

 

Etorkizuna igartzeko sasoi zaila bizi dugun arren, zein erronka dituzue?

momentuz nire bezero gehienak Katalunian daudenez, bi hilabetean behin bisitatu egin behar ditut. Jarraigoak bideo-konferentzien bidez egiten ditugun arren, prototipo fisikoak ditugunean, frogatu, sentitu eta testatu egin behar dira. Ondorioz, nire lehenbiziko erronka Euskal Herrian ditudan kontaktuak ugaritzea da, sinergiak lortzeko.

Bestalde, produktuak “digitalizatu” edo zerbitzu bihurtzeko joera garbia egon arren, produktu fisikoen diseinu eta garapenerako lekua dago oraindik. Alabaina, berriki aski utzita dauden lehentasunak aldatu behar dira, hala nola, ingurugiroa eta aspektu sozialak. Horretan lan egiten ari naiz, ingurugirorako erabakirik onenak hartzean oinarritutako balore-proposamen batekin. Produktuen diseinuak eta garapenak ingurugiroa errespetatzeko eta produktuetatik sortzen diren aktibitateek gizarteari balorea eman diezaioten.

 

Nire webgunea bisitatzera gonbidatzen zaituztet, eta zuen irrikak edota beharrizanak igortzeko, horra nire korreoa:

www.saladiseinua.com

sala@saladiseinua.com

sala diseinua genís sala

Lotutako albisteak

2 apirila, 2024 Ekintzailetza
Perseus: “Perseusen I+G+b da gure zerbitzuak hobetzeko erabiltzen dugun indarra”
Irakurri gehiago
26 otsaila, 2024 Berrikuntza
Vostok Electric: “Mugikortasun jasangarriaren esparruan hobe da urrats txikiak eta seguruak ematea”
Irakurri gehiago
VENTIJET Bosco López 23 otsaila, 2024 Ekintzailetza
Ventijetek birikietako haizagailu berritzaileak sortu ditu arnasteko zailtasunak dituzten pazienteentzat
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
22 urtarrila, 2024 Ekintzailetza
Ardiluzu: “Gertatzen ari denari buruzko zenbait ideia bisualki islatzeak hitzaldiaren edo ekitaldiaren balioa handitzen du”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak