The Dreamers Factory, aldaketara egokitzeko berrikuntza irekia
Programa hau onlineko doako mintegiak eskaintzen hasi da startup-entzat, ekintzaileentzat eta enpresentzat.
The Dreamers Factory ekimenaren helburua da elkarrekin batzea, batetik, startup-en malgutasuna eta potentzial berritzailea eta, bestetik, korporazio handien indarra. Programa horrek startup-en eta enpresa errotuen arteko berrikuntza kolaboratiboko proiektuak sustatzen ditu, aukera berriak sortuz bi alderdientzat.
Enrique de la Ricak eta Josean Borgek -bi ekintzaile dira, esperientzia zabala dutenak berrikuntzako ekosistemetan- bultzatu dute ekimena eta innovation outpost metodologietan inspiratuta dago, hau da, ekintzailez, korporazioz eta agente inbertsorez osatutako inguruneetan. “Urte asko daramatzagu startup-ei hazten laguntzen” dio Enrique de la Ricak, “baina ikusi genuen enpresa handiei ere lagundu geniezaiekeela, haiek ere ikas dezaten startup-en malgutasunetik eta aldaketetara egokitzeko duten gaitasunetik.
Proiektu honen bidez, berrikuntza kolaboratiboko programak egingo dira, non barneko erronka bat duten korporazioek arazo hori planteatuko baitute modu irekian, startup-ekin batera konponbide berriak bilatzeko. Enpresa teknologiko berrientzat modu bat da mundu korporatiboarekiko konexioak sortzeko, aukera izango dutelarik inbertsio-iturriak, bazkideak edo bezeroak lortzeko. Bestalde, enpresentzat aukera bikaina da hobeto ezagutzeko startup-ek berezkoa duten malgutasuna eta konponbideak diseinatzean erakusten duten azkartasuna. “Guretzat garrantzitsuena da prozesuan zehar gertatzen den aldaketa ukiezina; enpresa ohartzen da badagoela modu arin eta eraginkorrago bat proiektuak kudeatzeko eta erabakiak hartzeko” dio The Dreamers Factory ekimenaren fundatzaileak.
Covid-19 pandemiaren karietara, lantaldeak erabaki du laguntza-tresnak eskainiko dituela startup-entzat, ekintzaileentzat eta korporazio handientzat. Horretarako, onlineko mintegi irekiak antolatzen hasi da, krisiari erantzuteko konponbide berriak bilatzeko. “Lehen asteetako kezkekin lotutako gaiekin hasi ginen: egoera zailaren kudeaketa, telelana… Gero, mintegi gehiago egin ditugu finantzaketei eta aukera-sektore berriak detektatzera bideratutako biratze azkarreko metodologiei buruz” azaldu du de la Ricak.
Horrez gain, The Dreamers Factory tutoretza-saio espezifikoak egiten ari da enpresa kolaboratzaileentzat, egoera berria kudeatzen laguntzeko. Mintegi irekiak aldian-aldian eskaintzen dira eta parte hartzeko nahikoa da programaren atarian izena ematea.